Euskaldun izatea zein gogorra den

        Jon Eskizabelek Berrian idatzi du barrenak nahastu zitzaizkiola  Gasteizko legebiltzarkideok grabatu genuen zaindu maite duzun hori bideoa ikusterakoan. Ulertzen dut. Nik parte hartu nuen grabaketa horretan orpoz orpo EAJ, PSE-EE, PP eta UPyD taldeetako legebiltzarkideekin. Zalantza handiak izan nituen grabazioan parte hartu ala ez, zalantza handiak izan nituen Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu ala ez. Zalantza-balantza, azkenean, parte hartu nuen hauteskundeetan eta parte hartu dut grabazioan. Banekien jakin bide horretan euskararen etsaiekin eta abertzaleen aurkari amorratuekin topo egin behar nuela. Horrek barrenak nahastu egiten dizkit, bai. Baina horiekin topo egitea, hain zuzen ere, hori berori izan zen arrazoietariko bat parte hartzeko Gasteizko Legebiltzarrean. Legebiltzar hori ez dut neure sentitzen, arrotz sentitzen dut oraindino, baina euskararen etsaien eskuetan egon daitekeen ikuste soilak sutu egiten nau. Gasteizko Legebiltzarrera joaterakoan Euskal Herriaren eta euskararen aurkariei aurre egitea deliberatu nuen, dauden lekuetan daudela. Ikusiko dugu zein neurritan lortzen dugun Gasteizko Legebiltzarra euskararen eta Euskal Herriaren biziraupenerako oztopo ez izatea. Momentuz, ez dut damurik hartutako erabakiekin. Euskararentzat edo Euskal Herriarentzat kaltegarria dela pentsatuko banu, une horretan bertan utziko nuke Legebiltzarra. Zalantza oraindik ez dut argitu.

          Aztoragarria da eraso egiten gaituenarekin lan egin behar izatea, niretzat behintzat hala da. Halere, seguru nago beraientzat askoz ere mingarriagoa dela gurekin nahas-mahasean ibili behar izatea. Uste zuten, eta horrela esaten zuten, Gasteizko Legebiltzarra beraiena zela eta guk ez genuela bertan egoteko eskubiderik. Beren amorrurako gu bigarren indarra gara Gasteizko Legebiltzarrean. Egia da, ez daukagula eskarmentu handirik horrelako erakundeetan, baina erabateko determinazioa daukagu Legebiltzar hori euskararen eta askatasunaren aldeko lanabesa izan dadila. Horretarako etorri gara eta ahalegin horretan jarriko ditugu gure indar guztiak.

          Zaindu maite duzun hori abesten genuenean ikusi nituen euskararen etsaien aurpegiak eta tripak irauli zitzaizkidan. Euskaldun izatea zein nekeza den kantatzerakoan nekeza baino gogorra atera zitzaidan barru barrutik, ez nintzen konturatu. Ez da erraza. Beharbada legebiltzarkideen inguruan antolatzen diren ikuskizun guztietan ez genuke parte hartu behar. Beharbada. Alabaina, Gasteizko Legebiltzarrean parte hartzearekin batera konpromisoa hartu dugu lana egingo dugula Euskal Herriaren alde, presoen askatasunaren alde eta euskararen alde, besteak beste.

      Ez dakit zeinek aukeratu zuen Zaindu maite duzun hori olerkia Euskal Kantuen Gaua telesaiorako. Ez dakit, baina pentsatzen dut hark jakingo zuela, noski, abestiaren sakoneko adiera, letragilea eta kantuaren nondik norakoak zeintzuk diren. Jakin nahiko nuke kantua aukeratu duen bihurri hori nor den, PPko eta UPyDko legebiltzarkideen ahotan muturreko abertzaleen hitzak jarri duena ezagutu nahiko nuke, bai. Ziri ederra sartu die gorroto duten hori kantarazi duten horiei.

        Aitortu behar dut lotsak nagoela eta sekula egin ez ditudan gauzak helduaro berantiar honetan egiten ari naizela. Aitortu behar dut ere, esfortzu handiak kostatzen zaizkidala, tripetako min bat edo beste, eta aurreiritzi bat baino gehiago gainditzea. Argi daukat, ostera, gauzak aldatzeko asmoz etorri garela Gasteizko Legebiltzarrera. Ondo dago kritika, ongi etorri izan dadila. Baina egin dakigukeen kritikarik zorrotzena euskaldunen aurkarien ondoan euskaldun izatea zein nekeza den abestea bada, bejondeigula! Edozein kasutan, eskerrak eman nahi dizkiot Jon Eskizabeli bere iritzia eta ikuspegi kritikoarengatik. Azken buru, horri, batez ere horri, erantzun behar diogulako. Eskerrik asko.

Iruzkinak (15)

  • Imanol Ubeda says:

    Ziria sartu diela? Faborez. Horiei bost axola kantuak zer dioen, edota kantuaren harira gure artean piztuko diren ika-mikak. Euskaraz kantuan aterako dira Gabonetan, listo! Horrekin kunplitu dute urte osorako. Auzo-lotsa ematen duena da (suabe esatearren) zuek hor ikustea eurekin. Eta oraindik ez dut ulertzen zuen taldean inork (eta ez zarete bat edo bi bakarrik) ez jabetzea tamainako eskandaluaz. Kantua ez ezik, kantuak askorentzat duen balioa zapaltzen lagundu duzuelako.

    • irakurri says:

      Aupa Imanol!
      Ohartxo bat: Irakurri Xabierren testua, hartu arnasa sakon, hausnartu tartetxo bat ta gero irakurri zure erantzuna.
      Emango dizkidazu eskerrak beste baten. Benga, ondo segi!

  • Guztiz zuzena iruditzen zait Xabier Isasi euskaraz kantuan aritzea, euskara maitatzea, abesti oso aproposa kantatzea. Eta ohartu zaitezte Gorka Maneiro oso ondo abestu duela eta gure kolonbiar-euskalduna ere (barkatuko didazu, izena ez dut orain gogoratzen), eta Julen eta Laura eta Juanjo eta zeu ere, noski. Aurrera bolie!

  • Arkaitz Zarraga Azurmendi says:

    Baaa… egia esan, bideoa ikusi nuenean harigarria egin zitzaidan, zaindu maite duzun hori halako elementuei entzuteak harridura sortzen du, zalantzarik gabe. Hala ere, ez nioke beti modu kritikoan begiratuko. Ez nintzateke hain kontu “sinbolikoengatik” haserretuko! ISasi lagunak eta besteek badute han zeregin garrantzitsuagorik eta seguru nago irmo eta irizpide sendoz egingo dutela lan hori, batzuen kasuan inork baino hobeto egingo dutela esango nuke gainera. Beraz, ez gaitezen hain ipurterreak izan. Kritikoak bai, ipurterreak ez!! Erabil ezazue, Xabier, euren “kantaldia” euskararen aldeko urratsak emateko. Eurek ere “onartzen” eta “aitortzen” dute euskaldun izatea nekeza dela eta, ondorioz, “zaindu” behar dugula. Zain dezagun bada, eman diezaiogun euskarari behar duena “guztion” babesa erabilita.
    Aupa zuek!

  • zakarias aiztierdi says:

    Tira, Imanol, ez zara zu jarriko ongiaren eta gaizkiaren gainetik, ala? zuek ere abestu duzue euskararen mesedetan deus egin ez duen Mikel Erentxunekin (Lau Teilatu euskaraz abestea…), Espainiako Erregearekin Donostian argazkitan agertzeko erreparorik izan ez duenarekin, Espainiako selekzioak irabazita kalean piperpotoak ikusteaz poztu zenarekin.

  • Fermin galparsoro says:

    Lotsagarria! Noski hau anekodota bat dela, baina esanguratzua da, oso! Bandera espaiñolaren asuntoa, gabonetako pagaren asuntoa… anekdotak baita era. Baina anekdota hauek instituzio espaiñoletan lanean gabiltzala eta ondorioz ezer irabazterik ez daukagula baino ez dabe erakusten.

  • Irati Iciar says:

    Xabier, zu ezagututa badakit aipatzen dituzun burukominak eta zalantzak benetakoak izan direla eta kantuaren pilula ez dela irensteko gozoa izan (etorkizunean etorriko diren beste asko bezala). Nire ustez, ausartak izan zarete, zuen goragaleari aurre egin, polemikoa aurreikusten zen erabakia hartu eta ala, abestera! Legebiltzarrean gaude eta horretaz baliatu behar gara, horretarako ematen dizkiguten tresna guztiak erabilita, telebistako gabonetako programak barne.
    Besarkada handi-handi bat.

  • Edorta Agirre says:

    Orain arte nonahi koherentzia, gizatasuna, agertu duen lagunari debaldeko laido horiek jaurtitzea ere…! Herri honetako parte batek frontoi horretan joka dezagun erabaki duenez, horko arauak bete beharko. Bestela, badakizu. Nik uste dut ezker abertzaleak Kontzepzio Immakulatuarena larregi, luzeegi egin duela, gaur ez duela merezi horren xahu eta pulkroa izatea. Txikitan (orain bost dozenatxo urte) derrigorrez Cara al sol edo Oriamendi kantatzen genuenean bezalako aldartea nozituko zuen batek eta bik baino gehiagok oraingoan Ruperren himnoa interperetatzean. Baina… frontoi horretan jokatu beharko horiek ere, gerraren bat irabazi duten arren.
    Beste kontu bat da Laura Mintegi Joseba Egibarri espainolez mintzatzea eta Egibarrek Mintegiri espainolez erantzutea: ez dut uste jokaera hori denik nahitaezkoa frontoi horretan. Bideak, eskarmentuak zuzenduko dizkio okerrak dabilenari. Kritika bakarrik egiten duenari, nekez.

  • Imanol Ubeda says:

    Ez naiz anonimotasunetik ari, beraz, niri zuzendutakoak ere antzeko mailatik egitea gustatuko litzaidake. Ez naiz ni Erentxun defendituko duena. Baina ez naiz ni PP eta UPyDkoekin kantuan jarri dena, are gutxiago, PP eta UPyDkoekin batera era zabarrean euskaldunoi zuzenduriko kantu adierazgarri bat bortxatu duena. Eta hala ikusten ez baduzue oso ondo. Segi bizkor. Ruperrek hitz egin du gaur, eta argi geratu zait nire haserrealdia ez dela fundamentu gabekoa izan (asmatuko duzue non topatu bere adierazpenak).

    • irakurri says:

      Gauza bat da EH Bilduren jokaera gustuko ez izatea, Xabierren azalpenarekin bat ez etortzea, eta beste bat abestiaren balioa zapaldu duela egoztea, nor eta euskararen alde lan egiten duen horri.
      Ruperrek bere abestiekin hitz egiten du, eta zu ez zara bere esentziaren zaindari. Ez behintzat Ruperren gainontzeko entzuleena baino gehiago.

  • Imanol Ubeda says:

    Noski ez naizela bere esentziaren zaindari. Nik ez dut inor ordezkatzen. Ni niregatik ari naiz, niregatik baino ez. Nire iritzia ematen ari naiz iritzi-artikulu honen egileak iritzia emateko aukera ahalbidetu duelako. Eta nire izenean. Ez zu bezala. Beraz, ez egotzi niri zaindaritzarik eta horrelako pitokeriarik, are gutxiago anonimotasunetik.

  • Kantuaren bideoa ikusi nuelarik “ahalkemangarria!” da bururat etorri zitzaitan hitza. Ahalkemangarria gure eta eskuararen kontra diren horiek kantu hori kantatzen ikustea, ahalkemangarria Egunkaria hestea ahalbideratu zutenak kantu hori kantatzen ikustea, ahalkemangarria Egunkaria hetsia izateaz kontent diren horiek kantu hori kantatzen ikustea, ahalkemangarria zuek farsa hortan ikustea, ahalkemangarria Ruperri egin behar zinuten sakrilegioaz deus aipatu ez izana, ta ahalkemangarria hain gaizki kantatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude