Eibarko lehen aste honetan teknologia berrien inguruko ikastaro bi ditugu.
Batetik, irakaskuntza munduko hainbat pertsona hezkuntzan teknologia berriek izan ditzaketen erabilerak ikasten ari dira. Izan ere, gaur egungo umeak ordenagailuen arratoia lepotik zintzilik datozela dirudi! "Natibo digital" horien heziketan teknologia berriek paper garrantzitsua izango dute.
Bestetik, kartografia kontuak. Informatika gelan mapak kudeatzeko gvSIG eta Mapserver programak erabiltzen ikasten ari dira. Mapetan irudiaz gain gura beste informazio sartzeko aukera ematen du gvSIG programak, eta ingurumen azterketak egiteko adibidez, edo edozein lanetarako... baliagarriak dira tresna hauek.
Uztailaren 7an Baionako IUTen izango da mintegia, eta auzitegiaren lanaren
berri emateaz gain, aste honetan Alderdien
Legearen inguruko erabakia ere komentatuko da. Mintegian parte hartu nahi
duenak izena emateko aukera izango du bezpera arte, uztailaren 6ra arte. Horretarako (00 34) 943 82 14 26 telefonora deitu.
Giza
Eskubideen Europako Auzitegia: 60 urte lanean mintegian auzitegi berezi
honen lanaren nondik norakoak emango ditu Joana Falxa Zuzenbidean
lizentziatuak. Ikastaroaren bidez, parte-hartzaileei egunerokotasunean
Auzitegiaz egiten diren aipamenak ulertzeko eta kritikatzeko tresnak
transmititu nahi dira, beharrezko unean esku artean izan ditzaten. Bide
horretan, aste honetan Auzitegiak Alderdien Legearen inguruan hartu duen
erabakia ere izango da mintzagai.
Gero eta gutxiago hitz egiten dute nagusi, gazte eta umeek euren artean. Batez ere hirietan, galdu egin da nagusiek gazteekin zuten harremana. Harreman hori berreskuratzeko, belaunaldi desberdinez ikasteko eta aurreiritziak kentzeko daude belaunaldi arteko programak.
Programa berezi hauen inguruko ikastaroa dago Eibarren. Elkar ezagutzeko eta belaunaldien artean ghettoak ez sortzeko baliagarriak izan daitezke belaunaldi arteko programak.
Jolastorduetan baztertuta egotea, irainak entzutea, jipoiak kasu larrienetan... homosexual gazteek euren adineko jendearen bazterketa edo bullyinga jasaten dute. Udako Ikastaroetan fenomeno horri aurre egiteko bideak lantzen ari dira, Monika Martin eta Eider Goiburu psikologoak lagun.
Homofobia zer den jabetu, eta pertsona homosexualak baztertuta daudenean nola sentitzen diren konturatu behar dira nerabeak. Horretarako bideak ikasten ari dira ikastaroan.
Udako Ikastaroen lehen bi egunetan Heziketa Emozionalaren inguruko ikastaroa izan dugu Eibarren. Baina zer da hori? norberak bere emozioak bideratzen ikasten du heziketa emozionalaren bidez.
Nekatuta nago? Konturatzen naiz? horrela bada, badakit nire emozio horiek jokabideetan ondorioak izango dituztela. Besteak nekatuta daudenean nola jarduten duten ere ulertuko dut horren guztiaren kontzientzia izaten badut. Hankak lurrean jarri eta dena zuria edo beltza ez dela konturatzeko era bat da adimen emozionala. Besteekin harreman positiboak izateko modu bat. Argazkian ikastaroko partaideak ikus ditzakegu talde-dinamika batean
"Kazetaritzaren etorkizuna" solasaldia izan dugu gaur Eibarren. Bertan izan dira Txemar Ramirez de la Piscina EHUko irakaslea, Julian Beloki EITBko irratien zuzendari ohia eta Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendari nagusia. Prentsaren krisian dagoela eta digitalizazioaren aroa dugula hainbatetan entzun dugu. Kazetaritza egiteko era berriak sortu dira, eta etorkizuna hortik doala esan dute hiru kazetariek: multimendia eta sare digitaletako irrati eta telebistena da biharko kazetaritza. Horretarako baliabide asko daudela esatean ados daude hirurak. Gakoa, baina, horiek bideratuko diren moduan datza.
Gertatu al zaizu inoiz lantaldearekin, lagunekin... kafe-orduan egon eta ideiarik ederrenak orduan etortzea? askatasunez, inolako gai-ordena barik eta ingurune sano baten gaudelako gertatzen da hori.
Sormena berez, jaiotzez, dugun zerbait da, baina landu beharreko zerbait ere bada. Lotsak ahaztu, beldurrak eta autozentsura alde batean utzi, eta era parte hartzaile baten ideiak biltzea du oinarri Espazio Irekien teknikak. Sormena lantzeko teknika da, eta sormenaren inguruko ideiak batzen ari dira teknika horrekin Udako Ikastaroetan.Ea ba ondorio sormentsuak ateratzen dituzten!
Bizi garelako zahartzen gara. Horra hor Udako Ikastaroen sarrera hitzaldiko ondorio nagusia. Xabier Artaetxebarria ingeniari iruindarrak azaldu duenez, animalia bakoitzak geneetan programatuta ditu bizitzarako oinarriak, eta bizitzeko prozesuan zahartzea txertatzen da.
Ugaltzeko, mantenurako, arriskuetatik ihes egiteko, bizirauteko... energia kopuru bat gastatu behar dugu, eta horren arabera bizi gara gizakiok 80 urte eta xomorroak pare bat egun. Bizitzeko garatu behar ditugun prozesuek gure gorputza kaltetzen dute nolabait, eta horregatik zahartzen gara.
Astelehenean hasiko dira ikastaroak, baina horren aurretik, ikastaroei hasiera ofiziala emango zaie. "Zahartzaroaren arrazoien bila" hitzaldia izango dugu Eibarko Markeskoan, gure ikastetxe nagusian.
Xabier Artaetxebarria ingeniariak emango du hitzaldia, arratsaldeko 18:00etan. Aurtengo CAF-Elhyar sarien irabazlea da Artaetxebarria, eta zahartzaroaren inguruko hainbat ikerketen inguruan hitz egingo du.
Guztiok dugu entzunak izateko beharra. Besteei entzunaz euren arazoak konpontzen lagundu dezakegu. Udako Ikastaroen tailer honetan hainbat kontu landuko dira: nork bere buruarekiko eta besteekiko errespetua, enpatia... eta horrela, besteei barne-aldaketetan laguntzeko bideak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek.
Ekainaren 29an amaituko da izena emateko epea, beraz, animatu!
Ikastaroa: Adi!... entzuteko artea Irakasleak: Josune Ortiz Atienza, eta Miren Harizmendi Gonzalez Egunak: uztailaren 8a eta 9a Lekua: Baionan, IUTn
UEUren jarduera akademikoaren berri emango da blog honetan. Era arin eta erakagarrian egin nahi dugu eta bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Kontaktua: ikastaroak@ueu.org