Lorea Agirre: “Handira jo beharko genuke, gutxienez helmuga eta aspirazioetan”

“XXI. menderako hizkuntza politikaz jardunaldia” antolatu dute urriaren 19rako Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko Txillardegi Gogoeta guneak, Jakin-ek eta UEUk. Lorea Agirre Dorronsoro Jakineko zuzendariak dio “euskararen auzia, euskal herritar guztien auzia izatea eta hala onartzea oraindik ere lortzeko dugun auzia” dela eta gaur egungo erronkak ikaragarriak direla “hizkuntza bezala, herri bezala zein pertsona bezala”.

Txillardegiren hitzak hartuz “Euskararen arazoa ez da borondatekeriaren bitartez konponduko. Badakigu. Euskararen arazoa […], politikoa da osoki”…
Txilardegik esaten duenean euskararen arazoa politikoa dela erabateko arrazoia du. Horrekin lotuta Joxe Azurmendi berak ere 67an idatzi zuen euskararen auzia ez dela auzi sentimental bat, ez dela auzi pertsonal bat, ez dela maitasun auzi bat, ez dela ondarez jasotako zerbait kontserbatu nahiaren auzia, komunitate baten aldeko defentsa baizik. Hau da, justiziaren aldeko borroka bat dela eta horrenbestez politikoa dela. Erabat ados nago. Politiko izateak esan nahi du plazaren erdira irten eta menderakuntza edo subalternitate egoeran dagoen norbaitek eskua altxatzen duela “ni ere hemen nago eta eskubide batzuk zor zaizkit” esanez. Eskubideak zor bazaizkio menderakuntzan dagoen horri, ez da menperatu horren arazo identitarioa, plaza horretan dauden eta bizi diren guztien arazoa da. Herri osoaren arazoa da norbaitek eskubideak bete gabe edukitzea; horrek esan nahi duelako norbait bere pribilegioak eta bere menderakuntza egikaritzen ari dela. Txillardegik, Joxe Azurmendik eta feminismoak erakutsi diguten bezala, gaur egun hori esatea zentzuzkoa da eta, beharbada, inportantea da errepikatzea.

Gaur egungo egoeraren zein argazki egingo zenuke?
Gaur egungo argazkia edo argazkiak egitea ez da erraza. Azken 40, 50, 60 urteetan, euskal kulturaren historia modernoa deitzen dugun horretan, aurrerapauso handiak eman ditugu. Inoizko euskaldun osoen kopuru handiena dugu, inoizko funtzio gehienetara iritsi gara, baina ez da nahikoa izan; besteak beste, hizkuntza bati, gizarte bati, pertsona bati, komunitate bati bizitzeko funtzioak areagotu egin zaizkiolako, globalizazioan bizi garelako; eta horrek ekartzen digun erauntsi ia monolinguistiko eta monokulturalari aurre egitea oso oso konplikatua da. Euskararen auzia, euskal herritar guztien auzia izatea eta hala onartzea oraindik ere lortzeko dugun auzia da. Gainera, esango nuke, orokortzea beti da arazoa, baina nagusiki badagoela halako ideia bat hizkuntz berdintasuna erdietsi dela, batez ere euskara koofiziala den eremuetan; eta, beraz, orain norbanako indibidual, burujabe eta autonomo garen subjektu neoliberalok,askatasunean erabakitzen dugula zein hizkuntza hitz egin eta erabili. Uste hori minbizi bat da euskararen kasuan, gezurra delako. Euskara ezin da hautatu hainbat eta hainbat ekimen, esparru eta funtziotan. Ez dago, ezinezkoa da; hizkuntza interaktuala delako, norbait behar duzulako parean hitz egiteko eta ulertzeko. Aste honetan bertan Iñigo Astizek idatzi duen bezala, euskararen alde egiten ez den guztia euskararen kontra da.

Zer fokuratuko zenuke?
Diskurtsoa oraindik borroka gune bat dela, eta eutsi behar diogula eskubideen diskurtsoari, demokraziaren diskurtsoari. Demokrazia demokratikoago izan dadin, hizkuntz eskubideak eta hiztunon eskubideak bermatu behar dituela. Batzuetan txikitik eta minorizatu izatetik pentsatzen dugula eta horrek sarritan minorizazioan iraunarazteko edo jarraitzeko politikak edo jarrerak dakartzala. Horri buelta eman beharko genioke. Handira jo beharko genuke, gutxienez helmuga eta aspirazioetan. Beste puntu bat jarriko nuke hizkuntz ezagutza eta erabileraren arteko auzi gero eta kasik handiago horretan. Iñaki Iurrebasok aipatu duen bezala gaur egun gaitasunaren auzia jarri behar da erdian. Hau da, ezagutza hori norainokoa den eta ezagutza horrek hizkuntz horretan hitz egiteko eta komunikatzeko eta bizitzeko gaitasuna ematen ote duen. Identifikatu, dagoeneko identifikatuta daude, zein funtziotan, zein eremutan ez dagoen euskararik eta horietan interbenitu. Ekosistemak edo oxigeno guneak sortu, euskara modu banal baten egin dadin. Hizkuntzari prestigioa ere eman. Prestigiorik ez badu, banalitatea ere zaila baita lortzen. Ezagutza, erabilera eta gaitasunari lotuta kontzientzia landu. Hau da, euskal hiztun edo hiztun minorizatu izatearen baldintzapenaren berri eta ezagutza izatea; eta horren aurrean kontzientzia hartzea. Kulturaren eta sormenaren bideak baliatzea komunitate bateko kide edo pertenentzia eta kontzientzia sentimenduak sorrarazteko. Sortzailetza bultzatzea eta baita ere euskal kulturan sortutakoa transmititu eta herritartzea. Bukatzeko, esango nuke hizkuntz politika, lege eta arau betearazleak behar direla, euskara ofiziala den eremuetan bereziki. Arau horiek betearazleak izatearekin batera arau horiek bete ahal izateko behar diren laguntzak ere ematea edo arau horiek inplementatzeko behar diren laguntzak ematea. Beti jomugan %100eko euskararen normalizazioa edo euskararen biziberritzea dugula. Estrategiak, bideak, arauak, denborak, doikuntzak, malgutasunak, zorroztasunak hartuko dira kontuan, baina lortu beharko litzatekeen horren azpitik dagoenarekin ez konformatzea.

Euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo duela aipatu da. ..
Nik uste dut goia jo duela edo, beste era batera esanda, aplikatu diren politikek jo dutela goia; bai administrazioko herri agintaritzetan, baina baita ere euskalgintzan, hezkuntza sisteman, gizartean edo herrigintzan. Euskalduntze prozesu handi samar bat abian jarri da azken urteetan, baina ez du espero zitekeen emaitzarik eman. Zergatik? Besteak beste partzialak izan direlako. Hezkuntza sistema euskaldundu da. Hor ikusi beharko da euskalduntze horren emaitzak ere zein zulo dituzten eta zulo horiek konpondu. Edozein prozesutan normalena hori da. Politikak aplikatu, praktikan jarri, prozesuak ebaluatu eta zuzenketak eginez joan. Esan bezala partzialak edo eremukakoak izan dira eta ez orokorrak, eta zaila da hizkuntza batek bere partzialtasunean edo bere eremu izaera horretan gizarte oso batek egin behar lukeen lana beregain hartzea eta horrek emaitzak ematea. Ez badira eremu guztiak koordinazioan edo elkar hartuta, intersekzioan aurrera eramaten, batek aurrera egin lezake eta beste danak atzean geratu. Hor sortzen den desparekotasunak, desorekak sekula ez du normaltasun orokor edo soziala lortuko. Bestetik ezagutzan eman den urrats handi horrek agian izan duen hutsuneetako bat lehen aipatu dudan hori izan da. Hiztun minorizatu izatearen kontzientzia, jabetza, baldintzapenak ez direla transmititu. Euskaraz ikastea ez dela beste edozein hizkuntza ikastea, ez dela hizkuntza bat ikastearen hautu indibidual baten prozesua, baizik eta herrigintza prozesu bat.

Elkar-ekin “Geruzak” egitasmoa martxan jarri berri duzue. Gazteei begirako egitasmoa da. Zertan datza? 
Gazteentzako eta gazteekin. Azken hori da bereziki inportantea. Ikus-entzunezko proiektu bat da, gazteak hainbat auzi garrantzitsuez hizketan jartzen dituena. Zer den desira, adibidez; desira sexu-afektiboa, desira kapitalista, besteei desira dieguna… Edo zer den boterea, zer den taldetasuna… Hainbat gai landuko dituzte eta gaiak geruzaz geruza harilkatzen joango dira dokumental bakoitzean. Ez da ikus-entzunezko proiektu huts bat hala ere. Hezkuntza arautuan eta ez arautuan baliatzeko material osagarriekin osatutako egitasmoa da. Alde batetik, euskal kulturara zubi bat irekiz, gai horien bueltan euskal kulturaren baitan egin diren sormen eta proposamen kulturalen erreferentzia zerrenda batekin aberastu dugu proiektua. Bestetik dokumentaleko gazteen eztabaida horiek beste leku batzuetan garatu, dinamizatu eta irekitzeko lagungarri den kaiera bat ere bada webgunean. Zein izan den hontara abiatzeko kezka? Jakin-en hiru obsesio ditugu. Bata da kulturaren transmisioa, kultura zentzu zabalean. Hain zuzen ere Jakinen parte handi bat azken 60, 70 urteetako pentsamenduaren ondare guzti hori delako. Hori dena transmititzea, baina bereziki gogoetatzeko, pentsatzeko grina. Bigarrena pentsamendu kritiko, autonomo eta librea garatzeko espazio seguru eta askeak sortzea. Plazak irekitzea. Azkenik, hirugarrena, euskaratik pentsatzea. Hau da, euskaldun izatearen kondiziotik munduarekin elkarrizketa zabaltzea. Geruzak proiektuak ere hiru horiei erantzuten die. Jakinen eta Jakin bezala aurten urteurrena ospatu duten ekimen guzti horiei berandu baino lehen gazteek heldu beharko diete eta belaunaldi berri horiei bide bat irekitzeko. Espazio bat eta plaza bat emateko Jakinen barruan. Oso ilusionatuta gaude. Azken bi urteetako neke, izerdi eta lan handia lan handia eskatu digun proiektua.

Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatutako jardunaldia da. Gai honetan elkarlanaren eta lankidetzaren garrantzia zein da?
Garrantzia ikaragarria. Beti izan du. Igaro izan ditugu garai gotortuagoak, dogmatikoagoak, polarizatuagoak eta bandoetan banatutako garaiak, gogorrak. Ez da hainbeste hori gertatu dela. Guk ezagutu dugu. Uste dut badirela gaur egun baldintza soziopolitikoak, bagaudela abagune egokian, lankidetza bideak irekitzeko. Gaur egun bakarka gauza asko ezin dira egin eta elkarrekin egin behar dira. Erronkak ere halakoak dira, handiak. Uste dut seguruena feminismoak ere, euskal feminismoak, ekarri duela lankidetzarena, zubiak eraikitzearena, ehuneko ehun ados egon beharrik izan gabe elkarlanean jardun beharrarena; eta, nolabait, konplizitateak eta aliantzak lantzearen garrantzia. Bakar batek mila urrats aurrera emateak ez duela helmugara iristen laguntzen. Hobe dela urrats gutxiago ematea, baina denek ematea. Alegia, Angela Davisek eta esaten zuten bezala, inor atzean utzi gabe. Mendira igo, inor atzean utzi gabe. Hori dagoeneko inork gutxik eztabaidatuko du. Beraz, garrantzia handia du. Kasu honetan Monzonek proposatu zigun hizkuntz politikaren bueltako zerbait egitea, aprobetxatuz euskararen legeak aurten 40 urte betetzen dituela; merezi zuela hor gogoeta bat irekitzea, UEUrekin eta Jakinekin ezinbestez. Jakinek eta UEUk ere sarritan kolaboratu dugu eta segitzen dugu lankidetzan beste egitasmo batzuetan.

Zerekin atera nahiko zenuke jardunaldiotatik?
Batetik atera nahiko nuke hizkuntz politika baterako marko bat garatuta. Marko diskurtsibo bat eskubideen inguruan eraikia. Beste alde batetik landu beharreko hutsuneak zerrendatuta edo diagnosia egina. Zer egin behar den gutxi asko, eztabaida, gutxienez, irekia. Gero ondo egiten ditugun gauza horien nolabaiteko erakusleiho bat ere irekitzea. Bereziki aurrera segitzeko adorearekin. Begirada errealista batekin lortu ez direnen gainean, baina baita lortutakoen gainean ere. Ez dakit inoizko erronkarik handienak ditugun, baina erronka ikaragarriak ditugu. Ikaragarriak hizkuntza bezala, herri bezala zein pertsona bezala. Uste dut gu baino gazteagoak belaunaldi oso prestatuak direla eta zeri heldu, nola egin, zer pentsatu, zein marko jarri, zein diskurtso egin, zein praktika aurrera eraman…. Horretan ez gaudela hankamotz. Gehiago dela goazen horiek martxan jartzera, inplementatzera, arau bihurtzera. Goazen herri agintaritza eta euskalgintzaren artean datozen hamarkadetarako elkarlan espazio bat ireki eta beharko genukeen hori diseinatzera. Bueno, ez da gutxi esan dudana.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude