Iñaki Arregi Ihartza ermuarrak bere bizitzaren urterik
oparoenak bere hizkuntzarako lurralde bila eman zuen. Bere jaioterria, Ermua, garai
batean, euskararen lurraldea bazen ere, urteak joan eta trenak etorri eremu
erdalduna bihurtu zen, oso erdalduna. Etxeko euskara minez Iñaki familiarekin
Markinara joan zen, Peru Abarkaren eta euskararen lurraldera aterpe bila.
Ermuan bi gizalditan ozta-ozta euskaldunak gehiengoa izatetik erabat
zokoratutako gutxiengoa izatera igaro da.
Iñakiren haurtzaroan, 1960an, Ermuan 3029 pertsona (INE)
bizi ziren, artean Bizkaiko eskualde euskalduneko udalerri nahiko euskalduna
zen. Hogei urte geroago, 1981ean 18705 biztanle zenbatu ziren Ermuan, horien
artean 2200 bat euskaldun. Biztanleriaren izugarrizko hazkuntza horren eraginez
euskara erabat bazterturik geratu zen. Iñakik, beste askoren antzera,
bazterketa hori ikusi barik bizi behar izan zuen.
Ez da erraza norbera nagusia izan eta bere etxean,
halabeharrez, maizter bizi behar izatea, oso mingarria dela esango nuke. Arbaso
euskaldun baten odoleko erdaldun batentzat ulergarria, eta onargarria, izan
daiteke euskararen galera. Akaso, bere arbasoen hizkuntza zaharrak halako jaki
minen bat piztu diezaioke. Baina norberaren hizkuntzaren galera hori
zuzen-zuzenean bizi behar izatea oso lazgarria da, aztoratu eta sumintzen
gaitu. Udalerri erdaldunetan bizi den euskaltzalearengan euskararen
berreskurapenak dakarren bizipoza eta udalerri euskaldunetako euskararen
galerak dakarren arrangura sentimendu antagonikoak dira baina oso intentsitate
maila desberdinekoak dira. Kasurako Euskaldunon
Egunkaria lehenbizikoz kalean ikusteak eman zigun alaitasuna ez da, inondik
ere, konparagarria egunkariaren
indarrezko itxierak sorrarazi zigun amorruarekin.
Oso zaila da arrangura eta amorruaren tankerako sentimendu
negatiboetatik indar positibo eta eraikitzaileak ateratzea, sarri askotan mendeku-instintua
pizten zaigu-eta. Alabaina, hori da gure ariketarik zailena: galerak dakarren
sentimendu negatiboetatik indar positiboak eta eraikitzaileak lortzea. Iñaki
Arregi, nire ustez, eredu horietako bat izan dugu. Izan liteke bere jaioterrian
indarrez arrotz bihurrarazi zutelako, izan liteke bere hizkuntza-kontzientziak
horrela eskatzen ziolako, Iñaki bere hizkuntzaren biziraupenerako lurralde bila
engaiatu zen.
Iñakik Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) aurkitu
zuen euskararen lurraldea. Bera izan da hasiera-hasieratik erakundeko
koordinatzaile nagusia eta mankomunitatearen eragilerik nekagaitza. Iñakik ondo
baino hobeto zekien lurralderik gabeko hizkuntzak berandu baino lehenago
desagertzera kondenaturik dagoela bere jaioterrian bertan ikusi zuen-eta.
Euskarak bizirauteko, aurrenik eta behin, hiztunak behar
ditu, paperean eta liburuetan biz behar du, Interneteko amaraunean bizi behar
du, eremu digitalean, publizitatean, telebistan, irratietan eta ikastetxeetan.
Leku guztietan biz behar du euskarak. Baina euskara hizkuntza bizia izan ahal
izateko lurraldea ezinbestekoa du deitu Euskal Herria edo UEMA, euskararen
hiztun-elkarteak bizitzeko etxea behar du. Eskerrik asko Iñaki, ez adiorik.
Udako Euskal Unibertsitatean bazkide batzuk badira 25 urte
edo gehiago eman dituztenak. Meritua. UEUn badira ere, 25 urte edo gehiago
lanean eman dituztenak. Bi, behintzat badira: Mari Karmen eta Nekane. Hori,
bai, meritua! UEU guztiok egiten dugula esan ohi dugu. Ikastaroren batean inoiz
parte hartu zuen harengandik hasi, urtebetez arduraren bat izan zuena edo urte
asko hamaika kontuetan saltsatzen ibili direnekin amaitu. Guztiak gara
beharrezkoak. Baina batzuk beharrezkoak ez eze ezinbestekoak dira. Horiek dira
egunero-egunero, kasik ordu oro, UEUn beharrean dihardutenak.
Meritua, bai. Funtzionario, bedel, atezain edo antzeko
lanposturen bat gehienek deseatzen duten garaiotan UEU bezalako erakunde txiki
aldagarrian 25 urte beharrean irautea ez da lorpen makala. Euskalgintza esaten diote orain UEUren lan-sektoreari, metalgintza
edo etxegintza baino gogorragoa. Euskalgintzaren lan-hitzarmena, hain zuzen
ere, ezagutzen dudan gogorrena da. Sektore horretako langileriak lan baldintza
estuenak sufritu behar dituelako. Arazoa, ostera, ez da patronala zorrotza
izateagatik. Patronala ez izatea da arazoa.
Euskalgintzako langileriak ez duela patronalik ezagutzen
esaten nuen. Langileri iraultzailea da, autogestionarioa halabeharrez. Euskalgintzako
langileriak lan-hitzarmena egin nahi izan duenean, ez du aurkitu zeinekin
sinatu. Bere buruarekin topo egin du eta bere buruarekin sinatu behar izan du
ditxosozko lan-hitzarmena. Lanpostuak, lan-harremanak, baimenak, soldatak,
oporrak, eginkizunak, bulegoak, aginte-kateak, dietak,… Euskalgintzako
langileria eta eragileen ardura izan dira.
Erraz esaten da baina egitea oso da zaila. Langile
gehienek, langile direlako edo, ez dute gura enpresen erantzukizunik euren
gain. Ez dagokie. Langile arruntak nagusia behar du. Ugazaba behar du bere
eginkizunak zedarritzeko, lan-hitzarmena egiteko eta, gero, bere amarekin
gogoratzeko. Euskalgintzako langile gehienek, ostera, ez dute horretarako
aukerarik. Euren erakundeko erantzukizunak, zati bat bederen, euren bizkar hartu
behar dituzte. Zer erremedio!
Estima handian dauzkat euskalgintzako langileak, UEUkoak
bereziki, eskuzabalak, sentiberak eta emankorrak direlako. Eurek jasaten dutena
ez du edozeinek jasaten. Horregatik, agian, euskalgintzako langile asko gazteak
eta kementsuak dira. Baina askeak dira, euskara bezain askeak, bere burua
egunez egun, urterik urte, biziberritzen den hizkuntza bezalakoa. Zigortua eta
baztertua agian, baina inoren mendekoa. Euskalgintzako beharginen moduan,
Nekane eta Mari Karmen bezalakoak, nekagaitzak. Biba zuek!
Joan den urriaren 20an Espainiako egunkari batean J.A.R. kazetariak idatzi zuen: Oraindik orain, ez dago zantzu egiaztagarri bakar bat atzo atxilotutakoak, Aitor Elizaran Aguilar, zuzenean edo zeharbidez, inolako harremanik izan zuenik Arnaldo Otegi, Rafa Díez edo gainontzeko kartzelatuekin …/…Otegi eta Elizaranen arteko harremanen elementuak silogismo deduktiboari dagozkio. Aitor Elizaran, ETAko buruzagia, ezker abertzaleari aginduak emateko arduraduna bada, begien bistakoa da, Alfredo Perez Rubalcabak zioen moduan,Otegi eta haren arteko harremanen bat aurkituko da. Oraindik ez da aurkitu baina, ulertu behar dugu, ziur, aurkituko dela. Hori idatzi eta gero, nonbait, kazetaria lasai geratu zen. Kazetari, epaile, gobernu eta poliziaren silogismo deduktiboaren hastapena baieztapen honetatik abiatzen da: Oro har, ETAk gidatzen du ezker abertzalea eta, bereziki, bere jarduera politikoa. Hori horrela, premisa horretatik honoko hau eratortzen da: ezker abertzaleko buruzagiak ETAren esanetara daude eta, ondorioz, ETArekin harremanetan daude. Beste ondorio batzuk atera daitezke. Adibidez, Aralar alderdi politikoa ezker abertzalekoa bada, ETAren gidaritzapean dago eta, ondorioz, ETArekin harremanetan dago; Edo, beste honakoa, ezker abertzaleko pertsonek elkarretaratzea deitzen badute ETAk esan dielako da. Elkarretaratze horretara biltzen direnek, beraz, ETAren estrategiari jarraitzen diote.
Poliziaren silogismo deduktiboak oso dira arriskutsuak. Gaur egun, nonbait, frogak baino nahikoa da subofiziale baten logika-zaletasuna edozein pertsona atxilotzeko eta kartzelatzeko.Ondo gaude. Poliziaren silogismo deduktiboetatik ez baitu inork ihes egiterik. Ez, behintzat, abertzaleak deitzen diren horietatik. ETA, ezker abertzalea gidatzetik abertzale guztiak gidatzera igaro baitaiteke edozein momentutan. Nahikoa da epaileren batek jurisprudentzia apur bat egitea premisa hori premisa nagusi bihurtzeko, gero, abertzale orori poliziaren silogismo deduktiboa aplikatzeko.
Epaileak, kazetariak, gobernuak eta poliziakerabat sinetsita daude ETAk gidatzen duela ezker abertzalea. Okerrago izan zitekeen, ostera, ezker abertzaleak ETA gidatzen duela pentsatuko balute. Gaitzerdi. Edozelan ere, zalantza izpirik ez bide daukate. Horregatik esaten dute, ETA dagoen bitartean, ezker abertzaleak ezin egin dezakeela inolako jarduera politikorik. Absurdoraino iritsi gara, ETA gaitzesteko adierazpen zuzenik ez baitu balio, besteak beste, ezker abertzaleak adierazpen hori egingo balu ETAk berak agindutakoa izan zatekeelako. Ez dago konponbiderik. Epaileek, kazetariek, gobernuek eta poliziek nahiago dute ETArekin zuzenean borrokatu, amaitu edo negoziatu ezker abertzalea dei daitekeen beste edozein egiturarekin baino. Estatuak soilik ETAri aitortzen baitio gidaritza. Beti daukagu eduki zer ikasi, oraingo honetan silogismo egurtiboa. Erne ibili!
Begira zer gertatu zitzaion unibertsitateko irakasleari
2008ko otsailaren 11an: goizaldeko ordu txikietan, ordu bietan, lotan
zegoenean, talde bat, aurpegia estalirik eta armaturik indarrez sartu zitzaion
etxera. Garrasika eta kolpeka esnarazi, etxea miatu, bi konputagailu, sakelako
telefono bi eta unibertsitateko liburu mordo bat ostu, eskuburdinez lotu eta
etxeko ataritik ateratzean kazetari batzuk eta telebista-kamerak dena
grabatzen. Inork ez zion esan zergatik eraman zuten, nora eramaten zuten. Emaztea
bakarrik geratu zen senarra zergatik eta nora eramaten zuten jakin gabe. Nork
deitu zuen prentsa eta telebista? Autoan sarrarazi zuten indarrez eta, behin
barruan telebista-kameratatik aparte, burua estali zioten zaku trinko batez. Bi
morroi armatuen artean, ordubeteko bidaiaren ostean polizia-etxeko ziegan
zegoela esan zioten. Baina ez zion inork esan zergatik zegoen atxilo.
Polizia-etxeko ziegan zegoela emakume ezezagun bat agertu
zitzaion, medikua omen zen. Ez leihorik, ez itaunketarik, bakardadean inolako
azalpenik gabe, ziegatik atera, eskuak lotuta eta burua estalirik, atzera
eraman zuten bere hiriko polizia-etxeko beste ziega batera. Ez leihorik, ez
altzaririk, ez galdeketarik. Bi egun igaro eta gero, berriro ere, eskuak lotu,
burua estali eta Erresumako hiriburuko Polizia-etxera eraman zuten. Otsailak
13. egunean, ia hiru egun luze igaro ondoren, epaitegira eraman zuten. Eskuak
loturik eta burua estalita. Epaitegian jakinarazi zioten erakunde terroristako
kide gisa atxilotu zutela, baina epaileak ez zion galdera bakar bat ere egin.
Irakasleak ukatu egin zuen leporatzen ziotena eta bere atxiloketa, egiteko
modua eta erabilitako indarra salatu zuen epailearen aurrean. Alabaina,
espetxera bidali zuten, baldintzarik gabe. Eskuak lotuta eta burua estalirik.
Kartzelako aurreneko gaua korridorean eman zuen.
Behin-behineko espetxealdia izanagatik, preso arriskutsu gisa sailkatu zuten, arropa erantzarazi eta, beste gizon
batekin, ziegan sartu zuten. Kremaileradun lan-jantzi txiki-txikia eman zioten
baina ez zitzaion kabitzen. Bere ziegako kidea zauriturik zegoen. Irakasleak
protesta egin zuen egoera horren aurrean. Ziegatik aterarazi zuten etabeste ziega batean sartu zuten, bakarrik eta
biluzik. Leihorik gabeko ziega hori zikin-zikin zegoen, labezomorroz beterik
eta argi zuri itsugarriz argiztaturik etengabe.
Otsailaren 18an espetxeko moduluko ohiko ziega batera eraman
zuten. Bezperan bere senideak hurbildu ziren kartzelaraino baina ukatu zitzaien
bisita. Espetxeko zaindariek jakinarazi zioten isolamenduan zigorturik zegoela
bere portaera txarrarengatik, 6 edo 14 egun isolaturik egongo zela. Halere,
otsailaren 20an beste espetxe batera eraman zuten. Eskuak loturik, furgoi itxi
batean.
Bigarren espetxe horretan ukatu zioten bere egoera
berdineko presoekin egotea, ukatu zioten kiroldegira joan ahal izatea eta
kirola egitea, ukatu zioten zaintzako epailearekin egon ahal izatea, ukatu
zizkioten bere doktore-tesian lan egin ahal izateko baliabideak, ukatu zioten
arteria-presioaren neurgailua, ukatu zioten bere abokatuarekin hitz egin ahal
izatea eta ukatu zioten espetxeko barne-araudiaren kopia bat.
Abuztuaren 18an irakasleari harrapatu zizkioten familiaren
argazki-bilduma eta musika-disko bat. Bisitarik gabe eta 30 eguneko
isolamenduarekin zigortu zuten. Abenduaren 13an beste espetxe batera eraman
zuten, sei orduko bidaia metalezko kutxa batean 60 kilometro eskas egiteko.
Hirugarren kartzela honetan berriz inkomunikaturik egon zen bere familia non
zegoen jakin gabe.
Hirugarren kartzela hartatik laugarren kartzelara eraman
zuten, bere etxetik gero eta urrunago, 700 kilometroetara. Oraindik han dago
preso epaiketaren zain, ia bi urte.
Irakaslearen abokatuak behin-behineko askatasuna askotan
eskatu badu ere, guztietan ukatu zaio.
Zer gauzak gertatzen diren munduan, ezta? Momentu batez pentsatu dut:
herri horretan hori gertatzen bazaio unibertsitateko irakasle bati zer ez zaio
gertatuko jende xeheari? Izutu naiz, benetan. Orduan, bururatu zait
unibertsitateko irakasle horren lankideak, saileko arduradunak eta
unibertsitateko arduradun akademikoak oso arduratuta egongo direla eta, agian,
haiek ere sufrituko dutela bere lankidearen egoera krudela eta
tamalgarriarengatik. Une berean otu zait haiek ere merezi dutela gure
elkartasuna eta atxikimendua euren lankidea ahalik azkarren ikasgeletara itzuli
dadin. Bihoakie beraiei, beraz, nire elkartasun eta atxikimendu sentikorrena
euren unibertsitatea, eta euren herrian, halako gauzarik gehiago gerta ez
daitezen. Inoiz ez, inon ez.
Joan den ikasturtean, ikasle batek irakaskuntza telematikorako plataforman ipinitako azterketa horietako bat egiteko arazoak izan zituen. Konputagailua eskegita geratu omen zitzaion, pantaila ez aurrera, ez atzera. Ezin azterketarik egin. Moodleko galdetegiak, horrela deitzen dira azterketak haren hizkeran, aldez aurretik programaturik daude. Ordu jakinean, denbora jakinean eta saiakera kopuru jakinean egin behar dira. Baldintza horiek bete ezinean ibiliz gero, sistemak ez du ikaslearen lana onartzen. Halere, ikasleak moodle baino bizkorragoak dira. Gure ikasleak modua aurkitu zuen irakasleari erakusteko azterketa egiten saiatu zela.
Hartu bere sakelako telefonoa, segapotoa, eta konputagailuaren pantailari argazkia atera zion. Neuk ikusi nuen. Argazkian nahiko argi ikus zitezkeen azterketaren galderak. Irakaskuntza telematikoaren plataforman ikasleak azterketa ez zuela egin agertzen zen. Ikasleak, ostera, egiten saiatu zela esaten zuen, konputagailuak edo sistemak kale egin ziola eta argazkia horren froga zela zioen. Bere sakelako telefonoaren pantailako argazkia erakusten zidan.
Ikasle hari gainditutzat eman nion azterketa. Konputagailuak edo sistemak kale egin zion ala ez, ez dakit, baietz uste dut. Baina komunikazio eta informaziorako teknologia berriak erabiltzen nahiko trebea zela erakutsi zidan. Hain zuzen ere, horregatik gainditu zuen azterketa. Pasadizo honek argi erakusten du interneteko amaraunean ipintzen den oro kopiagarria dela eta ez dagoela modu segururik babesteko. Fotokopia ezin daitekeena, agian, eskanerretik pasa daiteke, edo, bestela, argazkia atera. Kito.
Ikasleen trebetasunak dira. Irakasleon etsaminak ez daude ikasleen fusiletik salbu. Ez paperaren garaian, eta gutxiago ere orain komunikazio eta informazioko teknologia berriekin. Berdin dio azterketa modurik seguruenean programatzen badugu ere, nahikoa da segapotoa eskura izatea argazkia ateratzeko. Sekretua eta konfidentzialtasuna galdu duen azterketak ebaluazioa egiteko balioa galtzen du.
Ikasleek moodlen askoz nota hobeak lortzen dituzte ohiko irakaskuntzan baino. Amarruak eta bidezidorrak aurkitu dituzte-eta. Ez dago txarto. Trukean, lan gehiago egin behar dute, eta, deskuiduan, zerbait ikasi.
Ikasturte berria, kontu zaharrak. Aurreneko egunetako
eskolak jakin mineko orduak izan ohi dira. Zelakoa da irakaslea? Zertan da
irakasgai hori? Galdera asko dabilzkie ikasleei. Guztiak ez dituzte botatzen,
jakina, badaezpada ere. Ikasleak, oro har, lotsatiak baino zuhurrak dira-eta.
Nahiago izaten dute gehiegi ez nabarmentzea, portzikaso. Halere, urterik urte pare bat galdera errepikatzen
dira, berdinak edo antzekoak: eskoletara etortzea derrigorrezkoa da? Liburuak erosi
behar ditugu? Beste galdera asko badaude, ebaluazioak, ordutegiak, lanak,
azterketak eta antzeko galdegaien gainean. Ohikoak eta erantzun beharrekoak,
noski.
Baina aipatu galdera bi horiek, bereziki, harritzen naute. Askotan
ez baitakit nola erantzun. Eskolak derrigorrezkoak
ote diren itauntzen duenari esango nioke irakaslearentzat, baietz,
horregatik ordaintzen digutela, besteak beste. Piperra edo txikerra egitea,
oraindik orain, ikasleriaren pribilejioa da. Unibertsitateko ikasleak berak
erabaki behar du eskoletara joan ala ez. Irakasleak, bere aldetik, aztertu
behar du ikasleak eskoletara nola erakarri. Ikasleak eskoletara derrigorrez etorrarazteari alferrikakoa
deritzot. Nago, irakaslea naizelako, akaso, eskolak komenigarriak eta
interesgarriak direla. Baina, agian, oker nago eta eskolak, nik ematen
ditudanak, bederen, aspergarriak, ulergaitzak eta alferrikakoak dira. Horrela
izango balitz, ikasleei gomendatuko nieke eskoletara ez etortzea. Eskolak,
unibertsitatean, nire ustez, ez dira derrigorrezkoak,
eskoletarako asistentzia hutsak ez baitu ezer erakusten ez bada ikasleriaren
zintzotasuna eta xalotasuna. Hori ere, esan dezagun, estimatzekoa da.
Liburuak erosi behar
al dira? Hori galdera, hori! Garai batean baten batzuk, nortzuk ez dut esango,
liburuak lapurtzen zituzten. Sekulako zaletasuna zegoen liburuak eskuratzeko,debekatuta zeudenak ziren estimatuenak eta
lortzeko zailenak. Garaiak aldatu dira, bistan da, eta liburuekiko
zaletasuna galdu da. Itxura denez, oraingo unibertsitarioek ez dute liburutegi
propiorik antolatzen. Beraientzako kalte! Nik oraindik gordetzen ditut ikasle
garaiko liburu batzuk. Asko, hautsak hartuta daude apalategietan. Bakanen
batzuk, berriz, esku arten ibiltzen ditut lantzen behin. Oraindino erabilgarri
izaten ditut-eta. Gehienak neronek erosiak dira, batzuk lagunei maileguan eskatutakoak, egunen batean
itzultzen diren horietakoak, eta bakanen bat modu ilegalean eskuratutakoa. Dena
esan behar bada, nik ere mailegatu izan
dut libururen bat edo beste eta zain nago ea noiz itzultzen dizkidaten.
Liburuak, unibertsitatean, ikasteko lanabesak dira,
irakurtzeko, iruzkinak egiteko, ariketak egiteko, eztabaidatzeko eta azterketa
garaian, ahal bada, kopiatzeko. Erabiltzeko tresnak dira liburuak. Erosi behar ote dira? Ez dakit. Erabili,
ostera, bai, erabili behar dira. Berdin dio paperean edo formatu digitalean
baina erabili behar dira; berdin dio erosiak, lapurtuak, lagunengandik edo
bibliotekatik mailegatuak baina,
unibertsitatean, erabili behar dira. Erosi ahal duenak eros dezala, ezin eros
dezakeenak lapur dezala, erosi nahi ez duenak bibliotekan eska dezala eta
alerik lortzeko modurik ez duenak eskuz kopia dezala, fotokopia dezala,
eskanerra erabil dezala. Liburu bako unibertsitarioa gorringo bako arrautza
moduko zerbait da-eta. Ez du graziarik.
Iker. Iker izan daiteke 2. zikloko edozein unibertsitario, lizentziatura amaitzeko kreditu premia duen edozein ikasle. Ikerne, berriz, unibertsitateko edozein ikertzaile izan daiteke, curriculuma gizentzeko premia duen edozein irakasle. Ikernek ikertu nahi du, erakunde publikoetako dirulaguntzak eskuratu, itzal handiko aldizkarietan argitaratu, nazioarteko kongresuetara joan eta, bide batez, ebaluazio-agentziaren batean puntutxo batzuk eskuratu.
Ikerrek lizentziatura nahi du, Ikernek katedraduna izan gura du. Ikernek zorrotz aztertzen ditu erakunde publikoek egin ohi dituzten ikerketak sutatzeko dirulaguntza deialdiak. Berdin dio udalak, aldundiak, gobernu autonomoak, estatukoak edo Europako erakunderen batek eginiko deialdia izateak. Berdin dio erakunde publikoa edo pribatua izateak. Gauza bi begiratzen ditu Ikernek: dirua eta aitorpena. Dirua, ikerketa egin ahal izateko eta, ahal dela, diru pixar bat patriketara eramateko. Aitorpena, balio ofizialeko ziurtagiria lortzeko bere curriculumean txertatzeko.
Ikernek, astero-astero, hiruzpalau ordu ematen ditu deialdiak arakatzen. Beti dago zerbait. Bilatzen duenak aurkitu ohi du-eta. Kasu honetan, edadeko pertsonen egoera ikertzeko deialdia aurkitu du. Dirulaguntza polita eta sinesgarritasun handiko erakunde publikoa. Ikernek nahi duena, hain zuzen ere. Ez du zailtasun handirik ikerketa-proiektua idazteko. Gainera, unibertsitateko irakaslea izanik, aukera handiak dauzka eskuratzeko. Hamar bat lan-ordu eman ditu proiektua idazten eta inprimakiak betetzen. Dirulaguntza eman diote. Alabaina, arazoa du. Nola lortuko ditu edadeko 300 pertsonen galdekizunak betetzea eta datuak ordenadorera pasatzea? Lan handia da eta berak ez du astirik landa-lan horiek egiteko. Dirua badu baina landa-lan horiek garesti samarrak dira. Baina Ikernek langile-harrobi merkea ezagutzen du: bere ikastaldea.
Ikerrek ikasi nahi du, bai, baina kredituak ere behar ditu. Kredituak. Horiek dira, hain zuzen ere, irakasleak, ikertzaileak, ikasleei eskaintzen dizkien ordain-saria ikerketako landa-lanaren truke. Ikerri ez zaio gehiegi axola edadeko pertsonekin ordu batzuk ematea, galdekizunak betetzea eta datuak ordenadorera pasatzea. Beti ikasten da zerbait. Ikerketa nola egiten den, elkarrizketak nola egiten diren, software hau edo bestea erabiltzen eta analisi xume batzuk nola egiten diren, besteak beste. Ikerrek badaki jakin bere curriculumean ez dela ikerketa horren arrastorik geratuko eta ikerketa horretan ez dela bere izenik agertuko. Berdin dio. Ikerrek badaki ere, egindako lanak ez duela zerikusi handirik irakasgaiekin. Berdin dio. Kredituek balio dute.
Ikernek debaldeko langile-ikertzaileak lortzen ditu. Horrela, bide batez, diru pixar bat lor dezake. Ikerrek matrikula ordaindu du, ikerketaren landa-lana ez du kobratu baina, trukean, nota ona eta kreditu batzuk lortu ditu. Hori da tratua. Horra hor, iruzurra.
Iruzurretan konplizitateen kateak sendoak dira. Sendoak dira, inplikaturiko guztiek zerbait irabazten dutelako. Gehien irabazten duena, jakina, ikertzailea, irakaslea, da, bera da iruzurtia, eta gehienetan jakitun dago. Ikaslea, ostera, konplize eta biktima da, aldi berean. Konplizea iruzurra, kreditu batzuen truk, onartzen duelako, askotan iruzurra dela ez badaki ere. Biktima, esplotatua delako, lana debalde egiten duelako eta ikerketaren inolako aitorpenik jaso ez duelako.
Iker eta Ikerne alegiazkoak dira, gertaerak, ordea, benetakoak.
Ikasle batek azterketa suspenditu du eta irakaslearengana jotzen du argibide eta aholku eske. Irakasleak azaltzen dio egindako azterketa ez dela nahikoa izan irakasgaia gainditzeko. Halere, irakasleak tratu bat eskaintzen dio ikasleari: hurrengo ikasturtean berak ematen duen hautazko irakasgaian matrikulatzen bada ikerketa-lan bat egiteko aukera izango duela. Eta horrela, bide batez, hautazko irakasgaiaren 4,5 kreditu lortzeaz gainera, suspenditu duen 9 kredituko irakasgaia gainditu dezake. Ikaslearentzat ez da eskaintza txarra ikerketa-lan bat egitearen truke 13,5 kreditu lor ditzake lan handirik egin gabe.
Irakasleak, bere aldetik, egiten dituen ikerketatarako doako langileak lortzen ditu. Langile otzanak, isilak eta merkeak. Guztiok pozik, ikertzaileak bere curriculuma gizentzen du ikasleen bizkar, eta haiek, ikasleek, lan handirik egin gabe bi irakasgai gainditzea lortzen dute. Ezin esan dezakegu ohikoa denik, baina gertatzen da, uste duguna baino gehiago eta pentsa daitekeena baino gertuago.
Irakasleak, lehengo funtzionario berak, eskola-ordutegia bere interesen arabera egokitzen du. Eskolak lauhilabeteko bakarrean dauzka eta, hala eta guztiz ere, eskola-ordu guztiak hiru astegunetan ematen ditu. Modu horretan, bere kontu pertsonaletarako eta, batez ere, ikerkuntzarako, denbora nahikoa lortzen du. Ezin esan dezakegu ohikoa denik, baina gertatzen da. Eta, inoiz edo behin gertatzen da ikasleak nazkatzen direla eta funtzionario ustel hori salatzen dutela. Baina gehienetan ez da ezer gertatzen. Ikasleen salaketa irakasleen esku geratzen baita eta irakasleek elkarri babesa ematen diotelako. Hori da korporatibismoa.
Korporatibismoa ohikoa da funtzionarioen artean eta, nire ustez, administrazioen arazorik lazgarrienetakoa da, zerbitzu publikoen gorputzeko minbiziaren parekoa. Tamalez, unibertsitatean, ustelkeri hori nahiko zabalduta dago. Irakasle ahalguztidun batzuk ez dute bat ere erreparorik ikasleen egoera ahulez baliatzeko euren interes zikinak lortzearren. Ikertzaile batzuen curriculum bikainak horrela eraikitzen dira. Jukutriak eta indargeen esplotazioa dira, hain zuzen ere, batzuen bikaintasunaren oinarriak, oinarri ezkutuak, jakina.
Gehienetan ikasleak irakaslearen beldur dira. Badakite jakin, irakasle horiek ahalguztidunak direla, sistema ustelaren itzalean bizi direla, eta, salatzekotan, mendeku har dezaketela. Ikasle gehienek ez dute arazorik izan nahi horrelako funtzionario ustelekin. Ulergarria da. Baina badira ikasle ausart eta adoretsuak ustelkeria salatzen dutenak. Zorionez.
Baina badira funtzionario ustelak babesten dituzten irakasleak, lankideak. Zergatik? Gehienetan beldurragatik, lankide baten portaera gaitzestea gogorra delako. Gainera, batzutan, irakasle ustel horiek neurri bateko sona duten ikertzaileak izan ohi dira, beste irakasleen gainean itzala eta boterea daukatenak, alegia. Zelan jo bere aurka? Hori ere, korporatibismoa da.
Funtzionario ustel horiek, oro har, oso kaltegarriak dira, unibertsitatean ere. Alde batetik, lankideak bere gaiztakerien konplize bihurtzeaz gainera, lan-karga handiagoa ekartzen dute beste irakasleentzat, beraiek egiten ez duten lana besteren batek egin behar duelako. Beste aldetik, ikasleei iruzurra egiten diete, dakitena erakutsi baino kredituekin trafikatzen dutelako, ez baitute irakasten, ikasleei kredituak ikerketetarako lan batzuen truke saldu baizik.
Joan den hilabetean, 2009ko otsailaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak Osasuna eta emakumezkoak deitutako programa aurkeztu zuen. Aurkezpen horren harira hedabideetara zabaldutako berrien artean, emakumezkoak gizonezkoak baino bizitza luzeago izanagatik osasun okerragoa daukatela zabaldu dute. Hau da, oro har, gizonezkook osasun hobea eduki arren, urte gutxiago bizi gara.
Osasun alorreko estatistiketan lardaskatzen ikusi ahal izan dut haurdunaldia, erditzea eta erditze-ostekoari lotutako hainbat gaixotasunagertzen direla EUSTATek zabaltzen duen estatistiketan, kasurako, Alta emandako gaixoak eta 1.000 biztanleko tasa, behin betiko diagnostikoaren eta sexuaren arabera 2007. urtean EAEko ospitaletan emandako alta guztietatik (297000) % 8,7a Haurduntza eta erditzea kategoriari dagozkiola. Horiek, jakina, guzti-guztiak emakumezkoei dagozkie. Hau da, bakarrik emakumezkoek jasan ditzaketen gaixotasunak dira.
Aipatu estatistika horretan agertzen da EAEko alta gehienak (% 52a) emakumezkoei dagokiela. Hori ikusita, ospitaleetan emakume gehiago daude gizonak. Halere, haurdunaldia eta erditzea kategoriako egonaldiak kontuan hartzen ez badugu, portzentaje horiek aldatzen dira, kasu honetan, gizonezkoenak dira alta gehienak (% 56)
Haurdunaldiari eta erditzeari dagozkion kontuetarako osasun-zerbitzuak beharrezkoak direla ez daukat zalantzarik, kontu horiek guztiak, erditze normala esaterako, gaixotasun gisa kontsideratu behar ote diren, berriz, zalantzan nago. Emakumezkoen osasun-egoera ebaluatzeko amatasunari dagozkion berezko gaixotasunak kontuan hartzen badira ez zait arraroa iruditzen emakumezkoen osasun-egoera eskasagoa izatea gizonezkoena baino, gizonezkook ezin jasan baitezakegu horrelako gaixotasunik.
Erditze normala gaixotasuna ote da?
Gure gizarte honetan emakumezkoak luzeago bizi dira, egia da. Gizonezkoak baino osasun-egoera okerragoa daukatela, ostera, ez dakit. Amatasuna gaixotasuna bada, baliteke. Baina amatasuna ez badugu gaixotasun gisa hartzen? Pentsa dezagun apur bat helarazten diguten mezuaz: a) Emakumezkoak luzeago, urte gehiago, bizi dira gionezkoak baino eta b) Emakumezkoek, oro har, osasun-egoera okerragoa daukate gizonezkoek baino. Orduan, osasun-egoera okerrago duena luzeago, urte gehiago, biziko da. Logika hutsa. Itauntzekotan ipinita, nola liteke emakumezkoak gizonezkoak baino urte gehiago bizitzea osasun-egoera eskasagoa baldin badute?
Parkingeko makinara hurbiltzen naiz ordaintzeko, espainolez dago pantaila, ikurrina klikatu eta euskaraz hautatzen dut. Eragiketa amaitutakoan makinak, berez, espainolera itzultzen da. Ba ote daki nire atzetik datorrena erdalduna dela? Badaezpada ere, berriro ikurrina klikatzen dut alde egin aurretik. Atzeko lagunak dena ikusi du, jakina, eta betoker begiratzen nau. Ez da euskalduna. Piper-potoa klikatzen du.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza horietako batera joan behar izan dut gestioak egitera. Leihatilara hurreratu naiz eta, bestaldeko antiojodun bizardunari, begirunez, galdetu diot: Barkatu, euskaraz badakizu? Erantzuna, lehor: Si quiere que le atiendan en euskera puede subir a la cuarta planta. Hemen ere, euskaraz hauta dezaket, lau solairu gorago, hori bai.
Fakultatera noa, ordenagailu-gelara eskolak ematera. Irakaslearen ordenagailua pizten dut, interfazea espainolez, software guztia erdaraz, bakan batzuk ingelesez eta gainontzekoak espainolez. Hori bai, nahi izanez gero, zenbait aplikazioetarako euskaraz hauta dezakegu. Zenbait kasutan. Behin, ordenagailu berria ekarri behar zidatenean, behar nuen software guztia euskaraz izatea eskatu nuen. Ez zela posiblea, erantzun zidaten. Gainera, euskarazko sistema eragilea (windows XP) ezegonkorra zela eta arazoak ekar zitzakeela. Ezegonkorra, horrela esan zidaten, txo! Zertarako sortu eta egokitu softwarea euskarara gero erabiltzerik ez badugu?
Erdaldunek ez dute hizkuntza aukeratu behar, berez ematen zaie berea. Nonbait, ez dute guk adinako askatasunik hautatzeko. Hori txarto dago. Erdaldunek hautatzeko guk adinako askatasuna merezi dute-eta. Hautatzeko askatasun maila bera izan dezagun unibertsitateko ordenagailuetan, sistema osoan, hizkuntza hautatzeko sarrera jar dezatela proposatzen dut. Ordenagailuetan, eta sistema osoan, erabilgarri dauden hizkuntza guztiak ipini, banderak jarri nahi badituzte, jar ditzaten, eta erabiltzaileak nahi duena aukera dezala. Hortik aurrera erabiltzaileak hautatutako hizkuntzan izan dadila. Ez da zuzena erdaldunei hautatzeko eskubidea ukatzea. Beraiengatik esaten dut, ez besterik.
Oholtza gainetik ikasleei berba egitea ei da irakasleen beharra. Horrela gabiltza, tranpaldora igo eta eskolak eman zerbait irakasten dugulakoan. Baina tranpaldotik zer ikusten den eta zer ikasten den bada zer kontatu. Ikusitako, eta ikasitako, horiek ekarri nahi dizkizuet hona. Tranpaldotik.