Bideojokoetatik robotetarako jauzia

UEUk antolatutako Scratch ikastaroko bigarrengo egunean, ikasleek programa honek eskaintzen duen beste alor bat ezagutu dute, roboten mundua. Atzo ikasitakoarekin, eta gaur lehen orduetan ikusitakoarekin, ideia hauek praktikan ipintzeko unea iritsi zaie ikasleei. Taldeka, hainbat ideia ezberdin jarri dituzte martxan.

Irakasleak, ikasleen trebeziaz jakitun, gaurko saioa praktikak burutzeko erabili dituzte. Atzoko arlo teorikoa aintzat hartuta, eta gaurko lehen saio teorikoarekin, praktikaren unea iritsi da. Horretarako, hainbat tramankulu ekarri dituzte irakasleek, Scratchek eskaintzen duen goreneko maila ikusteko, roboten mundua alegia. Tramankulu hauen artean, pare bat motor, eta hainbat sentsore ziren, bai ahozko zein mugimenduzkoak. Hauen bitartez, eta Scratchek eskaintzen dituen baliabideak erabiliz, taldeka ikasleek haien ideiak praktikan jartzeko ordua iritsi zaie. Pablo Garaizar irakaslearen ustez, “motor eta sentsore hauen erabilera nahikoa ezezaguna da, baina aldi berean oso sinpleki funtzionatzen dute. Horregatik, gaurko klasean proiektu sinple batzuk egin dituzte ikasleek, material hauek haien gustuetara aplikatuz”.

Gaurkoan, Garaizar izan da irakasle gisa jardun duena, nahiz eta Jon Bustillo ere aldamenean izan den laguntzeko. Izan ere, azken honen ustez, Garaizar bera baino adituagoa da robotika munduan, eta berari utzi dio klase praktikoaren aginte makila. Pablok, atzo Jonek egin bezala, ikasleen partizipazioa azpimarratu nahi izan du, bi egunetan izan duten parte-hartzea erabat eraginkorra izan baitzaie. “Euskaraz klaseak ematen lehen aldiz aritu naiz, eta benetan oso esperientzia positiboa da niretzat, bai pertsonalki ondo ikusi naizelako, eta baita jendearen parte-hartzearekin. Maila ezberdinak egon arren, guztiek erakutsi duten inplikazio maila oso altua izan da”, aitortu du Garaizarrek.

Ikasleak bi taldetan banandu dira, batetik talde informatiko bat, eta bestetik, maila apalagoko ikasleak, gehienak hezkuntza-maila ezberdinetako irakasleak. Lehenengokoak gustura aritu dira programa honi ahalik eta etekinik gehien atera nahian, eta hauek izan dira dudarik gabe sentsoreekin gehien disfrutatu dutenak. Besteek, aldiz, nahikoa lan izan dute programaren funtzionamendua zein den ikasten, etorkizunean, haien ikasleei erakusteko programa honen erabilera, eta batez ere, honen muga amaigabea zehazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude