Biharamuneko pilula

Madrilgo Gobernuak biharamuneko pilula errezetarik gabe erosteko aukera eman izanari bide errazenetik jotzea dela iruditu zitzaidan notizia entzun nuenean. Nerabeen nahigabeko haurdunaldiak ahalik eta gehien saihestu gura badira, sexu-hezkuntzan sakontzea bidea egokiagoa dela pentsatu nuen tupustean. Gainera, umeak ez izateko neurriak hartzearen ardura, berriz ere, emakumearengan jartzen dela iruditu zitzaidan.

Sobra ere, neurria progresistatzat jotzen da eta emakumeen alorrean lanean dihardutenak alde agertu dira. Nire dudak argitzeko emakumeen eskubideen inguruan borrokan diharduen lagun bati hots egin nion iritzia eskatzeko. Biharamuneko pilularen aldekoa da bera, nahiz eta onartzen duen bereziki hezkuntza-maila lan egin behar dela nahigabeko haurdunaldiak saihesteko.

Eñauti, hamasei urte luze dituen nire semeari, galdetu nion ea egoera horretan aurki daitekeen nerabe batek zer uste duen jakiteko. ‘Atzerapausoa da’ erantzun zidan irmo. Kondoirik gabe aritzeak izan ditzakeen ondorioak eta arriskuak ahaztu arazi ditzakeela uste du.

Hor daude bi iritziak. Denborak esango du Gobernuaren neurria egokia denetz. Neronek uste dut sexu hezkuntza egokia nahigabeko haurdunaldiak minimizatzeko neurririk egokiena dela, hala ere. Eta, gure nerabeek eta gazteak tupusteko sexu-harreman bat izateko aukera badute, egin dezatela larrutan, baina kondoia jantzita. Horrela ondorioak baztertzea bien erabakia izango da; ez bakar batena.

Iruzkinak (1)

  • Nire ustez, ezkerreko politikarik egin ezin (eskuak lotu dizkiete nagusiek), eta politika populista merkea egiten ari dira gero eta lotsagabeago. Baina ezkerretik ere inor gutxik egiten die hozka…

    Ez ei dira lirikarako garairik onenak…

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude