Uxoa Iñurrieta: “Askotan atzera begiratze horrek laguntzen digu aurrera begira zer egin behar dugun pentsatzen”

UEUren Hizkuntzalaritza sailak antolatuta Hizkuntzalari Euskaldunen VI. Topaketa egin dute gaur, “Euskararen garapena alor akademikoetan: lorpenak eta egungo erronkak” izenburupean. Uxoa Iñurrieta Urmeneta da UEUko Hizkuntzalaritza Sailburua.

2013tik bi urtez behin elkartu izan zarete, beti urte bakoitietan. Zergatik erabaki duzue aurten egitea?
Aurten lehenengo aldiz egin dugu urte bikoiti batean, UEUren 50. urteurrena zenez pentsatu genuelako aitzakia ona zela eta guk ere lekutxo bat nahi genuela egitarauan. Berez iaz egin genuen azkena eta datorren urtean egokitzen zitzaigun, baina erabaki genuen salbuespena egitea eta urteurren hori ospatzeko aurten egitea zerbait.

Zergatik da hain garrantzitsua UEUren 50. urteurrenean egitea?
Askok esaten dute euskalgintzak ere 50. urteko ibilbidea duela, mendi erdiko ibilbidea. Alde horretatik hizkuntzalaritzan uste dut badugula zer aztertua. Euskara Batuak ere orain dela gutxi egin ditu 50 urte. Azken batean urteurren hori aitzakia hartuta antolatu dugu. Gaia ere erabaki genuen hori izatea eta begiratu bat egitea azken hamarkadotan euskarak alor akademikoan egin duen ibilbideari. Hemendik aurrera zer egin behar dugun pixka bat hausnartzeko tartea eskaintzea baita ere.

Zer landuko da zehatz mehatz jardunaldian?
Lehenengo, hizlari nagusi bat izan dugu, Igone Zabala. Ikuspegi orokor bat eman diguna batez ere unibertsitate mailako euskararen inguruan. Gero, gainerako bost hitzaldiak euskara akademikoaren garapen horretan parte hartu duten bost eragilek eman dituzte. Hobe esanda, bost eragileren ordezkariek. Izan ditugu Elhuyar batetik, UEU, UZEI, EIZIE eta gero EHUko euskara institutua.

Jardunaldi honetatik zer atera nahiko zenukete?
Batez ere nahiko genuke atzera begirako bat egin, denoi ideia batzuk argi gelditzea. Egia da etorri den jendeak ere gauza asko jakingo dituela seguruenik, baina askotan atzera begiratze horrek laguntzen digu aurrera begira zer egin behar dugun pentsatzen. Polita litzateke hausnarketa horretatik denoi gogoa piztea hemendik aurrera lanean jarraitzeko eta zertan lan egin horretarako ideia batzuk biltzea.

Saretzeko ere bai…
Saretzea beti da helburu. Bereziki horretarako hasi ginen antolatzen hizkuntzalari euskaldunen topaketak eta aurten ere hori bada helburu, jakina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude