“Neurosiaren prebentzioa haurtzaroan” izeneko ikastaroa antolatu du UEUk azarorako Iruñean eta Ane Ablanedo Larrion izango da irakaslea. Haur-prebentzioan eta heziketa librean aditua da Ablanedo eta UEUko kidea ere bada.
Neurosi hitza ez al dugu errazegi, arinegi erabiltzen askotan?
Neurosia arinegi? Bai. Arinegi baino, nik esango nuke, neurosi hitzak badituela bi adiera edo bi plano. Lehenengo batean legoke termino klinikoa eta bestean hitzaren erabilera sozialagoa, lagunartekoagoa. Lagunartekotasun horretan, batzuetan arinkerian eroriko gara. Niri interesatzen zaidan adiera bigarren hori da, egia esan. Ez arinkeriagatik, noski; baizik eta nik neurosi hitza erabiltzen dudanean ez dudalako erabiltzen adiera klinikoan. Niri interesatzen zaidana da gizartearen funtzionamendu disfuntzionala adierazteko erabiltzen den hori. Klinikaren aldetik ez zait hainbeste interesatzen. Klinikaren aldetik osasuna eragozten digun disfuntzio bat litzateke. Neurosia izan daitekeena, edo psikosia edo mugako izaeraren bat… Nik ez dut zentzu horretan erabiltzen. Guretzat normalak eta inkluso osasungarriak direla iruditzen zaizkigun jokabide askotan dago disfuntzioa. Patologiako sintomarik ez badago ere, badago patologiarako aukera bat, joera bat. Normaltasun hori, guretzat normala dena, ohikoaren zentzuan, ez da osasungarria. Hori da nik adierazi nahi dudana.
Hala ere, neurosia da izan dezakegun trastornorik txikiena. Normalean trastorno gehiago ditugu. Hain da ohikoa, normala, non ez zaigun iruditu ere egiten hor disfuntziorik dagoenik; baina disfuntzioa dago hor. Neurosia litzateke disfuntzio bat osasuna eragozten diguna, baina gizartean funtzionamenduaren aldetik oso normalizatua dagoena. Hain normalizatua dugunez, ez dugu ikusten, eta ikusten ez dugunez, disfuntzio edo neurosi hori transmititu egiten dugu. Haurrei ere hori transmititzen diegu. Hori balitz bezala osasuna. Osasuna hain dugu urrun, ez dugula identifikatu ere egiten zer litzatekeen modu osasungarri batean jokatzea. Bai maila pertsonalean eta bai maila sozialean ere.
Haurtzaroko bizipenen eragina zenbaterainokoa da?
Haurtzaroko bizipenak dira bizitzan inpaktu handiena eragiten dutenak. Oso zaurgarriak gara, gertatzen zaizkigun gauzen aurrean ez dugulako defentsa psikologikorik ez esperientziak ematen duen defentsarik. Gauzak ulertzeko filtro hori falta zaigu haurtzaroan. Orduan eta txikiagoak izan gabezia are eta handiagoa da. Bizipenen eragina handiago da, lehenengo bizipenak direlako. Txikitan guk ez dakigu bizitza izan daitekeela horrelakoa edo bestelakoa. Guk momentu horretan bizitzen dugun bizitza hori da bizitza. Gure ama nolakoa den, nola portatzen den gurekin, gure eskola nolakoa den… Ez dugu pentsatzen eskola horrelakoa da, baina egon liteke beste bat; edo amak horrela tratatzen nau, baina tratatu nazake beste modu batera. Horrela da bizitza bera. Lehenengo aldiak edozein esparrutan daukan garrantziarekin. Ez da kondena bat, hori ere egia da, baina hor eragiten da munduan kokatzeko modu bat; gero aldatu daitekeena, noski, eta haurtzaroan zehar ere bai. Hala ere, behin instalatuta kosta egiten da molde horiek edo eredu horiek gainditzea. Beraz, haurtzaroko bizipenen eragina bizitzako handiena da.
Garrantzitsua dela diozu jakitea zer den haur bati adinaren arabera eskatu dakiokeena. Badirudi dena aurreratzen ari garela, haur moduan portatzen ez diren haurrak nahi ditugula…
Bai, oso oso oso inportantea da. Ezjakintasun handia dugu gizartean oro har horren inguruan. Ume bat nola bilakatzen den pertsona oso. Zein den pertsona batek igaro behar duen prozesu ebolutiboa, maduratiboa, pertsona heldu, pertsona oso bilakatzeko. Askotan haurrei eskatzen dizkiegu gauzak ezin dizkigutenak eman, ez behintzat modu sano batean, bere buruari kalterik egin gabe. Adibidez, ume txiki txiki bat ezin da luzaroan amarengandik bereizi. Ez luke bereizketa sistematikorik izan behar, baina guk ez dugu ikusten horren zergatia. Guk ikusten dugu pertsona bat jadanik gure apartekoa dena, berez ez daukan autonomia duena. Ez dauka ez autonomia fisikorik, ez dakielako oinez, baina ezta psikologikorik edo emozionalik ere. Gure jarrera normalizatu askotan dago eskakizun bat pertsona hori bilakatu dadin dena baino autonomoagoa. Kontua da eskatzen diogula ez dakigulako hori ezin digula eman bere buruari kalterik eragin gabe, sufritu gabe edo minik hartu gabe. Orduan oso oso inportantea da hori jakitea, bestela aurreratu egiten gara. Gainera, gauden munduan, gauden garaietan, azkar ibiltzea oso garrantzitsua da. Balore bat da gure gizartean eta heldu izatea ere bai. Heldu izateari buruz daukagun disfuntzio eta guzti. Zergatik da helduagoa izatea autonomoagoa izatea? Erritmoa asko behartzen da zentzu askotan. Horretara bultzatzen gaituelako oraingo bizitzak. Nik dudarik ez dut, oro har gizarte bezala, haurrak ez ditugula onartzen diren bezalakoak; eta horrek berak sortzen du presio ikaragarria haurrengan.
Neurosia sozialaz ere ariko zara. Zein da argazki orokorra?
Aurten Hik Hasiko jardunaldi pedagogikoetan ere eskaini nuen ikastaro hau. Jende askok eman zuen izena eta bitxia egin zitzaidan ohartzea zenbateraino eragin zuen pertsona horien hautuan neurosia hitzak. Aldi berean, esan nienean denok ginela neurri batean neurotikoak, gizarte honetan bizitzeko hala behar dugulako, bestela ezingo genukeelako sistema honetan integratu, denak harritu ziren. Horrek harritu ninduen, zergatik ez dugun horren kontzientzia handiagoa. Norbera egon daiteke hobekiago edo ez, maila pertsonalean, bere harremanetan, ahalik eta kontzientzia gehien izan ongi bizitzen eragozten diguten gauzena. Kontziente izanda aukera gehiago duzu zure bizitza aldatzeko, neurri batean behintzat. Gero egia da badagoela lanaren prekarietatea eta maila pertsonalean gure esku ez dauden hainbat gauza ere. Bitxia da kontzientzia falta hori argazki orokorra ikusita. Zenbat jende dagoen gustura ez dagoena, zenbat antsiolitiko behar dituen jendeak, lotarako zenbat arazo, gure buruarekin dugun harreman ez sanoa, besteekin harremanetan jartzeko dugun modua ere… Hor gauza asko daude. Zenbat buruko gaitz, zenbat suizidio, zenbat ondoez nerabeen artean, zenbat indarkeria, zenbat hilketa… Gizarte gaixo batean bizi garela nik uste dut dudarik ez dagoela. Bitxia da ikustea nola kosta egiten zaigun lotura hori egitea.
Ez dut esaten gizarte honetan sano ezin garenik egon, baina zaila da. Osasuna litzateke neurosiaren kontzientzia hartzea eta lehenago esan dudanaren haritik neurosi hori gainditzeko norberak berea bidean jartzea. Neurosi soziala funtzionatzeko modu ez sano bat da; gure buruarekin eta gainerakoekin. Zer nolako bizitza eredua eraiki dugun, zein balorerekin. Lanarekin, produktibitatearekin dugun harremana. Plazerari zein garrantzia gutxi ematen diogun. Berdin da argazkia nondik egiten dugun, zein planotatik, gizarte gaixo batean gaudela dudarik ez dago. Horretan argitasun pixka bat jarri ezean, normala da umeek ere gizarte gaixo hori jasotzea. Azken batean, sozializazio gizarte baten baloreetara egokitzea da. Gu hemen jaio gara, neurotikoak gara, neurotikoa den gizarte bat sortu dugu; edo gizarteak sortu gaitu gu, zer dagoen lehenengo. Hori dena moztu ezean, hurrengo belaunaldiak ere izango dira neurotiko. Sozializazioa egina dagoelako gizartearen balore hauetan integratzeko, bizitza eredu honetan.
Nola landuko duzu gaia ikastaroan?
Ikastaroa ez da luzea izango. Gai honek askorako ematen du, urtebete egon gintezke honekin, geruza asko ditu. Gaiarekin lotutako guztia aipatuko dut maila teoriko batean, baina baita ere hausnarketa ahalbidetuko duten praktiken bitartez; baina izango da halako argazki orokor bat, garrantzitsuak diren gauza guztienak. Gero jendeari materiala emango diot sakondu nahi izanez gero, aukera izan dezaten. Teoriko-praktikoa izango da. Bizipenei momenturen batean tokia egingo diogun arren, praktikotasuna batez ere hausnarketari bideratua izango da. Hausnarketa intelektuala, taldean partekatzea.
Non jarriko zenuke azpimarra?
Azpimarra kontzientzian jarriko nuke. Neurosi honetatik askatzeko lehenengo pausua hori da, argitasuna jartzea horretaz ohartu gaitezen. Behin ohartuta non gauden, gurea aldatzeko urratsak eman ditzakegu, baina batez ere gure neurosiak ez diezaien umeei euren bizitzan horren modu bortitzean eta erabakigarrian eragin. “Gureak egin du”, nolabait umorez esanda; hori dena aldatzeko pausoak eman baditzakegu ere maila pertsonalean zein maila sozialean. Iraultza horretarako egiten da, besteak beste. Hala ere, batez ere haurren bizitzan hainbeste ez eragiteko zentzu patologiko horretan, kontzientzia behar dugu, hori moztu ahal izateko. Hurrengo belaunaldiak izan daitezen osasuntsuagoak. Izan dezaten gaitasun eta sendotasun biologiko bat, eta izaera aldetik, noski; bizitzan beste modu batean kokatzeko.