Iñigo Gebara: “Ikasleei gaiak aurkezterakoan itxurak garrantzi handia du”

UEUren Udaberriko eskaintzaren barruan “Material didaktikoaren sorkuntza tresna askeak erabiliz” online ikastaroa izango da Iñigo Gebara Gracenea DBHko irakaslearen eskutik. Izena emateko epea irekita dago.

 

Hezkuntzan ere librezale taldeko kidea zara. Zeintzuk dira taldearen kezka nagusiak?
Taldearen kezka nagusia enpresa erraldoiek hartu duten protagonismoa da. Gure ikasleen datuak haien esku uzten ditugu. Ez hori bakarrik, haien tresnen erabiltzaile bilakatzean beste tresnak ezagutzeko aukera ukatzen diegu.

Zein da software eta tresna askeen erabilera hezkuntzan? Zein da argazkia?
Askotan jakin gabe erabiltzen dugu software askea. Moodle moduko plataformak, Firefox edo VLC aplikazioak askeak dira eta erabili izan dira hezkuntzan.

Azken urteotan ordea, Google for Education moduko plataformak nagusitu dira. Erakundeek ezikusiarena egin dute askotan. Ez hori bakarrik, haien aldeko jardunaldiak ere bultzatu dituzte. Badirudi Eusko Jaurlaritzaren kasuan hemendik aurrerako apustua Microsoft eta Google-en plataformak bultzatzea izango dela. Ikastolen Elkarteak ere Google-en aldeko apustu garbia egin du. Etorkizunak ez du itxura onik.

Hala ere Hezkuntzan librezale-n parte hartzen dugun ikasle, irakasle eta gurasook lan egiten dugu etorkizun hori saihesteko.  Zenbait eskolatan arrakastaz erabiltzen dugu software askea; eta, burujabetzaren alde egingo badugu, gure indarrak horretan jarri beharko ditugu.

Material didaktikoak sortzeko ere badira alternatiba askeak eta horiek erabiliko dituzu ikastaroan…
Ez dakit alternatiba hitza gehiegi gustatzen zaidan. Ematen du zerbait arraroa dela, alternatiboa…

Tresna askeak erabiliz sortuko dugu materiala. Aukera bat da hor dagoena eta uste dut oso emaitza txukunak lor daitezkeela.

Zer da zehatz mehatz ikastaroan landuko dena?
Ikasleei gaiak aurkezterakoan itxurak garrantzi handia duela uste dut. Ikastaroan material hori sortzen ikasiko dugu. Irudiak eta bideoa landuko ditugu batez ere.

Zenbait programa aipatzen dira deskribapenean, baina uste dut soluzio askeak ugariak direla eta beharren arabera moldatu daitezkeela.

Ikastaroaren ardatz izango diren programak Inkscape ( marrazketa bektorialeko programa), OBS (kaptura eta streaming programa) eta KDEnlive (bideo ediziorako programa izango dira) izango dira. Hauek irakatsiko dira; beti ere bakoitzak bere materiala sor dezan eta klasean erabilgarria izan dadin.

Zer lortu nahiko zenuke ikastaroarekin?
Batez ere bakoitzak bere materiala nahi duen moduan eta itxura zainduz sor dezala; gero material horiek komunitatearekin partekatzea ere gustatuko litzaidake.

Bigarren helburua Software askeko tresnak ezagutzea da.

Iruzkinak (2)

  • GorkaAzk says:

    Eskolako material esanguratsuak software librearen bidez sortzea, eta komunitatearekin partekatzea.

    Helburu itzelak!

  • GorkaAzk says:

    Eskolako material esanguratsuak software librearen bidez sortzea, eta komunitatearekin partekatzeak.

    Helburu itzelak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude