Krisi ekonomikoa ekonomia ekologikoaren ikuspuntutik

Martínez Alier ekonomilari ekologiko ospetsuak Atzeraldi Handi honen hastapenetan “La crisis económica vista desde la Economía Ecológica” (Ecología Política, 36. zbk.) idazkia plazaratu zuen. Ekonomia Ekologikoak sistema sozioekonomiko eta ingurumen-sistemaren arteko elkar lotura bere osotasunean ulertzen du, bi sistemen arteko material- eta energia- fluxuak gailenduz (ikus 1 irudia). Nazioarteko Ekonomia Ekologikoko Elkartearen, Europakoaren zein Espainia mailakoaren babespean egindako lanak kontzepzio horren adierazle dira.

1. irudia

Ikuspegi horretatik, Martínez Alierren testuak argi oso azaltzen ditu ekonomian existitzen diren hiru solairuak. Goi mailan, arlo finantzarioa dugu, zeina nahi beste haz daitekeen bai sektore pribatuari zein publikoari maileguak emanez. Mailegutan emandakoa gordailutan edukitakoa baino gehiago izan da, krisi aurretik bederen, eta horrek hazkunde ekonomikoa bultzatu izan du garai batean behintzat. Eredu horrek, ordea, porrot egin zuen – ezin ahaztu krisi ekonomikoaren hastapena subprime hipoteken krisiaren eztandarekin bat egiten duela!

Horren azpitik, bigarren mailan, ekonomilariek ekonomia erreala edo ekonomia produktiboa deritzona dugu. Barne Produktu Gordin (BPG) errealaren bitartez (prezioen bilakaera alde batera utzita) neurtu ohi da, eta kontsumo eta inbertsioaren (pribatu zein publiko) jokabideak baldintzatzen du ekonomia erreala; beraz, ekonomiako jarduera produktiboari eta lan mailari lotzen zaio zuzenean. Horrela, BPG errealak gora egiten duenean zor guztia, edo zati bat bederen, ordain daiteke; behar beste hazten ez denean, zorrak ordaintzeke daude.

Eta azkenik, behe mailan ekonomilari ekologikoek ekonomia erreala-erreala deritzatena dago, ekonomiako energia- eta material-fluxuak kontsideratu egiten dituena, alegia. Fluxuon hazkundea, halaber, faktore ekonomikoen menpe (egitura produktiboa, adar ekonomikoak, merkatu motak, etb.) baina baita Lurraren muga biofisikoen menpe ere badago. Hortaz, krisi aurreko BPG errealaren hazkunde sostengatuak iraunkortasun eza nabarmena adierazten zuen ikuspuntu ekologiko batetik. Kontrako zentzuan, krisi ekonomikoari lotutako gainbehera produktiboak, ingurumenaren gaineko zenbait eragin negatibo leundu ditu herrialde industrializatuetan bederen; esaterako, negutegi efektuko gasen isurketen murrizketa edota sortutako zabor kantitatea.

Egungo muga biofisikoak baliabideen alorrean zein estolden alorrean gertatzen dira: aldaketa klimatikoa erregai fosilen gehiegizko errekuntzaren eta deforestazioaren eskutik dator emana neurri handian. Zentzu honetan, Nazio Batuen eskutik egin den IPCCaren txosten berritsuak argi eta garbi aditzera eman duenez, aldaketa klimatikoaren arazoa larria eta atzeraezina da, eta ez da inolaz ere ez etorkizuneko arazoa ezta egoeraren araberako arazoa ere – orainaldian pairatzen hasiak gara eta egiturazkoa arazoa da!. Izan ere, txostenaren aurkezpenean Ottmar Edenhofer ikerketa-buruak adierazi zuenez “egungo sistema ekonomikoa baztertu egin behar dugu”.

Ekonomia Ekologikoak, halaber, kontabilitate makroekonomikoan aldaketa baten beharra iradokitzen du. BPG kalkulatzen duen ohiko kontabilitateari, ikuspuntu ekologikotik, bi akats nabarmen egozten zaizkio gutxienez: alde batetik, kontabilitate horrek ez ditu aintzat hartzen ondare naturalaren eta horrek sortarazten dituen ekosistemen zerbitzuen balioak (aire eta ur garbiak, esaterako); bestetik, ez du kontutan hartzen baliabide natural asko agortzen ari direla eta berriztagarriak ez direla (erregai fosilak, kasu). Alegia, BPGan negatiboki kontabilizatu beharko lirateke bai ekosistemen galera eta/edo narriadura zein erregai fosilen ustiakuntza; eta, bestetik, ez lirateke positiboki kontabilizatu behar baliabide naturalen ustiakuntza “zuzentzeko” egiten diren gastuak (erreka baten garbiketa, adibidez). Nature aldizkari famatuan argitaratu berri den eta Costanza (mundu mailako ospea duen beste ekonomilari ekologikoa) buru duen artikuluak adierazi bezala, BPGa atzean uzteko ordua dugu, horri alternatiboak zaizkion adierazle ugari dagoeneko baditugu eta.

Adierazle alternatiboen artean, ordea, oinarri fisikoa dutenak beharko lukete esanguratsuenak baldin eta Lurraren muga biofisikoak eta ekonomiaren iraunkortasun ezaren elementuak azaleratu nahi badira. Horien artean badira zenbait, eta Ekonomia Ekologikoaren ikuspuntutik interesgarriena adierazle ezberdinez osatutako multzo batek ematen digun informazioa aztertzea da, eta ez, ordea, BPGaren moduko moneta-adierazle sintetiko bakar baten arabera egiten den hausnarketa. Hemen, hala ere, hiru adierazle esanguratsu besterik ez ditugu aipatuko.

Lehena, aztarna ekologikoa dugu. Adierazle honek gizatalde batek kontsumitzen dituen baliabideak produzitzeko eta sortarazten dituen hondakinak xurgatzeko behar den eremu ekologiko produktiboa (landaketak, larreak, basoak, ur-ekosistemak) neurtzen du, buru bakoitzeko hektarea globaletan adierazita. Herrialdeen arteko aztarna ekologikoa erabat disparekoa da, adibidez: Amerikako Estatu Batuak (9 ha/biztante); Espainia (5,6); Txile (3,1); Tailandia (1,7); Gambia (1,1); eta Haiti (0,5) (ikus www.footprintnetwork.org). Kontutan hartuta mundu mailako bioahalmena 1,8 ha/biztanlekoa dela, munduko biztanle orok estatubatuarren bizi-maila izango bagenu, 5 planeta beharko genituzke… eta ez dauzkagu, bakarra dugu! (ikus 2 irudia).

2. irudia

Bigarrena, Appropriation of Net Primary Production (HANPP) edo Produkzio Primario Netoaren Giza Jabetzea da. Adierazle honek gizakiok jabetu egiten garen fotosintesiaren produktu primario netoa azalduko du, zeina portzentaje terminotan adierazita, giza azpisistemak ekosistema totalarekiko duen tamaina-harremanaren adierazle bat izango den. Ikerketek aditzera eman dutenez, HANPP % 39 izatera ailega daiteke lur-ekosistemetan, hau da, espezie bakar batek (gizakiok alegia!) geureganatzen dugula fotosintesiaren horrenbeste produkzio primario! Horrek, noski, eragin zuzena du biodibertsitatearen murrizketan.

Eta azkenik, badaude metabolismo sozialari lotutako adierazleak ere. Hauexek dira hain zuzen ere Ekonomia Ekologikoaren esparruari zentzurik hertsienean egokitzen zaizkionak. Izan ere, gizarteek beren “metabolismoaren” arabera lehengaiak “irentsiko” dituzte, “metabolizatuak” izango dira ondasun eta zerbitzuak produzitzeko, eta azkenik hondakinak “iraitziko” dituzte kutsadura eta material baztertu eran. Zentzu honetan, nabarmendu behar dugu egungo gizarte industrialak antzinako nekazal gizarteak baino askoz ere xahutzailegoak garela bai energia zein materialen erabileran: 150-400 GJ/bizt/urte vs 40-70 GJ/bizt/urte, eta 15-25 Tn/bizt/urte vs 3-6 Tn/bizt/urte, hurrenez hurren. Eta gainera, egungo gizarte industrialean diferentziak nabarmenak dira oso herrialde industrializatu eta garapenean daudenen artean: 253 GJ/bizt/urte vs 59 GJ/bizt/urte, eta 19 Tn/bizt/urte vs 7 Tn/bizt/urte, hurrenez hurren.

Hortaz, azaldu datuek egungo sistema sozioekonomikoak bai muga biofisikoak eta baita ekitate gabezi nabarmena ere daukala adierazten dute argi eta garbi. Zentzu honetan, egiturazko krisia bizi dugula esan daiteke, zeinaren funtsa BPG errealak dituen gorabeheretaz haratago doan. Alegia, ekonomia erreala-errealaren krisia dugu eta ez soilik errealarena. Hortaz, BPG berriro ere hazten hasi den honetan ez dirudi krisitik irtetekotan garenik.

OHARRA. UEUko kide izateaz gain, Iker Etxano Ekonomia Aplikatua I Saileko irakaslea da UPV/EHUn. Baita EKOPOL eta Hegoako kide ere bada. Egun, ekonomiako eskolak ematen ditu Gasteizen bai Ingurumen-zientzietako zein Enpresaritzako graduetan.

Zaurgarritasun Ibilbideetan Balantzaka

Argi dago, dirulaguntzek ez dizutela ezer konpontzen. Zure bizitzari ezin diozu aurre egin diru horrekin! Jendea guztiz oker dago, aipatzen duenean “jo, dirulaguntza sozialetik bizi da!” Baina, dirulaguntza sozial batekin ezin da bizi! Ezta gutxiago ere!” (1. elkarrizketatua).

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten hamazortzi pertsona. Gizarte Bazterkeria eta Bazterkeria Ekonomikoa. Sakoneko hamazortzi elkarrizketa, eta hamazortzi kontakizun. Hamazortzi lagun, hamaika bizipen.

Goiko testigantza laburra, tesi honen muina izan diren hamazortzi bidaideek gurekin elkarbanatutako guztiaren argazki xumea baino ez da. Doktorego tesian, DBEren onuradunak ardatz hartuta, Gizarte Bazterkeriak hartzen dituen itxura anitzak aztertu dira.

Zaurgarritasun istorioak erabili dira gizarte eta ekonomia zaurgarritasunaren irudia taxuz marraztu eta soslaitzeko, eta baztertze prozesuon sakoneko esanahiak argitara ekartzeko. Zentzu honetan, gizarte bazterkeria bezalako kontzeptu batean murgildu eta ikerketa subjektuarengan zentratzeko tresna erabilgarria da elkarrizketa kualitatiboa. Ikerketa galderen baitan gatazkan ari diren emozioak nahasten diren egoerak ulertzeko eta fenomeno beraren inguruan inplikatuta dauden pertsona ezberdinek ikuspuntu anitzak pilatzen diren kasuak jorratzeko, oso lanabes aproposa da.

Alaia Elorrieta-tesia-1Gizarte Bazterkeria, dimentsio anitz barneratzen dituen kontzeptua jarraitua da, continuuma. Zer aztertu nahi izan dugu? Hasteko, familia esparruak zaurgarritasun istorioak zein bidetatik leundu edota biziagotu ditzakeen. Bestetik, Gizarte Bazterkeria kontzeptu jarraitua izaNIK, haustura uneek bizitza kontakizunetan utzi dezaketen arrastoa miatu da. Azkenik, prestazioari buruzko ezagutzak onuradunen ibilbide pertsonalean izan dezakeen eragina ikertu da. Izan ere, prestazioa jasotzea norberari dagokion eskubidea dela bereganatzea, norberaren egoeran zeresana izan dezakeen faktoreetako bat dela uste izan dugu.

Bazterkeria ekonomiko egoeratik Gizarte Bazterkeriara zerk amiltzen gaituen galdetu diogu gure buruari. Edo alderantziz planteatuz gero, zer ote den pobrezian bizi den pertsona bat gizartean errotuta mantentzen duena. Jarraian datozen bi pasarte laburrek, agian, ikerketan murgiltzeko gogoa piztuko dizue.

Aiala Elorrieta-tesiaAdiskideak baditut, ez daukat inolako menpekotasunik, ez arazo psikiko edo psikiatrikorik, ikasketak baditut, mugitzeko gaitasuna… gizarte proiektuetan parte hartzen dut. Norbaitek bazterkerian nagoela esaten badit… zera esango diot: baztertua izango da, diru asko daukana eta etxean sartuta dagoena, Play Stationera jolasten, komunikatzeko arazoak izango ditu. Niri dirua ematen badidazu… baztertuen kolektibo horretatik atera nazakezu. Dirua falta zait, besterik ez (2. elkarrizketatua).

Oso bakarrik, ez daukat lagunik, ez daukat inor… pisuko besteak ez dira lagunak… Bidean zehar nire bizitzaren zati bat utziz joan naizela sentitzen dut… Hiltzeko ordua iristen zaidanean, denoi iritsiko zaigu eta… ordurako pixka bat hilik egongo naiz jada. Hiltzen joan naiz eta… gertatu zaidan gauza bakoitzak, pixka bat hil arazi nau… (3. elkarrizketatua).

Aiala Elorrieta (iturria: http://www.hegoa.ehu.es)

Aiala Elorrieta (iturria: http://www.hegoa.ehu.es)

OHARRA. Blogaren sarrera hau Aiala Elorrieta ekonomialariak idatzi du. Aialak UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua I sailean aurkeztu zuen bere tesia 2013ko maiatzaren 3an. Gaur egun Manu Robles Arangiz Fundazioan lan egiten du. Kolaborazio honetan, Aialak bere tesiaren aipamen labur bat egiten du. Dokumentu osoa eskura dago sarean (ikus Hegoa institutuaren webgunea), eta horretaz gain, tesi formatuaz gain, bestelako dokumentu batzuk ere dituzue kontsultatzeko. Berrian argitaratutako zutabe labur honetan, elkarrizketatu baten ahotsa erabiltzen da prestazioaren onuradunek bizi duten itomen sentimendua adierazteko. Gaindegia-ko blogean ere, doktorego-tesiaren aurkezpen laburra irakur dezakezue, eta animatuz gero Zerbitzuan aldizkarian argitaratu zuten artikulu zientifikoa. UEUk antolatu zuen txiotesia lehiaketan parte hartu nuen: sei txioren bitartez gure doktorego tesiak barreiatu genituen sare-sozialetan. Begira ezazue #txiotesia traolarekin @aialuski izenean txiokatu zuena!

MLSKR Aiala zure laguntzagatik!!!

Baionatik harantza ei dago Europa

Europako parlamenturako hauteskundeak direla eta, Joseba Barandiaran sailkideari hausnarketa labur bat eskatu diogu. Eta berak bertsotan erantzun digu!

Baionatik harantza
ei dago Europa,
eszeptizismo eta
aberkeri zopa.
Estatu politika
denen behaztopa
euroa dauka txanpon
gorbata arropa
herrira hurbiltzea
behar zaio opa.

Doinua, “Espainian behera han dago Zamora”. Doinu tragikoa. Joseba Europaz mintzo izan da behin baino gehiagotan. UEUko ekonomia sailaren talaia honetan ere jaso izan ditugu noizbait haren iritziak. Bertsozalea da. Eta ekonomialaria. Nahasketa bikaina. Mila esker egindako opariagatik, Joseba!!!

Baionatik harantza ei dago Europa...

Baionatik harantza ei dago Europa…

EROS(KI): merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa

EROS(ki) neologismoa da, hitz-jokoa. Ez dauka, beraz, inolako zerikusirik entrepresa ezagunarekin, ez behintzat zuzenean. Zer da Eros(ki)? Eros erroa euskararen erosi da, grekeraz erotismoa edo erakarpena den bezala; eta kakots arteko ki hori, kiasmoa, nolabaiteko simetria bi esaldiren artean. Hona hemen kia: merkatuaren erotizazioa eta erotismoaren merkantilizazioa. Zer esan nahi du eros(ki)k, beraz? Erakartzen duten objektuak, erotizaturiko objektuak, eros daitezkeen objektuak, etab… erotismoaren eta merkatuaren arteko harreman estua, azken batean.

eros(ki)8220

Mitxelko Urangaren EROS(KI), Juan Zelaia Sariaren 2013ko irabazlea. Lan hori Pamiela argitaretxeak argitaratu berri du.

Harremana ez da berria, merkatua agertu zenetik erotismoari loturik egon baita, neurri batean edo bestean; eta alderantziz, erotismoa edo sexua aspalditik baitago merkatuari loturik, ustezko historiako lanbiderik zaharrenak erakutsi bezala. Egun harremana estutu egin da, are gehiago. Inoiz baino gehiago, merkatua sexualitateaz baliatu ohi baita, erotismoa edo sexualitatea bera ere merkatuaren hatzaparretan ikus daitekeen bezala.

Merkatuaren erotizazioari dagokionez, gauza bi adierazi nahi dira. Alde batetik, irudi-produktuek erakarpena eragiten dutela gugan; are gehiago, egun, hiperkontsumismo honetan, imperatibo ia guztiak zalantzapean geratu direnean, lege bakar bati jarraitu behar diogu: Gozatu ezazu! Ez arduratu ezertaz eta gozatu! Kontsumitzeko dirua dagoen bitartean ez omen dugu zertaz arduratu, agintariak arduratzen baitira. Kontsumitzaileen garai honetan, ostera, Egia bestelakoa da, zoriontasun hori eskuraezina baita, kontsumismoak baretu bainoago etengabeko exitazioan mantentzen gaituelako, Tantalo bezain frustraturik. Gure desira guztiak ase ditzakegula behin eta berriro esaten zaigun arren, ez da halan gertatzen, kontrakoa baizik; beste alde batetik, aurrekoari oso loturik, sexualitateak erreklamoa izaten jarraitzen duela ere esan nahi du. Ez bakarrik erotismoa edo sexualitatea (indar erotikoak) kontsumismoan eraginkorrenak direlako, bide batez, mezu jakinen bat modu subliminalean igortzerik ere badutelako. Bestela esanda, irudiek beti igortzen dute mezuren bat, agerikoa ez bada ere. Gauzak horrela, irudien bidez, marketin edo publizitateak jarraitu beharreko ildoak ere transmititzen dituzte; are gehiago, estereotipo jakin batzuetan oinarrituriko ikuspegi konkretu bat  inposatzen da, oraindik ere.

Erotismoaren merkantilizazioari dagokionez, beste bi zentzu ezberdin bereizi nahi dira: lehenik eta behin, sexualitatearen kontsumoa, sexualitatea bera ere zentro komertzialetan topa baitaiteke. Alde batetik, Mundua parke turistiko sexuala bihurtu da, zeinetan edozeinek ase ditzakeen bere desira sexualak ordaintzerik baldin badu (eta, bide batez, kontzientzia garbitu, diru horrekin sexu-langileak bizitza hobetu omen baitezake); bestalde, globalizazio kulturala ere bizi dugun neurrian, bazter guztietako erritu, ohitura eta bizimoduak ere hedatu dira, gurera mundu osoko harreman sexualak heldu direlarik (tantrismoa, taoismo sexuala, Kamasutra, etab.); azkenik, taper-sex festa ere badugu (pizzak eta bestelakoak etxera eramaten baldin baituzte, zergatik ez gailu eta ukenduak?). Bigarrenik, sexualitatea kontsumo-gai bihurtu dela ere esan nahi du; hots, sexualitateak esentzialismo ororekin apurtzea lortzen hasia dela. Sexualitatearen Egia irauli dugu eta, jada, ez dago berau bizitzeko modu bakarra. Orain arteko Egia guztiak susmopean geratu dira, ez dago sexualtasun normalik edo zuzenik. Internet dugu iraultza horren adibide argia: irudiak elkartrukatu, zibersexua, taldeak osatu eta geratzeko aukerak, etxetik mugitu barik harremanak fantasiaz hornitzea, ezkutuan nahi beste desira asetzeko aukera, etab.

Laburbilduz, Gazte soberanoen garaia bizi dugu, seme-alabak gurasoei gailendu baitzaie, Hedone bere gurasoak ziren Psique eta Erosi gailendu zitzaien bezala. Hedonismoa da nagusi gazteen artean (eta ez horren gazte), plazeraren bilaketa amaigabea, esperimentazioa eta kontsumismoa. Gogoratu inperatiboa: goza ezazu! Ez arduratu ezergatik! (hau baita mundu guztien artetik hoberena).

Munduak diruaren inguruan biratzen du, oligarkia ekonomiko-politiko batek kontrolatzen gaitu baina, orain, bizi dugun krisi ekonomikoarekin nola liluratu edo erakarriko gaituzte? Nola asetuko dituzte gure desirak? Ezin badugu kontsumismo bortitz eta hedonismoarekin jarraitu, nola ase? Nola konformatu?

Krisi honek utzi du agerian sistema honen iruzurra, kapitalismoaren eta demokraziaren limiteak. Inoiz baino agerikoagoa da gure munduak diruaren inguruan biratzen duela, eta politikariak oligarkia ekonomikoaren mendekoak direla; ez hori bakarrik, krisi honetatik eta bestelakoetatik herria ateratzeko ez-gai ere agertu baitira. Jada oso gutxik sinesten dute beraiengan. Gauzak horrela, krisi ekonomikoak krisi politikoa ere ekarri du berarekin. Zein da Ondorioa? Zaurgarritasuna. Orain denak mintzen gaitu, ezerk ez gaitu asetzen eta dena iruditzen zaigu iruzurra. Txarrena zera da, ematen duela herriak ez duela egoera berri honi aurre egiteko adore eta bitarteko nahikorik. Herria haserre dago, baina ez-gai da, itxuraz. Geroz eta hedatuago dago etsipena, egoerari buelta emateko ezgaitasuna. Nola dago gizartea? egoera politiko honek gizartea pasibotasuna eta bat-bateko oldarkortasun edo eztandaren artean utzi du. Horrela jarraituz gero, ez litzateke arraroa izango haserre adierazpen oldarkorren ugaritzea. Ikusteke dago.

p031_f01

Mitxelko Uranga: filosofian doktorea, irakaslea, ikertzailea, idazlea eta bide batez, UEUkidea.

Oharra: artikulu hau Mitxelko Uranga-ren kolaborazio bat da eta bere azken lanaren laburpen edo sarrera gisa argitaratu dugu. UEUko ekonomia sailaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiogu Mitxelkori egindako ekarpenagatik. Mitxelko, Filosofian doktorea da (UPV/EHU) eta jakintza alor hori irakasten du Sopelako Ander Deuna Ikastolan. UEUko filosofia saileko kidea da. Hainbat lan argitaratu ditu, horien artean, “Espektroak” bilduma (Utriusque Vasconiae argitaretxea): Espektroak. Euskal terroristak, 2010; Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz, 2011; Espektroak. Euskaldunak Europan, 2012, Euskomunitatea, 2013. Bere azken lana, Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Pamiela Argitaretxea), Juan Zelaia Sariaren 2013ko irabazlea izan da, Oskar Arantzabalen Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari lanarekin batera. Bi saiakeren ardatza ekonomia da.

Brasilgo kooperatibismoaren garapenerako oinarriak

Aurreko mezu batzuetan Uztaro aldizkariaren zenbait artikuluei aipamena egin diegu (ikus Euskal Dragoiak Txinan eta Lidergoa, emozioak eta fluxuak erakundeetan). Oraingoan ere Uztaro 84. zenbakiari egingo diogu erreferentzia: Ainhoa Larrañaga-ren “Brasilgo kooperatibismoaren garapenerako oinarriak. Begiratu kritikoa Euskadiko legedi eta errealitate instituzional kooperatibotik” lana aztertuko dugu, bere tesian oinarritutako artikulua. Salbuespenez, zuzenbidearen jakintza alorrera egingo dugu salto. Kontutan izan: zuzenbideak eragina du alor sozioekonomikoan. Horra hor salbuespenaren zergatia.

Ainhoa Larrañaga, HUHEZI fakultateko irakasle eta ikerlaria. UEUko zuzenbide saileko kidea.

Ainhoa Larrañaga, HUHEZI fakultateko irakasle eta ikerlaria (Mondragon Unibertsitatea). UEUko zuzenbide saileko kidea.

Larrañagaren ikerketaren helburu nagusia, alor juridiko eta instituzionalean Brasilgo kooperatibismoaren garapena butzatzeko asmoarekin ekarpenak egitea da. Horretarako, Euskal Autonomi Erkidegoko Kooperatiben Legea oinarri bezala hartu du Larrañagak. Izan ere, Euskadiko Kooperatiben garapenean 4/1993 eta 1/2000 Kooperatiben Legeek izan duten eragina nabaria da egilearen ustez.

Ikerketan erabilitako metodologia alderaketa juridikoa izan da: alde batetik, 4/1993 Euskadiko Kooperatiben Legea eta 1/2000 Kooperatiben Legearen aldaketa eta bestetik, 5.764/71 Brasilgo Kooperatiben Legea. Batez ere, lege horietan kooperatiben eraketarako eta garapenerako funtsezkoak diren artikuluak aztertu zituen Larrañagak. Horrez gain, lege horietan oinarrituta, Euskadiko eta Brasilgo kooperatiben egituratze-instituzionalak ere alderatu zituen. Metodologia juridiko horretaz gain, elkarrizketa sakonak ere egin zituen Brasilgo kooperatiben arduradun nagusiekin: Organizacao das Cooperativas Brasileiras (OCB); Secretaría de Economía Solidaria (SENAES); Partido de los Trabajadores (PT); Central de Cooperativas e Empreendimientos Solidários (UNISOL); ANTEAG; Movimento dos Trabalhadores Dem terra (MST); Universidade Federal do Paraná (UFPR); Banco Desenvolvimiento do Extremo Sul (BRDE); eta azkenik, Universidad Federal do Paraíbako (UFDP).

Lurrik gabeko landa langileen mugimendua: ekonomia solidarioaren erreferentea Brasilen eta munduan (iturria: http://eu.wikipedia.org/wiki/Lurrik_gabeko_landa_langileen_mugimendua).

Lurrik gabeko landa langileen mugimendua: ekonomia solidarioaren erreferentea Brasilen eta munduan (iturria: http://eu.wikipedia.org).

Brasilgo kooperatibismoaren garapenerako oztopo juridikoa Quadros-en diktadura-garaitik datorren Brasilgo Kooperatiben Legetik dator (1961. urtea): 5.764/71 Legea. Lege horrek ezarritako araukera desegokia da kooperatibak sortu eta egonkortzeko. Oztopo horiek honako elementuetan ikus daitezke:

  • Kooperatiben eraketerako gutxieneko baldintzak, batez ere, bazkide kopuru minimoa hogei pertsonetan ezartzen duenean.
  • Kooperatiben erregistratzeari dagokionez, Brasilek ez du kooperatibentzat berariazko erregistro publikorik.
  • Tramite fiskal eta kontableen konplexutasuna.
  • Bazkide-motei dagokienez, Brasilgo legeak ez ditu bazkide mota desberdinak aurreikusten. Neurri egokia izan daiteke bazkide mota desberdinak sartzea legedian kooperatibismoa sendotzeko, Euskadiko Kooperatiben Legearen kasuan egin den bezala.
  • Kooperatiben moten arauketa: Brasilgo kooperatiben legean ez da aurreikusten “Bitariko Kooperatiba” izeneko kooperatiba mota “heterodoxoa”, aurrerago ikusiko dugun moduan.
  • Kooperatiben lan erregimena: Brasilgo kooperatibismoan lan-bazkideak autonomoak dira, karga eta eskubide sozialez libre daude. Malgutasun hori modu okerrean erabili da Brasilen: Larrañagaren hitzetan, “eskulan merkea ahalbideratzeko tresna juridikoa” izan da kooperatiba Brasilen.
  • Kooperatiben ordezkaritza: aurrerago ikusiko dugun moduan, ordezkaritzan aurkitzen da Brasilgo kooperatibismoa garatzeko oztoporik handiena.
  • Formazio kooperatiborako laguntzak: modu arbitrarioan banatzen dira.

Hala ere, oztoporik nagusiena alor instituzionalean aurki genezake. 5.764/71 Legea indarreran jarri eta handik hiru urtetara (1964an) sortu zen Brasilgo kooperatibismoaren ordezkari ofiziala den OCB erakundea (Organizacao das Cooperativas Brasileiras). Gaur egun, OCB sozietate zibila da eta beraz pribatua. Hala ere, erakunde publiko batek izan beharko lituzkeen eskumenak ditu eta errealitateak erakutsi du eskumen horiek modu arbitrarioan erabiltzen dituela.

OCB-ren estatutuetan eta Brasilgo Kooperatiben Legean agertzen denaren arabera, bera da kooperatibismoaren ordezkaritza-organoa (bere erakundean afiliatzeko betebeharra ezartzen du), erregistro-funtzioak dituen organoa eta kooperatiben kontrolaren ardura daukana, beste funtzio batzuen artean. Esate baterako, SESCOOP-en dirulaguntzak kudeatzea. Erakunde publiko eta inpartzialen eskuetan egon beharko liratekeen eskumenak bereganatu ditu (adierazgarriena, erregistroarena), botere konzentrazio izugarria eskuratuz. Horrela, Ekonomia Solidarioko esperientziak kooperatibismoaren ildo ofizialetik kanpo gelditzen dira, ekonomia informalaren edo ohiko irabazi asmorik gabeko ekonomiaren esparruan. Kooperatibismoa garatzeko oztopo saihestezina bilakatu da OCB.

Ekonomia Solidarioaren oinarriak: bideragarritasun ekonomikoa, elkartasuna, kudeaketan parte-hartzea eta lankidetza.

Ekonomia Solidarioaren oinarriak: bideragarritasun ekonomikoa, elkartasuna, kudeaketan parte-hartzea eta lankidetza.

Traba horien aurrean eta Brasilgo kooperatibismoaren garapena bultzatzeko asmoarekin, honako neurriak proposatzen ditu Larrañagak:

  • Kooperatibak eratzeko gutxieneko bazkide kopurua bost pertsona izatea.
  • Kapital kopuru minimo bat ezartzea.
  • Bazkide mota berriak sartzea, adibidez, bazkide-laguntzailea (kooperatiben arteko lankidetza sustatzearren).
  • Bitariko Kooperatibaren figura sartzea. Gadearen ustez, kooperatiba mota hau zalantza eta kritika asko jaso ditu (bere izaera “heterodoxoagatik”), baina kooperatibek kapitala erakartzeko neurri egokia izan daiteke. Bitariko Kooperatibaren batzar orokorraren bozken %51a bazkide-kooperatibistei dagokie eta gainontzeko %49a, bazkide kapitalistei.
  • Kooperatibentzat espezifikoa izango den erregistroa sortzea.
  • Tramite fiskalak eta kontableak sinplifikatu, horretarako EAEko eredua erabiliz.
  • SESCOOP-en formaziorako fondoak objetibotasunez banatzea.
  • OCB-ra afiliatzea ez izatea derrigorrezko baldintza kooperatiba bat sortu eta erregistratu ahal izateko. OCB-ren funtzio eta eskumenak errebisatzea. Bere jarduera borondatez bazkide egin direnen zerbitzura jarri beharko luke soilik.
  • Brasilgo Kooperatibismoaren ordezkaritza erakunde multisektorial batek egikaritu beharko luke, Euskadin Kooperatiben Konfederazioak egiten duen bezala.
  • Horrez gain, kooperatiben sustapen, aholkularitza eta kontrol funtzioak organu publiko baten esku gelditu beharko lirateke, EAE-ko Kooperatiben Kontseilu Gorenaren parekoa.

Azken ondorio bezala, eta Larrañagaren artikuluari aipamen bat eginez, bi ideia azpimarratu nahi ditugu. Alde batetik, Larrañagak erakutsitako ausardia eta pragmatismoa, Euskadiko Kooperatiben zenbait elementu heterodoxo eta polemiko Brasilgo kooperatibismoari transferitzea proposatzen duenean: bitariko kooperatibaz ari gara.

Bestetik, sektore-publikoak kooperatibismoaren garapenean duen garrantzia eta eragina: kooperatiben autonomia eta independentzia printzipioa errespetatuz, estatuen eta erakunde publikoen parte-hartzea aldarrikatzen du Larrañagak Latinoamerikako herrialdeen kasuan. Horretarako, Londoñori egindako aipamen bat erabiltzen du: “en los paises en vías de desarrollo, los estados deben utilizar el cooperativismo como agente para el cambio, y éste debe ser ágil y eficaz” [Loroño, C. (1978): El Movimiento Cooperativo y el Estado, Intercoop, Argentina]. Londoñoren ustez, estatu iberoamerikarretan kooperatibismoaren lidergoa definituta dagoen botere baten esku egon beharko litzateke, hain zuzen ere, estatuaren esku.

Gure ustez, interesgarria litzateke Ekonomia Publikoaren eta Ekonomia Solidarioaren artean sinergia-eredu berriak aztertzea, batez ere, garapen bidean dauden herrialdeetan. Larrañagak aipatu bezala, Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2002an Kooperatiben Sustapenerako onartutako Gomendioaren arabera, “neurri zehatzak hartu behar dira kooperatiben garapenerako eta kontuan hartu beharko dituzte neurriok kooperatiben autonomia eta independentzia bereizgarriak”.

Gaiaz gehiago irakurtzeko: ikus Unai del Burgo UEUko ekonomia saileko kideak egindako lantxoa “Ekonomia Sozial eta Solidarioa Latinoamerikan: Brasilgo kooperatibismoaren kasua” (unibertsitatea.net-eko Otarrea dokumentuen biltegian). Bitxikeria: Luis Razeto-ren ikuspegiari egindako hurbilketa.

Ikasi eta ekin!

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan antolatzen du UPV/EHUko GEZKI Institutuak. Berarekin batera unibertsitate bereko beste organo batzuk ari dira parte hartzen, besteak beste, Hegoa Institutua, Lan-Harremanen Unibertsitate Eskola, Ekonomia Aplikatua I Saila eta Enpresa Zuzenbidea Saila.

cooperativa-argentina

Bitxikeria: Argentinako kooperatiba baten argazkia. Iturria: http://www.mutualismo.org/2009/07/contra-la-crisis-autogestion/.

Ikasgai-zerrenda oso zabala izaten ari da. Lehenbizi, oinarri teorikoak ondo finkatu eta gaur egungo esparru juridikoa aztertzera dedikatu gara. Segidan, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia solidarioaren kontzeptuaren azpian biltzen diren erakunde mota guztien errepasoa egin dugu. Sektore publiko eta pribatuaren aurrean Gizarte ekonomiaren kokapen zabala bezain konplexua ipini dugu mahai gainean. Gainera, ausartu gara Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Tokiko Giza Garapenarekin eta Ekonomia Feministaren alderatzen. Eta derrigorrezko ikasgaiak amaitzeko, kudeaketarako beharrezkoak diren tresnak, hala nola ekonomia eta finantzako azterketa, plan estrategikoa, Marketin plana eta fiskalitatea errepasatu ditugu. Intentsitate handiko dinamika izaten ari da.

Ikastolak, Euskal Herriko kooperatibismoaren eragile garrantzitsuenetarikoak.

Ikastolen mugimendua, Euskal Herriko kooperatibismoaren eragile garrantzitsuenetariko bat.

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren esparrua kokatzea ez da lan erraza. Kontzeptu honen azpian errealitate oso zabala eta anitza agertzen zaigu. Dena dela, legeak mugarri batzuk ipintzen dizkio. Estatuko 2001eko martxoaren 29ko Gizarte Ekonomiaren legea-ren laugarren artikuluak aurkezten digu zeintzuk diren Gizarte Ekonomiako erakunde guztiek errespetatu behar dituzten lau oinarri orientatzaileak eta komunak: (1) pertsonaren lehentasuna kapitalaren gainetik, (2) kudeaketa demokratikoa, (3) barne solidaritatearen eta gizartearekiko solidaritatearen sustapena eta, azkenik, (4) botere publikoarekiko independentzia.

Lege bereko 5. artikuluak Gizarte Ekonomiako entitateak zerrendatzen ditu. Izendapen zuzena erabiliz lege honek 10 entitate desberdin biltzen ditu: kooperatibak, mutualitateak, fundazioak, elkarteak, sozietate laboralak, gizarteratze enpresak, enplegu-zentro bereziak, arrantzaleen kofradiak, eraldaketarako nekazaritza sozietateak eta entitate singularrak (legearen azterketa kontzeptuala: Etxezarreta eta Morandeira, 2012).

Hala nola, ikasturte honetan dagoeneko aukera izan dugu horietako entitate batzuk ezagutzeko. Ikasturtearen hasieran Gureak Enplegu Zentro Berezia bisitatu genuen Donostian. Bertako arduradunek Gureak Taldearen ikuspegi orokor bat eman ziguten, jatorria, helburuak eta antolaketa erakutsiz. Pertsona desgaituei lana ematea da GUREAKen betebehar nagusia.  Euren ustez desgaitasun ezberdinak dituzten pertsonak lan munduan txertatzea funtsezkoa da horien gizarteratzea lortzeko. Aldi berean, bertan, autoen aurreko argien kableatu elektrikoa muntatzeko planta zuzenean ikusteko parada ere izan genuen.

Ondoren, Bilbo aldeko Peñascal Kooperatibara joan ginen. Kooperatiba honen helburua euren ikasleak profesionalki prestatzea da lan merkatuan ondo kokatzeko eta, era berean, pertsona arduratsuak eta solidarioak izateko. Eta hori dena, enpresa parte-hartzaile eta autogestionatu baten bitartez.

Bilboko Peñascal auzoa, 1980. hamarkadaren hasieran.

Bilboko Peñascal auzoa, 1980. hamarkadaren hasieran.

Emaús Fundazio-ko kideak ere etorri zitzaizkigun Masterrera euren esperientzia kontatzera. Gizarte Fundazio honen helburua arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenean prozesu eraldatzaile indibidualak eta kolektiboak bultzatzea da. Horretarako, besteak beste, bazterketa arriskuan dauden pertsonak lan munduan eta jendartean txertatzeko programak antolatu eta ekonomia solidarioko enpresak martxan ipintzen dituzte.

Arrasateko Kooperatiben bilakaera aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera ere hartu dugu kurtsoan zehar. Fagor Etxetresnen kasua behin baino gehiagotan atera da klasean, debate aberatsak bezain sutsuak sortaraziz. Bereziki hausnartu dugu Arrasateko Kooperatiba mugimenduak gaitasun handia daukala demokrazia parte hartzailea eta autogestioa enpresa barruan azken muturreraino eramateko. Baino zoritxarrez, praktikak, berriz, azken urte hauetan erakutsi digu ahalmen hau oso urrun dagoela errealitatetik. Kasu askotan teknoestrukturak menderatu egin duelako aginte ahalmen guztia.

Mondragon Korporazioak Txinako Kunshan industrigunean duen egoitza.

Mondragon Korporazioak Txinako Kunshan industriagunean duen egoitza.

Tarte berezia eskaini diogu Arrasateko kooperatiben nazioartekotze prozesuari. Bertatik atera dugun ondorioa da nazioartekotze prozesu hau Kooperatibismoak eskatzen zuen prozesutik desbideratu egin dela kooperatiba handien kasu gehienetan. Beste Enpresa multinazional arruntak bezala funtzionatu dute. Adibidez, Fagor Etxetresna Elektrikoen kasuan transferentzia prezioak erabili dira kontabilitate estrategiak betearazteko. Lortutako mozkinak ere ez dira banatu kanpoko fabriketako langileen artean eta filialen gutxieneko ordezkaritza ez da bermatu Kontseilu Errektorean eta Kontseilu Sozialean.

Atera dugun ondorio nagusia Arrasateko taldeko kooperatibek multinazional arruntetik desberdindu nahi badute nazioartekotze prozesu zeharo desberdin bat burutu beharko dutela izan da. Horretarako planteatu da ezinbestekoa dela, besteak beste, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) onartutako arauak betetzea, irabaziak herrialdean bertan inbertitzea, kanpoan sortutako enpresak herrialde berari egokitutako teknologiarekin antolatzea eta bertako herri mugimenduarekin lotutako beste garapen eredu baten bultzatzaile izatea.

nekazaritza_kooperatibak

Nekazaritza kooperatibak.

Zalantzarik ez dago Gizarte ekonomiako erakundeek, gure gizarteko beste erakundeek bezala, urteak pasa hala joera dutela gainbehera prozesuan sartzeko. Bazkideak protagonismoa galtzen joaten dira eta boterea poliki poliki kontzentratzen joaten da esku gutxi batzuetan. Bestalde elkartasun baloreak ahultzen doaz eta ohiko enpresa kapitalisten ohiturak sartzen hasten dira ekonomia sozialeko enpresara zirrikitu guztietatik. Joera hau gaur egun handitu eta azkartu egin da oro har munduan agintzen duen ekonomia neoliberalaren baloreak eta funtzionatzeko moldeak jaun eta jabe bihurtu direlako mendebaldeko gizartean. Aipagarria da indibidualismoak hartu duen garrantzia bizitzako arlo guztietan. Era berean, kontsumo gizarteak markatzen du gure eguneroko agenda eta kapitalaren logika pertsonaren gainetik ipintzen saiatzen da. Gizarte Ekonomia, zenbait kasutan, ezin izan da errealitate honetatik kanpo gelditu. Gainbehera prozesu hau garatzen denean kooperatiba barruko parte hartze dinamikak asko murrizten dira.

Kooperatiba batzuk daramaten etengabe hazteko ildoak ez du laguntzen kooperatiben oinarrizko printzipioak garatzeko eta partaidetza sustatzeko. Argi dado kooperatiba baten dimentsioa aldagai garrantzitsua dela bere autogestio maila eta barne demokraziaren kalitatea neurtzeko garaian. Eroskiren kasua adibide esanguratsua da. 14.500 bazkide kooperatibista eta 33.000 inguru langile kontratatu dituen kooperatiba batek zailtasun handiak edukiko ditu kooperatiben printzipio nagusiak azken muturreraino eramateko.

Ezagunena den Arrasateko esperientzia kooperatiboarekin batera Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren beste errealitate bizi eta eraldatzailea ezagutzeko parada eduki dugu ikastaro honetan. Euskal Herrian, azken urte hauetan, bestelako ekonomia eredu bat bultzatzen duten ekimen produktiboak sustatzen ari dira, merkatua eta errentagarritasun pribatuaren printzipioak gainditu nahian. Esperientzia berri hauek REASen inguruan antolatzen ari dira. REAS (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) pertsonen eta inguruaren zerbitzura jarritako ekonomia sustatzen duten zenbait enpresa eta erakunde sozial biltzen dituen sarea da eta bere asmoa gizartearen eraldaketa bilatzen duten proposamen kolektiboak sendotzea da. Sare honek hasi besterik ez badu egin ere bere barnean potentzialtasun handia dauka erakunde autogestionatuak antolatzeko eta garatzeko eta, era berean, jendarte osoaren eraldaketa sozial eta ekonomikoaren motor garrantzitsu bat bihurtzeko.

www.koopera.org

www.koopera.org

Ikusten duzuenez, errealitate oso zabala eta anitza dugu gure aurrean, bakoitzaren indar gune eta ahuleziekin. Baino helburu argi batekin: Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa tresna egokia bihurtzea gaur egungo gizarte kapitalistari bestelako eredu bat eraikitzen joateko. Dudarik gabe, bidea ez da zuzena izango. Oztopoak eta kontraesanak nonahi agertuko dira. Dudarik gabe, balio berrien garapenak eta Lehia dialektikoak markatuko du eraldaketaren agenda.

Master honetan izena eman dugun ikasle gehienok sinetsita gaude gaur egungo ohiko enpresa kapitalistatik at badagoela beste eredu gizatiarrago eta eraginkorrago bat sare produktiboa antolatzeko. Demostratu dezagun praktikarekin!

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_bannerSarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”.

Oharra: Eusebio Lasa Altuna, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua I Saileko irakaslea da. Horrez gain, GEZKI Institutuko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterrean ikasle eta ikertzailea. UEUko ekonomia saileko kidea da.

Eusebio Lasa, beste hainbat gauzen artean, irakaslea, ikaslea eta ikertzailea.

Eusebio Lasa: irakaslea, ikaslea, ikertzailea eta UEUkidea.

The typical accountant

The typical accountant is a man past middle age, spare, wrinkled, intelligent, cold, passive, non-committal, with eyes like a cod-fish; polite in contact but at the same time unresponsive, calm and damnably composed as a concrete post or a plaster of Paris cast; a petrification with a heart of felspar and without charm of the friendly germ, minus bowels, passion or a sense of humor. Happily they never reproduce and all of them finally go to Hell [Elbert Hubbard]

Enpresaren ekonomia jakintza alorretik kanpo (kontxo! eta esparru horretan ere bai!) kontabilitateak ez du ospe onik. Ez da alor erakargarria. Kontablea ere pertsona iluna omen da. Berekoia, hotza… Orokorrean, Enpresa Zientziak (marketing, estrategia, planifikazioa, kontrola, aurrekontuak, emaitzak…) desatseginak dira ikuspegi sozial eta eraldatzailea duten pertsonentzat. Artikulu honen bitartez bestelako ikuspegi batekin aztertu nahi dugu kudeaketarekin lotutako zenbait kontzeptu, eta bereziki kontabilitatea: zera frogatu nahi dugu… kontableek seme-alabak izan ditzaketela eta zenbait kasutan, baldintza egokiak emanez gero, ez direla infernura joaten.

Ebenezer Scrooge, Charles Dickens-ek asmatutako pertsonai berekoi eta iluna.

Ebenezer Scrooge, Charles Dickens-ek asmatutako pertsonai berekoi eta iluna. “http://eu.wikipedia.org/wiki/Kontabilitate” estekan antzerako argazkia ikusiko duzue. Azken finean, kontable guztiek infernuan bukatzen dute haien ziklo kontablea eta beraz, argazkiko morroiaren aurpegia izan ohi dute ikasketak bukatu eta berehala.

Erakundeen kudeaketa gauzatzeko tresna bereziak behar dira, noski: erakundearen helburuak bete egingo direla ziurtatzeko lanabesak. Erakundeak berak etengabeko kontrola gauzatu behar du, aurreikusitako emaitzen eta emaitza errealen arteko desbideraketak neurtuz eta kudeatuz. Kontrol hori gauzatzeko, informazio fidagarria eta egokia garaiz izatea beharrezkoa da. Kontuz, kontabilitatearekin egin dugu topo. Bi kontabilitate mota bereiz daitezke:

Kontabilitatearen eginbeharra barnera-kudeaketari begira, erakundearen planifikaziorako, kontrolerako eta erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazio finantzarioa bildu, antolatu, interpretatu eta komunikatzea da. Esan bezala, funtzio hori kudeaketa-kontabilitatearekin egikaritzen da.

Hala ere, gaur egungo testuinguru sozio-ekonomiko basatian, ohiko kontabilitate sistemek muga nabariak dituzte erakundeen informazio estrategikoa sistematizatzeko. Izan ere, kontabilitate “tradizionalak” erakundeen aldagai monetarioak besterik ez ditu neurtzen eta egungo testuinguruan, erakundeen osagairik garrantzitsuenak ez dira ukigarriak, ez monetaz neurgarriak. Pertsonen motibazioa eta erakundearekiko atxikimendua eurotan neur daiteke? Epe luzerako aldagai estrategikoak ukiezinak direla ohartu dira zenbait kontulari: adimen emozionala, bestelako aktibo ukiezinak, kalitatea… Aldagai horiek kontrolatzeko, kudeaketa-kontabilitatean garapen izugarria eman da: aldagai monetarioez gain, aldagai ez monetarioak ere neurtzeko tresnak diseinatu dira.

Akademian, aditu batzuk kontabilitate mota berri batez mintzo dira: Zuzendaritza Estrategikoaren Kontabilitatea, hau da, enpresaren zuzendaritzaren gidaritza estrategikoari begira prestatutako kontabilitatea. Beste batzuek, ordea, Kudeaketa-kontabilitatearen garapenaren aurrean gaudela aipatzen dute soilik, burua gehiegi berotu gabe. Laburbilduz, adierazle monetarioz eta ez monetarioz osotutako adierazle-estrategikoen sistemak agertu dira kontableen bihotzetan. Diruak behar luke bihotzik? Eta kontableek? Baietz ematen du. Edo agian ez, ez dakit. Jarrai dezagun.

Hiruki kontablea. Iturria: Blanco Ibarra, F. (2008): La Contabilidad de Costes y Analítica de Gestión para las decisiones estratégicas, Ediciones Deusto, Barcelona.

Hiruki kontablea. Iturria: Blanco Ibarra, F. (2008): La Contabilidad de Costes y Analítica de Gestión para las decisiones estratégicas, Ediciones Deusto, Barcelona.

Balanced Scorecard tresna izango litzateke “kontabilitate” mota honen adibiderik esanguratsuena. “Adierazleen Sistema Orekatua” lau ikuspegi desberdinetan oinarritzen da: finantzak, bezeroak, enpresaren barneko prozesuak eta ikasketa/hazkuntza ikuspegia. Ikuspegi bakoitza, adierazleen bitartez planifikatu eta kontrolatzen da, gehienez ere, 25 adierazle erabiliz orotara. Bere logika honako hau da: edozein erakundek, pertsonen prestakuntzan eragiten badu, bere prozesuak hobetuko ditu, bezeroen asebetetzea hobetuz eta azkenik, jabeentzat finantza-emaitza hobeagoak lortuz (ustez hauxe baita enpresa merkantilisten azken helburua).

Balanced Scorecard adierazleen sistemaren egitura arrunta. Iturria: Kaplan, R. eta  Norton, P. (1996): The Balanced Scorecard: translating strategy into action. Harvard Bussiness School Press, Harvard College.

Balanced Scorecard adierazleen sistemaren egitura arrunta. Iturria: Kaplan, R. eta Norton, P. (1996): The Balanced Scorecard: translating strategy into action. Harvard Bussiness School Press, Harvard College.

Alor horretan badaude bestelako esperientzia batzuk, esate baterako kudeaketaren kalitatearekin lotutako paradigmak. Zehazki, EFQM bikaintasunerako ereduaz ari gara. Bere filosofia erakundeetan inplementatzeko, autoebaluazio tresna multidimentsionalak edo holistikoak behar dira (uff… baina zer dira horiek?!): erakundearen aldagai monetarioak (adb. salmentak) eta ez monetarioak (adb. pertsonen asebetetzea) neurtzeko informazio-tresnak. Berriz ere, adierazleen-sistemak ditugu hizpide.

EFQM ereduaren egitura. Iturria: Euskalit (2010): EFQM Bikaintasun-Eredua, IVAP eta Eusko Jaurlaritzarekin argitaratuta.

EFQM ereduaren egitura. Iturria: Euskalit (2010): EFQM Bikaintasun-Eredua, IVAP eta Eusko Jaurlaritzarekin argitaratuta.

Diruz neurtu ezin dena kudeatzeko beharra nabariagoa da Gizarte Ekonomian eta Ekonomia Solidarioan. Ekonomiaren sektore horretan bereziki, pertsonen beharrizanak betetzea da helburua. Are gehiago, gizartea eraldatzea. Helburu horiek betetzeko pertsonak dira bitartekorik garrantzitsuena. Aldi berean, bitarteko eta helburu. Hori guztia neurtu behar dugu, a priori (planifikazioa) eta a posteriori (kontrola).

Mota horretako erakundeen kudeaketa ekonomiko-finantzarioa hobetzeko tresnak ez dira gai erakundearen kudeaketa bere osotasunean egituratzeko, noski: finantza-kontabilitatearen lanabesak bai kooperatibetan, bai elkarte eta fundazioetan; ohiko kudeaketa-kontabilitatea: kostuen eta aurrekontuen kontabilitatea. Nolabait, erakundeen baitan dagoen maitasuna kontabilizatu behar dugu! Eta horretarako, tresnarik aproposenak adierazleen sistema integralak dira. Gure ustez, bereziki Balanced Scorecard tresna, beti ere, bere egitura “kapitalista” erakunde sozialen ezaugarrietara moldatuz.

Balanced Scorecard tresnaren moldaketa "soziala". Iturria: Soldevilla, P. eta Amat, O. (1999): “La aplicación del Cuadro de Mando Integral. Un ejemplo en la Unidad de Relaciones Internacionales de una Universidad Pública”, Auditoría pública: revista de los Organos Autónomos de Control Externo, nº 17.

Balanced Scorecard tresnaren moldaketa “soziala”. Iturria: Soldevilla, P. eta Amat, O. (1999): “La aplicación del Cuadro de Mando Integral. Un ejemplo en la Unidad de Relaciones Internacionales de una Universidad Pública”, Auditoría pública: revista de los Organos Autónomos de Control Externo, 17. zenbakia.

Azaldu duguna zenbait sektoretan oso argi ikusten da. Hezkuntza alorrean, esate baterako, bai unibertsitatean, bai unibertsitatetik kanpo ere. Baita sektore publikoan.

Balanced Scorecard "akademikoa". Iturria: Del Burgo, U. eta Luengo, M. (2012): "Hezkuntza-erakundeen kudeaketa orekatua: EFQM ereduan oinarritutako Balanced Scorecard akademikoa", Uztaro aldizkaria, 85. zenbakia, UEU, Bilbo.

Balanced Scorecard “akademikoa”. Iturria: Del Burgo, U. eta Luengo, M. (2012): “Hezkuntza-erakundeen kudeaketa orekatua: EFQM ereduan oinarritutako Balanced Scorecard akademikoa”, Uztaro aldizkaria, 85. zenbakia, UEU, Bilbo.

Azken finean, enpresen kudeaketa ekonomiko-soziala erraztu behar dugu, bereziki gizartearen ongizatea bilatzen duten erakundeetan. Horixe litzateke etorkizuneko kontablearen helburu nagusietako bat. Helburu hori bete eta ziur asko, seme-alabak izango dituela kontable horrek. Eta zorte apur batekin zerura joango da.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_bannerSarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

Oharra: Unai del Burgo García, UEUko ekonomia saileko kidea da. Lanbidez, kontablea, UEUn. GEZKI Institutuko ikaslea da, Gizarte Ekonomian eta Ekonomia Solidarioa Masterrean (UPV/EHU). Bere ikerketa ildoa, Gizarte Ekonomiako erakundeen kudeaketa ekonomikoa eta soziala hobetzeko lanabesak. Zorionez bi semeren aitatxo: Oihan eta Ekhi. Probabilitate osoz, bere ziklo kontablea bukatzean, Unai zuzenean infernura joango da.

Aita eta semea UEUko kontabilitate-departamentuan

Unai eta Oihan UEUko kontabilitate-txokoan.

Ekonomia birgizarteratzeko saioak: zaintzen krisia eta gizarte ekonomia

Zer gertatuko litzateke ezkutukoak bistaratuko bagenitu? Pribatua publiko bilakatuko bagenu? Zein litzateke gure paisaia ekonomikoa, icebergari ur azalaren azpitik so eginez gero? Urpeko ekonomia ikusezin horri, kontabilitate nazionalean zenbakitzen ez den horri erreparatzen diote zaintzaren gaiaz diharduten ekonomialariek, sistema osoa errotik aldatu dezakeen krisi baten aurrean gaudela ohartaraziz.

Zaintzen kontua ez baita arazo partikular bat, esparru pribatukoa, nork bere etxe eta senitartean konpondu beharreko denbora tarte bateko desoreka bat. Ez, zaintzen krisia gizarte-arazo bat da zinez, gizarte-egitura eta erakunde ezberdinek lan merkaturako baliagarri ez diren pertsona horiei ematen dieten erantzun faltatik datorrena. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen beharrizanak asetzeaz ari gara, gu guztion beharrizanez beraz, denok baikara zaurgarri, denok elkar menpeko.

images

Zaintzaren krisia gizarte-arazoa da, ez senitartean konpondu beharreko desoreka bat.

Eta zer besterik da ba ekonomia, pertsonen beharrizanak (materialki) asetzeaz arduratu behar lukeen esparrua ez bada? Ez al luke hortaz ekonomiak, diziplina gisa, horixe bera aztertu behar? Ez al lieke egoera horietan sortzen diren galderei erantzun behar? Bistakoa da gizartea oro har ekonomiaren atzaparretatik askatzen joan behar genukeena. Baina ekonomialari omen garenok, ezinbesteko ardura dugu egungo ekonomia autista hau birgizarteratzeko saioan gure aletxoa jartzeko. Ekonomiak gizarteak garai bakoitzean dituen gizarte-arazoei aurre egiteko zientzia baliagarri izan nahi badu, bederen.

Sinesmen horretatik abiatuz (eta pretentsio handiegirik gabe) aritu nahi luke gai horretaz nire doktorego tesiak, “Gizarte ekonomiaren aukera zaintzen krisiaren aurrean: Gipuzkoako pertsona nagusien esparrua aztergai” izenburu ponposoa jarrita. Irakurgai duzu oso osorik denboraz libre bazabiltza eta egiteko ezer hoberik ez baduzu UEUren laguntzaz Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzu berri honi esker.

Enekoitz Etxezarreta, UPV/EHUko ekonomia irakaslea, GEZKI-ko ikerlaria eta UEUko ekonomia saileko kidea.

Enekoitz Etxezarreta, UPV/EHUko ekonomia irakaslea, GEZKIko ikerlaria eta UEUko ekonomia saileko kidea.

Gainontzean, irakurtzeko gogogabetua bazara, ikus ditzakezu Gaindegiako lagunekin izandako elkarrizketa edo UEUko unibertsitatea.net atarian egin zidaten galdera sorta.

Bestela, saia zaitezke zeure kasa nire azken urteetako gogoetak gidatu dituen galderei aurre egiten: nola antolatu, maila kolektibo batean, zaintza premian diren pertsonei bideratu beharreko zerbitzuen sistema? eta zaintza horiek egitura kooperatiboen bitartez eskaintzeko saioa egingo bagenu?

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_bannerSarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

Oharra: Enekoitz Etxezarrera Etxarri UPV/EHUko ekonomia irakaslea da Ekonomia Aplikatua I sailean. Horrez Gain, unibertsitate bereko GEZKI institutuan ikerlari bezala dabil, beti ere gizarte ekonomiarekin lotutako gaiak aztertzen. UEUko ekonomia saileko kidea da.

Osagilea eta maitasunaren ekonomia

Gaur bertan osagileak, osasun-azterketa egiten zidan bitartean:

  • Ah, irakaslea zara! Eta zer ematen duzu?

Nik:

  • Munduko ekonomia.
  • Mm… Ederto… 😉 Badugu norbait ekonomia-krisitik nola atera irakasten…
  • Tira, egia esan, ez dut ekonomia mota hori irakasten… 🙁
  • Eta zer, bada?
  • Ekonomia ondo joan ala txarto joan, zoriontsuago izaten.
  • Nola egin daiteke hori?
  • Barnealdeari begiratuz; adibidez, kontsumoaren aurrean adimen maila desberdinak ditugula adituz gero, une oro nondik sentitu erabaki dezakegu.

Tarte bat egin da elkarrizketan, doktorea bere gauzetan zebilelarik. Nik, bitartean, hau nuen buruan:

  • Azken batean, maitasun kontua da. Kontsumoan, lanean eta harremanetan banaketara edo zeurekoikeriara zaramatzaten adieren menpekoa bazara, zorigaiztoko amaituko duzu (nahiz hasieran plazer itzelak baina iragankorrak lortu). Aldiz, munduarekiko eta jendearekiko batasunera eta maitasunera zaramatzaten adimen mailen nagusi egiten bazara, zoriontsua izango zara ezinbestean (eta plazera iraunkorra izango da).

Tartea amaitzean, hau esan dit osagileak:

  • Nire Frantziako lagun batek ekologiari eta ekonomiari buruz argitaratu du lantxo bat. Badu zerikusirik zurearekin?
  • Jakina! Inguruneko bizitza zapuzten duen jendea ez da inoiz epe luzean zoriontsu mantendu.
  • Eta zuk zabaltzen al dituzu ideia horiek?
  • Noizbehinka, libururen batean edo bestean kapitulu gisa; berriki, Estatu Batuetako aldizkari zientifiko batean artikulu bat onartu didate; eta etorkizunean (proba mediku honen arabera kar kar) liburu zabal batean amaituko dute.
Liburua-ekonomia

“Maitasunaren ekonomia” artikulua (“Ekonomia Sozialaren erronkak kapitalismo globalean” liburuaren 8. kapitulua) libreki jeitsi daiteke UEUren buruxkak.org on-line liburutegian.

Goizeko hamarretan ez nekien bi ordu geroago UEUk ideien laburpen bat blog honetan eskegitzeko aukera eskainiko zidala… Zuk orain dakizun bezala.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_bannerSarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

Xabier Renteria Uriarte, UPV/EHUko ekonomia irakaslea eta UEUko ekonomia saileko kidea.

Xabier Renteria Uriarte, UPV/EHUko ekonomia irakaslea eta UEUko ekonomia saileko kidea.

Oharra: Xabier Renteria Uriarte UPV/EHUko ekonomia irakaslea da, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan. Horrez gain, UEUko Ekonomia Saileko kidea ere bada (informazio gehiago, hemen).

 

Ekonomia «ikas*t*eko» ekimen dibertigarria

JeanJo Ferrand irakaslea da. Denbora luzez Iparraldeko lizeoetan frantsezez irakatsi izan du ekonomia. Duela urte bete, Kanaldude tokiko telebistak proposamen bat egin zion: ekonomiaren oinarrizko kontzeptuak euskaraz aurkeztu, kronika gisa, modu bisual, pedagogiko eta batez ere dibertigarrian.

Esan eta egin, lizeoko ekonomia irakasleak Kanalduderen bitartez hainbat saio prestatu ditu: Iparraldeko gazte euskaldunei ekonomia modu desberdin eta berritzaile batez irakasteko metodologia finkatu du!

Balio-ErantsiaBeharbada kronika horiek ez dira bereziki baliagarriak izango ekonomia “adituentzat” (horrelakorik balego…), noski. Horrek ez du inporta, egia esan: Kanaldudeko lagunen asmoa bestelakoa da… institutu edo lizeoetako irakasleentzat interesgarria izan daitezkeen baliabide pedagogiko dibertigarriak ekoiztea!

Iparraldean ekonomia derrigorrezko irakasgaia da bigarren hezkuntzan. Hegoaldean, ostera, hautazko irakasgaia. Horregatik, Iparraldean jaiotako ekimen hori Hegoaldean are garrantzitsuagoa izan daiteke. Euskal Herri osoan beharrezkoa dugu gazte jendeari ezezik, edozein herritarrei zuzendutako prestakuntza-ekimen berritzaileak sortzea eta zabaltzea. Zabalkunde hori modu artistikoan egiten bada, hobe! Eta ekimen horiek ekonomiaren gaia euskaraz jorratzen badute, bikain! Alor ekonomikoan oinarri sendoak behar ditugu, beti ere, ikuspegi kritikoa, soziala eta lokala bermatuz: horren harira, ikus ere Kanaldudek Iparraldeko ekonomiari buruz dituen bestelako bideoak.

“Bolondres lana izaki, jendearen sustengua da gure soldata bakarra!”. Eman diezaiogun Kanaldudekoen lanari behar duen sostengua. UEUko Ekonomia Saileko talaia honetatik ekonomia “ikas’t’eko” bideoak zabaltzeko deia egiten dizuegu.