2008/10/25 17:48:09.259 GMT+2
I+Gren tranferentzia (eta 2)
Zifra apala dela esan genuenoi arrazoia eman digu Egibar jaunaren argibideak. Izan ere, Estatuak egiten dituen I+G inbertsioa Cristina Garmendiaren ministerioak egiten duena gainditzen du. Beste ministerio batzuk ere, Industria ministerioak edo Defentsa ministerioak esaterako, I+G inbertsio adierazgarriak egiten dituzte. Adibide baterako, Estatuko aurrekontuetan I+G militarrak pisu adierazgarria du: % 17,82koa 2008ko aurrekontuetan.
Itxura denez eta kalkuluak gaizki egin ez baditut, 2009an Zientzia eta Berrikuntza ministerioak 1.400 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Kontuan hartzen badugu 2008an Estatuko aurrekontuetan 7.678 milioi euroko zifra esleitu zitzaiola I+Gari, ministerio horrek I+G inbertsioaren zati bat baino egin du egiten eta ez handiena.
Hortaz, 2008ko zifra hori usatzen badugu I+G eskuduntzaren balioa kalkulatzeko –ez dago arrazoirik pentsatzeko 2009koa horretatik oso urrun egongo denik–, eskuduntzaren benetako balioa 480 milioi eurokoa izango litzateke; negoziatu dena baina ia sei bider handiagoa. Alde ederra!
Merkezurrean negoziatu dela deritzot.
Nork: irazabalbeitia.2008/10/25 17:48:09.259 GMT+2
Etiketak:
zientzia_gizartea
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/21 22:31:42.502 GMT+2
I+Gren tranferentzia
Gai horri buruz beste ikuspegi bat agertu zidan Joseba Balerdik igandeko Noticias de Gipuzkoan idatzitakoak. Honatx zioena:
La transferencia de investigación y desarrollo puede ser una baza, pero si sigue cuantificada en 85 millones de euros, los jeltzales corren el riesgo de que alguien les recuerde que eso son, más o menos, 10 céntimos por ciudadano y día, o sea, mucho menos de lo que gastamos en comprar el pan, y que así no se consigue ser "referentes europeos" en esto de la innovación, como pretende el Ejecutivo de Ibarretxe.
Atzenean 86,5 miloi euro izango dira. Nola iritsi dira zifra hori zehaztera? Egia esan ez dakit. Inoiz argituko da. Ondo baloratu al da transferentziaren diru-kopurua?
Begiratu diezaiogun Josebaren analisiari beste ertz batetik. 86,5 milioi eurok zer eragin dute EAEk egiten duen I+G inbertsioan? Parametro hori neurtzeko BPGrekiko I+G inbertsioak zein proportzio duen aztertzen da. EAE 2005ean % 1,44koa izan zen. Europako herri aurreratuenetan % 3ren bueltan dago. EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak protzentaia hori % 2,15era eramatea jartzen du 2010erako helburuen artean. 2007an EAEko biztanleko 30.599 eurokoa izan zen BPG. EAEn gutxi gora-behera 2.150.000 pertsona bizi gara. Beraz, Madrilen lortutako akordioari esker EAEko biztanleko eta urteko 40 euro gehiago inbertitu ahal izango dira, hots, % 0,0013 gehiago. Ez dirudi oso zifra handia denik eta jauzi kuantitatiboa suposatzen duenik 2010erako jarritako helburuak betetze aldera.
Nork: irazabalbeitia.2008/10/21 22:31:42.502 GMT+2
Etiketak:
zientzia_gizartea
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/20 21:37:48.962 GMT+2
Etorkizuneko energia
Atzen aleak energia du gai nagusia. Sozietatea bizirik iraunaraziko dituzten energia-iturriak ditu aztergai: eguzki-energia, energia geotermikoa, itsasoetako energia eolikoa, olatuen energia, … Energia nuklearraren auzia ere aipatzen da. Energia-iturrien ikuspegi zabala nahi duenak badu nora jo.
Nork: irazabalbeitia.2008/10/20 21:37:48.962 GMT+2
Etiketak:
energia
energia_alternatiboak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/16 22:52:49.602 GMT+2
Balio erantsia
Asteazken goizean, Euskadi Irratiaren goizeko informatiboa entzuten nindoalarik kotxean, nire lagunarekin akordatu nintzen. Kanadako hauteskundeen berri ematen ari ziren. Kontserbadoreek gora eta liberalek behera egin zutela esan zuten baita galdu-irabazitako eserleku-kopurua aipatu ere. Cela a étè tout! Non da balio erantsia? Euskal herritar eta abertzale moduan interesa banuen jakiteko Bloke Quebecarrak lortutako emaitzak zein izan ziren. Euskadi Irratiak ez zidan eman espero nezakeen balio erantsia. Aho bete hortz utzi ninduen. Notiziari eman zion tratamendua, Madrilgo ezein irratik emango zukeen bera izan zen. Euskara al da, kasu horretan, balio erantsia?
Garbi dut, euskaraz jardute soila ez dela jagoiti nahikoa balio erantsia uhin-luzera bati edo besteri atxikitzeko.
Nork: irazabalbeitia.2008/10/16 22:52:49.602 GMT+2
Etiketak:
komunikabideak
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/14 08:19:51.379 GMT+2
AEBetako hautagaiak eta zientzia
Zer iritzi dute bi hautagai nagusiek, Obamak eta McCainek, zientzia-gaien inguruan? Hori aztertu dute sakon Scientific Americanen on-line buletinean.
Nork: irazabalbeitia.2008/10/14 08:19:51.379 GMT+2
Etiketak:
zientzia_gizartea
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/10/01 22:47:52.859 GMT+2
Bi kontu arrapaladan
Batetik, Teleberrin musulmanen Ramadanaren bukaeraren aitzakian kontatu dute, komunitate hori EAEko eskoletan islamdar erlijiozko eskolak eskatzen ari dela eta laster hainbatetan izango dutela aukera hori. Zer esango dizuet berriak ateo laizista honi eman dion pozaz! Beti esan dut, eskola eta erlijioa bereizi behar direla. Libre da edonor Josafateko zelaian edo birjinen paradisuan sinesteko, baina sineskeriak transmititzea ez da eskolaren lana sozietate laiko batean. Elizak, meskitak eta enparauak daude horretarako. Eskolan erlijiorik ez! Bestela, erlijio ezaren etika ere eskolan irakats dezaten eskatzen hasi beharko dugu eta.
Scientific American aldizkariaren atzen newslettera jaso dut. Bertan, Sarah Palinen zientzia-gaiekiko ikuspegiaz artikulu interesgarri bat dago. Leitu ondoren aurretik nuen desioa indartu egin zait, 'azarotik aurrera ez dezagula pajaro horren kantua gehiago entzun!'.
Nork: irazabalbeitia.2008/10/01 22:47:52.859 GMT+2
Etiketak:
erlijioa_zientzia
zientzia-gizartea
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/08/30 20:51:55.636 GMT+2
Ni hiltzen naizenean
Gaur Gorkaren hileta zibilean izan naiz. Berak idatzita utzi zuen zer nahi zuen egitea. Eredu polita utzi du. Orain badakit zer egin. Denboran urrun-urrun izan dadila, hala ere. Matraka jotzen luze iraun nahi dut eta.
Zeremonia larunbat goizez egin dadila Alkizan. Lehen orduan, zabal ditzatela nire errautsak Allutxeko harkaitzetatik. Gero eguerdi partean, junta daitezela bertara joan nahi duten guztiak Alkizako plazan edo eguraldiak lagunduko ez balu, frontoian. Musika, hitzak eta irudiak izango dira protagonista. Musika entzuten ari den bitartean, nire bizitzaren ibilbidea jasoko duen argazki sorta bat proiektatuko da. Zortzi musika pieza utziko ditut aukeratuta. Ez ditut guztiak oraindik argi; aldaketak egon daitezke.
Mikel Laboaren Izarren Hautsarekin bukatzea nahi dut hala ere. Horretan Gorka kopiatuko dut. Jorge Cafruneren Coplas de un payador perseguido milonga luzearen zati bat nahiko nuke; Don Mclean-en American Pie, ere luzea da aukeran, baina zatitxo batek gure nerabezaroko guatekeak ekarriko ditu gogora. Beatles-ek ezin ditut ahaztu, Let it be ez legoke gaizki. Kroaziako abesti tradizional bat gero, Kapetana; nire diskografian duzue, nahiz ez dakidan biniloak jotzeko modua egongo den. Art Pepperren saxoak ere jo beharko du; bere The Savoy Sessions album bikoitzetik gustokoen duzuen pieza aukeratu. Judy Garland-en ahotsak Over the Rainbow kantatzen beti liluratu nau. Donostiako Orfeoiaren Baga bigaren bertsioak oilo ipurdia jartzen dit. Piezen artean baten batek zerbait esan nahi badu, barra libre!
Izarren Hautsa bukatzen denean Salvador Allenderen hitz batzuekin leitzea nahiko nuke, Moneda jauregitik bota zituen azkenak, edo akaso bere ahotsa entzutea.
Trabajadores de mi patria, tengo fe en Chile y su destino. Superarán otros hombres el momento gris y amargo, donde la traición pretende imponerse. Sigan ustedes sabiendo que, mucho más temprano que tarde, se abrirán las grandes alamedas por donde pase el hombre libre, para construir una sociedad mejor.
Gero joan zaitezte Ostatura eta akabatu tripa-zorria, armonia onean, nire kontura.
PS. Ea zergatik Allenderen testua galdetu didate. Batetik, Unidad Popular Txilera boterera iristeak nire kontzientzia politikoa piztu zuelako. Bestetik Salvador Allenderen irmotasunak eta zorroztasun politikoa mirestekoak iruditu zaizkidalako orduz gero.
Nork: irazabalbeitia.2008/08/30 20:51:55.636 GMT+2
Etiketak:
heriotza
dolua
hileta
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/08/16 09:25:25.982 GMT+2
Arrain handiak txikia jan
- Eguzki-panel fotovoltaikoetatik lortutako energia elektrikoaren truke ekoizleari elektrizitate-konpainiak ordainduko dioena gutxiagotu egingo da: % 35 eguzki-parkeen kasuan eta % 26 teilatuetan jarritakoen kasuan.
- Urteko ezar daitekeen potentzia mugatu egingo da. Esaterako 2009an 300 megawatt baino gehiago ezingo dira instalatu Estatu osoan.
- Eguzki-parkeak ezingo dira zatitu. 100 kWeko instalazioek errentagarritasun hobea dute eta, ondorioz, eguzki-parkeak zatitu egiten dira eguzki-baratzeak osatuz. Katastroko erreferentzia berean dauden panelak parke berekoak bezala kontuan hartuko dira.
Artikulua leitzen ari nintzelarik Jeremy Rifkin etorri zitzaidan gogora. Izan ere, Jeremy Zapaterok atzen hauteskunde-kanpainan ospe handiko pertsonez osatutako aholkulari-taldeko kideetako bat izan zen. Sobra ere, Zapaterok Rifkin aholkuei kasurik ez die egin edo aholkulari-taldearena merkadotekniako ekimen bat besterik ez zen izan. Jeremy Rifkin, maiatzaren bukaeran Euskal Herrira etorri zenean, entzuteko aukera izan genuenok, energia-auziaren aurrean Zapateroren ministro Sebastianek proposatzen dituen neurrien kontrakoak laudatu zituen, besteak beste, energia alternatiboak bultzatzea eta energia-ekoizpen sakabanatuaren eredua indarrean jartzea (ikus Jakin, 166 zenbakia, 85-88 or.).
Argi eta garbi dago, Sebastianen neurriek ez dutela eguzki-energia bultzatzen (egun ekoizpenaren % 1a baino ez da) eta ekoizleen kontzentrazioa bultzatze dutela, hots, eolikoetan edo termoelektrikoetan jazo den legez ekoizpen-ahalmena agente gutxi batzuen esku egon dadila. Alegia, oraingo ekoizpen eredua indartu eta eredu sakabanatuari muzin egin. Kapitalaren morroi finak izango dira Zapatero eta Sebastian, berniz gorriz mozorrotuta agertzen badira ere.
Arrain handiak txikia jan!
PS Zalmiña(ga) Berriko nire auzokideak 48 zortzi eguzki-panel fotovoltaiko paratu ditu oraindik orain gure etxetik 400 bat metrotara; Asteasuko sailetan Alkizako mugaren kontra. Uztailaren bukaeran jarri zituzten panelak eta ixtura osatzen dihardute orain. Eguzki-panelak pinudiaren ordezko egokia izan daitezke baserriaren ekonomian osagarri moduan. Bultzatu beharreko ekimena da nire ustez, nahiz eta gure inguruko udaletxe batzuei gustatu ez, itsusiak eta antiestetikoak omen direlako. Eguzki-baratzeei bide eginez, baserritarren ekonomia indartzeaz gain, energia berriztagarriak bultzatzen dira eta, are gehiago, sorrera sakabanatuari bide ematen zaio. Hori bai, beharrezko kontrol eta bermeak beharko dira, esplotazioko ezar daitekeen potentzia maximoa mugatuz adibidez, gure mendietako pinudien berde iluna amaigabearen ordez ez dezagun izan panelek isla etenik gabea.
Nork: irazabalbeitia.2008/08/16 09:25:25.982 GMT+2
Etiketak:
fotovoltaikoa
energia
eguzki_energia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/08/09 18:17:45.454 GMT+2
Astronautix
Leitzen hasi nintzen. Istorioa interesgarria zen, baina ez izenburuak irudika zezakeena bezain zirraragarria, hots, Gerra Hotzaren garaiko espioi-istorio batena. Izan ere, kapsula ez zen benetako Apolo baten benetako kapsula, alegia, aginte-modulua, astronautikaren terminologian boilerplate esaten dena baizik. Zer dira bada boilerplate horiek? Ba wikipediak dioenez: kohetegintzan, funtzionala ez den ontzia, sistema edo karga hainbat parametro testatzeko usatzen dena: konfigurazioa, tamaina, pisua edo maneiua esaterako.
Lot gakizkion kontakizunaren mamiari, nire interesa piztu zuen beste elementu batekin egin bainuen topo. Sobra ere, Apolo ontzien BP 1227 izeneko boilerplatea NASAk Britainia Handiko itsas armadari utzi zion helburu zehatz batekin, Apolo kapsulak nola berreskuratu entrenatzeko. Agi denez, 1970eko hasieran britainiarrek, nola oso argi ez dagoelarik, BP 1227 delakoa galdu zuten eta inguruetan zebilen arrantza-ontzi (edo espioi ontzia al zen?) sobietar batek berreskuratu zuen.
Non galdu zen, ordea? Hara ba, Bizkaiako itsasoan izan omen zen. ‘ Euskal kostaldean?’ pentsa lezake irakurleren batek. Litekeena, baina ez dut aukera hori baieztatuko lukeen daturik aurkitu. Izan ere, anglosaxoientzat Bay of Biscay eremu zabala da, Bretainiako Brest-en hasi eta Galiziako Estaca de Bares lurmuturreraino ailegatzen dena. Frantsesek Golfe de Gascogne esaten diote eta antzeko hedadura damaiote. Espainolen Golfo de Vizcaya, ordea, txikiagoa da eta Kantabriako Ajo lurmuturretik Bretainiako mugarainoko hedadura ematen diote, baina Loira ibaia ez litzateke ur-eremu horretan itsasoratuko. Bestalde, sarritan, zentzu murritzagoa ematen diote hidronimo horri eta euskal kostaldera mugatzen dute.
Ibili naiz Interneten gertaerari buruzko datu zehatzagoen bila, baina ez dut deus argigarrik aurkitu. Egia esan, NASAren weborrian ez dut BP 1227ri buruz daturik topatu. Bestetik, BP 1227ri buruzko erreferentzia gehienek Astronautixen webgunera zaramatzate zuzenean ala zeharka. Gauzak horrela pentsa liteke udako suge baten aurrean gaudela; legenda urbano bat besterik ez dela… Baina gertaera egiazkoa da. BP 1227 exisitzen da. Egun Michigango Grand Rapids-eko Museo Publikoaren aurrean kokatuta dago debora-kapsula lanak eginez. Bertan, kokatuta dagoen plaka batek hauxe dio:
This Apollo Command Module (No. SN BP-1227) contains memorabilia, collected by area high school students. This memorabilia reflects life in Grand Rapids, Michigan, at the time of the City's Sesquicentennial and the Nation's Bicentennial.
It was used in training for the recovery of astronauts returning from the moon. During an exercise off the coast of England, it was lost at sea, found by the USSR, and returned.
The module is on loan from the National Air and Space Museum to the people of Grand Rapids and is to be opened July 4, 2076 douring our country's Tricentennial.
Plakaren testuko ‘off the coast of England’ horrek ez du askorik argitzen, baina zeharkako erreferentzia egiten dio Bizkaiako itsasoari Ingalaterrako kosta hartzen duelako erreferentzia moduan eta ez Eskoziakoa edo Galesekoa. Nago Britainia Handiko armada ez zela bere baseetatik askorik urrutiratuko kapsularen erreskate-maniobrak entseatzera eta askoz ere aukera gehiago daudela BP 1227ren galera Bretainiako kostaldearen parean jazotzea euskal kostaldean baino.
Alta bada, istorioa iruten ez dugu bukatu. Sobietar arrantza-ontzia edo dena delakoak BP 1227 erreskatatu eta Murmansk-eko portu polarrera eraman zuen. Pentsatzekoa da sobietar ingeniariek boilerplatea ganoraz aztertuko zutela, nahiz eta horretatik NASAren sistemei buruzko informazio asko ateratzerik ez zuten izango, atzen finean, benetako kapsula baten tamaina errealeko maketa modukoa baitzen.
Garai bertsuan Southwind AEBetako Kosta Zaintzaren izotz-hauslea Arktikoan zehar espedizio bat egiten ari zen. Espedizio horretan Murmansk-eko portua bisitatu zuen 1970eko irailean. Bigarren Mundu Gerraz geroztik sobietar portu bat bisitatzen zuen AEBetako itsas armadako lehen ontzia izan zen. Eskifaiak ustekabeko oparia izan zuen, batetik, egun libre bat Murmansk-en igarotzeko eta, bestetik, BP 1227. Irailaren 8a ontziratu zuten garabi baten bidez. Harez gero, brankako kanoi-dorrearen tokian oparia jarrita zuelarik nabigatu zituen Southwindek Arktikoko urak harik eta etxeratzeko tenorea ailegatu zitzaion arte. AEBetako Kosta Zaintzaren webgunean garraio horren bi argazki ikus daitezke.
Istorioa ez da berria Astronautixen orrialdeetan, 2002an publikatu baitzen. Alabaina, berriki mugimendua egon da gertaerari buruz datu eta argazki berriak publikatu direlako.
Nork: irazabalbeitia.2008/08/09 18:17:45.454 GMT+2
Etiketak:
gerra_hotza
zientziaren_historia
astronautika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/08/01 18:52:19.516 GMT+2
Hori bai datua!
Liburu horrek datu, analisi eta gogoeta interesgarri eta sakon asko ditu. Bertara joan dadila gomendatzen diot blog honen irakurleari. Dena dela, horien guztien artean bat gelditu zitzaidan burmuinean grabatuta liburua leitu nuenean. Oso harrigarria iruditu zitzaidan.
Rifkinek dioena:
'Termodinamikaren ikuspegitik, nekazaritza modernoa historian produktibitaterik txikiena izan duena da, hots, ekoitzitako energia-unitate bakoitzeko aurreko edozein arokoak baino energia gehiago kontsumitzen du. Nekazari tradizional batek 10 kaloria inguru ekoizten ditu usatutako kaloria bakoitzeko. Iowako laborari batek, eskura dagoen teknologia aurreratu guztia baliatuz, giza lanaren kaloria bakoitzeko 6.000 kaloria ekoitz ditzake, baina balentzia ez da horren izugarria kalkulatzen badugu zein izan den energia hori guztia ekoizteko baliatu duen energia. 270 kaloria dituen labore-lata bat ekoizteko, laborariak 2.790 kaloriako kantitate itzela kontsumitzen du makineria martxan izateko eta ongarriak eta pestizidak lortzeko. Hortaz, sortutako kaloriako teknifikatutako laborari estatu batuarrak hamar kaloria kontsumitzen ditu prozesuan.'
Ezin da ukatu nekazaritzaren teknifikazioak neke eta lan handiak kendu dizkiola laborariari. Humanizatu egin da laborarien bizimodua eta ez da hori gutxi! Halaber, ongarri sintetikoek eta pestizidek hektareako produktibitatea biderkatu egin dute. Alabaina, hausnarketarako tarte handia ematen du gauza bera produzitzeko laborari modernoak tradizionalak baino 100 bider energia gehiago behar izateak. Ez dirudi oso jasangarria. Datu horri beste batzuk eransten badizkiogu: energia horren jatorriaren zatirik handiena erregai fosilak izatea, produzitzaileen eta kontsumitzaileen arteko distantzia gero eta handiagoa, ongarrien eta pestiziden hondakinek eragindako poluzio-arazoak, … Jasangarritasunaren irudia are lausotzen da.
Arazoa konplexua da oso eta beste ertz batzuk ere baditu, gosea edo desnutrizioa pairatzen ari diren milioika lagunak adibidez. Ez dut lerro hauetan sakonduko. Zu animatzen zaitu arazoari buelta batzuk ematea! Aurrerakuntza eta teknologia, dena den, ez dira errudunak!
Nork: irazabalbeitia.2008/08/01 18:52:19.516 GMT+2
Etiketak:
nekazaritza
poluzio
berotegi_efektu
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)