Xan Aire: “Helburu nagusiak gure frustrazioak asumitzea eta gure egituretara diskurtso freskatu batekin itzultzea ziren”

2021eko Baionako Udako Ikastaroetan, Euskal Herri osoko euskaltzale talde batek euskalgintzaren mapa marrazteari ekin zion, elkar ezagutza indartzea eta nazio mailako saretzea helburu zirela. Egun horretan hainbat premia agertu ziren, tartean Ipar Euskal Herrian zegoen diskurtsoen berritzearen beharra. Hortik abiatuta eta 9 hilabeteko prozesuaren ondoren, “Euskararen aldeko diskurtsoen berritzea. Eta orain, zer, nork, nola?”  jardunaldia antolatu dute UEUren 50. Udako Ikastaroen barruan. UEUk Mintzalasai ekimenarekin, Euskal Hirigune Elkargoarekin Hendaia Euskarazekin eta Erabil kolektiboarekin batera antolatu du jardunaldia. Azken kolektibo honetako kidea da Xan Aire.

Ikusi bideo-elkarrizketa

Orain urtebete gai garrantzitsuenak identifikatzea eta elkar ezagutzea ziren helburu. Euskararen aldeko diskurtsoa berritzeko beharra ikusi eta hortik abiatu da 9 hilabeteko prozesua. Nolakoa izan da prozesu hori? Zein ondorio atera dituzue?
Duela urte bat hautatu zen hemen Etxeparen [Bernat Etxepare lizeoa] eta UEUn diskurtsoak lantzea. Ondotik irailean biziki fite zentratu ginen zein publikorengana joan nahi genuen gure diskurtsoarekin. Beraz, aukeratu ziren lau publiko mota: gurasoak, gazteak, kanpotik etorriak eta eragile sozio-ekonomikoak. Horiek lantzen ari ginela, taldeak erran zuen prozesuaren erdian, bazuela frustrazio bat, ez zekiela nondik hitz egin. Falta zela Jon Sarasuak duela urte bete ekarri zuen hizkuntza komunitatearen errelato hori. Beraz, uste dut lehen ondorioa hori izan dela. Talde honek jakin duela hizkuntza komunitatearen perspektiban zentratzen. Hori biziki baikorra da. Horrek sendoago egin gaitu, aipatutako publiko horiengana joateko, baita euskaldun gisara jendeari ahaldunduago hitz egiteko ere. Prozesu honek bere mugak ere ukan ditu, bagenekien ez genuela dena bukatuko, baina bederen bakoitza bere etxera edo egiturara itzultzen da ideiak freskaturik eta konplexu gutiagorekin.

Hainbat eratako elkarte eta erakundek parte hartu dute, baina zein izan da parte hartzaileen profila?
Bederatzi hilabeteetan zehar nagusiki euskara teknikariak izan dira presente. Instituzioetakoak ere bai, herri mugimenduetakoak ere bai. Elkarteetako permanente eta koordinatzaileek ere parte hartu dute. UEUn beste giro bat izaten da, UEUk baditu bere sareak hegoaldean ere bai. Beraz, nahasketa polita izan da, beste publiko batekin gogoetatzen egotea. Horrek bederatzi hilabete hauetan jorratu duguna gehiago aberasteko balio izan digu. Beraz gaur eman diegu parada, hemen zirenei hitza eman eta ondoren zentratuz joan gara: Instituzioetako jendeak, hezkuntza munduko jendeak eta transbertsalagoak diren egituretan aritzen direnenek non zituzten diskurtso mailan korapiloak. Zer erraiten zuten gaur eta bihartik goiti zer nahiko duten erran.

Jardunaldi hau antolatzerakoan zein zen helburu nagusia?
Helburu nagusia zen gure frustrazioak asumitzea. Uste dut segituko genuela gogoetan denbora luzez oraindik, baina finkaturik genuen 2022ko UEUko ikastaroetan izanen zela gure azken hitzordua eta hemen aterako genuela ahal genuena. Beste helburuetako bat gure egituretara diskurtso freskatu batekin itzultzea da. Gure hitzorduetan, komunikazioan zein diskurtso atxikitzen dugun eta hemendik aurrera zein aldaketa nahi dugun ekarri. Ez dugu nahi bezainbat borobildu, jendeari gomendio batzuk eman dizkiogu; eta, baliteke, etorkizunean, faltan botatzen baldin badute hemen topatutako giroa, berriz talde honengana jotzea eta diskurtsoa indartzea.

Orain artekotik zer azpimarratuko zenuke?
Biziki argi ikusi da hizkuntza komunitatearen perspektiba zein den. Orain arte ez zen hainbeste entzuten hain argiki holako konturik. Hori da azpimarratuko nukeena. Hizkuntza komunitate horretara jendea erakartzeko diskurtso ez baitezpada seduzitzaileak, baina gogoa ematen dutenak sortu behar dira. Gorde gabe ditugun ezintasunak. Azken gauza azpimarratuko nukeena da instituzioek zein toki duten hor, ea diskurtsoak berritzeko behartuak gauden instituzioetatik pasatzera. Hori da lehen galdera. Eta bigarren galdera da instituzioen tokia eta funtzioa orain arte zein izan den, eta hemendik goiti gehiago babesle gisa, euskaldunon babesle gisa, ez ote diren proiektatzen ahal; gure berme izateko, euskaraz bizi gaitezen egunerokoan Iparraldean. Hizkuntza komunitateak badu babesaren beharra instituzioen partetik.

Zein funtzio du edota izan behar luke UEUk prozesu honetan guztian?
Nik uste azken urte honetan ikusi dugula bidegurutze funtzioa baduela UEUk. Bai 2021ko ikastaroan, bai aurtengoan, beste jende bat hurbildu da guregana bederatzi hilabeteetan ikusi ez duguna. Eta hori aberasgarri da. Geroak erranen du diskurtso hauek noraino eramaten ahal ditugun gure egituretan. Jendea frustratua bada, berriz jotzen ahal du hemen topatzen den giro lasai, baina argi honetara. Gauzak aldatzeko asmoz, ekiteko asmoz gaude, UEUk badu argitalpen arloa ere eta beharbada hortik jo dezakegu noizbait, diskurtso freskatu hauek berriz antolatuko ditugularik. Zergatik ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude