Azken urteetako soziolinguistikaren psikologizazioak zientzia horretatik, psikologiatik, mailegu andana ekarri du soziolinguistikaren eremura: atxikimendua, motibazioa, jarrera, portaera eta abar. Ikerketa soziolinguistikoetan lagungarriak izan daitezke hiztunen portaerak hobeto ulertzeko, seguru. Kontzeptu horiek, ordea, soziolinguistikatik hizkuntza politikara iritsi dira eta, orain, arduradun politikoak, psikologo bihurturik, hizkuntzen arteko asimetria sendatu nahi dute psikoterapiaren bitartez. Diziplinartekotasuna berez ez da txarra, behar denean, jakina.
Fernando Muniozguren Eibarko euskaltzale zenak esan ohi zuen euskara afektiboa zela efektiboena. Ez zuen arrazoi faltarik, hizkuntzarekiko atxikimenduak gaitasuna eta erabilera sendotzen laguntzen baititu. Alabaina, psikologiaren teoriak eta kontzeptuak taxuz eta neurriz erabili behar dira soziolinguistika hizkuntzaren psikologia soziala bihurtuko ez bada. Horrelako zerbait gertatu delakoan nago. Dena konpondu nahi dugu jarrerekin, motibazioarekin, atxikimenduarekin, gaitasunekin edo sedukzioarekin. Euskararen normalizazioa pertsona singularraren auzia bihurtu da: hiztunari, norbanakoari dagokio lortzea euskara berreskuratzea, irabaztea edo dena delakoa. Normalizazioaren giltzarria norbanakoa da. Hori da politikariek aurkitu duten aitzakia euren erantzukizunen zama arintzeko: euskaraz nahi beste hitz egiten ez bada euskaldunaren errua da.
Halako batean sona handiko adituek esaten digute: kontuz! Gatazka ez zaio komeni euskarari; atxikimendua, sedukzioa, elkarren arteko adostasuna, aldeko jarrera, atsegina izatea, sustatzea, konbentzitzea eta limurtzea. Hori da egin behar duguna euskara salbatuko bada. Horrela, txintxo-txintxo joaten gara gure umeekin anbulatoriora pediatrarengana irribarre zabal eta euskara ahoan, baina pediatra erdalduna ipini digute. Txintxo-txintxo saiatzen gara gure begirale lanetan abegikor euskararen erabilera sustatzen umeen artean eta arduradun politikoek kale gorrira bidaltzen gaituzte ez dakigu ondo zergatik baina. Atseginak, abegikorrak izaten saiatzen gara eta trukean debekua eta gutxiespena besterik ez dugu jasotzen. Hizkuntza normalizazioaren alde dabiltzanek eta, oro har, hizkuntza politikak norbanakoarengandik harago badaukate zertan jardun.
Hizkuntza gatazka? Gogoratzen zaidanetik ikusitako hamar gatazka-egoeretatik bederatzietan euskaldunak biktimak izan dira eta gatazka eragileak izan diren bakar horretan zerbait eskatzen ari zirelakoan. Hizkuntza gatazka sortzen dute gutxiespena, bazterketa eta debekua ezartzen dutenak. Euskaldunak otzan nahi gaituzte euskara hizkuntza gutxitu gisa betikotzeko.
Kontua da euskararen normalizazioa lortu nahi badugu hizkuntza-nazionalismo espainiarrari aurre egin behar diogula. Juan Carlos Moreno Cabrerak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak eta Linguistika Orokorreko Katedradunak ondo azaltzen du nazionalismo espainiarraren ideia nagusiak:
- Espainiera da ondoen ulertzen den hizkuntza, katalanera, euskara, galiziera eta gainerako hizkuntza okerrago ulertzen baitira.
- Espainiera hizkuntza batua da; gainerako hizkuntzak zatikaturik daude dialektoetan
- Espainiera hizkuntza erabilgarria da; gainerako hizkuntzak erabilgarritasun txikiagokoak dira.
- Espainiera ez den hizkuntzak, oro har, pobretu, mugatu eta isolatu egiten du.
- Espainiera nahikoa da. Gainerako hizkuntzak ez jakitea ez da urritasun esanguratsua, hizkuntza horiek jakitea, izatekotan, bakan batzuen apeta besterik ez da.
- Espainiera ez diren gainerako hizkuntzen sustatzea beti inposizioa da, banakoen eskubideen urraketa da eta guztion hizkuntzaren (espainiera) aurkako eraso zuzena da, onartezina eta gaitzesgarria.
- Espainiera ez diren gainerako hizkuntzen sustatzea ez da beharrezkoa, ez-legezkoa, partikular zalea eta baztertzailea da eta hizkuntza komuna higatzeko erabiltzen dute.
- Espainiera ez den hizkuntzak jakin beharra aldarrikatzea gaitzesgarria eta onartezineko erasoa da.
Duintasunik gabe ez dugu euskararen normalizazioa lortuko. Badirudi elebitasun orekatuaren diskurtsoaren psikologizazioaren aitzakian hizkuntza-nazionalismo espainiarra irentsarazi nahi digutela. Euskararen normalizazioa lortu ahal izateko, ostera, hizkuntza-nazionalismo espainiarraren maratilatik askatu behar dugu eta diskurtso propioa eraiki.
Gorka Zarata says:
Kaixo, Inazio Agirreri buruzko zure mezuari ohar hau egin nion, baina moderazio-kolan geratu da:
Gorka Zarata, 2014/08/24 22:42 zera dio:
Zure erantzuna moderazio-kolan dago.
Elkarrizketa interesgarria egin zioten Donostiako Hitzan orain dela hiru urte:
http://irutxulo.hitza.info/2011/04/06/erabiltzen-ez-den-hizkuntza-hil-egiten-da/
Erantzun ↓