Zorua versus unibertsoa

          Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea orain dela 33 urte argitaratu zen Jaurlaritzaren Agintaritzaren Aldizkarian. Handik 4 urtetara, 1986ko abenduaren 17an, Euskararen Foru Legea argitaratu zen Nafarroako Gorteetan eztabaidatu eta onartu ondoren. Bi-biak dira euskara, euskararen hiztun elkartea eta euskararen erabilera arautzen duten legeak, lege horiek dira, beraz, euskararen normalizazioaren framing-a edo markoa. Hau da lege horiek arautzetik harago euskararen normalizazioa zedarritu eta mugatu egiten dute.

        Informazioaren gizartean edota garai digitalean bizi omen gara aro analogikoaren legeekin. Gaur egun irrigarria da 1982ko legearen 22. kapituluan irakurtzea: Jaurlaritzak, EITB-n hizkuntza arauzkotzeari bultza egingo dio, euskera, Euskal Herrian berenezko hizkuntza denez behar bezala erabiliko dela bermatzeko. Irrigarria eta idazkera arrotza egiten zaigu gaur egun. Hain zuzen ere, artikulu horretan egiten da EITBren aipu bakarra, Irrietatik negarrari eman diezaiokegu ohartzean EITB hori ez dela irakurleak uste duena, Espainiako Irrati-Telebista (TVE) baizik. Orain ezagutzen dugun EITB legea baino beranduago sortu baitzen.

         Euskararen gaineko lege nagusiak zaharkituta daude ez baitagozkio informazio eta komunikazio teknologien garaiari. Harrigarri egiten zaigu batzuek egiten duten legeen defentsa gartsua eta bestetzuek legeekiko erakusten duten konformidade axolagabea. Legeak zaharkituta daudela azaldu arren, adibideak eman arren, xehe-xehe arrazoitu arren, ukatu egiten digute. Legeek, oraindik orain, ibilbide egiteko daukatela ihardetsi digute. Eztabaida kateatuta dago, antzua da.

         Kontua da, legeak, biak, euskararen normalizazioaren aurrerabiderako tresna eraginkorrak izateari utzi diotela. Egindako lana eta lortutakoa ikaragarria da bai, berrogei urteren buruan lortu dugu hilzorian zegoen hizkuntza arta intentsiboren egoerara ekarri dugu. Miraria. Baina euskaldunok, eleaniztunok nahi baduzue, biztanleriaren heren eskas bat besterik ez gara. Aitorpenik egin behar izatekotan, aitor dezakegu legeek lagundu dutela euskara bezpera gelatik ateratzeko. Bai, ondo, baina hizkuntzaren egoera larritik ateratzeko, —zaurgarria izendatzen du UNESCOk—, garaian garaiko lanabesak behar ditugu, informazio eta komunikazio teknologien garaiari egokitutako araubideak, alegia.

          Bien bitartean hizkuntza politikari esleitutako aurrekontuaren proportzioa gero eta murritzagoa da. Euskalgintzaren sektore batzuetan etsipena sumatzen da eta, ahapeka, laguntza eta babes handiagoa eskatzen dute bizirauteko. Garai bateko militantzia zena, nork bere denbora, lana eta baliabideak musu-truk jartzea euskararen normalizazioaren alde, prekarietate bihurtu da. Euskalgintza krisian dago, euskalgintza soziala esango luke bateren batek.

Posible ote da euskalgintza izatea eta soziala ez izatea? Euskalgintza ez zen herritik, gizartetik, sortu? Euskalgintzakoak ez ote dira herri-erakundeak? Halere, euskalgintza soziala eta euskalgintza instituzionala, antinomia gisa aurkezten diguten bikotean, aurrena krisian eta hurrena inoiz baino osasuntsuago daude. Zerbait aldatzen ari da.

        Euskalgintza instituzionala oximorona da, sindikalgintza gobernutarra esatearen antzeko zerbait. Termino hori Jaurlaritzaren eta haren inguruko bulegoetatik sortu da. Erakundeek euskararen alde egiten dute, eta aurka, egia ere bada, baina instituzioak ez dira euskalgintza. Euskalgintzakoak ezin izan baitaitezke gobernuz barruko erakundeak. Nahas-mahas giro interesatuan zoru komuna aurkitu behar dugula esaten digute. Zer da zoru komuna? Komuna, nortzuen artean? Gaude, euskalgintzak galdutako unibertsoa berreskuratu beharko lukeela, euskararen unibertsoa, alegia. Gurea zorua baino unibertsoa baita.

Erabaki ahal dezakegulako

             Krisi ekonomikoa, krisi sistemikoa, Europa Batasuneko krisia, Espainiako Erresumako krisia, ohiko alderdi politikoen krisia, estatuaren eta lurralde ereduaren krisia, … Krisia nonahi. Ez zaigu antzeko egoerarik gogoratzen. Horri guztiorri eransten badiegu 2014. urtean, irailaren 18an Eskoziako independentziaren gaineko erreferenduma eta, urte berean azaroaren 9an, Kataluniako Printzerrian independentziari buruzko kontsulta, askapen prozesuetarako aukera paregabeak izan zitezkeela pentsa dezakegu. Egoera egongaitzak direlako: aldaketa egoerak, alegia.

2014ko azaroak 9 Katalunia

       Euskal Herrian, 2010 urteko udagoieneko Gernikako Akordioa, ETAren 2011 urte hasierako erabakia, alde batetik, Sortu alderdia, Bildu koalizioaren sorrera, EH Bai Iparraldeko koalizioa eta Espainiako Estatuko krisia, orokorrean, ilusio oldarraren sorburuak izan ziren. Kantonamenduko hauteskundeak (EH Bai 2011), Udal eta Foru hauteskundeak (Bildu 2011), Madrilgo Gorteetarako hauteskundeak (Amaiur 2011), hauteskunde legegileak (EH Bai 2012), Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak (EH Bildu 2012) eta Europako Parlamentua (2014/05/25) Hauteskunde horietan guztietan emaitzak, oro har, Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko indar metaketa gisa interpreta daitezke. Iparraldeko bilakaerak bide beretik jo du gerora ere. Gaindegiak egindako mapa interaktiboetan oso argi ikus daiteke esandakoa.

Mapa Gaindegia       Azken urteetan (2011-2015) Bilduk, EH Baik, Amaiurrek eta EH Bilduk, edo, nahi bada, burujabetasunaren aldeko indar politikoek inoizko botere mailarik handiena lortu zuten, Gipuzkoako aldundia eta makina bat auzapez eta bestelako hautetsi. Euskal Herrian, oro har, bigarren indarra bilakatu da. Bazirudien horrek ekar ziezaiokeela aurrerabide esanguratsua burujabetasunaren prozesuari, den-dena alde baitzegoen. Aldebakartasunaren bidea urratzeko modua zegoela zirudien.  Ez da horrela gertatu. Azken hauteskundeen emaitzak, Udal eta Foru hauteskundeak (2015), aurrekoen emaitzen ildotikoak badira ere, apalagoak izan dira eta burujabetasunaren aldeko indarren botere maila txikiagoa utzi dute.

      Zer gertatu den ulertuko badugu, beharbada, hauteskundeen emaitzak aztertu aurretik 2011-2015 agintaldiaren balantzea egitea argigarria izan daiteke. Gure abiaburuko hipotesia da, oro har, politika sozialak, ekonomiakoak eta ingurumenekoak gailendu zaizkiela burujabetasunaren aldeko politikei edota lurralde eta identitate alorreko politikei . Asier Blas politilogoak esan du EH Bilduk burujabetasunaren alde eta ezkerreko indarra baino halako EAJ progre moduan jardun duela. Ez dugu horrela ikusten inondik inora ere. Izatekotan EH Bilduren jarduera azken urteotan jeltzale progreenari baino antz handiagoa hartzen diogu Podemos foruzalearenari. Hori bai, Bildu are aurrerazaleagoa, kontuan izanda Podemosek ez duela ahalegin txikirik ere erakutsi EH Bilduren ezkerreko politikak udaletan edo Gipuzkoako aldundian laguntzeko edo babesteko.

Herriaren aurkako jazarpena salatzen

       Aukera izan dugu azken urteotako ekimen politikoak gertu gertutik jarraitzeko. Horrela, EH Bilduren jarduerak hiru multzo nagusitara ekarri ditugu: gatazka gainditzeko jarduerak, burujabetasuna eta politika sozialak, ingurumena eta ekonomia. Gatazka gainditzeko jarduerak multzoan helburuak, diseinua eta ekimenak argi daudela uste dugu: foro soziala, presoen aldeko ekimenak, nazioarteko bilkurak eta alderdien arteko harremanak. Espainiako eta Frantziako estatuen itxikeria dela kasua prozesua kateatuta badago ere horrek ez du esan nahi jarduerak eta ahaleginak egin ez direnik. Aieteko adierazpenetik (2011/10/17) hasi eta Parisko Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa (2015/06/11) egin bitartean jarduerak eta ekimenak etenik gabekoak izan dira.

     Beste bi eremuei dagokielarik, zerrendatzen hasita, errazena arakatzeko, laburrena delako, burujabetasunaren, lurraldetasunaren, identitatearen edota ikurren eremuetan egindakoak dira. Bost mugarri aipa ditzakegu: gure esku dago (2014/06/28 eta 2015/06/21), Eskoziako erreferenduma (2014/09/18), Kataluniako kontsulta (2014/11/09) eta Euskal Bidea  BEC (2015/03/07) Mugarriak horiek izan dira, bai, baina adierazpenetatik harago, salbuespenak salbuespen, ez da garatu politika ildo eraginkorra ez erakundeetan ezta herri mugimenduetan.

Fracking ez Gasteizko Legebiltzarrean

      Hirugarren multzoa, politika soziala, ekonomia eta ingurumena, izan da, gure ustez, EH Bildu ezaugarritu duena. Hau da, EH Bilduk politika multzo horretan egin ditu jarduera gehien eta ahaleginik handiena. Zerrenda dezagun: murrizketen aurka, AHTren kontra, etxe desjabetzeen aurka, etxebizitzaren legea, erraustegiaren aurka, hondakinen kudeaketarako eredu berria (atez atekoa), fracking ez, ustelkeria kasuak (De Miguel, Epsilon, Bidegi, …), aurrezki-kutxen kontrol publiko eta sozialaren defentsa eta Kutxabanken pribatizazioen aurka, Euskaltelen pribatizazioaren aurka, zerga politika justuagoa (aberastasun handien gaineko zerga eta abar), lantegien itxieren aurka, erregulazio espedienteen aurka eta, azkenik, hizkuntza politika edo normalizazioaren aldeko jardun batzuk.

Kontrol publikoa eta soziala. Kutxa

     Horiek dira, oro har, Bilduren, Amaiurren eta EH Bilduren jarduera politikoa ezaugarritu duten ildoak, batzuk besteak baino garrantzitsuagoak, jakina. Esanak esan, jarduera-balantze horretan guk ez dugu ikusten inondik ere EAJ progre hori. Gure ustez, 2011-2015 agintaldiaren ezaugarri nagusiak, Bilduren jarduerari dagokionez, politika ezkertiarrak izan dira. Langileen eskubideak, zerga politika aurrerakoia, egitura publikoaren defentsa (hezkuntza, osasuna, zerbitzu sozialak eta abar), ingurumenaren babesa, hondakinen kudeaketa aurrerakoia, baliabide publikoen kudeaketa gardena eta zuzena, ustelkeria salatu, oinarrizko azpiegiturak zaindu eta eraberritu eta azpiegitura proiektu erraldoiak baztertu (portua, …) Horiek izan dira Bilduren, Amaiurren eta EH Bilduren jarduera politikoaren ezaugarri nagusiak, hori da egin dena, alegia.

      Jarduera-balantzea eginda azken hauteskundeen emaitzen interpretazioa egin dezakegu. Orokorrean, Euskal Herria osoari begira, boto abertzaleak eta, bereziki, ezker abertzalearen botoak eutsi egiten dio, 300.000 boto baino gehiago izatea nahiko lorpen esanguratsua baita. Edozein kasutan, EH Bilduren emaitzek bi joera desberdin erakutsi dute. Alde batetik, Araban eta Nafarroa Garaian, PPrekiko eta UPN-PPrekiko EH Bilduk irabazi du konfrontazioan, bestetik, Bizkaian eta Gipuzkoan galdu egin du EAJrekiko konfrontazioan. Aurreko hauteskunde kanpainetan ez bezala, hauteskunde hauetan EH Bilduk ez du apenas nazio mailako kanpainarik egin, lelo nagusitik harago herrialdeko diskurtsoak nagusitu dira.

     EH Bidluk galdu egin du EAJrekiko konfrontazioa, Bizkaian eta  Gipuzkoan, batez ere, eta ezkerretik Podemosekiko lehia ez du irabazi. Podemosek saihestu du EH Bildurekiko konfrontazioa, azeri jokatu du, zikin esango genuke. Bere proposamenaren ildo nagusiak EH Bilduren bertsuak izanagatik, hedabide eskuindarren diskurtsoa bereganatu du koalizioa kritikatzeko. Diskurtso demagogiko eta populista erabili du eta, aitortu behar, oso emaitza onak lortu ditu, batez ere, sozialisten eta, maila apalagoan, EH Bilduren bizkar.

     Gogoeta honekin irekitako eztabaidari gure ekarpena egin nahi diogu. Ez dugu uste hauteskundeen emaitzak klabe espainolean interpreta daitezkeenik. Ez dugu uste Euskal Herrian, edo Katalunian, gertatzen ari dena Espainiako Erresuman gertatzen ari denaren zaku berean sartu daitekeenik. Aldarrikatu nahi duguna da Euskal Herriaren auzia berariazkoa dela, Kataluniakoa berariazkoa den neurri berean. Euskal Herria Bildu koalizioa herri askapenerako lanabes gisa sortu zen, askapen sozialaren eta nazionalaren aldeko indarrak metatzeko, alegia. Sekulako lana egin bada ere, datozen hilabeteak erabakigarriak izan daitezke, besteak beste, aldaketa esanguratsuak gerta daitezkeelako. Gauzak ondo bidean, urte honetan, 2015ean, irailaren 27an, Euskal Herriarentzat data esanguratsuan, Kataluniako Printzerrian hauteskunde deialdi berezia izango da; haien emaitzen arabera gerta daiteke bertan prozesu konstituziogilea abiatzea. Espainiako Erresumaren pitzadura areagotu daiteke. Euskal Herria Bildu koalizioak berariazko erantzukizunak dauzka, erantzukizun handiak eta eginkizun asko.

     Lehena, bertatik bertarako jarduerak garatzeko beharra: Euskal Herriak euskal bidea, bide propioa, behar du, Euskal Herriak bere etorkizuna prestatu eta eraiki behar du, bere buruaren jabe izanez. Honi Euskal Bidea deitu diogu, bertatik bertarako politikagintza lehenesteko konpromisoa, euskal agenda partekatuz, politikagintza endogenoa lehen mailan kokatuz, gaur egungo menpekotasunezko harreman moldeak hobetzeko (bestela esanda, zama arintzeko saioetan murgiltzeko) tentaldia gaindituz.

       Seguru gaude Euskal Bidetik etorriko dela Euskal Herria Bilduren berrindartzea; hitzak ari bira, dugun egina.

Anton Borja Alvarez

         Antonen azken agurreko ekitaldian ez zen banderarik ikusi, ez banderarik ezta bestelako ikurrik ere. Lore sortak, lore sorta ugari, besterik ez. Lore sortak eta senideak, lagun minak eta adiskide asko. Jendetza bildu ginen Antonen omenez.

Anton Borja

      Anton Borja Alvarez Iralatik Oroimen Plazara etorri da, gure baitako plazara, alegia. Gerra osteko belaunaldikoa, askatasunaren umezurtz horietakoa, hori zen Anton. Diktadura faxista bizi arren, inoiz eta inor ez zuen makurrarazi. Bere belaunaldiko matxino horietako zen. Matxinoak ez ziren asko baina elkarren artean ezagunak ziren nor-nor zen ez bazekiten ere. Klandestinitatearen arauak.

        Bizitza osoa borrokatzen eta, hala ere, bizi. Elkartasunak bizi gaitu, Anton, justiziak eta askatasunak, zoriontasunak eta berdintasunak, … Gizon lasaia eta tematia. Oroimenaren Plazara mudatu zara, zure kontakizuna memoria ofizialen erregistroan arrastorik utzi gabe joan zara.

     Lasai, Anton, zure kontakizuna gurea baita, borrokatzen jarraitzen dugunon berbera. Baina guk ere ez diegu ezer kontatuko. Ez diegu deus esango klandestinitatean bizi izandako beldurraz eta egonezinaz, ez balukete ulertuko. Ez diegu kontatuko zerk lotu gintzaizkion borrokari eta elkarrekiko engaiamendua nolakoa zen. Ez ziguketen sinetsiko.

    Jarraituko borrokan, Anton. Galdetzen badigute zergatik, esango diegu askatasuna behar dugulako, jendarte justuagoa beharrezkoa eta posiblea delako. Galdetzen badigute, Anton, orduan kontatuko diegu gu baino lehen eta gurekin zu lako matxinoak ibili zirela, ibili ginela. Jakinaraziko diegu zer lan egiten zenuen, zer pentsatzen zenuen, zer nahi zenuen eta nola bizi zinen. Orduan zure ametsa biziberrituko dugu. Oroimenaren Plazan. Besarkada bana, Asun eta Eneko. Agur eta ohore, Anton.

Gora euskararen patrimonializazioa!

        Eusko Jaurlaritza euskararen alde egon? Euskararen alde egin!!! Lelo horrekin erakutsi zuen pankarta EHEk 19. Korrika Gasteiztik igarotzerakoan.

19. Korrika Gasteiztik igarotzean (www.elcorreo.com)

     Pankartaren aldarriak min egin zien arineketan ziharduten Jaurlaritzako arduradunei eta jarrera patrimonializatzailea salatu zuten iritzi artikuluan. Jaurlaritzako hizkuntza politikako arduradunak oso minberak izan ohi dira egiten zaizkien kritikekiko. Oharkabean pasa zitekeen pankartarena, berez, egindako kritikak, egotetik egitera eskatzeak, ez baitu horrenbesteko kargarik adierazten.

     Inorena ez eta guztiona dena norberarentzat gorde nahi izatea leporatzen diote Euskal Herrian Euskaraz elkarteari. Hori esateko, ordea, zorigaiztoko mailegua aukeratu dute: patrimonializazioa. Patrimonio sarrera jasota dago Orotariko Hiztegian baina Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan ez da jasotzen. Zehazki gaztelania-euskara hiztegian (EHU) patrimonio, euskaraz, ondare edo ondasun jartzen dute.

     Kontua da, guk irakurritako antropologiako zenbait lanetan patrimonializatzea ondare komunari eranstearen edo zabaltzearen adiera egozten zaiola. Hau da, horren adieran, euskara herritar ororen ondare komuna izatea, euskara patrimonializatzea izango litzateke. Beste era batera, euskarak gizarte osoaren beharra du: abertzaleena eta ez abertzaleena, ezkertiarrena eta eskuindarrena, era batera nahiz bestera pentsatzen dutenena; hori ere, euskara patrimonializatzea izango litzateke.

     Gure ustez, hori da EHEren asmoa: euskara patrimonializatzea, euskara herritar ororen ondarea bilakatzea, alegia. Bat gatoz. Dena den, badakigu Jaurlaritzaren arduradunaren asmoa iritzi artikuluari datxekiona oso bestelakoa dela. Badagokio, bai, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren defentsa egitea, 33 urteotan izandako lorpenak, aurrerabideak eta hazkuntzak azaltzea, nola ez. Soberan da, berriz, kritikak iraintzat hartzea, kritikatzailea gutxiestea eta kritikagileari izaera baztertzailea leporatzea. Jarrera baztertzailea itsusia da, oro har, eta onartezina administrazio publikoaren arduradunengan. Euskararen normalizazioa lortuko badugu, denok gara beharrezkoak eta denok dugu zer ekarria.

     Indarrean dagoen hizkuntza politika diseinatzen eta ezartzen duenaren ekarpena eta hizkuntza politika hori berori salatzen duenaren ekarpena, biak ahal biak aintzat hartzekoak dira. Jaurlaritza ez da orojakile, ez da ahalguztiduna, baina adostasuna bilatzearen ardura berari dagokio eremu publikoaren antolaketa eta kudeaketa berez dagokiolako. Indarrak batzeko garaia omen da, elkartzeko, errespetatzeko, osatzeko, gehitzeko eta euskara patrimonializatzeko. Saiatuko gara.

 

Interpelazioa Urkixo dela eta

     Autonomia Estatutuaren 33. artikuluak xedatzen du Lehendakariari dagokiola Espainiako Estatuaren ordezkaritza arrunta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehendakariari dagokio Jaurlaritzaren goren mailako ordezkaritza eta Lehendakariari dagokio Gasteizko Legebiltzarrak onartutako legeak ezagutzea, betetzea eta betearaztea. Zuri dagokizu Lehendakari jauna.

     Kontua da Lehendakariari sortu zaiola lehiakide bat Gasteizen bertan, Lehendakariak adina botere erakutsi nahi duena: Madrilgo Gobernuaren Ordezkaria. Itxuraz, Espainiako Erresumak bere ordezkaria izendatzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio-atalak koordinatzeko. Ustez, izan ere, Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jarduerak Lehendakariaren eskumenekin eta egin beharrekin teilakatzen baitira.

Gazte Abertzalearen afitxa

     Legebiltzarrak, 2013ko abenduaren 19an egindako Osoko Bilkuran onetsi zuen eskatzea Espainiako Gobernuko ordezkariaren kargua desagertzea. Artean, honela esaten genuen:

      Bat: Legebiltzarrak irmotasunez arbuiatzen du Gobernuaren ordezkariaren jarduna, herritarren oinarrizko eskubide eta askatasunak murrizten dituelako.

     Eta bi: Legebiltzarrak eskatzen du Espainiako Gobernuaren ordezkariaren figura eta datxezkion eskumenak desagertzea.

     Zer egin dute Lehendakariak eta Jaurlaritzak Legebiltzarrak erabakitako hori betetzeko? Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere horretan dirau, bistan da. Legebiltzarraren legez besteko proposamen hartatik urtebete igarota Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere horretan jarraitzen du-eta. Carlos Urkixo Valdivielso jauna, hori da, hain zuzen ere, Lehendakari jauna, zure eskumenak higatu eta zure betebeharrak gutxiesten dituena, zure lehiakidea eta, euskal herrialdeotan sarri askotan, zu baino gehiago agintzen duena. Ez litzateke horrela izan behar ez baitagokio inolako eskumenik Lehendakariaren gainetik agintzeko baina ez du inork ezer egiten Urkixoren agintekeria horiekin amaitzeko. Oraingo Espainiako Erresumako ordezkariak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ondo baino hobeto daki bere karguaren eskumenak noraino iristen diren eta edozein gauza ezin egin daitekeela.

      Espainiako Erresumako 6/1997 apirileko 14ko legeak arautu zituen Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren funtzio-eremuak eta eginkizunak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Nafarroa Garaian ere, bost dira Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren funtzio-eremuak:

  1. Sustapena (ekonomia)
  2. Industria eta energia
  3. Nekazaritza eta arrantza
  4. Osasun-alorra
  5. Hezkuntza alorreko goi mailako ikuskaritza.

      Horren arabera, esan dugunez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zein Nafarroa Garaiko Espainiako Gobernuaren Ordezkarien ardura, oro har, herrialde horietako estatuaren administrazio atalak koordinatzea da. Besterik ez. Alabaina, xedatutakoaren gainetik, Carlos Urkixo jaunak aurkitu du bidezidorra bere jukutriak eta gaiztakeriak egiteko; zuzenean egiterik ez dituenez auzitegien bitartez egiten ditu. Horrela, modu maltzurrean eta desegokian erabiltzen ditu estatuaren bitartekariak eta baliabideak, estatuko abokatua, besteak beste, helegiteak eta salaketak jartzeko.

      Espainiako Gobernuaren ordezkariak bostehun espediente inguru sustatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioekiko auzien epaitegietan. Horrez gainera, jakin nahi genuke zenbat informe eta ikerketa eskatu die Espainiako poliziei eta guardi zibilei, ehunka izango dira seguru asko. Urkixoren agintekeria maila noraino iristen den ez badakigu ere, badakigu jakin Urkixoren obsesioak zeintzuk diren: banderak, pankartak, euskal presoak, diru-laguntzak, euskal jaiak eta euskara. Berdin jotzen du udalen aurka, zein aldundien aurka, bereziki Gipuzkoakoaren kontra, edo herri elkarte zein erakundeen aurka, Udalbiltza dela edo besteren bat dela. Zergatik ametitzen zaizkio eraso guzti horiek?

      Esango dugu berriro ere, legeetatik eta arauetatik harago, arazoa da Espainiako Gobernuaren ordezkariak Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren gainetik agintzen duela. Bai, Lehendakariari eta Jaurlaritzari dagozkien eskuduntzak arautzen eta eraldatzen saiatzen delako etengabe Urkixo jauna. Bakarrik horrela uler daiteke Carlos Urkixo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ekimenak udalerrien eta herri-erakundeen aurka.

      Lehen aipatu dugu: Urkixoren obsesiotariko bat hizkuntza da. Gaztelania inposatu nahi du, kosta ahala kosta, eta bide batez euskara baztertu. Bitxia da Urkixoren legediaren erabilera maltzurra, nola, komeni zaionean Gasteizko Legebiltzar honek egindako legeak erabiltzen dituen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri administrazioetan euskararen erabilera sustatzeko politikak bere hastapeneko erreferentzia dauka 1982ko azaroaren 24ko 10/82 Oinarrizko Legean, euskararen erabilpena arauzkotzezkoan. Herri aginteei dagozkielarik, lege horrek xedatzen du herritar guztiek dutela eskubidea herri administrazioarekin nahi duten hizkuntza ofizialean harremanak izateko. Horrela, herri aginteen betebeharra xedatzen du, eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatua izan dadin.

      Urkixoren agintaldian, ordea, hainbat udalerritan (Aduna, Alegia, Antzuola, Arama, Altzaga, Itsasondo, Bergara, Beizama, Belauntza, Elgeta, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Oiartzun, Oñati, Amezketa, Pasaia, Usurbil, Gaintza, …) Espainiako Gobernuaren ordezkaria ari da helegiteak eta hainbat traba jartzen euskararen erabileraren normalizazioa gauzatu ahal izateko, harik eta euskararen erabileraren normalizazioa bera arriskuan jartzeraino. Gauza bera esan daiteke Espainiako Erregearen funtzionario horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka hasitako ekinbideaz.

     Euskal Herria Bilduk, berriro ere, Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren figura eta datxezkion eskuduntzak desagertzea eskatzen du, Gasteizko Legebiltzarrak aspaldian eskatu moduan. Lehendakari jauna, defendatu zure eskumenak eta betebeharrak, ez utzi Madrilgo Gobernuari Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren eskuduntzak erasotzen eta murrizten, eta ez utzi Gobernuaren ordezkari soil bati bertako legedia eta araubideak modu maltzurrean erabiltzen bertako erakundeen kontra, herritarren aurka. Legebiltzar honen babesa daukazu, Lehendakari jauna. Are gehiago, Legebiltzar honen agindua daukazu, Lehendakari jauna.

      Espainiako Gobernuaren ordezkariak ez dauka eskumenik hizkuntza politikan, ez dauka eskumenik esateko Euskal Herriko udaletan zer egin behar den eta zer ez den egin behar euskararen erabilerari dagokionez. Jaurlaritzaren esku dago, zure esku dago, Lehendakari jauna.

     Hamalau urte igaro dira Espainiako Erregeak sinatu zuela Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Estrasburgo, 1992ko irailaren 15). Gutun horrek bere hamargarren artikuluan, Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak, zehatz xedatzen zuen c) atalean: dokumentuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatzea baimentzea administrazioko agintariei dagokiela.

     Espainiako Erresumako administrazio publikoaren gaineko legediak, beste aldetik, tokian tokiko berariazko hizkuntzen erabilera arautu eta babesten du; 2568/86 azaroaren 28ko Errege Dekretua, tokiko administrazioen araubide juridikoari buruzkoa, bere 86. eta 110. artikuluetan xedatzen du berariazko hizkuntzen erabilera herri administrazioen jardueretan. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, azaroaren 26koa bere 36 artikuluan ahalbidetzen du tokian tokiko berariazko hizkuntzen erabilera.

      Espainiako Gobernuaren ordezkariak hori guztia jakin arren, nahiago izan du 10/82 Oinarrizko Legea, euskararen erabileraren normalizazioaren legea modu maltzurrean erabiltzea gaztelaniaren erabilera inposatzeko udalerri euskaldunetan. Utziko diozu Lehendakari jauna? Utziko diozu Legebiltzarrak gaitzetsitako ordezkari horrek epaitegiak erabiltzea euskararen normalizazioaren aurka?

     Zer asmo dauka Jaurlaritzak, oro har, eta Lehendakariak, zehazki, euskararen erabileraren normalizazioa defendatzeko herrialdeko eta tokiko administrazioetan, izapideak, aktak eta enparauak euskaraz normaltasunez egin ahal izateko?

Ez inposatu hizkuntza nagusia, ez eragotzi hizkuntza gutxituaren erabilera

     Euskara eta erdararen arteko asimetria, gaztelania izan zein frantsesa izan, fenomeno ezaguna da. Jakina denez, hizkuntzen arteko asimetria egoeran hizkuntza nagusiak (erdara) esparru eta funtzio guztiak bere egiten dituen bitartean hizkuntza gutxitua (euskara) esparru eta funtzio murritzetan zokoratzen da. Hortik, bada, hizkuntza gutxituari eremu urriko hizkuntza deitzearena.

     Hizkuntzen arteko asimetria egoeran, adiera hertsian, hizkuntza nagusia inposatu egiten da eta hizkuntza gutxituaren erabilera, berriz, eragotzi egiten da. Alderantziz ez da inoiz gertatzen; hizkuntza gutxitua inposatzea ez dakitenei ezinezkoa baita, alde batetik, eta, bestetik, hizkuntza nagusiaren erabilera eragoztea legez zigortzen delako. Inposizio kontuetan ere, asimetria baitago, hizkuntza bat inposatu ahal izateko hizkuntza nagusia izan behar baitu, nahita ere, ez dakitenei inposatzerik ez baitago. Hau da, hizkuntzen arteko ukipen egoeran, soilik hizkuntza nagusia (erdara) inposa daiteke eta hizkuntzen baten erabilera eragoztekotan hizkuntza gutxituaren (euskara) erabilera izan daiteke.

     Diskurtso zitala da hizkuntza gutxituaren hiztun elkarteari leporatzea ezin egin dezakeena: hizkuntza gutxitua inposatzea. Era berean, iraingarria da iradokitzea hizkuntza gutxituaren hiztun elkarteak hizkuntza nagusiaren erabilera eragotzi dezakeela justu alderantziz gertatzen denean. Zitalkeria da hizkuntza nagusiaren murgilean bizi behar duten hizkuntza gutxituaren hiztunei iradokitzea “ez dutela euren hizkuntza inposatu behar” eta “ez dutela erdararen erabilera eragotzi behar”. Zapalduari eta baztertuari trufa egitea da.

Kontsumitzailearen nahia

    Jaurlaritzak Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko 123/2008 Dekretuaren betetze mailaren azterketa aurkeztu zuen joan zen otsailaren bederatzian Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean.

     Agerraldian, Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera, Merkataritza eta Turismo sailburuordea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, Kontsumobideko zuzendaria, Merkataritza zuzendaria eta Turismo zuzendaria. Jaurlaritzaren sei goi karguk IKEI aholkularitza enpresak egindako azterlana aurkezteko. Aurkezpena hasi aurretik dokumentazioa banatu ziguten batzordekideoi. Batzordekide gehienok kexatu ginen aukerarik ez genuela taxuzko iritzirik emateko dokumentazioa aurkezpenaren unean bertan eman zigutelako. Gauzak horrela, Jaurlaritzaren propagandarako ekitaldia bilakatu zen aurkezpena. Oso ohitura itsusia da informazioa isilpean gordetzea eztabaidak eta kritikak saihesteko, Jaurlaritzaren arduradunek oztopatu barik legebiltzarkideen lana erraztu eta lagundu beharko bailukete.

     Edozein kasutan lan mardula aurkeztu ziguten, arretaz aztertzeak merezi du, seguru. Bien bitartean, sailburuordeak azaldutako datu esanguratsu batzuekin konformatu behar dugu. Datu bi, besterik ez dugu aipatuko. Lehena, egindako ikerketan laginaren erdia baino gehiagok, % 53 inguruk, ez zuela ezagutzen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen gaineko araudirik, 2008ko dekreturik gehienek ez zuten ezagutzen! Bigarrena, sektore pribatuan dekretuaren betetze maila % 22ra iristen dela doi-doi. Arduradunen hizkera politikoki zuzenean esaten duten eran: hobekuntzarako tartea oraindik handia da. Datuen gordintasunarekin jabetzen den edonorentzat, ostera, balantze larria da, datuek eurek erakusten dute aldaketa sakonak eta berehalakoak behar-beharrezkoak direla.

     Ez da bidezkoa kontsumitzaile guztiei, oro har, hizkuntza nagusia inposatzea, eta ez da bidezkoa sistematikoki hizkuntza gutxitua erabiltzea eragoztea. Ez baita bidezkoa hizkuntza gutxituaren hiztunak behartzea hizkuntzaz aldatzera. Une batez, iruditu zitzaigun sailburuordeak horrelako zerbait esan zuela. Oker geunden.

Euskaldunak atzerritarrak?

    Lagun batek esan zidan euskaraz jarduteak arrotz egiten gaituela, erdaldunek atzerritar gisa hartzen gaituztela, alegia. Une hartan ez nion ezer esan. Alde batetik, orain dela 50 urteko eztabaidak gogaitzen nauelako eta, bestetik, begien bistakoa behin eta berriz azaldu behar izatea zaila eta oso nekeza delako. Eztabaida antzuetan baino nahiago denbora eta gogoa idazteari ematea.

    Aurten Txillardegi izan da Euskararen Nazioarteko Egunaren izarra Jaurlaritzaren ospakizunetan.Ondo dago. Kontua da, BERRIA egunkariak 2014ko irailaren 30ean idatzi zuena: Euskara Batua abiatu zuen maluta, urriaren 1, 2, 3 eta 4, Astegunak hasi zireneko urtea, Batasunari putz egin ziotenak, H bonba eta Euskara, eskuara, euskera eta abarrak. Gerora, ez dakigu zeini otu zaion esatea Euskara Batuaren 50. urteurrena zela eta Jaurlaritzak hor izan gintuen, abenduaren 3an Lehendakaritzan, euskara batua gora eta euskara batua behera.

    Lagunaren gogoetaren abiapuntua hauxe da: euskaldunak arrotzak gara erdaldunentzat. Horregatik, esaten zuen, ez badugu nahi atzerritar gisa har gaitzaten espainolez hitz egin behar dugu. Franko politikari euskaldunek pentsatzen du horrela, gehienek esango nuke. Horregatik esaten digute politikari euskaldunok erdaraz, edo erdaraz ere, kasurako berdin dio, egin behar dugula.

    Txillardegik, hil eta hiru urteetara, lortu du bere bizitza osoan izan ez zuen aitorpena. Zalantzan gaude aitorpen zintzoa izan ote den baina, azken buru, aitorpena izan da. Ez pentsa, hizkuntza politikako arduradunek jarrera aldatu dutenik, ezta urrik ere! Betiko jarrera itxiari eusten baitiote. Abenduaren hiruan Txillardegiren irudia erakutsi eta bere aipuak egin zituzten, baina ekitaldi berean Luis Mitxelenaren hitz zaharkituak erabili zituzten Jose Luis Alvarezen ideien aurka jotzeko. Mitxelenaren bost idazlanetatik pasarte aukeratuak nahieran nahastu zituzten euren komenientzien arabera. Ez da bat ere dotorea izan, kortesia maila txikiena urratu dute eta. Elebitasunaren defentsa egiteko Mitxelenaren eta Karlos Santamariaren arteko eztabaidatik atera zuten: diglosiaren purgatoriotik ihesean goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Horrela esan zion Mitxelenak Santamariari Jakin aldizkarian argitaratutakoaren arabera.

Euskara Batuaren bultzagilea

    Urte latzak izan ziren hirurogei hamarraldikoak. Euskararen batasunaren aldeko borroka latza izan zen, hizkuntzaren borroka esker txarrekoa da-eta. Alderdi horretan gauzak ez dira asko aldatu. Oraindik orain, dogmatiko, taliban, maximalista eta antzeko birao edo okerragoak entzun behar ditugu aldi oro. Euskararen batasuna lortzea ez zen erraza izan. Orain euskara estandarra guztiona da, horrela izan behar du gainera. Hori, besteak beste, Txillardegiren lorpena da: Euskara Batua guztiona izatea.

    Lan gogorra egin behar izan dugu euskararen batasuna lortzeko eta euskara batua zabaltzeko. Orain, euskararen normalizazioaren bila urrats berriak egin behar ditugu, batez ere hizkuntzaren erabilera.

    Demagun lagunak esan zidana onartzen dugula, demagun arrazoi daukatela eta politikari euskaldunok erdaraz (ere) egin behar dugula gure mezua erdaldunengana iritsi dadin. Hori horrela, axioma horren ondorioak garbiak, sinpleak eta ukaezinak dira:

  1. Euskaraz dihardugun politikariok tokirik ez dugula oraingo politikagintzan
  2. Politikari erdaldunak balio anitzeko politikariak dira berdin hitz baitiezaieke erdaldunei zein euskaldunei.
  3. Euskaraz jarduteak ez du balio herritar guztiengana iristeko, balio mugatukoa da, beraz.
  4. Euskara, bada, hizkuntza gutxitua dela onartu behar dugu.

    Badakit jakin, erdaraz (ere) egin behar dugula defendatzen duten lagunak haserretu zaizkidala eta suhar eta zintzoki ukatuko dutela haiek horrelakorik pentsatzen dutenik ere. Sinetsi nahi diet, benetan, baina sinesmenak jarduera politikoen zioetan badaude ere, politikagintzaren ondorioak eta politikarien sinesmenak kasu gehienetan ez datoz bat.

    Euskaraz dihardugunok, oro har, managaitzak gara. Mugetatik at edo bazterrean dihardugulako. Kasurik onenean ikurra edo sinboloa izan gaitezke: sinpatikoak batzuentzat, itxiak eta intoleranteak bestetzuentzat. Halere, ez da hori gure xedea. Euskaraz egiten dugu euskararen normalizazioa lortzeko ezinbestekoa delako. Euskal Herria askearen alde jardun nahi dugu erdaraz (ere) egiten duten adiskideen ondoan baina euskaraz.

Hikuntza-laguntzak eta diru politika

     Gobernuari dagokio diru eta ondasun publikoen kudeaketa. Espainiako agintariek, autonomia elkargoetakoak barne, uste dute dirua, gobernuaren dirua, herritarrena baino eurena dela. Hau da, urteroko aurrekontua banatzen dutenean ez dakit nongo elkarteri edo hango erakunderi mesede egiten dietela diru-laguntzak esleitzerakoan. Ez da horrela, irakurleak dakienez, diru publikoa ez da agintariena eta diru publikoa jasotzen duten elkartek, erakundek edo dena delakoak jasotzeko baldintza jakinak bete behar izateaz gainera xehe-xehe zuritu behar izan ohi ditu diruarekin egindako gastuak, ordainketak eta abarrekoak, azken xentimoraino.

     Apur bat lotsagarria da azaldu behar izatea diru publikoa norena den. Horrela gabiltza, ostera. Euskarazko hedabideei banatutako diru-laguntzen auziaz natorkizue. Jaurlaritzak 2013 urtean 4799282 € banatu zituen 108 onuradunen artean, 2014 urtean, berriz, 115 onuradunen artean, 4836278 € banatu zituen, aurreko urtekoa baino %0,8 gehiago. Urte honetan (2014) zazpi onuradun berriek 77478 € jaso dituzte. Horiek horrela, berriek jasotakoa aparte utzita, 2013 eta 2014 urteetan diru-laguntzak jaso dituzten 108 onuradunentzat, 2014an 4758800 € banatu dira, aurreko urteko baino %0,8 gutxiago.

     Euskarazko egunkari bakarrari ezarritako diru-laguntzaren %14ko murrizketak, 210.000 €ko zigorrak, agerian utzi du, berriro ere, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren lehentasunak ez datozela bat euskararen hiztun elkarteko beharrizanekin. Jaurlaritzak zigortzen ditu Euskal Herri osoan banatzen diren hedabideak, zigortzen ditu zientzia dibulgazioa eta argitalpen zientifikoak eta akademikoak.

     Diru-laguntzen banaketa irizpide berriak izan omen dira murrizketen sorburua. Jaurlaritzak, ordea, bazekien jakin irizpide berriek kaltetzen zutela banaketa zabaleko hedabideak. Bazekien. Bazekin lanerako txosten batean horrela jakinarazi ziotelako:

     Dena dela, hemen aztertu beharra dago Berriaren kasua. Laguntza hauetan sartzearen bideragarritasuna eta sortu dezakeen distortsioa. Demagun irizpide berriekin ez zaiola orain arteko neurriko laguntza egokitzen. Jasangarria al da? Defendagarria? Aldizkari nazionala euskaraz, ez al da berez helburua?

     Aldizkariei dagokienen, laguntzak ez dira euskara hutsez egiten dutenentzat soilik izango. Hau bera aldaketa nabarmena izan daiteke, zeren aurrekontua, gehienez ere, berdina izango da, eta agian eskaeren kopurua aurrerantzean gehitu egingo da eta, beraz, bakoitzarentzat gutxiago. Erne, berriro ere, Berriaren emaitzekin.

     Itxuraz, dauden irizpideek helburu bakarra dute, eta hau “erreklamagarriak” ez izatea, hau da, erabat matematikoak izatea, nolabait esateko.

     Jaurlaritzak, bada, bazekien irizpide aldaketak zer zekarren. Jaurlaritza jakitun zegoela, ondorio bakarra atera daiteke: euskaraz argitaratzen diren hedabide nazionalak zigortu nahi zituela. Nahi eta egin.

     Diru-laguntzak sei eremutan banatu dira: egunerokoak, aldizkari orokor eta espezializatuak, tokiko aldizkariak, irratiak, tokiko telebista eta interneteko argitalpenak. Eremu guztiak dira garrantzitsuak euskararen normalizaziorako, jakina. Baina badira euskararen hiztun elkarte osoari begira sortuak eta tokian tokikoak. Bistan da, euskararen hiztun elkarte osoari begirakoak hedabide eratzaileak eta kohesiogileak direla.

     Badira izaera orokorreko berriak zabaltzen dituzten tokian tokiko hedabideak eta badira hedabide espezializatuak, zientziaren dibulgaziozkoak eta unibertsitate mailakoak. Biak dira garrantzitsuak, jakina, baina azken horiek hizkuntza biziberritzeko emankorragoak eta berritzaileagoak dira. Diru-laguntzen banaketa nolakoa hizkuntza politika halakoa.

     Diru-laguntzaren banaketak ondo islatzen ditu Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren lehentasunak. Gure ustez hizkuntza politikak, aspaldiko partez, segiziozaletasuna sustatzen du, euskalgintza zatitzea, lehenik, eta, ondoren, sakabanatzea bilatzen du. Euskararen normalizazioak, ordea, behar du euskararen hiztun elkartea eratzen duena, kohesio maila areagotzen duena, alegia.

Atxikimendua, motibazioa, sedukzioa eta hizkuntza-nazionalismo espainiarra

     Azken urteetako soziolinguistikaren psikologizazioak zientzia horretatik, psikologiatik, mailegu andana ekarri du soziolinguistikaren eremura: atxikimendua, motibazioa, jarrera, portaera eta abar. Ikerketa soziolinguistikoetan lagungarriak izan daitezke hiztunen portaerak hobeto ulertzeko, seguru. Kontzeptu horiek, ordea, soziolinguistikatik hizkuntza politikara iritsi dira eta, orain, arduradun politikoak, psikologo bihurturik, hizkuntzen arteko asimetria sendatu nahi dute psikoterapiaren bitartez. Diziplinartekotasuna berez ez da txarra, behar denean, jakina.

     Fernando Muniozguren Eibarko euskaltzale zenak esan ohi zuen euskara afektiboa zela efektiboena. Ez zuen arrazoi faltarik, hizkuntzarekiko atxikimenduak gaitasuna eta erabilera sendotzen laguntzen baititu. Alabaina, psikologiaren teoriak eta kontzeptuak taxuz eta neurriz erabili behar dira soziolinguistika hizkuntzaren psikologia soziala bihurtuko ez bada. Horrelako zerbait gertatu delakoan nago. Dena konpondu nahi dugu jarrerekin, motibazioarekin, atxikimenduarekin, gaitasunekin edo sedukzioarekin. Euskararen normalizazioa pertsona singularraren auzia bihurtu da: hiztunari, norbanakoari dagokio lortzea euskara berreskuratzea, irabaztea edo dena delakoa. Normalizazioaren giltzarria norbanakoa da. Hori da politikariek aurkitu duten aitzakia euren erantzukizunen zama arintzeko: euskaraz nahi beste hitz egiten ez bada euskaldunaren errua da.

     Halako batean sona handiko adituek esaten digute: kontuz! Gatazka ez zaio komeni euskarari; atxikimendua, sedukzioa, elkarren arteko adostasuna, aldeko jarrera, atsegina izatea, sustatzea, konbentzitzea eta limurtzea. Hori da egin behar duguna euskara salbatuko bada. Horrela, txintxo-txintxo joaten gara gure umeekin anbulatoriora pediatrarengana irribarre zabal eta euskara ahoan, baina pediatra erdalduna ipini digute. Txintxo-txintxo saiatzen gara gure begirale lanetan abegikor euskararen erabilera sustatzen umeen artean eta arduradun politikoek kale gorrira bidaltzen gaituzte ez dakigu ondo zergatik baina. Atseginak, abegikorrak izaten saiatzen gara eta trukean debekua eta gutxiespena besterik ez dugu jasotzen. Hizkuntza normalizazioaren alde dabiltzanek eta, oro har, hizkuntza politikak norbanakoarengandik harago badaukate zertan jardun.

Hizkuntza nazionalismoaz

     Hizkuntza gatazka? Gogoratzen zaidanetik ikusitako hamar gatazka-egoeretatik bederatzietan euskaldunak biktimak izan dira eta gatazka eragileak izan diren bakar horretan zerbait eskatzen ari zirelakoan. Hizkuntza gatazka sortzen dute gutxiespena, bazterketa eta debekua ezartzen dutenak. Euskaldunak otzan nahi gaituzte euskara hizkuntza gutxitu gisa betikotzeko.

     Kontua da euskararen normalizazioa lortu nahi badugu hizkuntza-nazionalismo espainiarrari aurre egin behar diogula. Juan Carlos Moreno Cabrerak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak eta Linguistika Orokorreko Katedradunak ondo azaltzen du nazionalismo espainiarraren ideia nagusiak:

  1. Espainiera da ondoen ulertzen den hizkuntza, katalanera, euskara, galiziera eta gainerako hizkuntza okerrago ulertzen baitira.
  2. Espainiera hizkuntza batua da; gainerako hizkuntzak zatikaturik daude dialektoetan
  3. Espainiera hizkuntza erabilgarria da; gainerako hizkuntzak erabilgarritasun txikiagokoak dira.
  4. Espainiera ez den hizkuntzak, oro har, pobretu, mugatu eta isolatu egiten du.
  5. Espainiera nahikoa da. Gainerako hizkuntzak ez jakitea ez da urritasun esanguratsua, hizkuntza horiek jakitea, izatekotan, bakan batzuen apeta besterik ez da.
  6. Espainiera ez diren gainerako hizkuntzen sustatzea beti inposizioa da, banakoen eskubideen urraketa da eta guztion hizkuntzaren (espainiera) aurkako eraso zuzena da, onartezina eta gaitzesgarria.
  7. Espainiera ez diren gainerako hizkuntzen sustatzea ez da beharrezkoa, ez-legezkoa, partikular zalea eta baztertzailea da eta hizkuntza komuna higatzeko erabiltzen dute.
  8. Espainiera ez den hizkuntzak jakin beharra aldarrikatzea gaitzesgarria eta onartezineko erasoa da.

     Duintasunik gabe ez dugu euskararen normalizazioa lortuko. Badirudi elebitasun orekatuaren diskurtsoaren psikologizazioaren aitzakian hizkuntza-nazionalismo espainiarra irentsarazi nahi digutela. Euskararen normalizazioa lortu ahal izateko, ostera, hizkuntza-nazionalismo espainiarraren maratilatik askatu behar dugu eta diskurtso propioa eraiki.

Euskararen militanteak

     Euskarak baditu euskaltzainak, euskaltzain-urgazleak, bidegileak, bultzagileak, …, eta militanteak. Guztiak dira beharrezkoak, guztiak dira onuragarriak euskararen biziraupenerako eta zenbat eta gehiago izan orduan eta hobeto euskararen normalizaziorako. Multzo horretatik, ostera, euskararen militanteak, nire ustez, euskara biziberritzeko eragile ezinbestekoak dira. Harluxet hiztegiak bere militante sarreran aipatzen ditu euskararen militanteak, zerbaiten alde ari dena edo helburu bat lortzearren ekintzak egiten dituena. Hori da militante ezaugarritzen duena: ekintza.

Iñaki Arregi (1953-2010)

     Euskararen normalizazio prozesuan arkitekto, gogoetagile, pentsalari, sermolari, misiolari eta diseinatzaile asko ezagutu ditut. Batzuk bikainak, beste batzuk zoragarriak eta bakanen batzuk txundigarriak. Euskararen militante, ostera, gutxiago ezagutu ditut, ez baitira nabarmentzen, euskararen ekintzaileak soslai grisekoak direlako. Beti daude hor, erne herriko elkartean edo euskalgintzako erakunderen batean lanean. Sarri askotan deserosoak dira, saiatuak, tematiak eta nekaezinak direlako.

     Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) hil zenean, laguna galtzearen oinazeari gehitu zitzaion burkidearen galera. Gauza izango al gara hark utzitako hutsunea betetzeko? Jakingo al dugu berak egindako lanari jarraipena ematen? Berak adinako kemena eta argitasuna izango al dugu?

Inazio Agirre (1948-2014)

     Euskararen militanteak beti daude ekintzarako prest, beti erne. Militanteak izan dira, ekin eta jarrai, euskararen hiztun elkarteko geruza antolatuaren batimendua eraiki dutenak. Eraikinaren igeltseroak dira, ezina ekinez egina esamoldeko subjektuak. Euskararen militanteei zor diegu, neurririk handienean, euskalgintzaren ekoizkin gehienak. Hemen bi besterik ez ditut aipatzen, gehiago aipa nezake: Joxemi Zumalabe (1950-1993), Joseba Kanpo (1955-2013), Joxean Lizarribar (1951-2013), ….

     Maiz militanteek jasan behar dute euren elkarteko kideen gutxiespena eta trufak: taliban linguistikoak deitu ohi dizkiete. Baina euskararen militanteak, benetako militanteak, ez du sekula santan amore ematen. Tinkotasuna da militanteen behineneko ezaugarria. Euskararen militantea atetik agertzen denean, jendea euskaraz hizketan hasten da, haien presentzia soilak euskararen erabilera sustatzen du. Alabaina militante horiek desagertzen direnean guztiek sumatzen dute utzitako hutsunea, aldekoak konturatzen direlako zein den garrantzitsua eta eraginkorra egiten duten lana eta, aurkakoak lasaiago jardun dezaketelako euskararen kontra.

     Inazio Agirre hil berri zaigu. Ganora bizi bete gogo zuenean hil zaigu ere. Euskararen militante bat gutxiago eta ez nolanahiko militantea. Azken urteotan Inazio kezkaturik zegoen hizkuntza politikan atzera pausoak ematen ari ginelakoan. Baten batzuk partitzen genuen bere kezka, gutxi batzuk egia aitortu behar badugu. Orain gutxiago izatearen sentipena iltzatu zaigu bihotzean. Berriro ere, zalantzak eta beldurra. Gauza izango al gara hark utzitako hutsunea betetzeko? Jakingo al dugu berak egindako lanari jarraipena ematen? Berak adinako kemena eta argitasuna izango al dugu?

     Bihoakio Inaziori dagokion aitorpena. Omenaldia egingo diogu, jakina. Dena den, une honetako oinazearen gainetik aurrera jarraitzeko behar adinako adorea eta kemena bilduko dugu euskara biziko bada Inazio eta gainerako euskararen militanteen oroimena betirako izatea nahi dugulako. Gure ahotan, euskaraz ari garelarik, Euskal Herrian Euskaraz, euskararen militanteen gogorapena biziberritzen dugulako, hizkuntza, euskara bera, biziberritzen dugun eran.