Erabaki ahal dezakegulako

             Krisi ekonomikoa, krisi sistemikoa, Europa Batasuneko krisia, Espainiako Erresumako krisia, ohiko alderdi politikoen krisia, estatuaren eta lurralde ereduaren krisia, … Krisia nonahi. Ez zaigu antzeko egoerarik gogoratzen. Horri guztiorri eransten badiegu 2014. urtean, irailaren 18an Eskoziako independentziaren gaineko erreferenduma eta, urte berean azaroaren 9an, Kataluniako Printzerrian independentziari buruzko kontsulta, askapen prozesuetarako aukera paregabeak izan zitezkeela pentsa dezakegu. Egoera egongaitzak direlako: aldaketa egoerak, alegia.

2014ko azaroak 9 Katalunia

       Euskal Herrian, 2010 urteko udagoieneko Gernikako Akordioa, ETAren 2011 urte hasierako erabakia, alde batetik, Sortu alderdia, Bildu koalizioaren sorrera, EH Bai Iparraldeko koalizioa eta Espainiako Estatuko krisia, orokorrean, ilusio oldarraren sorburuak izan ziren. Kantonamenduko hauteskundeak (EH Bai 2011), Udal eta Foru hauteskundeak (Bildu 2011), Madrilgo Gorteetarako hauteskundeak (Amaiur 2011), hauteskunde legegileak (EH Bai 2012), Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak (EH Bildu 2012) eta Europako Parlamentua (2014/05/25) Hauteskunde horietan guztietan emaitzak, oro har, Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko indar metaketa gisa interpreta daitezke. Iparraldeko bilakaerak bide beretik jo du gerora ere. Gaindegiak egindako mapa interaktiboetan oso argi ikus daiteke esandakoa.

Mapa Gaindegia       Azken urteetan (2011-2015) Bilduk, EH Baik, Amaiurrek eta EH Bilduk, edo, nahi bada, burujabetasunaren aldeko indar politikoek inoizko botere mailarik handiena lortu zuten, Gipuzkoako aldundia eta makina bat auzapez eta bestelako hautetsi. Euskal Herrian, oro har, bigarren indarra bilakatu da. Bazirudien horrek ekar ziezaiokeela aurrerabide esanguratsua burujabetasunaren prozesuari, den-dena alde baitzegoen. Aldebakartasunaren bidea urratzeko modua zegoela zirudien.  Ez da horrela gertatu. Azken hauteskundeen emaitzak, Udal eta Foru hauteskundeak (2015), aurrekoen emaitzen ildotikoak badira ere, apalagoak izan dira eta burujabetasunaren aldeko indarren botere maila txikiagoa utzi dute.

      Zer gertatu den ulertuko badugu, beharbada, hauteskundeen emaitzak aztertu aurretik 2011-2015 agintaldiaren balantzea egitea argigarria izan daiteke. Gure abiaburuko hipotesia da, oro har, politika sozialak, ekonomiakoak eta ingurumenekoak gailendu zaizkiela burujabetasunaren aldeko politikei edota lurralde eta identitate alorreko politikei . Asier Blas politilogoak esan du EH Bilduk burujabetasunaren alde eta ezkerreko indarra baino halako EAJ progre moduan jardun duela. Ez dugu horrela ikusten inondik inora ere. Izatekotan EH Bilduren jarduera azken urteotan jeltzale progreenari baino antz handiagoa hartzen diogu Podemos foruzalearenari. Hori bai, Bildu are aurrerazaleagoa, kontuan izanda Podemosek ez duela ahalegin txikirik ere erakutsi EH Bilduren ezkerreko politikak udaletan edo Gipuzkoako aldundian laguntzeko edo babesteko.

Herriaren aurkako jazarpena salatzen

       Aukera izan dugu azken urteotako ekimen politikoak gertu gertutik jarraitzeko. Horrela, EH Bilduren jarduerak hiru multzo nagusitara ekarri ditugu: gatazka gainditzeko jarduerak, burujabetasuna eta politika sozialak, ingurumena eta ekonomia. Gatazka gainditzeko jarduerak multzoan helburuak, diseinua eta ekimenak argi daudela uste dugu: foro soziala, presoen aldeko ekimenak, nazioarteko bilkurak eta alderdien arteko harremanak. Espainiako eta Frantziako estatuen itxikeria dela kasua prozesua kateatuta badago ere horrek ez du esan nahi jarduerak eta ahaleginak egin ez direnik. Aieteko adierazpenetik (2011/10/17) hasi eta Parisko Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa (2015/06/11) egin bitartean jarduerak eta ekimenak etenik gabekoak izan dira.

     Beste bi eremuei dagokielarik, zerrendatzen hasita, errazena arakatzeko, laburrena delako, burujabetasunaren, lurraldetasunaren, identitatearen edota ikurren eremuetan egindakoak dira. Bost mugarri aipa ditzakegu: gure esku dago (2014/06/28 eta 2015/06/21), Eskoziako erreferenduma (2014/09/18), Kataluniako kontsulta (2014/11/09) eta Euskal Bidea  BEC (2015/03/07) Mugarriak horiek izan dira, bai, baina adierazpenetatik harago, salbuespenak salbuespen, ez da garatu politika ildo eraginkorra ez erakundeetan ezta herri mugimenduetan.

Fracking ez Gasteizko Legebiltzarrean

      Hirugarren multzoa, politika soziala, ekonomia eta ingurumena, izan da, gure ustez, EH Bildu ezaugarritu duena. Hau da, EH Bilduk politika multzo horretan egin ditu jarduera gehien eta ahaleginik handiena. Zerrenda dezagun: murrizketen aurka, AHTren kontra, etxe desjabetzeen aurka, etxebizitzaren legea, erraustegiaren aurka, hondakinen kudeaketarako eredu berria (atez atekoa), fracking ez, ustelkeria kasuak (De Miguel, Epsilon, Bidegi, …), aurrezki-kutxen kontrol publiko eta sozialaren defentsa eta Kutxabanken pribatizazioen aurka, Euskaltelen pribatizazioaren aurka, zerga politika justuagoa (aberastasun handien gaineko zerga eta abar), lantegien itxieren aurka, erregulazio espedienteen aurka eta, azkenik, hizkuntza politika edo normalizazioaren aldeko jardun batzuk.

Kontrol publikoa eta soziala. Kutxa

     Horiek dira, oro har, Bilduren, Amaiurren eta EH Bilduren jarduera politikoa ezaugarritu duten ildoak, batzuk besteak baino garrantzitsuagoak, jakina. Esanak esan, jarduera-balantze horretan guk ez dugu ikusten inondik ere EAJ progre hori. Gure ustez, 2011-2015 agintaldiaren ezaugarri nagusiak, Bilduren jarduerari dagokionez, politika ezkertiarrak izan dira. Langileen eskubideak, zerga politika aurrerakoia, egitura publikoaren defentsa (hezkuntza, osasuna, zerbitzu sozialak eta abar), ingurumenaren babesa, hondakinen kudeaketa aurrerakoia, baliabide publikoen kudeaketa gardena eta zuzena, ustelkeria salatu, oinarrizko azpiegiturak zaindu eta eraberritu eta azpiegitura proiektu erraldoiak baztertu (portua, …) Horiek izan dira Bilduren, Amaiurren eta EH Bilduren jarduera politikoaren ezaugarri nagusiak, hori da egin dena, alegia.

      Jarduera-balantzea eginda azken hauteskundeen emaitzen interpretazioa egin dezakegu. Orokorrean, Euskal Herria osoari begira, boto abertzaleak eta, bereziki, ezker abertzalearen botoak eutsi egiten dio, 300.000 boto baino gehiago izatea nahiko lorpen esanguratsua baita. Edozein kasutan, EH Bilduren emaitzek bi joera desberdin erakutsi dute. Alde batetik, Araban eta Nafarroa Garaian, PPrekiko eta UPN-PPrekiko EH Bilduk irabazi du konfrontazioan, bestetik, Bizkaian eta Gipuzkoan galdu egin du EAJrekiko konfrontazioan. Aurreko hauteskunde kanpainetan ez bezala, hauteskunde hauetan EH Bilduk ez du apenas nazio mailako kanpainarik egin, lelo nagusitik harago herrialdeko diskurtsoak nagusitu dira.

     EH Bidluk galdu egin du EAJrekiko konfrontazioa, Bizkaian eta  Gipuzkoan, batez ere, eta ezkerretik Podemosekiko lehia ez du irabazi. Podemosek saihestu du EH Bildurekiko konfrontazioa, azeri jokatu du, zikin esango genuke. Bere proposamenaren ildo nagusiak EH Bilduren bertsuak izanagatik, hedabide eskuindarren diskurtsoa bereganatu du koalizioa kritikatzeko. Diskurtso demagogiko eta populista erabili du eta, aitortu behar, oso emaitza onak lortu ditu, batez ere, sozialisten eta, maila apalagoan, EH Bilduren bizkar.

     Gogoeta honekin irekitako eztabaidari gure ekarpena egin nahi diogu. Ez dugu uste hauteskundeen emaitzak klabe espainolean interpreta daitezkeenik. Ez dugu uste Euskal Herrian, edo Katalunian, gertatzen ari dena Espainiako Erresuman gertatzen ari denaren zaku berean sartu daitekeenik. Aldarrikatu nahi duguna da Euskal Herriaren auzia berariazkoa dela, Kataluniakoa berariazkoa den neurri berean. Euskal Herria Bildu koalizioa herri askapenerako lanabes gisa sortu zen, askapen sozialaren eta nazionalaren aldeko indarrak metatzeko, alegia. Sekulako lana egin bada ere, datozen hilabeteak erabakigarriak izan daitezke, besteak beste, aldaketa esanguratsuak gerta daitezkeelako. Gauzak ondo bidean, urte honetan, 2015ean, irailaren 27an, Euskal Herriarentzat data esanguratsuan, Kataluniako Printzerrian hauteskunde deialdi berezia izango da; haien emaitzen arabera gerta daiteke bertan prozesu konstituziogilea abiatzea. Espainiako Erresumaren pitzadura areagotu daiteke. Euskal Herria Bildu koalizioak berariazko erantzukizunak dauzka, erantzukizun handiak eta eginkizun asko.

     Lehena, bertatik bertarako jarduerak garatzeko beharra: Euskal Herriak euskal bidea, bide propioa, behar du, Euskal Herriak bere etorkizuna prestatu eta eraiki behar du, bere buruaren jabe izanez. Honi Euskal Bidea deitu diogu, bertatik bertarako politikagintza lehenesteko konpromisoa, euskal agenda partekatuz, politikagintza endogenoa lehen mailan kokatuz, gaur egungo menpekotasunezko harreman moldeak hobetzeko (bestela esanda, zama arintzeko saioetan murgiltzeko) tentaldia gaindituz.

       Seguru gaude Euskal Bidetik etorriko dela Euskal Herria Bilduren berrindartzea; hitzak ari bira, dugun egina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude