Oskia Agirre: “Baliabide teknologikoez gain, profesionalen prestakuntza eta balioespena ere beharrezkoak direla ikusaraztea erronka handia da”

UEUren 50. Udako Ikastaroen barruan, ALDEEk, Baionako Mediateka-Bilketak eta ASNABIk Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VIII. Bilkura antolatu dute Eibarren, “Liburutegi, artxibo eta atari digitalak: digitalizazioaren erronkak Euskal Herrian” izenburupean. Oskia Agirre Orbegozo ALDEEko zuzendaritza batzordeko kidea da jardunaldiko arduraduna. Dokumentazio Digitalean Masterduna da Agirre eta Ezagutzaren Kudeaketa Unitatearen arduraduna Arabako ESIn.

Zortzigarren bilkura honetan digitalizazioa izango duzue mintzagai. Zer da digitalizazioak liburutegi, dokumentazio zentro eta artxiboetan aldatu duena barrura begira zein kanpora begira?
Jardunaldiak antolatzen dituzten Euskal Herriko 3 erakunde profesionalek kezka eta arazo berdinak partekatzen ditugu kasu askotan. Azken hamarkadetan aldaketa handiak izan dira gure arloan, bai lan mota eta ezagutza profesionalei dagokionean, bai eta erabiltzaileei eman beharreko arreta eta zerbitzuetan ere.

Orain 30 urte, ia informazio guztia euskarri fisikoan zegoen eta zerbitzuak aurrez-aurrekoak ziren. Gaur egun berriz, informazio andana dugu eskuragai sarean, modu digital eta birtualean.

Barrura begira lan teknikoa erabat aldatu da, eta profesionalen profila ere bai. Gaur egungo profilak, ezagutza tekniko eta konpetentzia informazionalez gain, konpetentzia digitalak ere eskatzen ditu. Lehengo lan zaharrei, berriak gehitu zaizkie.

Kanpora begira, berriz, erabiltzaileek eskura duten informazioa esponentzialki handitu da eta zerbitzuak ere zabalagoak dira. Halere, kasu askotan ez dago profesional eta erabiltzaileen arteko harreman zuzenik. Liburutegi publikoek eta zenbait zentrotako zerbitzuek oraindik mantentzen dute aurrez-aurreko harreman hori, baina liburutegi, artxibo edota atari digital bat erabiltzean aurrez-aurreko tratu hori galdu egiten da.

Zeintzuk dira aurrera begira erronka nagusiak zure ustez? Zein aukera ikusten dituzu?
Erronkak hainbat dira, eta arlo bakoitzak bereak ditu. Agian erronketako orokorretako bat profesionalen ikusgaitasuna izango litzateke, baliabideak eta zerbitzuak digital/birtual izateak atzetik egiten den lana ezkutatzen duelako. Interneten klik gutxi batzuetan informazioa eskuragai izateak asko errazten du erabiltzaileek informaziora heltzeko duten bidea, baina profesionalek horretarako egin behar izan duten lan guztia ez da ezagutzen. Egin duten lana bakarrik ez, formakuntzan eta birziklatze lanetan inbertitu behar izan duten denboraz eta energiaz erabiltzaileak ez dira kontziente, eta askotan euren udaletxe, administrazio publiko eta erakundeetako arduradunak ere ez.Alde horretatik, baliabide teknologikoez gain profesionalen prestakuntza eta balioespena ere beharrezkoak direla ikusaraztea erronka handia da informazio eta dokumentazioaren arloan.

Euskal Herri osoko hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango da jardunaldian. Zein eratako proiektuak dira?
Euskal Herri osoko eta arlo desberdinetako proiektuak erakusten saiatu gara. Halere, proiektu eta baliabide asko gelditu dira kanpoan, denbora falta eta euskaraz aritzeko prest dauden hizlariak bilatzeko zailtasuna dela eta. Aurtengo jardunaldietan 5 proiektu aurkeztuko dira: ondare kultural eta historikoa ardatz dutenak, liburutegi publikoen sistemaren ingurukoak eta ikerketa eta arlo akademikoarekin erlazionatutakoak. Kasu batzuetan, bilketa lanak egiten dituzten baliabideak dira, beste batzuetan aldiz, erakunde jakin baten proiektu espezifikoak. Liburutegi publikoen kasuan, sistema oso baten erakusgarri.Bost izango dira jardunaldian aurkeztuko diren proiektuak: Euskariana, Bilketa, Nafarroako Liburutegi Digitala eta liburutegien sistema publikoa, ADDI eta Ebiltegia.

Zer atera nahiko zenukete jardunaldi honetatik?
Jardunaldiak helburu bat baino gehiago ditu: eraldaketa prozesu baten ondorio diren proiektuak aurkezteaz gain, saretze lana ere bilatzen da. Profesionalek elkar ezagutzeko aukera izan eta esperientziak partekatzeko foroa ere bada. Horrez gain, 3 erakunderen artean antolatutako jardunaldiak dira eta euren arteko elkarlanaren adierazgarri.

Gaiez aldatuz, UEUren 50. Udako Ikastaroak dira. Zure ustez zuen arlotik, zein izan da ekarpenik handiena edo zer azpimarratu nahiko zenuke?
Udako Ikastaroak saretzeko eta gure inguruan gauzatu eta lantzen ari diren proiektu eta ekimenen berri izateko aukera paregabea dira, eta hori guztia euskaraz egiteko aukerarekin. Lurralde, eremu eta arlo desberdinetako profesionalak batu eta esperientziak partekatzeko foro ezin hobea da.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude