UEUren udazkeneko eskaintzaren barruan “Komunikazio eraginkorra, gozatu komunikatuz!” izenezko ikastaroa izango da urrian Eibarren. Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena Coach pertsonala eta UEUkidea izango da irakasle. PNL Master-Trainer ziurtagiria du Urretagoienak eta komunikazioan lizentziaduna da. Zabalik dago ikastaroan izena emateko epea
Denak komunikatzen du…
Bai, baita isiltasunak ere. Komunikatzea informazioa trukatzea da; eta ezinezkoa da ez komunikatzea. Gure gorputzarekin, janzkerarekin, begiradarekin, ahotsaren tonuarekin, hitzekin komunikatzen dugu.
Zer hartu behar da kontuan ondo komunikatzeko?
Norberaren emozioak ondo kudeatzea, komunikatu nahi dugun mezua ondo prestatua izatea; eta batez ere, bestea, parean daukaguna. Jasotzen dugun erantzunak esango baitigu ondo edo gaizki komunikatu garen. Entzulearen mapa ezagutzea berebizikoa da, hau da, errealitatea ulertzeko duen modua; baita bere testuingurua edo aldarte emozionala kontuan izatea ere.
Autoezagutzatik abiatuko zara. Zer sartzen da autoezagutzaren barruan?
Autoezagutza bide luzea da. Eta bide horretan, umiltasunak eta onarpenak asko laguntzen dute. Autoezagutza prozesuan, baloreak, gaitasunak eta norberaren xedea ezagutzeko hausnarketak egingo ditugu. Komunikazioari dagokionez, taldearen hartzen ditugun rol eta estilo ezberdinak aztertuko ditugu. Autoezagutza eraldaketarako lehen urratsa da.
Komunikazioaz ari garenean, entzuten jakitea ere garrantzitsua da. Baina orokorrean entzuten al dugu?
Ez, gure mezua ondo iristean jartzen dugu fokua; edo eta besteak guri arrazoia ematean. Entzuten dugunean, harremana orekatzen joaten da, espazio komuna sortzen dugu. Sormena eta malgutasuna praktikan jartzeko garaia izaten da orduan: aurreikusitako diskurtsoa alde batera utzi eta mementoan mementokoa elkarrekin eraikitzen hasi behar baikara.
Zer da ikastaroan landuko duzuna?
Bakarkako eta taldekako komunikazioa hobetzeko tresnak eskuratuko ditugu. Eta horretarako, pertsonaren hiru dimentsioei erreparatuko diegu: lengoaia, emozioak eta gorputza. Komunikazioaz eraginkortasunez gozatzeko gure pentsamenduak eta hitzak, aldarte emozionala zein gorputzezko adierazpena moldatzen jakitea da helburua.
Zein metodologia erabiliko dituzu? Zertan datza bakoitzak?
Metodologia praktikoa izango da. Norberaren esperientziatik abiatuta eta taldearen laguntzarekin, ikastea eta heztea, alegia. Dinamikak, batez ere, PNL edo eta Coaching ikasketa prozesuan oinarrituko dira. Lehenengo modeloak, gure pentsamenduak eraldatzeko edo programatzeko teknikak jasotzen ditu, pertsonaren jokaeran eta ongizatean inpaktu positiboa izan dezaten. Bigarrena, gure helburuak lortzeko edo eta bizitzako erronkei aurre egiteko gaitasunak berreskuratzeko prozesua da.
Zertarako eta norentzako izango da erabilgarri ikastaro hau?
Norbere buruarekin eta besteekin harreman osasuntsuak izateko gakoak ikasiko ditugu. Komunikazioaz gehiago gozatzeko proposamena da, garena mugimenduan jartzeko bizipena. Euskaraz autoezagutza eta garapen pertsonala bezalako gaietan interesa duenarentzako, pertsonekin eta taldeekin lan egiten duenarentzako edo eta jendaurrean hitz egiteko beldurra gainditu nahi duenarentzako ikastaroa.