Osane Oruetxebarria: “Matematikako kontzeptu batzuk dantzaren bitartez ikasi litezke”

UEUren 50. urteurreneko udako ikastaroek hartu dute Matematikari Euskaldunen V. topaketa. Hitzaldi eta komunikazio desberdinak egiteko aprobetxatu dute eguna. Matematika eta euskal dantzak komunikazioa aurkeztu du Osane Oruetxebarria matematikan doktoreak Eibarko Markeskoan.

Judith Rivasekin batera egin zenuen lan hau. Nondik otu zitzaizuen matematikak eta euskal dantzak lotzearen ideia?
Orain dela lau urte Judithek hitzaldi bat eman zuen hementxe bertan. “Matematikak eta dantzak” izenekoa, kasu honetan Judithek dantzak bakarrik ikertu zituen, dantzak bere orokortasunean. Elkarrekin lan egiten dugu sail berean eta askotan hitze egiten genuen dantzari buruz eta euskal dantzei buruz. Nik euskal dantzak aipatzen nizkion berak ikertutakoaren arabera eta hori izan zen abiapuntua. Gero iritsi zen puntu bat elkarri esan geniona: beno, saiatuko gara zerbait idazten ea zer ateratzen den?

Matematikako ze kontzeptu topa ditzakegu euskal dantzetan?
Konturatu gara asko direla erabiltzen direnak, errazenetatik hasi eta zailenetara. Euskal dantzak dituzten izenetatik, sortzen diren poligonoetara: laukizuzen, pentagono, hexagonoetara. Edo simetria desberdinetan ere ikus daitezke, euren konposaketa, konbinatoriako gaiak edo apur bat konplikatuagoa den txirikorden teoriarena.

Dantzen izenek lotura zuzena dute matematikekin.
Durangaldeko “Dantzari Dantza” sortan izen horiek oso nabarmenak dira. Normalean adierazten dutena da zenbat dantzarik egiten duten dantza. Zortzikoan zortzik egiten dute lana, launakoan lauk, binakoan bik eta banakoan batek.

Irudi geometrikoak ere topatuko ditugu.
Ohikoena laukizuzena izaten da. Dantza askotarako dantzari kopurua zortzia delako. Nahiz eta hamabirekin ere dantzatu daitezkeen dantza horiek berak. Oinarrizkoa laukizuzen bat da, 2×4 edo 4×2. Baina badaude adibidez Brokel dantzetan buruzagia aurrean jartzen denean pentagono bat sortzen da edo Eltziegoko dantzetan Katximorroa jartzen denean pentagonoa edo Txotxongiloan hexagonoak ager daitezke.

Euskal Herriko lurralde desberdinetan errepikatzen dira ezaugarri horiek?
Batzuetan bai, adibidez biribilean egiten direnak zirkunferentziak ikusten da hori, lurralde guztietan dago dantzaren bat edo beste. Zortzikoen ezaugarriak ere errepikatzen dira lurralde gehienetan.

Matematikak dantza bitartez ikas litezke? Eta alderantziz?
Matematikako kontzeptu batzuk dantzaren bitartez ikasi litezke, adibidez konbinazioak eta simetriak zein diren azaltzeko baliagarria da. Alderantziz egin daiteke, baina dantzak irakasteko agian ez da ideia ona. Haur talde batentzat dantzak matematiken bidez irakasten hasten bazara ez da oso erakargarria.

Dantzak zaildu ahala, matematika kontzeptuak ere zailtzen joaten dira?
Konturatu gara erlazionatuta daudela, adibidez zinta dantzetan, egitura matematikoa apur bat konplikatuagoa da. Kontuan izan behar dugu ez daudela dantzariak bakarrik, dantza egiteko erabiltzen duten trena eta zinta daudela. Kasu honetan gainera Bizkaiko zinta dantza, Gipuzkoakoa eta Kortesekoa desberdina da.

Zergatik da garrantzitsuak matematikari euskaldunen topaketak UEUren 50. urteurrenaren baitan?
Garrantzitsua da, alde batetik gure artean ezagutzen ez duzun jendea ezagutzeko eta beste aldetik, askotan ezagutzen dituzun lagunak ere ez dakizu zertan ari diren. Norberarentzat ere garrantzitsua da, askotan gure ikerkuntzan egiten ditugun gauzak oso zailak, oso abstraktuak edo aplikatuak izan daitezke. Horrelako topaketetan gainera esfortzua egin behar dugu beste bati ikerketa ulertzeko moduan azaltzeko eta hori ona da. Sortzen diren harremanak ere garrantzitsuak izaten dira etorkizunerako eta eskertuta gaude UEUri egiten duen lanagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude