Zer gertatuko litzateke ezkutukoak bistaratuko bagenitu? Pribatua publiko bilakatuko bagenu? Zein litzateke gure paisaia ekonomikoa, icebergari ur azalaren azpitik so eginez gero? Urpeko ekonomia ikusezin horri, kontabilitate nazionalean zenbakitzen ez den horri erreparatzen diote zaintzaren gaiaz diharduten ekonomialariek, sistema osoa errotik aldatu dezakeen krisi baten aurrean gaudela ohartaraziz.
Zaintzen kontua ez baita arazo partikular bat, esparru pribatukoa, nork bere etxe eta senitartean konpondu beharreko denbora tarte bateko desoreka bat. Ez, zaintzen krisia gizarte-arazo bat da zinez, gizarte-egitura eta erakunde ezberdinek lan merkaturako baliagarri ez diren pertsona horiei ematen dieten erantzun faltatik datorrena. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen beharrizanak asetzeaz ari gara, gu guztion beharrizanez beraz, denok baikara zaurgarri, denok elkar menpeko.
Eta zer besterik da ba ekonomia, pertsonen beharrizanak (materialki) asetzeaz arduratu behar lukeen esparrua ez bada? Ez al luke hortaz ekonomiak, diziplina gisa, horixe bera aztertu behar? Ez al lieke egoera horietan sortzen diren galderei erantzun behar? Bistakoa da gizartea oro har ekonomiaren atzaparretatik askatzen joan behar genukeena. Baina ekonomialari omen garenok, ezinbesteko ardura dugu egungo ekonomia autista hau birgizarteratzeko saioan gure aletxoa jartzeko. Ekonomiak gizarteak garai bakoitzean dituen gizarte-arazoei aurre egiteko zientzia baliagarri izan nahi badu, bederen.
Sinesmen horretatik abiatuz (eta pretentsio handiegirik gabe) aritu nahi luke gai horretaz nire doktorego tesiak, “Gizarte ekonomiaren aukera zaintzen krisiaren aurrean: Gipuzkoako pertsona nagusien esparrua aztergai” izenburu ponposoa jarrita. Irakurgai duzu oso osorik denboraz libre bazabiltza eta egiteko ezer hoberik ez baduzu UEUren laguntzaz Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen zerbitzu berri honi esker.
Gainontzean, irakurtzeko gogogabetua bazara, ikus ditzakezu Gaindegiako lagunekin izandako elkarrizketa edo UEUko unibertsitatea.net atarian egin zidaten galdera sorta.
Bestela, saia zaitezke zeure kasa nire azken urteetako gogoetak gidatu dituen galderei aurre egiten: nola antolatu, maila kolektibo batean, zaintza premian diren pertsonei bideratu beharreko zerbitzuen sistema? eta zaintza horiek egitura kooperatiboen bitartez eskaintzeko saioa egingo bagenu?
“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”
Oharra: Enekoitz Etxezarrera Etxarri UPV/EHUko ekonomia irakaslea da Ekonomia Aplikatua I sailean. Horrez Gain, unibertsitate bereko GEZKI institutuan ikerlari bezala dabil, beti ere gizarte ekonomiarekin lotutako gaiak aztertzen. UEUko ekonomia saileko kidea da.