“Kode propioak beharko lituzke ahozko jardunak”

Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean “Ahoskera Laborategia: zuzentasunari, egokitasunari eta naturaltasunari buruzko saioak” izango dira martxoan eta apirilean Gasteizen. Jon Sanchez, Alba Fernandez eta Imanol Miranda ibiliko dira dinamizatzaile lanetan

 

Ahozko euskararen lanketan oraindik ere asko dago egiteke…
Dena dago egiteke, euskara hizkuntza bizia delako premisa ontzat jotzen badugu, behintzat. Etengabeko lanketa da.

Aurkezpenean bi mugarri aipatzen ditugu: 1968an, Euskara Batuaren sorrera, eta 1998ean, Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua (EBAZ) araua. Mugarri gehiago dira, noski, baina ezer gutxi esan da ahoskeraz, eta ekarpen ikaragarria egin dute euskarazko antzerkiak, ikus-entzunezkoek, bikoizketak, hedabideek, eskolak… Horiek guztiak geure kabuz aritu gara; bada, nork bere eskarmentua partekatuta, saia gaitezen norberaren esparrurako erabilgarria den zerbait ateratzen…

Ta funtsezkoa da…
Funtsezkoa da, besteak beste, ondo zehaztea zer euskarari buruz ari garen euskara aipatzen dugunean. Juan Garziak artikulu gogoangarri batean zioen bezala, bereiztea ea euskara informal espontaneoaz ari garen edota euskal herritar guztientzako euskara estandar bati buruz. Funtsezkoa da, era berean, argi izatea ahozkoari ezin dizkiogula aplikatu, besterik gabe, idatzizkoari aplikatzen dizkiogun lege eta arauak, eta kode propioak beharko lituzkeela ahozko jardunak. Espero dugu saiootan argi pixka bat ikustea kode horien bilaketan ere.

Kasu honetan ahoskera laborategia antolatu duzue. Zerekin esperimentatzeko?
Norberaren zalantza, kezka, beldur, uste eta aurreiritziekin esperimentatu nahi dugu. Horretarako, gure diskurtsoak hobetzeko giltza izan daitezkeen hainbat gako izango ditugu langai: diskurtsoa gertatzen deneko testuingurua, asmo komunikatiboa, ahoskera, azentua, intonazioa, estrategia komunikatiboak… Eta, batek daki, aurreikusi ez dugun zerbait ere aterako da, ziur.

Ikastaroaren aurkezpenerako mahai-ingurua ere antolatu duzue. “Hitza lanabes sarritan aldrebes” izenburupean. Telebistako hiru aurpegi ezagun gonbidatu dituzue horretarako. Euskal Irrati telebista klabea da ahozko euskararen lanketan, baina zer dago zuzentzeko? Zer dago aldrebes?
Zuzentzeko, gutxi; hobetzeko, gehiago; eta partekatzeko, dena. Ez gara nor, inondik ere, besteri esateko zer egiten duen gaizki eta zer ongi; elkarrengandik ikasteko antolatu dugu laborategia, eta hortik datorkio izena.

Mahai-inguruko gonbidatu posibleen zerrenda luzea egin genuen, alderdi askori erreparatuta: lurraldeak, lan-arloak, generoa… Ilaski [Serrano] , Franck [Dolosor] eta Edurneren [Azkarate] aldeko hautua egin genuen lurralde ezberdinetakoak direlako, euskalkiak eta euskalkirik gabeko inguruneak ordezkatzen dituztelako eta, lan-esparru aldetik ere, kazetaritza gordina, entretenimendua eta antzerkigintza konbinatzen dituztelako. Haien kezkak, zailtasunak, oztopoak eta, noski, esperientzia positiboak entzungo ditugu.

Beste zenbait adituren iritzia ere jasoko duzue ikastaroan zehar. Zein izango da metodologia?
Laborategian hizpide izango ditugun gaiak testuinguratze aldera, hainbat adituren laguntza jasoko dugu. Lourdes Oñederra eta Oroitz Jauregi izango ditugu aurreneko egunean, Kike Amonarriz bigarrenean eta Julia Marin hirugarrean. Saio guztien metodologia antzekoa izango da: lehenbizi, adituen ekarpena jasoko dugu; esperimentaziora igaroko gara ondoren, eta, saioen amaieran, ondorioak ateratzeko tarte bat irekiko dugu, partaide guztien hausnarketa eta iritzi-trukea baliatuta.

Zein da laborategiaren azken helburua? Zerekin atera nahiko zenukete laborategitik?
Azken xedetzat har liteke, beharbada, ahozkotasunak –bereziki eremu profesionalean– hartzen duen dimentsioaz jabetzea. Baina, helburu nagusi bakar bat baino, uste dugu helburu txiki ugari ditugula buruan. Hasteko, nola ez, adituen ekarpenetatik ahalik eta gehien ikastea. Horrez gain, ezinbestekotzat jotzen dugu denon arteko esperientziak partekatzea, partaideen kezka, zalantza eta beharrak zein diren jakitea, eta, ahal dela, premia horiek asebetetzen saiatzea.

Iruzkinak (3)

  • Miren Lourdes Oñederra says:

    Motorrak berotzen hasteko, polita elkarrizketa!
    Zuzenketatxo bat: Batuaren Ahoskera Zaindua (EBAZ) araua ez da 1995ekoa, 1998ko baizik (3 urteko irabazia berritasunean!).

  • Miren Lourdes Oñederra says:

    Motorrak berotzen hasteko, polita elkarrizketa! Bejondeizuela.
    Zuzenketatxo bat: Batuaren Ahoskera Zaindua (EBAZ) araua ez da 1995ekoa, 1998ko baizik (3 urteko irabazia berritasunean!).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude