Bizikletak badira hirirako

Gure herrietan eta hirietan bizikleta gero eta pisu handiagoa ari da hartzen eguneroko garraiobide moduan, zorionez. Bizikletentzako bideak ugaritzen ari dira eta horrek erraztu egin du eboluzioa. Hala ere, polemikatik kanpo ez dago gaia. Egunkariei begiratu bat ematea besterik ez dago, bizikleten kontrako lobbya indartsu aritzen baita kexu-gutunak idazten. Bizikletaren aurkako argudio askok ideia bera dute oinarrian ‘Hori hemen bakarrik gertatzen da’; bizikletak espaloitik ibiltzea planteatzen denean esaterako. Barre txikik marrazten zaizkit musuan horrelakoetan, kexati hori gutxi bidaiatutakoa dela erakusten baitu, behintzat Pirinioetatik ekialderantz. Bizikleta bidezko garraioak tradizioa duen herrietan ohizkoa izaten da espaloitik bizikletaz ibiltzea.

Madrilgo Trafiko Zuzendaritzak bizikleta-trafikoari buruz asmo berriak iragarri ditu. Asmo berrien artean bi daude Europan jada nahikoa ohizkoak: bizikletak espaloitik ibili ahal izatea baldintza batzuk beteta eta kotxe-trafikoaren kontraeskura joan ahal izatea. Ongi etorriak biak, bizikleten joan-etorriak erraztuko dituztelako.

Ikusi beharko dugu orain bizikletaren kontrako lobbyaren argudioak zeri heltzen dioten!

Lobby horri gauza batean ematen diot arrazoia, txirrindulari batzuk sasikume astakilo gaizki hezitakoak direla eta arriskutsuak direla kalean dabiltzan besteentzat. Alabaina gauza bera gertatzen da oinezkoen, auto-gidarien, moto-gidarien edo kamioilarien artean.

Elkarren artean errespetuan ibiltzen ikastean datza gakoa.

Iruzkinak (1)

  • Uste dut zure ikuspuntua zaharkitua dagoela. Nik ez dut agian gehiegi bidaiatu, seguru zuk baino gutxiago, baina ikusi ditut Europan bizikletaren alorrean egin diren gauzak, baita egin diren akatsak ere.
    Lobby-a? Zerena, oinezkoena? Hori existitzen da, ala gaizki ulertu dut? Lobby-rik badago, hori automobilaren aldekoa da, eta benetan diot horiek poz-pozik daudela bizikletei azkenean espaloitik ibiltzea utziko zaielako. Badakite atea apur bat zabaltzea aski dela guztiz zabal dadin, eta aski dela esatea “3 metro baino gehiago dituzten espaloietan soilik” esatea, bizikleta-erabiltzaile gehien-gehienak “zikleatoi” (Eneko Oraintxek[1] ongi asmatutako hitzari jarraiki) bihur daitezen eta galtzada automobilen erreinu modura utz dezaten. Automobilek ahalik eta azkarren mugitzea bilatzen duten gure udaletxeetako trafiko-sailak ere esnetan egongo dira, semaforo-erregulazioetarako jadanik bizikletak kontuan hartu beharko ez dituztelako. Joan daitezela espaloira, arraioa!
    Bizikletaren aldeko borroka gunea ez da espaloia izan behar, galtzada baizik. Bizikletek ez diote oinezkoei espazioa jan behar, automobilei baizik.
    Txirrindularientzat seguruagoa dela espaloitik joatea? Txirrindulariak jakin behar du bere ibilbidearen punturik arriskutsuena, istripu gehien eragiten den tokia, bidegurutzeak direla. Eta jakin behar du bidegurutzeetan automobilek askoz hobeto ikusiko dutela bizikleta errepidetik badoa, eta ez espaloitik. Ideia hau ez da teoria bat, aski frogatua dago eta datuek horrela erakusten dute. Joan gaitezen Gasteizen txirrindulari batek izan duen azken istripura: pasa den ostiralean[2], neska bat zebrabidetik igarotzen ari zen, oinezkoa bailitzan, baina bizikletaren abiadan. Goazen txirrindulari bat egon den azkenaurreko istripura[3]: gauza bera, espaloitik zioan.
    Ez da batere erraza txirrindularia kalearen zati batean oinezko modura tratatzea, oinezkoen arauak jarraitu behar izanik, eta hurrengo zatian ibilgailu modura tratatzea eta ibilgailuaren arauak jarrai ditzan. Bidegurutzea iristen denean, espaloitik mugitzera ohitu diren txirrindulari askok “ez dakite” -ez dute pentsatu ere egiten- zer egin behar duten, eta oinezko modura jokatzen dute. Txirrindulariok erabat argi eta ziurtasun osoz jakin behar dugu noren arauak jarraitu behar ditugun, eta horretarako aski da esatea: “automobilen arauak jarraitu behar ditugu”.Zentzu bakarreko kaleetan, lerro bakarra badaukate, abiadura-muga 30 km/h-ra mugatzea oso ongi dago, eta horretan utzi beharko zuketen kontu hau. Baina beste neurriak ia guztiz baliogabetuko du hau, nik ezagutzen dudanagatik (Gasteiz), txirrindulariek ez dute galtzada erabiliko kale horietan, espaloia baizik, horrelaxe delako gaur egun ere. Eta ez, autoek ez dute abiadura-muga hori errespetatuko, orain 50 km/h-koa ere errespetatzen ez duten bezala.
    Bizikleta benetako garraiobide eta garraiobide segurua bihur dadin eta trafikoaren pazifikazioaren alde lanean ari garenontzat atzerapauso galanta da espaloien arau hau. Horiexek dira gure Bizikleta Mugikortasunaren Gida Planaren gakoetako bi[4]. Momentuz lortzen ari gara bizikleta-bideak bi zentzuetakoak izan ez daitezen eta zentzu bakarreak eraiki daitezen. Hurrengo urratsa zirkulazio handiko kaleetan bizikleta-bideak galtzadan eraikitzea eta zirkulazio gutxiagoko kaleetan bizikletak eta autoak galtzada partekatu zezaten zen. Orain zailagoa izango da bi helburu horiek betetzea.

    [1]http://bicicletasciudadesviajes.blogspot.com/2011/02/un-paso-adelante-dos-pasos-atras.html[2]http://www.elcorreo.com/alava/20110218/local/joven-ciclista-resulta-atropellada-201102181222.html[3]http://www.elcorreo.com/alava/20101028/local/herido-leve-ciclista-atropellado-201010281007.html[4]http://www.vitoria-gasteiz.org/we001/was/we001Action.do?aplicacion=wb021&tabla=contenido&idioma=eu&uid=_5c102d43_120c209dbb6__7fbf

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude