Ibai Fresnedo: “Sexu-hezkuntzak haurra eragile nagusi gisa ulertu behar du”

UEUk, Nafarroako gobernuarekin sinatutako elkarlan hitzarmenaren barruan,  “Sexu-hezkuntza lantzen haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan” izeneko ikastaroa antolatu du udazken honetarako. Ibai Fresnedo Moreno Sexu-hezitzailea izango da irakasle. Fresnedo indarkeria sexistaren prebentzioan eskarmentuduna da eta genero berdintasun teknikaria izateaz gain,  hezkidetza programetan ere aritua da, besteak beste. Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduko militantea eta UEUkidea ere bada.

Zergatik da garrantzitsua umetatik sexu-hezkuntza lantzen hastea?
Sexualitatea hezkuntzan ardatz gisa lantzea, afektuen, harremanen, fantasien, komunikazioaren edota identitatearen dimentsioetan elikatzea da; finean, haurrak sexualitatea modu osasungarri, ez moralista, anitz eta askean bizitzera bultzatzea.

Hau da, argi dugu egungo jendarteak eskaintzen digun sexualitatea ulertzeko prisma hertsia eta diskriminatzailea dela; beraz, hezkuntzan tresna edota aukerak eskaini behar ditugu eredu horretatik ahalik eta lasterren aldentzeko.

Oraindik ere, sexualitatea dominazio-sumisio parametroetan ulertzen dugu. Horregatik da hain garrantzitsua haurrak balio inklusibo eta anitzetan heztea. Honek tresna dezente eskainiko dizkielako. Ez bakarrik bere sexualitatearen jabe izateko, gainerakoen sexualitateak errespetatzeko eta aitortzeko baizik.

Laburbilduz, sexualitatearen garapen integrala eta atsegingarria bermatzea, pertsonaren garapena osotasunean laguntzea da. Hortaz, sexu-hezkuntza ez da ordu edo egun zehatz batzuetan landuko dugun zerbait, zeharka (eta egunerokoan) landuko dugun ardatzetako bat baizik.

Nolakoa izan behar du sexu-hezkuntzak?
Sexu-hezkuntza sexualitateari buruzko alderdi psikologiko, fisiko, sozial eta kognitiboetan oinarritzen den ikaskuntza-prozesua da. Bestela esanda, haurrak bere sexu-garapenari buruzko galderak egin eta ikertzera bultzatu nahi dituen prozesu bat da. Horrek ere, jakina, garapenaren aspektu orokorretan beharrezko ezagutzak ematen dizkie, sexualitatea ez baita bizi dugun zerbait, garen zerbait baizik.

Hortaz, sexu-hezkuntzak haurra eragile nagusi gisa ulertu behar du, honek erantzun arrazoituak aktiboki bila ditzan eta bere barne gatazka eta beharrentzat erantzunak topa ditzan. Izan ere, sexu-hezkuntzaren printzipio metodologiko nagusienetarikoa ekintzan oinarrituriko ikaskuntza da, horrek ikaskuntza-prozesua asko aberastu eta dinamizatuko baitu.

Hori dela eta, sexu-hezkuntza ez litzateke sexu-gaietan izan edo egin beharko luketenari buruzko sermoiak, aholkuak eta abisuak emateko lan monotonoan oinarritu behar; aitzitik, sexualitatearen oinarri sendoak eraiki, ikasleek bizitza errealak aurrean jarriko dizkien (eta saihestezinak izango diren) egoeretarako erantzun egokiak beren kabuz lor ditzaten. Izan ere (batez ere, sexualki hitz eginez), ideiak neurtzeko, informazioak argitzeko, mitoak gainditzeko eta, oro har, eragiten dieten gaietan beren iritziak adierazteko aukera izan behar dute; ezagutza horrek pertsona heldu gisa izango duten eginkizuna betetzeko balioko baitie.

Azkenik, nola ez, sexu-hezkuntzak zehatza, objektiboa eta osoa izan behar du; alderdi biologikoak, psikikoak eta sozialak ahaztu gabe, sexualitatea giza komunikaziotzat hartuz zein plazer iturritzat hartuz.

Nola landu beharko litzateke sexu-hezkuntza haurrekin?
Sexu-hezkuntzan, haurren beharrizan eta eskakizunetatik abiatuko gara (ez gureetatik heldu gisa), hauek dituzten bizipenak eta ezagutzak aprobetxatuz. Alegia, errealitatearen eta haren oinarri estrukturalen bilaketa aktiboa eta gogoetatsua erraztuz, parte-hartzaileak diren metodologiak txertatuz.

Beraz, sexu-hezkuntzak pentsamendu kritikoa eta gogoetatsua sustatu beharko ditu, bai eta erabaki autonomoak, borondatezkoak eta libreki arduratsuak hartzeko gaitasunen garapena ere; printzipio eta balio pertsonalekin zein komunitarioekin bat etorriz eta, ondorioz, gizabanakoen bizi-proiektu askotarikoak ahalbidetuz.

Bestalde, sexualitatearen ikuspegi erreproduktibistarekin urgenteki bukatu behar dugu. Honek sexu-bizipena genitaletara eta harreman erotikoetara murrizten baitu soilik; eta sexualitatea askoz gehiago da!

Beraz, sexualitateari dagokionean, hezkuntza-komunitatearen erronkak askotarikoak dira: gorputz eredu zurrunekin apurtzea; genero arau bitar eta estereotipatuekin apurtzea; gorputz osoak plazererako duen potentzialitateaz jabetzea; harreman eredu itxiak zalantzan jartzea; koitozentrikoak diren praktika erotikoetatik harago esperimentatzea; haurren zein adinekoen sexualitatearen aitortza egitea,…Baina, batez ere, sexualitatea desestigmatizatzea eta hau alaiki zein harrotasunez bizitzea.

Hauek guztiek, sexualitatearen garapen askatzailean lagunduko dute; aurreiritzi, pentsamendu eta praktika hertsi eta baztertzaile asko alboratuz.

Gaur egun ikastetxeetan lantzen al da behar beste?
Hemen ikastetxeen eta irakasleen alde egingo dut, hauek presio izugarria sentitzen baitute sexualitatea bezalako (zein bestelako gaiak) lantzerakoan.

Fokua ez genuke beraiengan jarri behar. Hemen benetako arazoa curriculuma da, eta, beraz, egiturazko arazoa da. Izan ere, hezkuntza-erakundea helburuak lortzeko diseinatuta dago, eta ez hainbeste prozesuez gozatzeko. Esan gabe doa lan-merkatuko etorkizuneko eskulana moldatzeko diseinatuta dagoela. Hau erdigunean jarriz, eta ez hainbeste subjektua edo ikaslea bera.

Beraz, eskola-curriculumean bitarteko eta aldaketa oso sakonak falta dira sexu-hezkuntza funtsezko gaia izan dadin, eta ez soilik anekdotikoa.

Bestalde, ikastetxeetan sexu-hezkuntza kuantitatibotzat hartzen da maiz. Hau da, aurrera eramaten den lana programa edo esku-hartze kopurura eramaten dugu.

Eta funtsezkoa da ulertzea sexu-hezkuntzan beti eta etengabe ari garela hezten. Alegia, dena ez da beti ezagutzaren transmisio kuantifikagarria, ordenatua eta programatua. Izan ere, irakasleek sexualitatea dute eta, ezkutuko curriculumaren bidez, sexu-hezkuntza gauzatzen ari dira etengabe.

Beraz, logika horri jarraituz eta galderari erantzunez, esango nuke sexu-hezkuntza hezkuntza-komunitateak uste duena baino presenteago dagoela.

Hala ere, sexu-hezkuntza lantzeko proiektu edo programa adina dauden ala ez galderari erantzun beharko banio, nire erantzuna zorrotza da; ez.

Zein da ikastaroaren helburua?
Ikastaroak helburu asko ditu. Nire aburuz nagusiena, jendartean hain errotuta dugun sexualitate eredu hegemonikoa aztertzea litzateke.

Baina, haurren garapen sexuala ezagutzea ere ezinbestekoa izango da, etapa bakoitzari lotutako ezaugarri zehatzak landuz.

Sexu-hezkuntzaren oinarriak ere landuko ditugu; gure egunerokoan eta ikastetxearen errealitatean ditugun indargune zein gabeziekin lotuz. Eta azkenik, aniztasun sexuala landuko dugu. Hori bai, aniztasunaren kontzeptua zabalduz, ez soilik “bestetasunean” oinarrituz.

Metodologiari dagokionez, oso ikastaro praktikoa eta dinamikoa izango da; gaiaren gaineko eztabaida eta gogoeta asko ahalbidetuko baititu.

Nik, pertsonalki, ikastaro honekin matrikulatutakoen sexualitatearen ikusmirak zabaltzea lortu nahiko nuke; hori baita esparru honetan lan egiten dugunon eguneroko lana. Hau da, eraldaketa sozialerako hain funtsezkoak diren eragileen begiak aniztasunera zabaltzea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude