UEUko Ekonomia Saila lanerako jantzita!

Unibertsitario euskaldunen bilgunea izanik, UEUren helburua euskarazko produkzio zientifikoa bultzatzea da. Zein da Ekonomia Sailaren funtzioa UEUren barnean? Gure egitekoa, ekonomiarekin lotutako ezagutza kritikoa gizarteratzea da, modu aske eta arinean, beti ere Euskal Herriko ikuspegia bermatuz.

Ekonomia Sailak topagune izaera du: hainbat unibertsitateetako ikerlari, irakasle eta ikasle biltzen ditugu. Horrez gain, bestelako norbanakoak ere badaude gure artean. Azken finean, ekonomiarekiko interesa duen edonor izan daiteke gure saileko kide. Topagune izaera horrek indarra eta malgutasuna ematen dizkigu gure helburua lortzeko. Plataforma eraginkorra izan nahi dugu ekonomia-gaien gizarteratzea gauzatzeko. Unibertsitatetik gizartera zuzenean. Hori da gure norabidea eta horretan izan nahi dugu erreferente.

Horretarako, maila handi batean, blog berri hau erabiliko dugu: talaia honetatik, UEUko Ekonomia Sailak egindako lan guztiaren berri emango dugu, batzuetan aurreikusitako hitzaldien eta ikastaroen berri emanez, beste batzuetan, saio horien balorazioa eta materiala zabalduz. Ekonomia Sailak Uztaro aldizkarian nahiz UEUko argitalpenetan kaleratutako produkzioa ere sareratuko dugu. Baina ez hori bakarrik. UEUtik kanpoko erakundeek zein norbanakoek ekonomiaz eta euskaraz sortutako edukien berri ere emango dugu.

Gizarteratzea da gure helburua eta sareratzea gure lana. Beraz, adi egon! Lanerako jantzi gara eta!

ESKERRIK ASKO!

manhattan-workers-poster