Krisi ekonomikoa ekonomia ekologikoaren ikuspuntutik

Martínez Alier ekonomilari ekologiko ospetsuak Atzeraldi Handi honen hastapenetan “La crisis económica vista desde la Economía Ecológica” (Ecología Política, 36. zbk.) idazkia plazaratu zuen. Ekonomia Ekologikoak sistema sozioekonomiko eta ingurumen-sistemaren arteko elkar lotura bere osotasunean ulertzen du, bi sistemen arteko material- eta energia- fluxuak gailenduz (ikus 1 irudia). Nazioarteko Ekonomia Ekologikoko Elkartearen, Europakoaren zein Espainia mailakoaren babespean egindako lanak kontzepzio horren adierazle dira.

1. irudia

Ikuspegi horretatik, Martínez Alierren testuak argi oso azaltzen ditu ekonomian existitzen diren hiru solairuak. Goi mailan, arlo finantzarioa dugu, zeina nahi beste haz daitekeen bai sektore pribatuari zein publikoari maileguak emanez. Mailegutan emandakoa gordailutan edukitakoa baino gehiago izan da, krisi aurretik bederen, eta horrek hazkunde ekonomikoa bultzatu izan du garai batean behintzat. Eredu horrek, ordea, porrot egin zuen – ezin ahaztu krisi ekonomikoaren hastapena subprime hipoteken krisiaren eztandarekin bat egiten duela!

Horren azpitik, bigarren mailan, ekonomilariek ekonomia erreala edo ekonomia produktiboa deritzona dugu. Barne Produktu Gordin (BPG) errealaren bitartez (prezioen bilakaera alde batera utzita) neurtu ohi da, eta kontsumo eta inbertsioaren (pribatu zein publiko) jokabideak baldintzatzen du ekonomia erreala; beraz, ekonomiako jarduera produktiboari eta lan mailari lotzen zaio zuzenean. Horrela, BPG errealak gora egiten duenean zor guztia, edo zati bat bederen, ordain daiteke; behar beste hazten ez denean, zorrak ordaintzeke daude.

Eta azkenik, behe mailan ekonomilari ekologikoek ekonomia erreala-erreala deritzatena dago, ekonomiako energia- eta material-fluxuak kontsideratu egiten dituena, alegia. Fluxuon hazkundea, halaber, faktore ekonomikoen menpe (egitura produktiboa, adar ekonomikoak, merkatu motak, etb.) baina baita Lurraren muga biofisikoen menpe ere badago. Hortaz, krisi aurreko BPG errealaren hazkunde sostengatuak iraunkortasun eza nabarmena adierazten zuen ikuspuntu ekologiko batetik. Kontrako zentzuan, krisi ekonomikoari lotutako gainbehera produktiboak, ingurumenaren gaineko zenbait eragin negatibo leundu ditu herrialde industrializatuetan bederen; esaterako, negutegi efektuko gasen isurketen murrizketa edota sortutako zabor kantitatea.

Egungo muga biofisikoak baliabideen alorrean zein estolden alorrean gertatzen dira: aldaketa klimatikoa erregai fosilen gehiegizko errekuntzaren eta deforestazioaren eskutik dator emana neurri handian. Zentzu honetan, Nazio Batuen eskutik egin den IPCCaren txosten berritsuak argi eta garbi aditzera eman duenez, aldaketa klimatikoaren arazoa larria eta atzeraezina da, eta ez da inolaz ere ez etorkizuneko arazoa ezta egoeraren araberako arazoa ere – orainaldian pairatzen hasiak gara eta egiturazkoa arazoa da!. Izan ere, txostenaren aurkezpenean Ottmar Edenhofer ikerketa-buruak adierazi zuenez “egungo sistema ekonomikoa baztertu egin behar dugu”.

Ekonomia Ekologikoak, halaber, kontabilitate makroekonomikoan aldaketa baten beharra iradokitzen du. BPG kalkulatzen duen ohiko kontabilitateari, ikuspuntu ekologikotik, bi akats nabarmen egozten zaizkio gutxienez: alde batetik, kontabilitate horrek ez ditu aintzat hartzen ondare naturalaren eta horrek sortarazten dituen ekosistemen zerbitzuen balioak (aire eta ur garbiak, esaterako); bestetik, ez du kontutan hartzen baliabide natural asko agortzen ari direla eta berriztagarriak ez direla (erregai fosilak, kasu). Alegia, BPGan negatiboki kontabilizatu beharko lirateke bai ekosistemen galera eta/edo narriadura zein erregai fosilen ustiakuntza; eta, bestetik, ez lirateke positiboki kontabilizatu behar baliabide naturalen ustiakuntza “zuzentzeko” egiten diren gastuak (erreka baten garbiketa, adibidez). Nature aldizkari famatuan argitaratu berri den eta Costanza (mundu mailako ospea duen beste ekonomilari ekologikoa) buru duen artikuluak adierazi bezala, BPGa atzean uzteko ordua dugu, horri alternatiboak zaizkion adierazle ugari dagoeneko baditugu eta.

Adierazle alternatiboen artean, ordea, oinarri fisikoa dutenak beharko lukete esanguratsuenak baldin eta Lurraren muga biofisikoak eta ekonomiaren iraunkortasun ezaren elementuak azaleratu nahi badira. Horien artean badira zenbait, eta Ekonomia Ekologikoaren ikuspuntutik interesgarriena adierazle ezberdinez osatutako multzo batek ematen digun informazioa aztertzea da, eta ez, ordea, BPGaren moduko moneta-adierazle sintetiko bakar baten arabera egiten den hausnarketa. Hemen, hala ere, hiru adierazle esanguratsu besterik ez ditugu aipatuko.

Lehena, aztarna ekologikoa dugu. Adierazle honek gizatalde batek kontsumitzen dituen baliabideak produzitzeko eta sortarazten dituen hondakinak xurgatzeko behar den eremu ekologiko produktiboa (landaketak, larreak, basoak, ur-ekosistemak) neurtzen du, buru bakoitzeko hektarea globaletan adierazita. Herrialdeen arteko aztarna ekologikoa erabat disparekoa da, adibidez: Amerikako Estatu Batuak (9 ha/biztante); Espainia (5,6); Txile (3,1); Tailandia (1,7); Gambia (1,1); eta Haiti (0,5) (ikus www.footprintnetwork.org). Kontutan hartuta mundu mailako bioahalmena 1,8 ha/biztanlekoa dela, munduko biztanle orok estatubatuarren bizi-maila izango bagenu, 5 planeta beharko genituzke… eta ez dauzkagu, bakarra dugu! (ikus 2 irudia).

2. irudia

Bigarrena, Appropriation of Net Primary Production (HANPP) edo Produkzio Primario Netoaren Giza Jabetzea da. Adierazle honek gizakiok jabetu egiten garen fotosintesiaren produktu primario netoa azalduko du, zeina portzentaje terminotan adierazita, giza azpisistemak ekosistema totalarekiko duen tamaina-harremanaren adierazle bat izango den. Ikerketek aditzera eman dutenez, HANPP % 39 izatera ailega daiteke lur-ekosistemetan, hau da, espezie bakar batek (gizakiok alegia!) geureganatzen dugula fotosintesiaren horrenbeste produkzio primario! Horrek, noski, eragin zuzena du biodibertsitatearen murrizketan.

Eta azkenik, badaude metabolismo sozialari lotutako adierazleak ere. Hauexek dira hain zuzen ere Ekonomia Ekologikoaren esparruari zentzurik hertsienean egokitzen zaizkionak. Izan ere, gizarteek beren “metabolismoaren” arabera lehengaiak “irentsiko” dituzte, “metabolizatuak” izango dira ondasun eta zerbitzuak produzitzeko, eta azkenik hondakinak “iraitziko” dituzte kutsadura eta material baztertu eran. Zentzu honetan, nabarmendu behar dugu egungo gizarte industrialak antzinako nekazal gizarteak baino askoz ere xahutzailegoak garela bai energia zein materialen erabileran: 150-400 GJ/bizt/urte vs 40-70 GJ/bizt/urte, eta 15-25 Tn/bizt/urte vs 3-6 Tn/bizt/urte, hurrenez hurren. Eta gainera, egungo gizarte industrialean diferentziak nabarmenak dira oso herrialde industrializatu eta garapenean daudenen artean: 253 GJ/bizt/urte vs 59 GJ/bizt/urte, eta 19 Tn/bizt/urte vs 7 Tn/bizt/urte, hurrenez hurren.

Hortaz, azaldu datuek egungo sistema sozioekonomikoak bai muga biofisikoak eta baita ekitate gabezi nabarmena ere daukala adierazten dute argi eta garbi. Zentzu honetan, egiturazko krisia bizi dugula esan daiteke, zeinaren funtsa BPG errealak dituen gorabeheretaz haratago doan. Alegia, ekonomia erreala-errealaren krisia dugu eta ez soilik errealarena. Hortaz, BPG berriro ere hazten hasi den honetan ez dirudi krisitik irtetekotan garenik.

OHARRA. UEUko kide izateaz gain, Iker Etxano Ekonomia Aplikatua I Saileko irakaslea da UPV/EHUn. Baita EKOPOL eta Hegoako kide ere bada. Egun, ekonomiako eskolak ematen ditu Gasteizen bai Ingurumen-zientzietako zein Enpresaritzako graduetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude