Edurne Larraza: “Programazioa ikasgai gehienetan -eta pixka bat ausarta izanik- guztietan erabil daitekeela esango nuke”

UEUk Ordenagailuak programatzen txiki-txikitatik on-line ikastaroa antolatu du udazken honetan. Edurne Larrazari, ikastaroko arduradunari galdera batzuk egin dizkiogu gaian sakontzeko asmoz. Matrikula zabalik dago.

Little-Girl-using-Sratch-Jr.Zein gaitasun eskura dezakete haur eta gazteek ordenagailuen programazioa eta pentsamolde konputazionala ezagutuz? Pentsaera konputazionalak gaitasun asko barneratzen ditu esate baterako problemen deskonposaketa eta ebazpena, algoritmika, abstrakzioa. Eta programatzen ikasteak gaitasun horiek lortzen laguntzen du. Izan ere programatzea, problema zehatz bati erantzuna ematean datza, eta gainera, ez edonola, konputagailu batek ebazteko moduan.

Ikasgai guztietan txertatu daiteke edo beharko litzateke ordenagailuen programazioa eta pentsamolde konputazionala? Esan bezala, programazioa, pentsaera konputazionalean azaltzen diren gaitasunak eskuratzeko bide bat da, baina ez bakarra. Programazioa ikasgai gehienetan eta pixka bat ausarta izanik guztietan erabil daitekeela esango nuke. Hainbat curriculumetan txertatuta dago dagoeneko, modu ezberdinetan. Erresuma batuan adibidez ikasgai berri bat sortu dute eta Finlandian matematikako ikasgaian sartu dute. Azken hauek hala ere dagoeneko dokumentatu dute egokiagoa litzatekeela ikasgai propioa izatea.

Gaur egun gero eta gehiago erabiltzen dira ordenagailuak ikasgeletan, baina egoki erabiltzen dira? Nik ez nuke esango ematen zaien erabilera okerra denik, baina hutsune bat ikusten dut. Ordenagailuen erabilera sustatu ez ezik, funtzionamendua zein den ere azaldu eta irakatsi beharko litzateke. Ikasleek curriculumean azaltzen diren zientziak ikastea beharrezkoa ikusten da zientzia horiek eragin zuzena daukatelako gure bizitzan. Orduan, zergatik ez da informatika, zientzia gisa ere curriculumean sartzen? Ordenagailuen funtzionamendua eta logika ezagututa, tresna horiei etekin handiagoa ateratzea dago, sortzaile izan daiteke eta ez soilik besteek sortzen dutenaren erabiltzaile.

Heziberri 2020 curriculumak zein neurri txertatu ditu alor hau garatze bidean? Ikasgai guztietan zeharka lantzen omen dira gaitasun digitalak Heziberri 2020 curriculumaren bidez, baina nire ustez, informatika zientzia gisa ez da behar bezala lantzen. Batxilergoan, hautazko ikasgai batean bakarrik azaltzen da programazioa, baina informatika programazioa baino askoz gehiago da. Ikasleek jakin behar dute zeintzuk diren informatikaren oinarriak haien etorkizuneko lanbidea emango dizkien ikasketak argumentu sendoa erabaki ahal izateko. Hori ezin da egin bakarrik batxilergoko hautazko batean ikasitakoan oinarrituta.

Neurri horiek nahikoak dira ala beste urrats batzuk eman beharko liratekeela iruditzen zaizu? Mundu osoan dago egun mugimendua gai honen inguruan. Erresuma batuan bi urte daramate curriculumean txertatuta informatikako ikasgaia. Finlandian aurten hasi dira matematikako ikasgaian txertaturik informatika lantzen. Pare bat aipatzearren. Hainbat mugimendu daude umeei informatika eta programazioa irakasteko: informatikako kontzeptuak ordenagailurik gabe irakasteko (CSUnplugged), kontzeptu horiek ikasten dibertigarria izan dadin (CS4fun), programatzen ikasteko (code.org), eta gehiegi ez luzatzeagatik ez dut jarraituko. El dugu gurpila asmatu beharrik, baina bai aztertu gure testuinguruan nola erabili daitezkeen tresna hauek etorkizunean gai honetan ere, ongi formatutako gizartea izan dezagun.

Android programazioaren hastapenak ikastaroa.

Azken urteotan hain ezaguna egiten ari den Android sistema eragileari buruzko ikastaro hau berezia da, batez ere ikastaroa emateko erabiliko den metodologiagatik, MOOC  metodologia, hain zuzen.

Esan daiteke, euskaraz dagoen lehen MOOCa dela hau, hots, modu masiboan, irekian eta on line ematen den ikastaroa.

UEU eta Asmoz Fundazioak antolatutako ikastaro hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak babesten du.

Xehetasunak:  Android programazioaren hastapenak.

  • Iraupena: 10 ordu.
  • Datak: ikastaroa otsailaren 18tik apirilaren 31ra arte irekita egongo da, noiznahi sartu eta izena eman daiteke.
  • Izen ematea irekita, apirilaren 31 arte.
  • Web gunea: Android ikastaroa.
  • Ikastaroa DOAN da.

mooc2

Informazio gehiago:

Irati Iciar

943 82 14 26

i.iciar@ueu.org

 

Bideojokoetatik robotetarako jauzia

UEUk antolatutako Scratch ikastaroko bigarrengo egunean, ikasleek programa honek eskaintzen duen beste alor bat ezagutu dute, roboten mundua. Atzo ikasitakoarekin, eta gaur lehen orduetan ikusitakoarekin, ideia hauek praktikan ipintzeko unea iritsi zaie ikasleei. Taldeka, hainbat ideia ezberdin jarri dituzte martxan.

Irakasleak, ikasleen trebeziaz jakitun, gaurko saioa praktikak burutzeko erabili dituzte. Atzoko arlo teorikoa aintzat hartuta, eta gaurko lehen saio teorikoarekin, praktikaren unea iritsi da. Horretarako, hainbat tramankulu ekarri dituzte irakasleek, Scratchek eskaintzen duen goreneko maila ikusteko, roboten mundua alegia. Tramankulu hauen artean, pare bat motor, eta hainbat sentsore ziren, bai ahozko zein mugimenduzkoak. Hauen bitartez, eta Scratchek eskaintzen dituen baliabideak erabiliz, taldeka ikasleek haien ideiak praktikan jartzeko ordua iritsi zaie. Pablo Garaizar irakaslearen ustez, “motor eta sentsore hauen erabilera nahikoa ezezaguna da, baina aldi berean oso sinpleki funtzionatzen dute. Horregatik, gaurko klasean proiektu sinple batzuk egin dituzte ikasleek, material hauek haien gustuetara aplikatuz”.

Gaurkoan, Garaizar izan da irakasle gisa jardun duena, nahiz eta Jon Bustillo ere aldamenean izan den laguntzeko. Izan ere, azken honen ustez, Garaizar bera baino adituagoa da robotika munduan, eta berari utzi dio klase praktikoaren aginte makila. Pablok, atzo Jonek egin bezala, ikasleen partizipazioa azpimarratu nahi izan du, bi egunetan izan duten parte-hartzea erabat eraginkorra izan baitzaie. “Euskaraz klaseak ematen lehen aldiz aritu naiz, eta benetan oso esperientzia positiboa da niretzat, bai pertsonalki ondo ikusi naizelako, eta baita jendearen parte-hartzearekin. Maila ezberdinak egon arren, guztiek erakutsi duten inplikazio maila oso altua izan da”, aitortu du Garaizarrek.

Ikasleak bi taldetan banandu dira, batetik talde informatiko bat, eta bestetik, maila apalagoko ikasleak, gehienak hezkuntza-maila ezberdinetako irakasleak. Lehenengokoak gustura aritu dira programa honi ahalik eta etekinik gehien atera nahian, eta hauek izan dira dudarik gabe sentsoreekin gehien disfrutatu dutenak. Besteek, aldiz, nahikoa lan izan dute programaren funtzionamendua zein den ikasten, etorkizunean, haien ikasleei erakusteko programa honen erabilera, eta batez ere, honen muga amaigabea zehazteko.