“Sozialki ongi ikusitako drogak daude; eta horiek ez kontsumitzeak barregarri edo baztertua gelditzera eraman zaitzake”

“Adikzioak ezagutuz ekin. Osasun Zientzietako ikasle eta profesionalentzat prestakuntza“ikastaroa eskainiko du UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Doako ikastaroa izango da, baina unibertsitatean ikasten dabiltzan ikasle nafarrek izango dute lehentasuna. Goretti Soroa Martinez eta Juan Manuel Machimbarrena Garagorri izango dira irakasleak. Berriki, biek, Eneko Sansinenea Mendezekin batera Adikzioen Psikologia eta Osasuna” izeneko liburua kaleratu dute (UEUk argitaratua UPV/EHUrekin koedizioan)

 

Zenbatekoa da drogaren presentzia egungo gizartean?
Erabatekoa, gizakiaren (eta beste animalia batzuen) hastapenetik substantzien kontsumoa etengabea izan da. Datu bat ematearren, Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako azkenengo txostenean 2019 urtean zehar 275 miloi pertsonek drogaren bat kontsumitu zutela kalkulatu zen. Honen ildora, drogak legezkoak edo legez kanpokoak (une historikoaren eta kulturaren arabera erabakitzen da hori) izan daitezkeela zehaztea garrantzitsua da, droga hitza aipatzerakoan askotan azken hauek datozkigu eta burura. Kafeina, tabakoa eta alkohola ere drogak direla gogoratu behar da. Espainia mailan, adibidez, datuek erakusten dutenez, gehien kontsumitzen diren substantziak legezkoak dira. Lehenik eta behin, alkohola eta, bigarrenik, tabakoa. Gehien kontsumitzen den legez kanpoko droga, berriz, Cannabisa da.

Zergatik daude drogak hain presente?
Oso galdera zaila da. Hainbat arrazoi aipa ditzakegu; besteak beste, substantziak helburu jakin bat bilatzeko erabiltzea (adibidez, kafea esnatzeko hartzea, alkohola edatea desinhibitzeko asmoz, edo cannabisa erretzea erlaxatzeko asmoz). Lehen erabileretan drogek aipatutako funtzio horiek betetzen dituzte, atseginak dira eta saritze efektua betetzen dute; eta hori, mendekotasun-prozesuarekin estuki lotuta dago. Pertsona bat arrazoi hauengatik has daiteke substantziak kontsumitzen, baina denboran zehar hauen efektua apalagoa da, eta askotan, ez du hasieran betetzen zuen sari-funtzio hori betetzen. Hala ere, pertsonak ezin izango dio kontsumitzeari utzi, garatu duen mendekotasuna dela eta.

Bestalde, presio soziala aipa genezake. Sozialki ongi ikusitako drogak daude hainbat testuingurutan, eta horiek ez kontsumitzeak barregarri edo baztertua gelditzera eraman zaitzake. Estasiaren edo kalamuaren adibidea jar genezake, baina alkoholarekin berarekin ere gertatzen da. Zenbatetan ez zaio esaten koadrilakoen artean edaten ez duenari arraroa dela edo baita aspergarria ere?

Argi dago presio sozialak eta taldeko ohiturek paper oso garrantzitsua betetzen dutela (batez ere nerabezaroan, baina baita ere helduaroan), hala ere beste mila arrazoi egon daitezke drogak kontsumitzeko: erregulazio emozionala, ihes egiteko beharra eta abar.

Zein desberdintasun dago emakume eta gizonen artean menpekotasunei dagokionez?
Alde batetik, ezberdintasun nagusia kontsumo motan aurki dezakegu. Gizonezkoek legez kanpoko drogak (kokaina edo heroina) maiztasun handiagoz kontsumitzen dituzte, baita kirol-apustuak eta bideo-jokoak ere; emakumezkoek aldiz, legezkoak diren tabakoa, alkohola eta psikofarmakoez gain, sare-sozialetara eta (online) erosketak egiteari errazago lotzen dira.

Bestetik, azken ikerketek agerian uzten dute genero-estereotipoek adikzioen tratamenduan duten eragina. Zehazki, emakume kontsumitzaileen gaineko estigmatizazioa dela eta, askoz gutxiago dira laguntza profesionala eskatzen dutenak (gizonezkoekin alderatuz). Gizonen kontsumoa normalizatu da, emakumeen jokabidea ezkutatzen den bitartean. Hori dela eta, ikerketa arloan argitaratutako datuak ez datoz errealitatearekin bat (gizonezkoen inguruko datuak nagusi) eta honek eragin zuzena dauka adikzioaren tratamenduak diseinatzerako garaian (gizonezkoei bideratutako tratamenduak nagusi).

Azkenik, adikzioa duten pertsonen artean, emakumezkoek omen dute osasun mentaleko zailtasunen bat pairatzeko aukera gehiago (patologia bikoitza). Batez ere, antsietatea edo depresioa.

Osasun profesionalek ze erronka dituzte menpekotasun egoeran dauden pertsonekin lan egiterako orduan?
Adikzioekin lan egitea zaila da, esku-hartzen duen pertsonak edo taldeak hainbat alderdi kontutan hartu behar baititu, eta prozesu sekuentziala baita. Lehenik eta behin, kontsumitzaileak laguntza eskatzea izango da helburua. Oztopo handienetako bat da hori, eta, aldi berean, ezinbestekoa da pertsonak laguntza eskatzea eta bere kontsumoa arazo bat dela ulertzea. Horretarako ikastaroan hainbat baliabide ikusiko ditugu, baina gure lehen erronka oinarrizko eskaera horretan laguntzea izango da.

Hori lortu ondoren, substantziaren mendekotasun fisiko eta psikologikoari egin behar zaio aurre. Horretarako, ezinbestekoa da pertsona kontsumoari uko egiteko konbentzituta eta konprometituta egotea, eta, hala ere, baliteke ez lortzea (berrerortzea). Zentzu horretan, garrantzitsua da berriro erortzea porrot moduan ez ulertu araztea, berreskuratze-prozesuan beste elementu bat bezala baizik.

Azkenik, birgizarteratze prozesuan lan egin behar da. Honen helburua, pertsona ohiko bizimodura itzultzea izango da, patroi berdinetan erori gabe. Hori zaila da, askotan ohitura-aldaketa erabatekoa eskatzen baitu; baina beharrezkoa da aurrera jarraitu ahal izateko.

Bide horren erdian, fase asko daude. Esate baterako garrantzitsua izango da aztertzea eta hausnartzea kontsumoaren arrazoiak zeintzuk diren, familiarekin lan egitea eta abar.

Zein dira arlo honetan osasun profesionalek esku hartzeko behar dituzten gaitasunak?
Adikzioen izaera konplexua dela eta, kasu askotan komeni da diziplina anitzeko osasun profesionalek taldean lan egitea. Dena den, adikzioetan aditua den osasun psikologoaren ardura da pazientearekiko konfiantzazko harremana sortzea, adikziotik ateratzeko konpromisoa har dezan. Zehazki, hauek lirateke beharrezko diren gaitasunak: Aktiboki eta enpatiaz entzuteko gaitasuna, pazienteak adikzioarekiko duen historia kontatu dezan. Asertiboki komunikatzeko gaitasuna, pazienteak adikzioaren konfort-gunetik ateratzeko beldurrik izan ez dezan. Pazienteak adikziotik osasunera aldatzeko barne-motibazioa lantzeko gaitasuna (elkarrizketa motibazionala).

Zein dira ikastaroaren helburuak?
Adikzio prozesua ulertzen laguntzen duten oinarrizko kontzeptu teorikoak barneratzea. Adikzioen inguruko errealitateari egokitutako tratamendu motak ezagutzea (prebentzioa zein errehabilitazioa). Adikzioen aurrean osasun profesionalen gaitasunak zeintzuk diren ezagutzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude