Euskarak baditu euskaltzainak, euskaltzain-urgazleak, bidegileak, bultzagileak, …, eta militanteak. Guztiak dira beharrezkoak, guztiak dira onuragarriak euskararen biziraupenerako eta zenbat eta gehiago izan orduan eta hobeto euskararen normalizaziorako. Multzo horretatik, ostera, euskararen militanteak, nire ustez, euskara biziberritzeko eragile ezinbestekoak dira. Harluxet hiztegiak bere militante sarreran aipatzen ditu euskararen militanteak, zerbaiten alde ari dena edo helburu bat lortzearren ekintzak egiten dituena. Hori da militante ezaugarritzen duena: ekintza.
Euskararen normalizazio prozesuan arkitekto, gogoetagile, pentsalari, sermolari, misiolari eta diseinatzaile asko ezagutu ditut. Batzuk bikainak, beste batzuk zoragarriak eta bakanen batzuk txundigarriak. Euskararen militante, ostera, gutxiago ezagutu ditut, ez baitira nabarmentzen, euskararen ekintzaileak soslai grisekoak direlako. Beti daude hor, erne herriko elkartean edo euskalgintzako erakunderen batean lanean. Sarri askotan deserosoak dira, saiatuak, tematiak eta nekaezinak direlako.
Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) hil zenean, laguna galtzearen oinazeari gehitu zitzaion burkidearen galera. Gauza izango al gara hark utzitako hutsunea betetzeko? Jakingo al dugu berak egindako lanari jarraipena ematen? Berak adinako kemena eta argitasuna izango al dugu?
Euskararen militanteak beti daude ekintzarako prest, beti erne. Militanteak izan dira, ekin eta jarrai, euskararen hiztun elkarteko geruza antolatuaren batimendua eraiki dutenak. Eraikinaren igeltseroak dira, ezina ekinez egina esamoldeko subjektuak. Euskararen militanteei zor diegu, neurririk handienean, euskalgintzaren ekoizkin gehienak. Hemen bi besterik ez ditut aipatzen, gehiago aipa nezake: Joxemi Zumalabe (1950-1993), Joseba Kanpo (1955-2013), Joxean Lizarribar (1951-2013), ….
Maiz militanteek jasan behar dute euren elkarteko kideen gutxiespena eta trufak: taliban linguistikoak deitu ohi dizkiete. Baina euskararen militanteak, benetako militanteak, ez du sekula santan amore ematen. Tinkotasuna da militanteen behineneko ezaugarria. Euskararen militantea atetik agertzen denean, jendea euskaraz hizketan hasten da, haien presentzia soilak euskararen erabilera sustatzen du. Alabaina militante horiek desagertzen direnean guztiek sumatzen dute utzitako hutsunea, aldekoak konturatzen direlako zein den garrantzitsua eta eraginkorra egiten duten lana eta, aurkakoak lasaiago jardun dezaketelako euskararen kontra.
Inazio Agirre hil berri zaigu. Ganora bizi bete gogo zuenean hil zaigu ere. Euskararen militante bat gutxiago eta ez nolanahiko militantea. Azken urteotan Inazio kezkaturik zegoen hizkuntza politikan atzera pausoak ematen ari ginelakoan. Baten batzuk partitzen genuen bere kezka, gutxi batzuk egia aitortu behar badugu. Orain gutxiago izatearen sentipena iltzatu zaigu bihotzean. Berriro ere, zalantzak eta beldurra. Gauza izango al gara hark utzitako hutsunea betetzeko? Jakingo al dugu berak egindako lanari jarraipena ematen? Berak adinako kemena eta argitasuna izango al dugu?
Bihoakio Inaziori dagokion aitorpena. Omenaldia egingo diogu, jakina. Dena den, une honetako oinazearen gainetik aurrera jarraitzeko behar adinako adorea eta kemena bilduko dugu euskara biziko bada Inazio eta gainerako euskararen militanteen oroimena betirako izatea nahi dugulako. Gure ahotan, euskaraz ari garelarik, Euskal Herrian Euskaraz, euskararen militanteen gogorapena biziberritzen dugulako, hizkuntza, euskara bera, biziberritzen dugun eran.
Gorka Zarata says:
Elkarrizketa interesgarria egin zioten Donostiako Hitzan orain dela hiru urte:
http://irutxulo.hitza.info/2011/04/06/erabiltzen-ez-den-hizkuntza-hil-egiten-da/