Zinema, ilustrazioa, komikiak eta literatura.

Abiapuntua literatura izanik, hitzen eta irudien arteko harremanez hausnarketa egitea da ikastaroaren helburua.

Garai hauetan kontagintzak hartu dituen forma berriez gogoeta egiteko, funtsezkoa da literatura harremanetan jartzea gero eta pisu handiagoa duen kultura bisualarekin eta horretan ahaleginduko da ikastaro hau.

Xede horrekin, hainbat azpiatal landuko dira: komikia, ilustrazioa, zinemagintza eta gidoigintza. Azken urteotan alor hauetan izan da sormen lan interesgarririk gurean eta izan dute diziplina hibrido hauek goraldirik (komikigintzak, edo literaturatik zinemarako egokitzapenek, kasu) eta sortzaile nahiz sormen lan horiei plaza eskaintzea eta haiei buruzko gogoeta egitea ditu ikastaroak helburu, maiz kritikaren eta literatur zirkuituetan bazterrean geratzen diren gaiak baitira.

Ikastaroa Baionan izango da, uztailaren 10etik 13ra.

Spiderman eta Catwoman bertan egongo ote dira?

Photoanalysis (irudien analisia): irudi baten esanahia, bizitza baten isla

XX. mendearen 70eko hamarkadan, Gizarte Zientzietako zientifikoek zein hainbat argazkilarik, pixkanaka-pixkanaka, argazkien esanahiei heldu zieten oinarrizko mekanismo psikologikoen isla zirelakoan.

Esaten dutenez, argazkietan bi elementu nagusi bereizten ziren: batetik, argazkiaren egilea; beste alde batetik, argazki baten protagonista (subjektua, objektua, paisaia, talde bat, etab.). Egileari dagokionez, argazkigintzaren atzean gerta daitezkeen eskema kognitiboak, emozioen proiekzioa eta pentsamendu inkontzienteak prozesu psikologikotzat hartu direla literaturan zehar (Akeret, 1973; Spence, 1986). Argazki baten protagonista gisara, ordea, ez dago hainbeste adostasunik norberari (self-report) dagozkion prozesu psikologikoen inguruan

Ikertzaile amerikarrak azken urteetan bildutako tekniketan (analisi tematikoa, aske asoziazioa, atribuzio prozesuak, artikulazio mailak, errealitatearen ilusioa, etab.) oinarrituta hainbat baliabide praktiko izango ditugu hizpide ikastaro honetan. Horretaz gain, Akeretek (1973) abiatutako photoanalysis-teknikaz ere ariko gara, familia eta pertsona arteko dinamikak aztertzeko.

Ikastaro hau Psikologiako ikasle zein lizentziatuentzat prestatu bada ere, beste arloetako ikasleentzat (Kazetaritza, Pedagogia, Antropologia, Filosofia, Gizarte Zientziak) eta gaiaren inguruan interesa duen edonorentzat erabilgarria izan daiteke.

Ikastaroa Baionan izango da uztailaren 10 eta 11an, UEUko udako ikastaroen barruan.

Drogak eta droga-menpekotasuna

Ia guztiok izaten dugu drogekin nolabaiteko harremana bizitzan zehar, eta onurak eta kalteak ekar ditzaketela jakin arren, gehiengoak ez daki hori baino askoz gehiago haiei buruz.

Ikastaroaren lehen egunetan, droga-menpekotasunaren oinarri neurobiologikoak, droga ezberdinen eragin farmakologikoak gure gorputzean, eta drogak uzteko dauden tratamendu medikuak azalduko dituzte gaian lanean diharduten zenbait adituk. Ikastaroaren bukaeran, honek gizartean duen eragina eta droga-menpekotasunaren beste aspektu batzuk landuko ditugu.

Drogei buruzko ezagutza handitzea da ikastaro honen helburua, eta aurrerago egingo den droga-menpekotasunari buruzko graduondokoaren sarreratzat ere har dezakegu.

Gaian interesa eduki dezaken edonori zuzenduta dagoen ikastaro hau Baionan izango da, uztailaren 9tik 13ra bitartean.

Erleei esker osasuna

Gaur egun, terapia osagarriak gero eta indar handiagoa hartzen ari direnean, oso zaharra den terapia bati buruz hitz egiteari oso interesgarri deritzogu. Valentziako Bicorp herrian dauden historiaurreko margoek adierazten digute gizakia gutxienez 8000 urtean erleekin kontaktuan egon dela. Garai haietatik, eztiaren, polenaren, propoliaren, argizariaren eta pozoiaren onurak izan ditu gizakiak. Ikastaro honetan erleen ekoizkinak nondik datozen, nola sortzen diren, nolako konposaketa biokimikoa duten eta zein erabilera terapeutiko dituzten ikusi eta ikasiko dugu.Apiterapiak oso emaitza onuragarriak eskaintzen ditu eta gainera epe ertain eta luzera ez du bigarren mailako eragin kaltegarririk; hori dela eta, gero eta erabiliagoa da.

Ikastaro honen helburua Apiterapia zer den, zeintzu produktu, nola eta zertarako erabiltzen diren azaltzea izango da. Arlo honetan egindako azken ikerketa-lanak ere azalduko dira, biokimika, farmakologia eta medikuntzari dagozkienak.

Ikastaroa 12 ordutakoa da, 2 egunetan gauzatuko da, Baionan.

Sexualitatea da gure izate osoa

Merleau Pontyk dioen bezala, sexualitatearen eta giza izaeraren artean harremana dago, sexualitatea da gure izate osoa, izaera horrek jaiotzetik hil arte iraungo du, hau da, bizitza osoko prozesua. Izaera horrek aldaketa ugari izango ditu gertaera ezberdinen eta gizartearen eraginez. Jaiotzez, naturaltasuna, jakin-mina, plazerraren bilaketa… nagusitzen badira ere, nerabezarotik aurrera eta gure gizartearen moral sexuala dela-eta, norberak bere mugei, lotsei, beldurrei… aurre egin beharko die.Ikastaro honen bitartez, norberak prozesu hau albait hobekien bizitzeko aukera zabaltzea dugu helburu.

Ikastaro praktikoa da, talde dinamikan oinarritutakoa, Banakako lanak, talde lanak, elkarrizketak, jolasak eta ariketa praktikoak uztartuko dira.

Irudirik gabeko film bat egiten ikasteko

Sormena lantzeko ikastaroa da hau. Ikus-entzunezkoetan, irudiak lehentasuna du soinuaren gainetik. Irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten omen du.

Eta zergatik ez soinu batek?

Irudirik gabeko film bat egingo dugu ikastaro honetan. Horretarako soinuaren adierazpen-baliabideak landuko ditugu, baita Europan zehar egiten ari diren irrati-artearen proposamenak ezagutu ere. Praktikan, teknologia berriez baliatuta, istorio bat azaldu beharko du ikasle bakoitzak, 5-10 minutukoa, eta, ondoren, guztion eskura jarri webean.

Ikastaroa 2 egunetakoa izango da, uztailean, Baionan.

Kanta dezagun! ikastaroa

Kantua gurekin bizi da. Denok abesten dugu eguneko uneren batean, edo bertzerik gabe musika entzuten dugu. Irratian, telebistan, autobusean, etxean, nonahi entzungo ditugu kantuak.

Baina ikasgelan? Kantuak entzuten al dira eskoletan? Abesten al dugu ikasgeletan?

Gure proposamena kantua ikasgelara helaraztea da aipatuko ditugun hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, hizkuntza den aldetik, euskara ezagutzeko, aberasteko, indartzeko, ahoskatzeko, ulertzeko eta ikasteko. Bertzetik, kantua tresna dinamiko ezin hobea delako hainbat helburu jorratzeko.

Azkenik, hori dena gutxi izaki, lanean ari garelarik gozatzeko ere balio du.
Kantatzen ez duenak zorionik ez omen du, eta konponbide erraza du horrek: Kanta dezagun!!!!

(ikastaroa Baionan izango da, 2 egunez)

PRESTA HADI! Ipar Euskal Herrian formazio plangintza.

UEUk Ipar Euskal Herrian Presta Hadi! formazio plangintza dauka eta 06/07 ikasturtean ikastaro hauek eskaintzen ditu:

SEASKArekin:

  • Nola erakatsi euskara bigarren hizkuntza dela.
  • Ahozko hizkuntza 3-7 urtaldian, 200 aktibitate mintzatzeko.
  • Euskal musika eta gorputz adierazpena haur eta lehen hezkuntzan.
  • Euskal kantu herrikoiak.
  • Euskal Herriko historia haurrentzako.

SARE KATOLIKOArekin:

  • Gure natur baliabideen garrantziaz nola ohartarazi ikasleei.
  • Ipuin kontaketatik mintzatzera.

Informazio gehiago: iparraldea@ueu.org