2006ko Txillardegi

Aspaldiko lagun eta adiskideak honela idatzi zuen:

Erabakitzeko eskubideaz1

Hori da egun hauetan jai eta aste entzuten duguna. Egia esan, erdaraz entzuten dugu maizago: “El derecho a decidir“. Nork erabakiko, ordea? Zer erabakitzeko eskubidea? Ez zaigu esaten. Hizkuntza kriptikoa nagusi.

Zergatik ote?

Euskal Herriko mundu politikoan agintzen dutenek -Madrilekoek, jator hitz eginda- ilunpe horretan jarraitu eta hitz garbi eta zehatza aipatu ezinezko tabu bihurtu dutelako. Eufemismoak bultzatu, eta hizkera gardena debekatzen digute. Mahaiaren gainean dagoen arazoa, hala ere, garbia da. Eta soluzioa ere bai:

“Herri guztiek dute beren buruaz jabetzeko eskubidea. Eskubide hau dela bide, inolako mugarik gabe hautatzen dute beren antolakuntza politikoa, eta libroki bermatzen beren garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala”, NBEn Batzarre Orokorrean, aho batez, 1966ko abenduaren 16an onartu ziren bi Itun Internazionaletako lehenengo artikulua.

Bi PIDH horien gauzaketaren amaieran edozein helburu da zilegi. Estatu beretan eta inolako aldaketarik gabe segitzea, Autonomia hau edo hura legeztatzea; edota askatasun osoan, Estatu askatu bat sortzea.

Zergatik ez da hau argi eta garbi aldarrikatzen? Eta Euskal Herriari, herri bat delako, autodeterminatzeko eskubidea datxekiola.

Ohar garrantzitsu bat honetaraz gero. Herriek dutela autodeterminazio eskubidea, ez eskualdeek, ez auzoek, ez probintzia puskek. Ez zernahik.

Geografia txoko batek, adibidez, edo gizarte atal batek, nahi duten galdera egiteko eskubide demokratikoa dute dagokien problematikan. Zalantzarik ez. Baina geografia txoko horrek edo gizarte atal hark ez dauka autodeterminatzeko eskubiderik.

Bide beretik, ohiko hauteskundeetan erabakitako politikabidean ematen diren urratsak ez dira autodeterminazioa. Gure arteko batzuek batzutan esan izan dutenaren kontra: “Los vascos llevamos ya años auto-determinándonos todos los días…”

Autodeterminazioa erreferendum berezi batez obratzen da. Eta autodeterminatzen den subjektua herria da.

Eta herri baten faktore objektibo nagusia hizkuntza da; eta faktore subjektibo nagusia mendeetan barrena kondaira amankomuna egin izana. Alderdi nazionalen bidez eta borroka armatu abertzalearen iraupenean ikusgarri. Are gehiago, Estatu Nazional propioa mendeetan barrena ari izan denean -gure kasuan Nafarroa lekuko zalantzagabea delarik-.

Guztiz beharrezkoa, era berean, ideien mailan oraingoan, herri eta populazioa ongi bereiztea. Adibide bakar bat ematekotan, Kanakiako kasua (Nouvelle Calédonie). Ongi aztertu ziren orduan kanakiarren eskubide politikoak eta han berriki finkatutako frantses etorkinenak. Eztabaida juridiko haiek berrikertzea interesgarri izan daiteke orain.

Gure artean sortzen ari den nahaste-borrastea argituz joateko, hitz batez, oso beharrezkotzat joko nuke nik orain, berriro ere, Herria 2000 Elizak 1985eko martxoan eta 1990eko martxoan antolatu zituen bi Kongresu gogoangarri haien errepikapena antolatzea. Orduan bezala gaur egun Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Baionan bilerak eginez.

Orduan, Guy Héraud irakasleak deitoratu zuenez, Europako Estatuen presioaz, ez zegoen autodeterminazio prozesu adibiderik Europan aurkezterik. Etsenplu guztiak urrutikoak ziren, kolonietakoak, eta abar.

Egun Montenegroko adibidea badugu; batere goxoa izan ez diren Serbiak berak eta Solanak bedeinkatua. Balegoke honetaz zer esanik eta zer ikasirik. Eta gero, hirugarren bilduma mamitsuan, entzundakoaz zer argitaraturik.

Eta, nik neuk bederen, erronka bota dut hemen lerro xume hauen bitartez.”

Gero gerokoak. Hau da, besteak beste,  honelakoak:

20 independentzia referendum azken 43 urteetan; Autodeterminazio eskubidea: zertan datzan; Autodeterminazio eskubideaz lau hitz; Brexit eta autodeterminazioa; AEBn batzuek badakite autodeterminazioa (self-determination) zer den; Erdia gehi bat; Autodeterminazioa = Demokrazia; RUI: zipriztinak; Euskal Herria: 25 urte galduta; Ideia argiak eta kontzeptu kaxkarrak; RUI (ideia argiak) (11); Autodeterminazio eskubidea eta Konfederazioa; Autodeterminazioa ala ‘alter-determinazioa’?; Autodeterminazio eskubideaz Europan; Irudiak (Mandangaz eta Adz); Autodeterminazioa eztabaidagai Bruselan; Autodeterminazioa eztabaidagai Bruselan (gehigarri berezia); ICEC-ren albisteak: Venice adierazpena; Autodeterminazio referendum bat beti da legala; Eskizofrenia politikoa mandanga dela eta; Autodeterminazio referendumaz; Autodeterminazio eskubidea Kataluniarentzat; Katalunia: referendumaren paktua, zer den eta zer ez den; Despiste totala; Autodeterminazioa behin eta berriz, Katalunian; BOE’ espainiarra 1990ean; Autodeterminazio eskubidea Espainian eta Euskal Herrian; …

Joseluis-ek bazekien mandanga zer zen.

Despistatuentzako gehigarria, mandanga dela eta:

Derecho a decidir… mandangas!; Euskara bantuzko hiztegi berria; Mandangas (2); Mandangaz eta abarrez; Mandangaz haratago; Mandangaz arituz; Mandangaz eztabaidatuz; Urkullu jauna eta Mandangaren funtsa; Mandanga zaborraren artean murgiltzen denean; Autodeterminazio eskubidea: egon badago, nonahi; Zaharrak berri, berriz, …

PS: Ez adiorik, Joseluis