8gnlurld…geurea da!

UEUko Informatika Sailak antolatzen duen IEB2011ko hitzaldietako bat da Josi Sierra Orrantia irakasle eta komunikatzaileak emango duena; zortzigarren lurraldea…geurea da! lelopean, zortzigarren mundua, hau da, euskararen erabilpena eta etorkizuna sarean, azalduko du. Horretarako bideo serie bat osatu du euskal gizartean ezagun diren 7 adituekin.

gizarte sareak

7 aditu eta 7 gai; hau izango da bideoaren muina. Komunikazioa, Linux, Blogak, Web 2.0, Wikiak, Kultura eta Komunikabideak izango dira jorratuko diren gaiak.

Komunikazioaren gaia Gorka Juliorekin aztertuko da. Informatikari andoaindarrak “komunikazioa” kontzeptuaren esanahia azalduko digu; horretarako Jose Inazio Basterretxea, EHUko irakasleak, hitz honi eginiko definizioa hartuko da ardatz.

Linux eta software libreaz mintzatzeko, Luistxo Fernandezena jo du Josi Sierrak. CodeSyntax-eko project managerrak Linux zer den eta software librearen ideia eta errealitatea aztertuko ditu.

Blogen inguruan hitz egiteko Joxe Aranzabal Mondragon Unibertsitateko irakaslearekin jarriko da kontaktuan. Blog bat zer den eta nola ustiatzen den ezagutuko dugu.

Iratxe Esnaola informatikaria izango da bideoan agertzen den hurrengo aditua. Web 2.0 delakoaz hausnartuko du; sortu dituen aldaketak erabiltzaileengan eta batez ere euskal komunikatean.

Maite Goñi irakaslea izango da hurrengo gonbidatua. Wikiez hitz egingo du eta baita elkarlanean aritzeaz suposatzen duen erronkaren inguruan.

Seigarren aditua ere emakumezkoa dugu. Kasu honetan, Alaia Martin bertsolari oiartzuarra. Kulturaren inguruan eta sortzeko modu berriez solastuko da. Kultura eta elkarlana uztartuko ditu sarean.

Bideoko azken gonbidatua Lontzo Sainz EITBko networkinga izango da. Atzera begirada egingo du komunikabideen ibilbidean. Horrela, lehenengo pertsonan kontatuko du komunikabideek izan dituzten aldaketak.

Baina zer da edo zein da 8gnlurld?   Euskararen erabilpena eta etorkizuna sarean.ZU ZARA, GU GARA. Denon eskuetan dago zortzigarren lurraldea sortzea eta zabaltzea. Beraz, erabil ezazu euskara eta tresna libreak euskara zabaltzeko!

Elkarteak eta blogak. Ikastaroa.

Blogak bitakora pertsonalak dira oinarrian, baina elkarte baten berri emateko erraminta baliagarria izan daitezke ere. Punta-puntako fenomenoa da gainera interneten.
Hori dela-eta, blogen erabilera elkarte baten baitan landuko duen ikastaroa antolatu dute UEU eta Hendaiako AKELARRE elkarteek. Ikastaro hau Elkarte Bizia II (In)Formazio zikloan barne dago.

Ikastaroa: Elkarteak eta blogak.
Datak: 2009ko otsailaren 23 eta 24an
Tokia: Hendaian, Gaztelu Zahar hiri erdiko eskolan.
Iraupena: 12 ordu

Irakaslea: Nikolas Padrones, Informazio eta Komunikazio Teknologietako animatzailea eta Informatika Teknikaria da.

Informazio gehiago eta izen ematea: Elkarteak eta blogak.

ELKARTE BIZIA II. Ipar Euskal Herrirako ikastaro zikloa.

UEU eta Hendaiako AKELARRE elkarteek beraien indarrak batu eta Ipar Euskal Herriko elkarteei zuzendutako ikastaro zikloa antolatu dute bigarren urtez. Ipar Euskal Herrian sektore ezberdinen inguruan lanean ari diren elkarte anitz bada: kirola, kultura, beste, auzotarrak, langileak, gazteak… Elkarte gehienak ttikiak dira eta ahal guttirekin lan egiten ute.
Ziklo honen helburua Ipar Euskal Herriko errealitatetik abiatuta, elkarteei eguneroko lana modu eraginkorragoan burutzeko tresna teoriko eta praktikoak eman, elkarteen arteko harremana sustatu eta beraientzat elkargune izateko ekitaldia antolatzea da.

Helburuak:

  • Eguneroko lana modu eraginkorragoan burutzeko tresna teoriko eta parktikoak elkarte kideen eta langileen eskuetan eman.
  • Elkarteen arteko harremanak eta elkar laguntza sustatu.
  • Elkarteen arteko elkargune izan nahi den ekitaldi bat antolatu.

Antolaketa irizpideak:

  • Kalitatea: gure ikasleriari ikastaro praktikoa eta erabilgarriak eskaini nahi dizkiogu, hizlari konpetenteak etorraraziz eta baliabide material egokiak eskainiz. Guztiak ere Ipar Euskal Herrikoak.
  • Egokitasuna: marraztu dugun egitarauak Ipar Euskal Herriko aktoreen behar eta ahalei erantzuten dio.
  • Euskararen haututa: euskara, gure hizkuntza, familia hizkuntza baino asko  gehiago da eta horregatik gure formakuntza guztiak euskaraz antolatzea izan da egin dugun hautua. Hutsune bat betetzeko asmoa dugu, UEU bakarra baita merkatuan formakuntzak osoki euskaraz eskaintzen duena.
  • Publiko mota: elkarte bateko kide edo langileei zuzenduta bada ere, ez da publiko horri mugatzen, denei idekiak dira gure formakuntzak.

Hauexek zikloa osatzen duten ikastaroak:

Ikastaroak Hendaian emango dira.

Dagoeneko izena emateko epea irekia dago.

Informazio gehiago: Joseba Manterola
iparraldea@ueu.org
05 59 25 60 56
UEUren Iparraldeko ordezkaritza
1, Arsenal Plaza
64100 Baiona

Egin ezazu zure bloga (ikastaroa).

Gaur egun esan liteke Interneten “norbait” izateko, bloga edukitzea ezinbestekoa dela. Baina horrek ere badauka bere trikimailua.
Ikastaro labur honetan, blogei buruzko oinarrizko ezagutzak guztion eskura jarriko dira: nola sortu ziren blogak, blogak euskaraz sortzeko plataforma ezberdinak, baliabideak (bideoak, irudiak…), nola idatzi blogetan (mezu laburrak, etiketak, loturak…) eta eztabaidarako tartea ere irekiko da.

Ikastaroa: Egin ezazu zure bloga.
Irakaslea: Haritz Rodriguez, EIEko kidea.
Antolatzaileak: UEU eta EIE, Euskal Idazleen Elkartea
Datak: azaroaren 28 eta 29an (ostirala eta larunbata)
Ordutegia: ostiralean 16.00-20.00 eta larunbatean 10.00-14.00
Tokia: Markeskoa Jauretxean, Eibarren

Nori zuzendua: UEU eta Euskal Idazleen Elkarteko kideei zuzendua.
Matrikula: doan.
Izen emate epea: azaroaren 25a arte.
Izena emateko: deitu 943 82 14 26 (Irati) edo bidali mezua ikastaroak(a bildua)ueu.org helbidera (zehaztu izen abizenak eta bazkide zenbakia)

Argibideak: 943 82 14 26 (Irati), ikastaroak(a bildua)ueu.org

MIARRITZen ikus-entzunezko ikastaroak

UEU eta ATABAL zentroaren arteko iaz hasitako elkarlanetik, udazken honetarako ere ikastaro sorta interesgarria antolatu da. Guztiak ere ikus-entzunezko gaiekin lotuta eta euskara hutsean.

  • Soinuaren trataera (Audadty).
    • 5 ordu. Urriaren 22 eta 29an.
  • Irudiaren trataera (Gimp)
    • 5 ordu. Azaroaren 2 eta 12an.
  • Blogak nola sortu eta kudeatu.
    • 5 ordu. Azaroaren 10 eta 28an.
  • Bideoak nola filmatu eta hedatu interneten.
    • 7 ordu. Abenduaren 6 eta 13an.

Informazio gehiago: UEU
Joseba Manterola
(0)621685671

iparraldea@ueu.org