Atzo Pedro Luis Uriartek Innobasqueren lehendakari izateari lagako diola iragarri zuen. Iragarritako dimisio baten kronika da. Euskal ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-sistemaren inguruan gabiltzanok bagenituen hori gerta zitekeela zantzuak. Innobasque proiektuak Lopezen gobernuaren aldetik jasotako jarrera epelak eta zehaztasun faltak, Pedro Luis bera bultzatu zuten uste izatea bi erakundeek harreman normalizatuak izan zitzaten bera oztopo izan zitekeela. Joan den ekainean Innobasqueren batzar nagusian behin baino gehiagotan azpimarratu zuen berak ez zuela oztopo izan gura.
Sobra ere, duela egun batzuk Pedro Luisek eta Lopezek Lehendakaritzan eginiko bilera batean, Jaurlaritzaren buruak esan izana gobernuak berrikuntzaren alorrean jorratuko duen bidea Madrilen Cristina Garmendiak, Zientzia eta Teknologia ministroak, markatutakoa izango dela atzen ttantta izan da.
Eskerrak eman nahi dizkiot Pedro Luisi Innobasque proiektua bideratzen egin duen lan eskergagatik eta erakutsitako kemenarengatik. Hutsak huts, akatsak akats eta gabeziak gabezia, Innobasque EAE atzen urteotan bultzatu den proiekturik inportanteenetakotzat jotzen dut. Merezi izango zukeen, beste ezer egin izan ez balu ere, gizarte hau berrikuntzari begira jarri duelako eta horrek lagunduko digulako pairatzen ari garen krisitik onik ateratzen.
Ez dago garbi zein izango den Innobasqueren etorkizuna. Ez dirudi Jaurlaritzaren aldetik orain arteko babesik izango duenik eta ez zait iruditzen jarrera aldatuko denik erakundearen lehendakaritzan pertsona otzanago bat jarrita ere. Innobasquek bizirik irauten badu, Madrilgo erabakien musikaren doinuen dantzan ibiliko den erakunde deskafeinatu bilakatzeko arriskuan dago. Jakina, ez zait hori egokia iruditzen, besteak beste, gure herriaren etorkizunean eta ongizatean eragin zuzena izango duten erabakiak, proposamenak eta enparauak otso mesetarioek seinalatuko dituztelako.
Hortaz, Innobasqueko partaide garenok ixilik eta geldirik gelditu behar dugunik ez dut uste.
Arrazoi osoa says:
Uste dut, zure gogoeta guztiz zentzuduna da eta zoritxarrez datorkigunaren “sintoma” adierazgarria.. Orain arte gobernu “berri” honen ekimenak arduratzeko modukoak izan dira: postuak lortu, festak izorratu, lehengokoeki erruak bota,… eta Uriartek etxerako bidea hartzea Innobasqueren kimua errotik moztea adierazten du. Ez dut Uriarte ezagutzen baina halako pertsona bat gutxieztea, proiektua bukatzea dakar.
Garai txarrak datoz, bai.