Iraganetik etorkizunera: euskara Natur Zientzietan

UEUren 50. Udako Ikastaroen harira “Iraganetik etorkizunera: euskara Natur Zientzietan” mahai-ingurua izan zen atzo Baionan, Bernat Etxepare lizeoan. Mahaiaren inguruan UEUko Natur Zientzien saileko lehen belaunaldiko kideak eta gaur egungoak izan ziren, garai bateko irakaspenetatik egungo erronkei aurre egiteko asmoz. Lehen belaunaldiaren lana ezagutarazi eta aitortzeaz gain, belaunaldien arteko zubiak eraikitzea eta Natur Zientzien komunitatea trinkotzea ere bazuten helburu antolatzaileek. Horretarako Kepa Altonaga, Arantza Aldezabal, Joxerra Aihartza, Aitziber Zufiaurre eta Maite Arroita UEUkideak gonbidatu zituzten eta Ana Garcia del Bao UEUko Natur Zientzietako sailburua izan zen moderatzaile lanetan.

Natur Zientziekiko interesa nola piztu zitzaien kontatuz hasi zuten mahai ingurua. Aldezabalen kasuan gakoa lehengo BBBn (Batxilergo Bateratu Balioaniztun) izan zuen irakasle batek agindutako praktika izan zen. Goroldioak mikroskopioz aztertu zituzten eta horrek aukera eman zion natura hurbilagotik ikusteko. Harrituta zegoen “halako gauza txikiak zein ederrak” diren ikustean. Arroitak Natur Zientziekiko baino zientziekiko interesa txikitatik izan zuen, etxean Elhuyar aldizkaria jasotzen zutenetik. Aihartza ere ume-umetatik sartu zen Natur Zientzien munduan, nahiz eta hasierako ikasketak beste bide batetik hartu. Aitonarekin tximeletak harrapatzen joaten zenean, arrantzan harrapatutakoa margotzen zuenean. Ikastolako irakasleen eragina ere izan zen, izan ere, natura ez zela jolaserako bakarrik konturatu zen. 16 urterekin Aranzadiko espeleologia sailean hasi zen. Txikitan, adibidez, mikroskopioak eskatzen zituen Zufiaurrek eta DBHn biologiako irakasleak ekosistema baten jarraipena egiteko eskatu zienean txundituta geratu zen. Altonaga ere umetan kilkerrak harrapatzen ibilitakoa da, ipurtargiak ohe azpian edukitzen zituen, zapaburuak… Gurasoek unibertsitatera Leioara joan behar zuela esan zioten eta han zeuden aukeretatik biologia zen erakartzen zuen bakarra. Gerora argi du berau ikastearekin asmatu zuela.

UEUra 1978an joan zen lehenengoz Altonaga eta UEUko zuzendari ere izan zen gerora. Aihartza frustrazioak eraman zuen UEUra, Jesus Mari Txurrukaren eskutik. Batetik unibertsitateko hizkuntzak sortutako frustrazioak eraman zuen, bere mundua euskaraz eraikia baitzen. Eta testuinguru arrotza zen unibertsitatekoa. Bigarren frustrazioa edukiaren eta egituraren eskutik etorri zen. Buruan idealizatuta zuenetik urrun zegoen, irakaskuntza zurruna zen. UEUk bide bat ireki zion. “Guk nahi genuen natur zientzia eraikitzeko aukera”. Motibatzen zuena sortzeko eta sortzen laguntzeko esparrua zen. Altonagaren eskutik hitzaldi bat ematera hurbildu zen lehenengoz UEUra Aldezabal, artean bosgarren mailako ikasle zela. Oso esperientzia polita zela izan dio Larraonakoa. “Zuk ez baduzu egiten ez du inork egingo” azpimarratu nahi izan zuen Aldezabalek. Hutsune asko zeudenez, ideia asko zituzten UEUko Natur Zientzien sailean. Babestua sentitzen zela dio eta beragan konfiantza zutela ikusten zuela. Zufiaurre UEUra heldu zenerako dena muntatuta zegoen. Ate handitik sartu zela dio, sailburuen bilerara sartu zelako. Jende berria ezagutu zuen eta baita oso dinamikoa eta oso transbertsala zen egitura bat ere. Zufiaurre bezala Arroita ere Euskalnaturatik heldu zen. Arroitak etxetik bazuen UEUren berri, baina hizkuntzalaritzarekin-eta lotzen zuen gehiago. Natur Zientziek zuten indarraren berri ez zuen.

Aldezabal, Altonaga edo Aihartzarentzat UEU zena izan zen Zufiaurre eta Arroitarentzako Euskalnatura. Paraleloan zihoazen proiektu bi ziren eta bat egitea, indarrak batzea logikoa zen. UEUn Natur Zientzien saila apalduta zegoen garaian etorri zen, gainera. Euskalnatura kuadrila handi bat zela dio Arroitak eta UEU egituratuago zegoen, protokolo zehatz batekin, erantzukizuna handiagoa zen. Zufiaurre bat dator. Euskalnatura beraiek beraientzat sortutako zerbait zelako eta UEUra salto egiterakoan dagoeneko ez zutelako bakarrik beraientzat antolatzen, gauzak egiteko beste modu bat zen. Gauza potologoak eta jende gehiagorengana heltzeko antolatzen hasi ziren, UEUren sostengu handiarekin.

Eta zein da euskararen egoera Natur Zientzietan? Altonagak zehaztasun falta terminologikoaz hitz egin zuen, besteak beste, eta zehaztasun falta terminologiko hori nola zehaztasun falta kontzeptuala den. Aurreratu dela, baina nekez. Baikorragoa da Aihartza. Zer falta den begiratu ordez nahiago du nondik gatozen begiratzea eta “zein bide puska egin dugun”. Bestelako hizkuntza txiki asko, minorizatuak ez direnak, atzean utzi dituztela askotan. Terminologian asko egiteko dagoela uste du Aldezabalek ere, baina sintaxiak sortzen dio kezka gehiago berari. Idazterakoan esaldiak gehiegi sinplifikatzeko dagoen joerak. Testuingurua garrantzitsua dela uste du Aihartzak. Hizkuntza txikia izateak dakartzan arazoak ditugulako batetik eta bestetik minorizatu izateak dakartzan arazoak. Minorizatu izate hori akuilu dela aldi berean. Ikasleen euskara maila eskasa ere izan dute aipagai Altonagak zein Arroitak. Idatzizkoa zuzentzea izan daitekeen infernuaz Aldezabalek. Hala ere, Aihartzak erdaraz ere egoera antzekoa dela azpimarratu nahi izan du sintaxiari dagokionez. Esaldiak interpretatu beharra izan duela gaztelaniazko klaseetan ere. Beste hizkuntzen arazo berak ditugula. Digitalizazioaren eragina aipatuz.

Digitalizazioa behin baino gehiagotan aipatu zuten. Nola informazio fluxua handiagoa den gaur egun, zientzia gero eta azkarrago doan eta ondorioz, nola jatorrizko iturrietara jotzen duen jendeak. Hizkuntza txikiak diluitzen ari dira, uholdeak harrapatuta, baina guneak bilatu behar direla bizirik mantentzeko. Zufiaurrek administrazio publikoan egiten du lan eta ez unibertsitatean, Nafarroako Ingurumen Kudeaketan eta txostenak eta abar euskaraz egitea nola lan gehigarria izaten den kontatu zuen. EAEn egoera ez dagoela hain urrun azpimarratu zuten parte hartzaileek. Eta nola erantzun azkarretarako, presa dagoenerako errazagoa den erdarara, kasu honetan gaztelaniara jotzea. UPVEHUn bertan ere ezin dela erlaxatu gogoratu du Aldezabalek. Utzikeria aipatu du eta oraindik nola euskarara itzuli gabeko dokumentuak dauden. Akatsez jositako dokumenturik ez dela falta ere gaineratu du Aihartzak, “minorizatuak izaten jarraitzen dugu”. Nola biziraun dezake euskarazko unibertsitateak testuinguru globalizatu eta ingelesdun batean?

Egoera den bezalakoa izan arren, Arroitak dio euskarak badituela bere txokoak eta horiek baliatzen, ustiatzen jarraitu behar dela. Aihartzak dio kapaz izan beharko genukeela euskaraz jarduten duten profesionalak sortzeko. Euskaraz hizkuntza jasoa dutenak eta beharrezkoa denean championsen jokatzeko prestatuak daudenak. Ikertalde edo jardungune euskaldunak behar direla eta erdaldunak baino hobeak izan behar dutela ikertalde hauek. Euskara aukerarik errentagarriena bezala eskaintzeaz hitz egin dute. Parte hartzaileek ere erromantizismoa utzi eta euskararen praktikotasunean jarri dute azpimarra. Baita euskarak bere espazio propioak sortu beharraz ere. Ikertaldeetan euskarari eusteko jarrera militanteaz, beti txipa jarrita izan beharraz eta beste aldean, dauden epelmariez, batez ere ardura postuetan dauden epelmariez. Norbanakoen borondatearen araberakoa dela euskararen aldeko borroka.

Aiartza mahai inguru osoan baikor agertu den arren, eta gaztetasunak gauzak aldatzeko grina dakarrela uste duen arren, unibertsitateko faunari begiratuta “askako azienda” dela nagusi ikusten du (dena emana behar dutenak, jana eskura behar dutenak), eta larre libreko gutxi dagoela. Horrekin lotuta, dena eginda dagoen sentsazioa ez ote den nagusitzen ari kezka du Aldezabalek; infodemiaren, informazio betekadaren eraginez. Informazioaren kudeaketa etengabea dela.

Eta aurrera begira zer? Unibertsitate sistemak ikasleak itota dituela onartu arren, sareak indartzen jarraitzeko beharraz eta ikerketan euskara gehiago sartu beharraz jardun dute. Ikerketan orokorrean hutsunea nabaria da. Atzerriko zentroei ongi formatutako ikertzaileak oparitzen ari garela dio Aihartzak. Aurreko metaforarekin jarraituz, Championsen jokatzen dabiltzanak baina euskal selekzioan ez.

Baina euskaraz jarduteko lekua bakarrik ez, gauzak beste era batera lantzeko modua eskaintzen duen lekua ere bada UEU Baionan bildutakoentzat. Eta unibertsitate arruntean ez dagoen hori eskaintzen jarraitzeaz gain, titulu ofizialak ematearen garrantziaz jardun du Aihartzak. UEUk bide horretan jarraitu beharraz. Aldezabalek berriz, diziplina anitzeko ikerketaren garrantziaz jardun du, UEUren egiturak ahalbidetzen duena.

Dauden hutsuneak, dauden zuloak betetzeko gai ikusten dute UEU, baina lehenengo zulo horiek identifikatu behar dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude