UEUko Ekonomia Sailak sustatuta, Itzarri Consulting-eko adituek 12 ordutako saio bat eman zuten uztailaren 3an eta 4an, Eibarko Markeskoa Jauregian, UEUko Udako Ikastaroen baitan: “Lidergoa, motibazioa eta talde-lana: pertsonen eta erakundeen eraldaketarako teknikak”. Ikastaro horretan, saio osagarri baina independiente gisa, bi hitzaldi antolatu genituen Ekonomia Sailekook.
Lehen saioa, Galder Guenagaren “Lidergoa, emozioak eta fluxua erakundeetan” hitzaldia izan zen. Galder, Uztaro aldizkariaren 84. zenbakian argitaratutako artikuluan oinarrituta, saio interesgarria eskeini zuen. Hitzaldiaren material gisa, honako informazioa aurkezten dizugu:
- Galder Guenagari egindako elkarrizketa: elkarrizketa hori, Galderrek hitzaldian esandakoaren laburpen gisa erabil dezakezu. Bideoa ere ikusgai duzu UEUk youtuben duen kanalean.
- Hitzaldiaren aurkezpena: Otarrea dokumentuen biltegian ikusgai duzue Galderrek prestatutako aurkezpena. Oso powerpoint luzea eta landua. Hitzaldian aipatutako gaiak errez bistaratzeko aukera emango dizu.
Hona hemen Galderrek Uztaro aldizkarian argitaratutako zenbait artikulu, lidergoaren gaiarekin lotuta. Artikulu horien bitartez, Galderren ikerkuntza ildoaren nondik-norakoak ezagutuko dituzu. Artikulu guztiak modu askean eskura ditzakezu:
- “Boterea eta lidergoa antolakuntzetan: kontzeptuak, taktikak, emaitzak” (Uztaro 54, 2005).
- “Lidergoa eta enpresa: lidergorako potentziala, jatorria eta enpresako rol nagusiak” (Uztaro 60, 2007).
- “Lidergoa, aktibo ukiezinak eta ezagutzaren kudeaketa antolakuntzetan” (Uztaro 66, 2008).
- “Lidergoa eta Kapital Emozionalaren kudeaketa enpresetan” (Uztaro 80, 2012).
Itzarrikoen ikastaroari amaiera emateko, Jabier Lertxundik bere azken liburua aurkeztu zuen: “Ideia batzuk krisi madarikatu hau gainditzeko”.
Jabierren ustez, krisiaren irtenbidearen oinarriak pertsonengan daude. Ondorioz, pertsonak dira eraldatu behar direnak. Horrela, liburuaren muina UEUn emandako ikastaroarekin lotu zuen Jabierrek (pertsonak eta erakundeak eraldatzeko teknikak). Irakurri UEUko prentsa bulegokoek Jabier Lertxundiri egindako elkarrizketa. Bideoa ere ikusgai dago, ikastaroaren laburpen moduan. Anekdota txiki bat: ikus ikastaroan erabilitako honako bideoa, Tximeleten Zirkua, lidergo eraldatzailearen inguruko laburmetraia. Hunkigarria benetan.
Hitzaldian egon ez zinetenontzat, hemen duzue 2013ko otsailean, UEUko Ekonomia Sailak antolatuta, Itzarrikoek egindako liburu-aurkezpena Bilboko Burtsa aretoan. Materiala on-line eskuratzeko moduan dago.
Horrez gain, Jabierrek Uztaro aldizkarirako idatzitako lanak ere modu askean ikusgai dituzue:
- “Kooperatibismo usufruktuario kubatarrean oinarritutako hainbat iradokizun” (Uztaro 57, 2006).
- “Euskal gizaki autoalternatiboa sozioekonomian (I. atala)” (Uztaro 59, 2006).
- “Euskal gizaki autoalternatiboa sozioekonomian (II. atala)” (Uztaro 60, 2007).
- “Euskal gizaki autoalternatiboa sozioekonomian (III. atala)” (Uztaro 65, 2008).
Blogaren sarrera honetan argi ikusiko duzu UEUk ereindako uzta, denon eskura dagoela. Azpiegitura bibliografiko eta zientifiko-kritiko zabala. Ez galdu aukera eta erabili azpiegitura hori ahalik eta gehien. Ideia zabaldu.
UEUko Ekonomia Saila says:
Hala ere, zenbait ikerlarien ustez, krisiari eman beharreko erantzuna makroekonomian dago, ez mikroekonomian (pertsonak eta erakundeak). Ikus Joseba Tobarren azken agiria Otarrean: https://www.unibertsitatea.net/otarrea/gizarte-zientziak/ekonomia/ustiaketa-berriaz-hitz-bi. “Makroekonomia da nagusi gaur egungo munduan. Mikroekonomiatik makroekonomiara igarotzea (“agregatuen” bidez) ezinezkoa da”.