Larresoro

Larresoroko mugan ezagutu nuen Larresoro. Txillardegi moduan ezaguna nuen Xabaldor Garmendiak, Santo Tomas Lizeoko euskara-irakasleak, Leturiaren egunkari ezkutua irakurrarazi zigulako. Eleberria astun samarra iruditu zitzaion artean 15 bat urte zituen nerabe hari, Enid Blyton, Emilio Salgari, Zane Grey eta Edgar Rice Burroughs-en orrialdeetan murgilduta gusturago sentitzen zen hari. Hizkuntza eta pentsakera eta Euskara batua zertan den liburuek ekarri zidaten Larresororen berri. Nire memorian daude bi horiek finkatuta. Esku artean hartu ditut gaur eta begiratu bat eman diet. Ia berrogei urte pasata, nekez imajina dezaket zerk harrapatu ninduen sinkronia, diakronia, Saussure, Chomsky eta enparauen uretan murgiltzeko eta linguistikako liburu hura egarriz leitzeko. Ez dut gogoan behintzat, baina garaiko giroa eta gazteen ikasteko grinak izan litezke baleko arrazoiak. Bigarrenak, euskararen gramatikari buruz Xabaldor Garmendiaren eskolek eman zizkidaten oinarriak sendotzeko balio izan izan zidan eta dudak argitzeko erreferentzia ezinbesteko bihurtu.

Larresoroko mugan ezagutu nuen Larresoro. Ordurako Txillardegi zen atzera. Uztaritzen, 1976ko abuztuan, UEUren saioetan ezagutu nuen aurrez aurre gizona. Gogoan dut Landagoien etxeko aretoan, AEBetan txinpantzeekin egiten ari ziren ikerketen berri eman zigula eta, itxura batean, gure lehengusu haiek keinu bidez ikerlariekin komunikatzeko zuten gaitasunaz. Txundituta gelditu nintzen. Oholtza gaineko irakasleaz gain, zientziaren euskarazko hizkuntzaren ereduari buruzko mintegietako partaide moduan gogoratzen dut, ni bezalako gazte moko baten iritziak ere kontuan hartuta.
Harez gero,  Jose Luis izan zen. Euskalgintzako zereginetan bidaide, irakasle eta laguna.

Jose Luisekin iazko udaberriaren hasieran egon nintzen atzenekoz. Donostiako erresidentziaren korridoreetan, ingresatuta zegoen gure amaginarrebaren gelaren ondoan, Jonerekin egin nuen topo. Jose Luis ingresatuta, gela pare bat harantzago, zegoela esan zidan. Bisitan joan nintzaion. Neke itxurarekin aurkitu nuen, baina huntaz eta hartaz tarte batez berriketan aritu ginen.
Atzo gizona, pertsona, joan zitzaigun. Bere lana hor dago, euskaldungoarentzat etsenplu eta erreferentzia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude