Hizkuntzaren Prozesamendua ikasgaiko praktika ikusgarri bat

Informatika Ingeniaritzako Hizkuntzaren Prozesamendua ikasgaian (HP) aurtengo ikasleek hainbat lan praktiko interesgarri garatu dituzte. Horien artean, Pello Arrue ikasleak Uztarria Azpeitiko aldizkaria aztertu du. 2001tik 2017ra arteko artikulu guztiak (17.034) batu ditu eta bi ikuspuntutatik aztertu ditu. Alde batetik, agertzen diren entitate izendun guztiak erauzi ditu (pertsonak, tokiak, erakundeak…). Eta bestetik, aurkitutako entitateak aldizkariaren gaien arabera sailkatu ditu. Hau da, IXA taldeak sortu duen Ixa-pipes tresna erabili du hasieran testu horiek masiboki analizatzeko, eta gero kontatu ditu entitate izendun bakoitzaren errepikapenak aldizkariko sail bakoitzean.
Esate baterako, irudian 16 urteotan gehien aipatu diren kirolariak ikus daitezke http://www.estadistikakazpeitia.pe.hu/perKirolak.php
Beste kontsulta batzuk egin ditzakezu. Saia zaitez!

LAN BIKAINA, PELLO!


Hizkuntzaren Prozesamendua ikasgaiaren helburu nagusia giza-lengoaiak (hizkuntzak) ordenagailu bidez tratatzeko dauden teknikak eta aplikazioak ezagutzea eta aplikatzea da. Hizkuntz industrien barruan kokatzen diren aplikazioen artean honakoak sartzen dira: Testuen edizioa, Informazioa bilatzea, informazioa erauztea, ezagutzaren kudeaketa, itzulpen automatikoa, lengoaia naturaleko interfazeak edo ahozko hizkuntzaren tratamendua.

OpeNER proiektuan NER hackatoia antolatu dugu uztailaren 2rako, Amsterdamen

Hackathon_OpeNERPasa den urteko uztailean martxan jarri genuen OpeNER proiektu europarrean Hackatoi bat antolatu dugu orain. Inbitatuta zaudete Hizkuntza-Teknologiarekin, Testu-Mehatzagintzan, edota datu multzo erraldoiekin interesatuta zaudeten programatzaile, hizkuntzalari eta (produktu-)diseinatzaile guztiak. Amsterdameraino joaterik ez baduzu eta gurekin harremanetan jarri nahi baduzu jo hona: rodrigo.agerri abildua ehu.es

Egun eskura ditugu hainbat API, web-zerbitzu eta datu multzo. Produktu horien garatzaile izan diren lankide batzuk ere hackatoian bertan egongo dira zu ere lan hauetan errazago hasteko. Horixe da hackatoi bat: gaiaren inguruan interesatuta daudenak bildu egun batez, eta denen artean tresna edo aplikazio berri bat sortu.

Hackatoia abagune egokia izan daiteke daukazun ideia mundial hori bideratzeko,  edo ea teknologia hau zure enpresarako baliagarria den aztertzeko… edo, besterik gabe, hizkuntza-teknologiako tresna berri-berri hauekin egun bat ondo pasatzeko.

  • Asteartea, uztailaren 2an, 2013
  • 10:00 – 18:00
  • Studio K Timorplein 62,
  • Amsterdam (mapa)

OpeNER_Logo

OpeNER  Europako Batzordeak finantzaturiko proiektua da. Ixa Taldea partaideetako bat da, eta Piek Vossen eta Vicomtech ere daude partaideen artean.

OpeNER  proiektuaren helburuak NER arloan (Named Entity Recognition) kokatzen dira:

  • Enpresei eta gizarteari entitate-izenak ezagutzeko eta sailkatzeko tresnak  eskaintzea da, beti ere existitzen diren baliabideak erabilita.
     (Cross-lingual Named Entity Recognition and Classification)
  • Berdin sentimenduen analisia lantzeko tresnekin.
    (Sentiment Analysis)
  • Alor horretako teknologia osagarrien garapen irekia.

OpeNER_Consortium