Udazken honetan, GeoGebra ikastaroa UEUn

Bere udazkenerako plangintzan, Udako Euskal Unibertsitateak GeoGebra erabiltzeko ikastaroa antolatu du, Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzendua. Ikastaro horretan, irakasleek aukera izango dute softwarearen oinarrizko erabileran trebatzeko eta GeoGebrarekin egindako baliabideen gainean eztabaidatzeko.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago aurkituko duzue hemen.

 

Irakasleen Gradu Bukaerako Lanetan, GeoGebra langai

Elena San Miguel irakasletzan graduatuak bere Gradu Bukaerako Lanaren defentsa egin berri du ikasturte honen hondarrean, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan eta Amaia Zugadi irakaslearen gidaritzapean. GeoGebraren erabilera Lehen Hezkuntzan izeneko lanean, lehenengo eta behin, GGBren gaur egungo erabilera nagusiak aztertu ditu, eta, ondoren, bere proposamen argudiatua aurkeztu du oinarri teoriko horren gainean.

Proposamen horretako hainbat eraikuntza ikusgai daude GeoGebraTuben. Planoak eta maketak, eskalak, simetriak, irudi lauak, gorputz geometrikoak, angeluak eta bolumenak landu ditu, besteak beste.

Zorionak Elena, segi gogoz lanean.

Unibertsitatera sartzeko hautaprobak eta GeoGebra 5.0 (3D)

GeoGebraren 5.0 bertsioa (3D) eskuragarri dago. Beta bertsioa izan arren, nahikotxo hobetu dute azken boladan eta erabilgarria da.

Esate baterako, berriki izan dira Unibertsitatera sartzeko hautaprobak, eta, Nafarroan, geroz eta irakasle gehiagok erabiltzen du GGB 5.0 bertsioa espazioko geometria euren ikasleekin lantzeko.

Bertsio hori hemen aurkituko duzue eskuragarri:

http://download.geogebra.org/installers/5.0/?C=M;O=D

Bertsio horren gainean diseinaturiko baliabideen adibideak aurkituko dituzue, baita ere, GeoGebraTuben:

http://tube.geogebra.org/student/b128113#

GeoGebra topaketak Baezan

Datorren irailaren 10etik 12ra, GeoGebra Topaketak egingo dira Baezan (gizon-emakume guztion ondarea da Baeza, Jaenen), Andaluziako UNIAren udako ikastaroen baitan.

Ikasmaila guztietako matematika irakasleei zuzenduriko topaketak dira. Jardunaldiak 9:00etan hasiko dira eta 14:30etan amaitu, 20 orduko iraupenarekin (trebakuntzarako kreditu-sisteman onartuko dira). Parte-hartzaileek egoitza izango dute eskura.

Hasiera ekitaldian Markus Hohenwarterrek hartuko du parte, GeoGebraren sortzailea eta proiektuaren zuzendaria.

Informazio gehiago aurkituko duzue hemen (http://institutosgeogebra.es/).

 

GeoGebra Hik Hasi aldizkarian

Hik Hasiren maiatzeko zenbakian (188) GeoGebrari buruzko artikulua idatzi dute Aitzol Lasa eta Miguel R. Wilhelmi matematika irakasleek. Alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan GeoGebra nola erabiltzen duten azaldu dute, eta, bestetik, eredu dinamikoak erabiltzeko zenbait adibide eman dituzte.

Artikuluan, adibide horien guztien GeoGebraTuberako estekak aurkituko dituzue.

Zenbakiari buruzko berria, hemen: http://www.hikhasi.com/albistea.php?id=892

Rolleren Teorema

Catalunyako Cónica aldizkarian argitaratutako artikulu baten hildotik, Rolleren Teorema lantzeko eraikuntza bat aurkituko duzue GeoGebraTuben.

http://www.geogebratube.org/material/show/id/103945

Eraikuntza horren diseinuak betetzen ditu Rolleren Teoremaren hipotesiak. Honenbetez, “ezetz lortu!” gisako argudioari jarraitzen dio: “ez duzu lortuko eraikuntzaren antolaketa bat non Rolleren Teorema betetzen ez den”.

Simetriak lantzeko baliabideak

GeoGebraTube datu basean aurkituko dituzue euskarazko baliabideak, software dinamikoaren bitartez matematika lantzeko.

Balibide horiek erabili eta jaitsi ditzakezue, baita hobetu eta berriz igo ere. Noski, aldi berean, zuen baliabide propioak ere igo ditzakezue, beste erabiltzaile batek probestu ditzan (erabili, jaitsi, hobetu, eta berriz igo).

Azken aste honetan, simetriak lantzeko baliabideak aurkitu ditugu GeoGebraTuben:

http://www.geogebratube.org/search/results/uid/U19oSldqEN8AAD9ieosAAACj535f684a8523e

Euskal Herriko GeoGebra Institutua abian da

2014ko urtarrilean lanean hasi da Euskal Herriko GeoGebra Institutua, Nazioarteko GeoGebra Insitutuaren tokiko elkartea. Udako Euskal Unibertsitatearen baitan sortu da elkartea, eta hiru helburu nagusi ditu:

  • GeoGebra softwarearen euskarazko bertsioa kudeatzea.
  • Matematikaren irakaskuntzarako materialak sortu eta partekatzea irakaskuntza etapa guztietan.
  • prestakuntza iraunkorra eta ikerketa sustatzea matematikaren didaktikan.

matematika irakaslea bazara, baliabide hauek erabiltzea libre duzu. Zuk zeuk ere igo ditzakezu zure baliabideak, besteek erabil ditzaten. Horrez gain, elkartean parte hartu nahi baduzu, UEUko matematika sailarekin harremanetan jar zaitez.