Lidergoa, emozioak eta fluxua erakundeetan [hitzaldia+artikulua]

Galder Guenagak, UEUko Ekonomia Saileko kideak eta Bilboko Enpresa-Zientzien Unibertsitate Eskolako irakasleak (UPV/EHU), hitzaldia emango du UEUko udako ikastaroetan, “Lidergoa, motibazioa eta talde-lana: pertsonen eta erakundeen eraldaketarako teknikak” ikastaroaren osagarri moduan. Hitzaldiaren izenburua, “Lidergoa, emozioak eta fluxua erakundeetan”. Sarrera librea izango da, beraz interesa duen edonor bertara daiteke.

Hitzaldian, Galderrek Uztaro aldizkarian argitaratu duen azken artikuluaren berri emango digu (Miguel González Simón eta Goizalde Hernandorekin batera idatzitakoa): “Lidergoa, fluxu-egoera eta produktibitatea enpresetan”. Artikulua bera UPV/EHUko irakasle talde batek abian jarritako ikerketa batean oinarritzen da (tartean, Galder eta beste UEUkide batzuk).

Ikerketa-lan horren ideia zentrala “fluxu-egoera” kontzeptuan aurkitzen da: “gure gorputza nahiz burmuina azken mugara heltzen denean, betiere baliotsua eta eskuragaitza den zerbait lortzeko borondatezko ahaleginean (…). Fluxu-egoeran kanpoko indar batek garraiatuko bagintu bezala sentitzen gara, ur-korronte baten barruan inolako esfortzurik gabe eta gozamen handiz mugituko bagina bezala, hots, jarioan joango bagina bezala. Hain gaude sartuta egiten ari garen zereginetan, ezen osoki bere baitan bildurik baikaude, erabat murgildurik. Ez dago bereizketarik pentsamenduaren eta ekintzaren artean, ezta pertsonaren eta ingurunearen artean ere”.

Fluxu-egoeran pertsonak bere arreta osoa helburu errealista batean zentratzen du erabat (abilezia-maila onargarria eskatzen duen erronka batean), gustoko duen jarduera baten bitartez (gozamena = prozesua). Kaosa desagerraraziz (beldurra, antsietatea, estresa…), pertsonak bere indar psikiko guztia bere jardueran aplikatzen du (konzentrazioa = buru egoera ordenatua). Fluxu-egoera horrek aurrez finkatutako erronka lortzea ahalbideratzen du, produktibitate-, gozamen- eta nortasunaren garapen-maila handiak lortuz. Barne-motibazio itzela lortzen da fluxu-egoeran eta motibazio horrek emaitza apartak ahalbideratzen ditu (produktibitatea). Horrez gain, pertsonaren autorrealizazioa sendotzen da.

Fluxu-egoera, esate baterako, kirol-eskaladan sentitu daiteke. Eskalatzaileak ez du bereizten pentsamenduaren eta ekintzaren artean, eskalatzen gozatzen du eta ingurunearekin (arrokarekin) bat egiten du. Prozesuan gozamena aurkitzen du eta prozesuan autorrealizatzen du bere burua.

Wolfgang Gullich fluxu-egoeran: Separate Reality (5.11d, Yosemite) ibilbidea eskalatzen soka gabe, 1986an [argazkia: www.heinzzak.com].
Wolfgang Gullich fluxu-egoeran: Separate Reality (5.11d, Yosemite) ibilbidea eskalatzen soka gabe, 1986an [argazkia: www.heinzzak.com].
Hala ere, “lanean gertatzen da fluxu-esperientziarik gehien”. Hau da, enpresetan. Enpresa hitza zentzu zabalean ulertuta. Edozein proiektu antolatuan (eskola, unibertsitatea, erakunde publiko, lantegi…). Izan ere, lanean erronkak zehatzak ditugu. Horrek gure arreta fokalizatzen laguntzen digu.

Autoreen ustez, aparteko emaitzak eta autorrealizazioa/gozamena eskeintzen dituen fluxu-egoera enpresa-kultura indartsu baten bitartez sustatu daiteke. Kultura hori sortzea da liderraren eginbeharra: ingurune fisiko, sozial eta emozional jakin bat lortzea, bertan lankideek beren lanaz goza dezaten eta lan eginez beren burua gara dezaten. Hain zuzen ere, “Lidergoa, motibazioa eta talde-lana: pertsonen eta erakundeen eraldaketarako teknikak” ikastaroak fluxu-egoera hori zelan sustatu bilatzen du, maila handi batean.

Fluxu-egoera lanean
Harrigarria bada ere, lanean gertatzen da fluxu-esperientziarik gehien.

Liderrak intuizioa, grina eta gogoberotasuna izan behar ditu, eta komunikatzen jakin behar du. Funtsean, liderrak ahalegindu behar du lankideen berezko talentua, motibazioa eta lanarekiko grina sustatzen, lanean eta lanari esker gozamena erdiesteraino. “Etorkizuneko liderrek ez dute ahotsik ozenena izango, belarririk erneena baizik”.

Bukatzeko, Galderrek etorkizuneko erakundearen ezaugarriak eskeintzen dizkigu: “piramide itxurakoak barik, energia, emozio eta ideien batasunaren gainean eraikitako egiturak izango dira, eta elkarri besarkaturik dauden eta burutzen dituzten zereginekin gozatzen duten pertsonek osatuko dituzte”.

Etorkizuneko lantaldea?
UEUko lantaldea: lidergoa, emozioak, fluxu-egoera eta produktibitatea.

Uztailaren 4ean, UEUko egoitza akademikoan, arratsaldeko 17:30etan, aukera izango duzue gai honen inguruan Galderrekin zuzenean aritzeko. Sarrera librea izango da: bertan, Galderrek abian duen ikerketaren berri izango duzue (ikus Uztaron argitaratutako artikuluak… modu askean eskura ditzakezue).

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude