Lidergoa, motibazioa eta talde-lana: pertsonen eta erakundeen eraldaketarako teknikak

UEUren 41. udako ikastaroen (40+1!) izena ematea ireki egin zen atzo. Eskaintza benetan aberatsa eta zabala UEUk prestatu duena: 38 ikastaro eta 3 jardunaldi.

UEUko Ekonomia Sailak ikastaro bat proposatu du aurtengo ikastaldietarako: Lidergoa, motibazioa eta talde-lana: pertsonen eta erakundeen eraldaketarako teknikak. Ikastaroak berez ez du zuzeneko zerikusirik Ekonomia Zientziarekin. Beharbada, Enpresa Zientziekin nolabaiteko harremana izan dezake. Pertsonen kudeaketarekin. Beraz, psikologiarekin harreman zuzena izan dezake ikastaro horrek. Jakintza alorraz haratago, ikastaroak berak garrantzi esanguratsua izan dezake edozein motatako erakundeetan diharduen edozein pertsonarentzat.

UEUko 41. Udako Ikastaroen kartela

Merkatal erakundea (enpresa pribatua, txikia, ertaina edo erraldoia), irabazi asmorik gabeko erakundea (kultur elkartea, gobernuz kanpoko erakundea…), mugimendu soziala (sindikatua, alderdi politiko…) nahiz erakunde publikoa (eskolak, udalak…) izan, talde-lana sustatzea ezinbestekoa da erakundearen helburuak gauzatzeko. Kide guztien inplikazioa eta elkarlana beharrezkoak dira. Arazoa da filosofia partehartzaile hori erakundean txertatzea. Pertsonak motibatzen jakin behar da. Horretarako, lidergoa egikaritzea nahitaezko betekizuna da. Liderrak behar ditugu. Norberak liderra izan behar du bere proiektu pertsonal eta kolektiboak gauzatzeko. Eta berriz ere, horretarako, liderrak izateko, norberaren burua motibatu beharra dago.

Azken finean, erakundeak eraldatzeko, proiektuak martxan jartzeko, pertsonak motibatzeko eta talde-lana sustatzeko, lehenik eta behin pertsonak berak eraldatu beharra dauka. Liderra bihurtu. Hemen datza proposatu dugun ikastaro praktikoaren muina. Informazio zehatza UEUko webgunean ikusgai duzue (helburuak, metodologia, irakasleak eta egitaraua).

Lidergoa, motibazioa eta talde-lanaIkastaroa Itzarri aholkularitzako kideek gidatuko dute: esperientzia luzea dute partehartzean eta ezagutzaren kudeaketan oinarritutako antolaketa-ereduak erakundeetan aplikatzen. Jabier Lertxundi ekonomian doktoreak gidatutako lantaldeak, pertsonen eraldaketa proposatzen dute erakundeetan partehartzerako dinamikak sustatzeko. Autogestioa dute ipar eta horretarako, pertsona bakoitzak bere potentzialitateaz jabetu beharra dauka.

Ikastaroaren osagarri bezala, bi saio antolatu ditugu. Sarrera libreko bi hitzaldi:

  • Uztailaren 3an, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako irakasle/ikertzailea  (UPV/EHU) eta UEUko Ekonomia Saileko kidea den Galder Guenagaren hitzaldia izango dugu: ”Lidergoa, emozioak eta fluxua erakundeetan”. Galder lidergoaren inguruko ikerketa-proiektu bat bultzatu du beste ikertzaile batzuekin batera. UEUko Uztaro aldizkarian hainbat lan argitaratu lidergotzaren inguruan. Itzarrikoen ikastaro praktikoari izaera zientifikoa emango dio Galderren hitzaldiak.
  • Uztailaren 4ean, Itzarriko “Ideia batzuk krisi madarikatu hau gainditzeko” liburuaren aurkezpena egingo digu Jabier Lertxundik. Saio partehartzailea eta arina izango da eta bertan, egungo gizartearen krisi sistemikoaren gakoak aztertuko ditugu.

Laburbilduz, ikastaro teoriko-praktiko interesgarria Itzarrikoek eskeiniko dutena, baliagarria edozein erakunderen erronkak lortu nahi duenarentzat, lidergo eraldatzaile batean oinarrituta, pertsonen motibazioa, inplikazioa eta partehartzea sustatuz.

Iruzkinak (2)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude