“Hizkuntz politika estatu politika da edo hala beharko luke”

“XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia” antolatu dute urriaren 19rako Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko Txillardegi Gogoeta guneak, Jakin-ek eta UEUk. Jardunaldi honen gainean gehiago jakin asmoz, Urko Aiartza Azurtza eta Malen Dominguez Zabalarekin hitz egin dugu. Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria eta proiektu koordinatzailea dira, hurrenez hurren.

Txillardegi hil zeneko 10. urteurrenean kokatzen da jardunaldia…
Aurten betetzen dira, bai, 10 urte Txillardegi zendu zenetik eta Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategian zerbait lehenago abiatu genuen gogoeta, herri honetan hizkuntza politikaz aritzeko beharraren inguruan. Azken urteotan galdu xamarra egon da; eta gai hori norbaitek landu bazuen gurean, hori Txillardegi izan zen, BAT soziolinguistika aldizkariaren lehen aleetan ikus daitekeen bezala. Hori dela eta, TMeLabtetik Txillardegi Gogoeta Gunea jarri genuen abian, eta hortik dator orain Jakin eta UEUrekin batera jardunaldi hauek antolatzearen arrazoia, hizkuntza politikaz eztabaidatu eta adosteko tenorea dela deritzogu.

Kale erabilerak 2016tik 2021era ez du aldaketa handirik izan. Hala ere, Eremurik euskaldunenean behera egin du euskararen kale-erabilerak. Ipar Euskal Herrian beheranzko joerak jarraitzen du. Zein da zuek egiten duzuen argazkia?
Sakonki aztertzen sartu gabe, hori izango baita jardunaldien helburua, nahiko argi dago euskararen normalizazio prozesuan eta berreskurapen prozesuan agortze zantzuak ageri direla. Kale erabileran ez da aldaketa nabaririk egon, baina argi dago ez goazela aurrera. UEMAko kale erabilera datuak ez ezik, bertako ume eta gazteek kontsumitzen duten gaztelaniazko teknologia eta multimedia datuena hor dago, baita ere berriki eskolako euskara mailaz argitaratutakoak. Zantzu guzti hauen arabera, berreskurapen prozesua ez doa aurrera. Gure hizkuntzaren berreskurapena izokinak errekako uraren aurka duen borroka bezalakoa denez, geldituz gero ziztu bizian atzera egiteko arriskua nabaria da. Alarma gorriak piztu ez badira jada, piztear daudelakoan gaude.

Hizkuntza-politika egin egiten da politika publiko guztietan. Politika publiko guztiek dute eragina, berez, euskararen normalizazio prozesuan…
Hizkuntz politika estatu politika da edo hala beharko luke –hori argi dute behintzat estatua dutenek– behin eta berriz agerian gelditzen den bezala. Politika publiko guztiek dute eragina normalizazioan, eta ez bada onerako, kalterako izan ohi da, ez baitago politika neutrorik. Zoritxarrez oraindik hizkuntza politika kultur politikaren azpi atal bat izango bailitzan tratatzen da. Hizkuntzaren inguruko gaiak despolitizatzeko joera bat egon da azken urteetan, ziurrenik gatazka politikoari lotuta. Euskararen biziberritzearen aldeko gizarte-bultzada indartsu badago, baina hori hizkuntza politika anbiziotsu baten norabidean kokatu ezean, alferrik galtzeko arriskua dago. Hezkuntza legearen eztabaidan, administrazioaren hizkuntza eskakizunen gaian edo udalen hainbat erabakiren aurkako epaien harira desadostasunak agertzen dira; eta atzerapausoei atea zabaltzen zaie, ustez euskararen alde dagoen kontsentsuaren arrakalak agerian jarriz.

Nolako hizkuntza politikak behar ditugu?
Beno, lehenik eta behin hizkuntza politika hauen helburua zein den argitu beharra dugu. Aspaldian, herritar eleaniztunez osatutako Euskal Herria euskalduna eskuratzea edo lortzea helburu zuen hizkuntza politika baten beharraz hitz egiten zen euskalgintzan. Hizkuntzen borroken errealitateak XXI. mendean gure hizkuntzak bizirauteko lurralde eta botere argi bat behar duela agerian uzten du berriro ere; baina oraindik ere gure hizkuntza ez da lurralde bateko hizkuntza ez eta botere publiko baten hizkuntza ere.

Jardunaldian nondik begiratuko diozue gaiari?
Jardunaldietan hainbat atal aztertuko ditugu. Batetik egungo errealitate soziolinguistikoari gain begirada bat eman eta Hizkuntza politikaren beharraz arituko gara. Egungo marko juridikoak ematen dituen aukera eta mugez arituko gara ere, eta udal eremuan eta euskal herriko eremu administratibo desberdinetan ditugun erronkez arituko gara.

Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatutako jardunaldia da. Gai honetan elkarlanaren eta lankidetzaren garrantzia zein da?
Herri hau herri txikia da eta sinergien eratzea ezinbestekoa da ditugun erronkei erantzuteko. Monzonek zion askatasunik ez dugula izango indarrik ez badugu eta indarrik ez dugula izanen batasunik ez badugu. Honek euskararen berreskurapenerako ere balio du. Batasun hori erdiesteko elkarrekin eztabaidatuz hasi behar dugu, pixkanaka indarrak bilduz. Honek ale bat izan nahi du bide horretan.

Jardunaldi hau abiapuntua da? Zein da azken helburua?
XXI. mendearen lehen laurdena amaitzear dugu, zibilizazio mailako erronkak bizi ditugula esan ohi da eta garai edo era aldaketa bizi omen du gizakiak. Eraldaketa sakonak datoz: aldaketa klimatikoa eta honek izan ditzakeen ondorioak gizakien bizitzeko moduan; giza mugimenduetan, teknologien garapenak dakartzan izugarrizko eraldaketak gizakiok munduarekin eta gure artean erlazionatzeko moduaren inguruan; teknologia hauek ekarriko dituzten aukerak eta arriskuak, eraldaketa demografikoa, Europaren zahartzea, natalitate krisia… Sekulako aldaketa piloa. Badugu susmoa datozen eraldaketa guzti horien aurrean ez dagoela gogoeta sakonik eta XX. mendean diseinaturiko politika eta tresnekin jarraitzen dugula. Aurten dira 40 urte euskararen legea onartu zela EAEn, adibidez, eta ez dago eztabaidarik egungo errealitateak zein lege eskatzen duen. Nafarroako zonifikazioak ere 35 urtetik gora ditu, Iparraldean Frantziar jakobinismo zentralistak indar osoan darrai… Jardunaldi hauek abian jarri behar den gogoeta sakon baterako ekarpena izatea gustatuko litzaiguke, guztion artean abiatu beharreko eztabaida batena, XXI. menderako euskal hizkuntza politika batena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude