Euskara eta erdararen arteko asimetria, gaztelania izan zein frantsesa izan, fenomeno ezaguna da. Jakina denez, hizkuntzen arteko asimetria egoeran hizkuntza nagusiak (erdara) esparru eta funtzio guztiak bere egiten dituen bitartean hizkuntza gutxitua (euskara) esparru eta funtzio murritzetan zokoratzen da. Hortik, bada, hizkuntza gutxituari eremu urriko hizkuntza deitzearena.
Hizkuntzen arteko asimetria egoeran, adiera hertsian, hizkuntza nagusia inposatu egiten da eta hizkuntza gutxituaren erabilera, berriz, eragotzi egiten da. Alderantziz ez da inoiz gertatzen; hizkuntza gutxitua inposatzea ez dakitenei ezinezkoa baita, alde batetik, eta, bestetik, hizkuntza nagusiaren erabilera eragoztea legez zigortzen delako. Inposizio kontuetan ere, asimetria baitago, hizkuntza bat inposatu ahal izateko hizkuntza nagusia izan behar baitu, nahita ere, ez dakitenei inposatzerik ez baitago. Hau da, hizkuntzen arteko ukipen egoeran, soilik hizkuntza nagusia (erdara) inposa daiteke eta hizkuntzen baten erabilera eragoztekotan hizkuntza gutxituaren (euskara) erabilera izan daiteke.
Diskurtso zitala da hizkuntza gutxituaren hiztun elkarteari leporatzea ezin egin dezakeena: hizkuntza gutxitua inposatzea. Era berean, iraingarria da iradokitzea hizkuntza gutxituaren hiztun elkarteak hizkuntza nagusiaren erabilera eragotzi dezakeela justu alderantziz gertatzen denean. Zitalkeria da hizkuntza nagusiaren murgilean bizi behar duten hizkuntza gutxituaren hiztunei iradokitzea “ez dutela euren hizkuntza inposatu behar” eta “ez dutela erdararen erabilera eragotzi behar”. Zapalduari eta baztertuari trufa egitea da.
Jaurlaritzak Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko 123/2008 Dekretuaren betetze mailaren azterketa aurkeztu zuen joan zen otsailaren bederatzian Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean.
Agerraldian, Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera, Merkataritza eta Turismo sailburuordea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, Kontsumobideko zuzendaria, Merkataritza zuzendaria eta Turismo zuzendaria. Jaurlaritzaren sei goi karguk IKEI aholkularitza enpresak egindako azterlana aurkezteko. Aurkezpena hasi aurretik dokumentazioa banatu ziguten batzordekideoi. Batzordekide gehienok kexatu ginen aukerarik ez genuela taxuzko iritzirik emateko dokumentazioa aurkezpenaren unean bertan eman zigutelako. Gauzak horrela, Jaurlaritzaren propagandarako ekitaldia bilakatu zen aurkezpena. Oso ohitura itsusia da informazioa isilpean gordetzea eztabaidak eta kritikak saihesteko, Jaurlaritzaren arduradunek oztopatu barik legebiltzarkideen lana erraztu eta lagundu beharko bailukete.
Edozein kasutan lan mardula aurkeztu ziguten, arretaz aztertzeak merezi du, seguru. Bien bitartean, sailburuordeak azaldutako datu esanguratsu batzuekin konformatu behar dugu. Datu bi, besterik ez dugu aipatuko. Lehena, egindako ikerketan laginaren erdia baino gehiagok, % 53 inguruk, ez zuela ezagutzen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen gaineko araudirik, 2008ko dekreturik gehienek ez zuten ezagutzen! Bigarrena, sektore pribatuan dekretuaren betetze maila % 22ra iristen dela doi-doi. Arduradunen hizkera politikoki zuzenean esaten duten eran: hobekuntzarako tartea oraindik handia da. Datuen gordintasunarekin jabetzen den edonorentzat, ostera, balantze larria da, datuek eurek erakusten dute aldaketa sakonak eta berehalakoak behar-beharrezkoak direla.
Ez da bidezkoa kontsumitzaile guztiei, oro har, hizkuntza nagusia inposatzea, eta ez da bidezkoa sistematikoki hizkuntza gutxitua erabiltzea eragoztea. Ez baita bidezkoa hizkuntza gutxituaren hiztunak behartzea hizkuntzaz aldatzera. Une batez, iruditu zitzaigun sailburuordeak horrelako zerbait esan zuela. Oker geunden.