UEUren 48. Udako Ikastaroen barruan, 2020.urtea. Ahaztu dugu Hondakinen %50 birziklatu behar direla? mintegia izango da Eibarren. Fernando Mijangos Ugarte kimikan doktorea da ikastaroko koordinatzailea.
Hiri Hondakin Solidoen kudeaketa eta tratamenduak izango dituzue aztergai mintegian. Zein helbururekin?
Helburu bat baino gehiago izan genituen jardunaldi hau gauzatzeko lehenengo urratsak ematen hasi ginenean. Politikariengandik urrundutako giro unibertsitario batean murgilduta, UEU-k eskaini zuen graduondokoan hausnarturiko teoriak, datuak, errealitateak nola eboluzionatu duten aztergai ipini nahi izan dugu. Zoritxarrez dioxinek, furanoek eta COVID-19ak mugatu dituzte gure ahaleginak.
Dena dela, ardatz nagusiari helduko diogu: Karbono dioxidoak sortzen du negutegi-efektua eta bere ondorioak ari gara pairatzen. Hondakinen kudeaketa eta tratamenduak eragina du karbono dioxidoaren gehikuntza honetan: eta herritarrok hondakinak ondo kudeatuko bagenitu, gure bizimodua sostengarriagoa izango litzateke, dudarik gabe. Dikotomia bat mahaigaineratu nahi dugu partaideekin eztabaidatzeko: erraustegiak eta konposta.
Hondakinen birziklapenari dagokionez, zein egoeratan gaude? Zeintzuk dira datuak?
Detaile txikitxoetan sartu gabe, esan dezakegu egoera penagarria dela. Ez gara inor kritikak egiteko, baina hondakinen birziklapena entzuten dugunean harriak gure teilatura botatzen ibiliko bagina bezalakoa da. Txarto txarto gaude datuei begira jartzen bagara; are gehiago, nolabaiteko esperientzia berritzaileak izan dituzten herri batzuetan, euren kudeaketa hankaz gora jarri ditu makropolitikak.
Zabortegiek sua hartzen dute, eta orduan, badirudi ikusten ditugula; Guztiz beteta daude, baina gero eta zabor gehiago doa zabortegietara, bereizi gabe, dena batera. Zein kontrol, zein neurri ipini dira kudeaketa horretan?
Hiri hondakinen zati organikoa, guztiz konpostagarria den zati hori, zergatik erre behar da?
Hain zuzen ere erraustegiak izango dituzue eztabaidagai, besteak beste… Puri-purian dagoen gaia da
Hondakinen kudeaketa eta tratamendurako egon badago hierarkia bat, Europak markaturikoa. Hondakinen prebentzioa lehenengo, bigarrenik berrerabilpena, hirugarrenik birziklapena eta azken aukera bezala errausketarena (Birbalorazio energetikoa). Hala ere, gure politikariek pentsatzen dute hondakinak erretzen badira, hondakinak desagertu egingo direla, deuseztatu. Erraustegien tximinietatik poluitzaile pozoitsu ugari irteten dira. Hori frogatuta geratu da Zaldibarren zabortegia amildu eta gero; dioxinen eta furanoen kontzentrazio altuak neurtu direnean. Hori bakarrik Zaldibarren gertatzen da? Erraustegietan ez?
Zuk, ostera, konpostaren inguruan jardungo duzu. Zer nabarmendu nahiko zenuke?
Etxean egunero sortzen dugun hondakinen kantitatea eta zerez osatuta dagoen ezaguna da. Nik neuk, bataz bestean, kilogramo bat hondakin sortzen dut; eta horren erdia organiko konpostagarria da. Hondakin organiko hau konpostatuko banu, bere kudeaketan ez nuke CO2 -rik botako (negutegi- efektua). Tamaina ertaineko herri batean (80.000 biztanle) herritarrok ekoizten dugun hondakin organiko guztia bilduko bagenu konpostatzeko, horretarako beharko genukeen lur eremua futbol zelai baten tamainakoa litzateke. Zenbat futbol zelai daude zure herrian? ( eskola, ikastola, institutuak, kirol instalazioak, futbol taldeak…).
Zein izango da hau guzti hau lantzeko erabiliko duzuen metodologia?
Sekula ez gara ibili hain egoera berezian sartuta. Gai asko jorratzeko eta hizlari on eta espezializatuak ditugu. Zorionez, unibertsitatean ibiltzen garen ikasle eta irakasleak pertsona helduak gara; beraz, kasu honetan, egon badago metodologia ezin aproposagoa dena: pertsona helduen heziketa elkarrizketaren bidez. Horrela denok batera ikasten dugu; ez norberaren rolean kokatuta; izan ere edozein baieztapen kritikatu eta zorroztu ahal izango dugu. Ezin diogu mugarik ipini hondakinen kudeaketa eta tratamenduari. Ikastaroan izena ematen duenari aukera hori eman nahi diogu.
Gontzal says:
Egun on:
Zabortegietan jarri beharko ziren kontrolak edo foru aldundiak dituen planteen irteeran, gaur egun ez daude inolako kontrolik. Esperientsia irakatsi digu (zaldibar) gaur egun martxan dagoen prozedura egokia ez dela. Hiri hondakinak erre behar dira, lortzen den hondaki bioegonkortuaren impropioen kopurua ikaragarri handia delako. Ikaragarrizko negozioa da hondakinen tratamendu arloa, eta kasu gehienetan interes ekonomikoa interes ekologia baztertzen bait du