Jabier Lertxundi eta Itzarri Consulting-eko kideak UEUk antolatutako Lidergoa, motibazioa eta talde-lana: pertsonen eta erakundeen eraldaketarako teknikak ikastaroan lidergoaren ideia aldatu eta guztiok liderrak garenaren ideia erakustera etorri dira. Goizetik gauerako aldaketarik ez, baina ikastaroan parte hartzen duen bat edo besteri autoestima igotzeko asmoa dute bi egun hauetan.
Bizitzako tresna garrantzitsuak izan daitezkeenak azaltzera etorri da Lertxundi. Norbanakoa bere buruarekin gustura sentitzen denean lana egiteko modua ere hobetuko duenaren ideia azaldu dute: “Autoestimuarekin dago guztiz lotuta lidergoa. Adibidez, zu ez baldin bazara sentitzen gai lan bat egiteko, eta gainera laguntzarik ez baduzu jasotzen ingurukoengandik, zure autoestimua behera doa”. Elkarren arteko lana eta norbanakoaren barnean lidergoa sentitzeko pausuak eskaini dituzte ere. Azken batean, norbanakoa lider izan daiteke alor batean edo bestean, eta hori erakutsi eta ustiatzen saiatu dira ikastaroan. Lan jakin batean liderra ez baldin bada norbait, inguruko laguntza jasotzea oso garrantzitsua da, eta hor sartzen da talde filosofia Lertxundiren ustez: “Orain arte ezagutzen dugun lider kontzeptua aldatu egin beharko dugu. Izan ere, norberak bere burua lider bezala ikusi behar du, bestela talde filosofia ez da garatuko. Orduan, bakoitzak ikusi behar du zertan nahi duzu lider izatea eta nolako gogoa daukazun hori lortzeko. Autoestimu altua daukagunean, lanerako gogo gehiago izateaz gain, hobeto egiteko aukera asko daukagu, eta hori kanpora begira antzeman egiten da; lantaldeak hori nabaritzen duelako”.
Ikastaro hau lan mundura bideratuta egon baldin bada ere, bizi pertsonalerako ere erabilgarri dela azaldu digu Jabier Lertxundik: “alaiago bizi eta zure nortasunarekin bat egiteko balio du”. Lanpostuetan norbanakoarekin bat ez datozen egoerak edo funtzioak bete behar izaten dira, eta egoera horietan, jarrera postiboarekin aurre egin, laguntza eskatu eta egoerari aurre egiteko gomendioa luzatu du Lertxundik: “honek, bizitzari modu positiboan eragiten dio zuzenean ere”.
Gaur egungo krisi garaia momentu interesgarri moduan azaldu du Jabier Lertxundik. Izan ere, “proiektu berritzaileak” egiteko momentu bezala ikusten du. Dirua alde batera utzi eta “garapen pertsonala eta profesionala” gauzatzeko momentua. Aipatutako autoestima izanez gero, konfiantza izango du pertsonak eta horrek bizitza poztuko dio: “agian ditu gutxiagorekin baina, zoriontsuago izango da”.
Norberaren buruan konfidantza lantzeko, Ennegrama sistema jarri dute martxan: “aitzindariak gara Ennegrama teknika lan mundura modu honetan ekarri dugunak, pertsona “askatzeko” helburuarekin”. Ennegrama sistemaren bitartez eta bakoitzaren buruarekiko jarrera autokritikoa izanez, norberaren burua ezagutzeko “metologia oso indartsua” da. Ennegrama sistema bizitzako esparru askotara bideratutako lantresna da, hala nola, osasungintzan psikologia nahiz psikiatria sailean erabiltzen da. Lan munduarekin lotzen diren ennegramak pertsonalitate testak bezalakoak dira, bakoitzaren perfil psikologikoa ezagutuz, lanpostu batera edo bestera bideratzeko. Baina, Jabier Lertxundiren eta bere kideak erabilera horretatik irten eta bakoitzak bere burua ezagutu eta liderra izateko prestatu dute sistema.
Gaur arratsaldean eskainiko duen hitzaldian, krisia gainditzeko proiektu eraldatzaileen garrantzia azalduko du. Ikuspuntu baikor batetik momentu batzuk “gogorrak” izan daitezkeela pentsatuta proiektu berriak aurrera eramatea beharrezkoa dela azpimarratuko du Lertxundik: “Agian langabezian egongo zara tarte batean baina zure buruan eta zure proiektuan sinisten baduzu, aurrera aterako da, kosta ala kosta”. Ikastarora jende gaztea gerturatu zaie eta Lertxundik ahalera handiko jendea dela uste du, proiektu eraberritzaileak gauzatu dezaketenak.
Iruzkinak (1)