Unibertsitatea.Net

Blog komunitatea   Sar zaitez blogera

2007/09/29 11:44:29.492 GMT+2

Ibarretxeren herri galdeketa,erabakitzeko eskubidea eta EuskalHiria

Atzo Ibarretxek iragarri zuen EuskalHerriko gatazkari konponbidea emateko, herri galdeketa baterako deialdia egingo duela. Espaniako estatuarekin ez bada akordiorik lortzen, berak hitza emango dio herriari, galdeketa bat eginez. Atzotik badakigu galdeketa horrek data finkoa baduela: 2008ko Urriak 25an.

 

Ibarretxek dioskunez, galdeketa horren bidez euskaldunok Espainarekin aspalditik (200 urtetik gora) daukagun gatazka konpontzeko, sekulako aurrerapauso bat emango dugu. Antza denez, eta berak aditzera ematen duen bezala, aldi berean indarkeriaren arazoa desagertuko omen da. Hala bedi!!

 

Atzo iragarri zuen galdeketa honen inguruan, zurrumurruak ibili dira azken bolada honetan. Ez dira gutxi, ez, galdeketa horretan bere itxaropen osoa jarrita dutenak.

 

Baina ematen du historian zehar eta aurrerantzean, euskaldunok izan eta izango ditugun arazo guztiak -behin eta betiko- galdeketa batekin konponduko direla.

 

Ibarretxek eta ikuspegi hau dutenek diote, euskaldunok erabakitzeko eskubidea behin bakarrik erabili ahal izango dugula. Hau da, gure erabakitzeko eskubidea erabiltzeko egun bakar bat izango dugula.

 

Baina gatazka politikoa konpontzeko hain ona iruditzen zaien tresna hau –galdeketa eta erabakitzeko eskubidea bera-ez zaie hain ona iruditzen komeni ez zaienean. Zergatik ez da eskatzen erabakitzeko eskubide hori etengabe aplikatzeko eta ez behin bakarrik? Eta zergatik galdeketa honen bultzatzaile berak dira herriari hitza ematea nahi ez diotenak beste gatazka” batzutan, “Y” kasu?

 

Gure gizartean, edozein gizartetan bezala, beti egongo dira gatazkak. Zergatik ez dute “erabakitzeko eskubide” hau etengabe eta gatazka bat sortzen den guztietan aplikatu nahi? Zergatik behin bakarrik eta gatazka politikoa konpontzeko soilik?

 

Ikusi dugu Ibarretxe eta bere partidoaren jokabidea zein izan den beste gatazka batzuk izan direnean. Esate baterako, Boroako Zentral termikoaren kasuan. Hasieran, erreferenduma egiteko asmoa eduki zuten baina...zelako galdera!! Ez zegoen nork ulertu galdera hura!! Zentralari ezetz esan nahi zionak “BaI” idatzita zekarren papeleta hartzeko pentsatuta zegoen.

 

Azkenean, erreferenduma bertan behera gelditu zen. Eta orain datoz herriari hitza emateko txun-txunarekin......Ikusita zelan dabiltzan jokatzen “Y”-rekin edo Boraoako “gatazkan”, orain nork sinestu?

 

Datozen hilabetetan eztabaida eta hika-mika pilo bat ikusiko ditugu. EITBk eta Copek egunero jardunko dute gai honetaz, saltsa emanez. Beharbada suak piztuko dira eta kalean haserreak ikusiko ditugu: manifestazioak alde batekoak eta bestekoak. Ikurrinak eta Espainako banderak ere ugari ikusiko ditugu.

 

Baina orain arte bezala, jendearen atentzioa hortan dagoen bitartean, EuskalHirira garamatzaten proiektuei buruzko eztabaidak saihestea lortuko dute. Nork mantenduko du “Y”-ari  buruzko eztabaida testuinguru honetan? Nork Pasaiako portuaz? Nork EuskaHiria proiektua berari buruzkoa? Ibarretxek gai hauetan –eta beste askotan- herriari hitza emango al dio? Edo erabiliko ditu hika-mika denak bereziki, gai hauek eskutatzeko?

 

Baina iruzurrik haundiena “galdeketa” horren inguruan “arerio” batzurekin eztabaida sutsuan aritzea izango da, gero "arerio" berdinekin EuskalHiria proiektua aurrera ateratzeko. Hori bai jokabide azkarra Ibarretxerena!! 

 

Orain zabaltzen den fase hau amaituta dagoenean –urte gutxi barru-“Y” eta EuskalHiria bera eginda egongo dira. Denon begiradak beste nonbaiten daudela, beste proiektuak aurrera doaz.

 

Ez, niretzat aski da. Nik neuk behintzat, oraingo honetan lasai-lasai jarraituko dut dena. Batzuren interes propioak oso bistakoak dira.

 

 

Nork: ibarra.2007/09/29 11:44:29.492 GMT+2
Etiketak: galdeketa erabakitzeko ibarretxe eskubidea euskalhiria | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/05/16 09:46:33.487 GMT+2

Euskal Herrian klima aldaketa ote?Mario Molina Nobel saridunarekin hizketan

Pasa den Apirilak 22an Mario Molina Nobel saridun mexikarra Bilbora etorri zen. Ingurumen Sailak antolaturiko kongreso baten barruan, Eusko Jaurlaritzak gonbitea luzatu zion klima aldaketari buruz hitzaldi majistrala emateko.

EHUn zenbait irakasle bagabiltza klima aldaketari buruzko ikerketak egiten eta bere hitzaldia bota eta gero, Ingurumen sailak Sheraton Hoteleko areto baten mahai inguru bat antolatu zuen. Hamabi irakasle inguru geunden eta egia esanda, aukera paregabea izan genuen Mario Molinarekin hitz egiteko.

Hasieran, Nobel saridunak sarrera txiki bat egin zuen eta ondoren galderak egiteko aukera izan genuen. Oso elkarrizketa interesgarria eta aberasgarria piztu zen. Ikerlarietatik aparte, EHUko zenbait katedradunei luzatu zitzaien gonbitea, nahiz eta  klima aldaketan bereziki adituak ez izan.

Ondo zihoan elkarrizketa, eztabaida zientifiko eta aberasgarri bati dagokion bezala. Ikutu ziren gaiak izan ziren biokonbustibleak, garraiobideak eta abar.

NBEk dauka ikerlari talde bat klima aldaketa aztertzeko. Talde hau IPCC deitzen da eta mundu mailako ikerlari ospetsuenek osatuta dago. Orain arte, IPCC-ek lau txosten atera ditu guztira, eta laugarrena atera arte, bertan emandako datuekin , bazeuden arrazoi batzuk pentsatzeko klima aldaketa beharbada ez zela gertatzen ari. Horri heldu diote petrolerek ordaindutako zientzilariek eta Bushen aholkulariek Kyotoko protokoloa ez sinatzeko.

IPCC-ek bere laugarren txostena atera berri du pasa den Otsailean. Txosten berri hau argitaratu ondoren, jadanik ez dago argudio zientifikorik  gure planeta berotzen ari denik ukatzeko. Laugarren txosten  honetan zenbait eskenatoki planteatzen dira etorkizunerako, baina guztietan lurraren tenperatura gora doa.

Hemen Euskalherrian, badauzkagu klima aldaketarik ez dagoela dioten batzuk eta ez da txiripaz. Horren atzean interes konkreto batzuk daude, zeren eta klima aldaketa baldin badago eta gure emisioak gutxitu behar baditugu, ezingo genuke AHTrik egin edo Boroako zentrala eraiki, besteak beste.

Ba horietako bat, han zegoen Sheraton hotelean. Bera ez da izatez gai honetan ikerlari bat, baina EHUko katedraduna denez, gonbitea luzatu zioten eta bertaratu zen.  

Bera ez zen ohartu beste guztiok Mario Molinarekin generaman solasaldia, elkarrizketa zientifiko bat zela eta hitza eskatu ondoren, bat ere lotsa gabe bota zuen "berak ez zuela sinesten klima aldaketei buruzko eskenatokietan". Hau da, esaldi horren bidez, eta bat-batean, bere burua nahi izan zuen ipini gu guztion gainetik, IPCC-en gainetik, eta -noski- Mario Molinaren gainetik. Dena gezurra balitz bezala eta egia dakien bakarra bera balitz moduan. Baina ez zen ohartu ez zela bilera politiko bat, baizik eta zientifikoa eta goi mailakoa. Orduan Mario Molinak, datu zientifikoak eta zenbait ikerlariek argitaratutako lanak aipatuz, argi utzi zion beste guztiontzako bilerara joan baino lehen argi genuekan gauza bat: klima aldaketa badagoela.

Hau da, gaur egun badagoela nahikoa datu zientifiko hori esateko eta uste dut tipoa nahikoa konbentzituta irten zela bileratik. Espero dezagun zientziak bere bidea egin dezala bilera hartan ez zeuden EuskalHerriko zenbait agintarien artean....... 

Nork: ibarra.2007/05/16 09:46:33.487 GMT+2
Etiketak: klima aldaketa molina mario | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/02 09:20:59.909 GMT+1

AHTak aurrera darrai: Bake prozesuak ere bai?

Pasa den Abenduak 30an ETAk, Madrilgo lehergailu jarriz, su etena hautsi zuen. Horrela, justifikatuezina izan den hilketa bikoitza honen bidez, euskal gizarteak zituen bake espekatatibak bertan behera gelditu dira berriro.

Baina gainazalean ikusten dugun zalaparten azpitik EuskalHirira (1) garamatzan 'Y' proiektu honek aurrera segitzen duela (2).

Bai, lizitazioen erritmoak bere martxa jarraitzen du. Azkena, pasa den Urtarrilak 26an izan da eta Durango eta Arrasate bitartean dagoen zatia adjudikatu da. Guztira 121 milloi euro.

Honek erakusten du bake prozesua egon nahiz egon ez, Ibarretxe auziperatu nahiz auziperatu ez, alderdien legea indarrean egon nahiz egon ez, alderdi gehienen artean oinarrizko adostasuna dago (1) Euskadirako etorkizuneko proiektuan. Eta eztabaida publikoak beste batzuk diren bitartean, atzerabuelta ez duen Euskalhiriaren eredua gauzatuz doa egunez egun.

Non daude eragile sozial eta politikoak etorkizuneko proiektuei buruzko eztabaida pizteko? Edo guratan ari dira bultzatzen bestelako eztabaida publiko hauek, kritikarik gabe EuskalHiriaren proiektua gauzatu ahal izateko?

Su-etena apurtuta dagoela iruditu arren, 'Y' lizitazioek jarraitzen baldin badute, antzeman daiteke -niretzat zalantzarik gabe- elkarrizketa dagoela momentu honetan. Nahiz eta eman hau albiste itxaropentsua dela, galdera zera da: elkarrizketarako agendan Euskalhiriaren proiektua al dago?

Euskaldunok daukagun "erabakitzeko eskubidea"-ri buruz mintzaten denean, badirudi bakarrik gure historiako momentu konkretu baten gauzatzeko dela. Eta gure politikariek eskubide horretaz hitz egiten dutenean, ematen du bakarrik dela Espainatik kanpo egoteko gogoak dauzkagunentz esan ahal izateko.

Zergatik inork ez du aldarrikatzen etengabeko eta gizartea kezkatzen duten zenbait gairi buruz erabakitzeko eskubide bat?

Nork: ibarra.2007/02/02 09:20:59.909 GMT+1
Etiketak: aht durango erabakitzeko_eskubidea euskalhiria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/12/14 09:58:54.827 GMT+1

Bake prozesua eta AHTa: batera al doaz?

Azken aldi honetan ematen du AHTa aurrera doala. Euskal Hiriaren proiektuko bizkar hezurra da "Y" eta obra batzuk egiten hasiak dira Araba partean.

Bai, baina

1. honek zenbat balio du?

Hasierako estimazioetan 3000 miloi eurokoak ziren. Azken bolada honetan 4700 miloi euro entzun da, hiriburuetarako sarrerak aparte. Beraz, ez dut uste 6000 miloitik behera izango denik. Kontutan hartzen badugu Euskadiko Elkarte Autonomikoaren (EEA) aurrekontuak 8000 milio euro ingurukoak direla, ikusi daiteke EEAn inoiz egin den inbertsiorik haundiena dela eta ze garrantzi haundia izan dezakeen.

2. eta Europak ordainduko du?

Lehengo eta behin esan beharra dago, momentuz euskal "Y" delako hau Europako lehentasunetatik kanpo dagoela. Hau da, 2003. urtean lehentasuna zuten azpiegiturak identifikatzeko Europar Batasunak (EBk ) zerrenda bat ("Quick Start List") egin zuen. Zerrenda horretatik kanpo "Y" gelditu zen. Beraz, momentuz "Y"-ak ez ditu europar diruak jasoko.

Une honetan, berriro ere planteatzen ari dira ze azpiegitura martxan jarri Europa osotik zehar. Oraingo erizpideekin, Europak, kasurik onenean, %10-%20 eman ahalko luke. Kontutan harturik Sebilla eta Bartzelonako "AVE"ak ordaintzeko%70a baino gehiago Europatik etorri zela, aldea nabarmena dela erraz ikus daiteke .

3. Orduan nork ordainduko du?

Esan bezala, Europatik, 6000 miloi horietatik, asko jota %20a etor daiteke. Beste guztia Madriletik etorriko da. Datozen urteetan Espaina mailan eta inbertsio erraldoi honi «esker», Euskadi izango da biztanleko diru gehien jasoko duen elkarte autonomikoa. Harritzekoa da hain modu xinplean holako gauza garrantzitsua gertatzea, kontutan harturik nola beste elkarte autonomikoetan beraien estatutu berrietan (Andaluzia eta Kataluina, kasu) nahi izan dute Madriletik gutxienezko inbertsio kopuru batzuk bermatzea. Guzti hori, zenbait eztabaida sutsu ostean eta azkenik, arlo honetan beraien helburuak guztiz lortu gabe.

Hemen berriz, ez. Inor haserretu gabe, eztabaidarik gabe, hau da, besteko barik, datozen urteetan inbertsio honi «esker», Madriletik diru gehien jasoko dugunak izango gara.

4. Eta Madrilek zergatik ordainduko du hau?

Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak AHTa aurrera ateratzeko hitzarmena Apirilak 24an sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zatia egingo du eta gero kupotik deskontatuko ditu gastuak. Hau da, Madriletik esan diote Eusko Jaurlaritzari (eta PNVri): "Egin obrok, gastatu nahi duzuna eta pasatueidazu -kuporen bidez- faktura".

Kontutan izanda ETAren suetena hilabete bat lehenago iragarri zela, zaila da gauza biak ez lotzea. Horrek azalduko luke zergatik, bai PNVak eta bai Eusko Jaurlaritzak, azken hilabeteetan hain bigarren planuan dabiltzen jokatzen "bake prozesua" dela eta. Beraz, bake prozesua aurrera ez badoa "Y" ere bertan behara gelditu daiteke.

Ikusiko dugu.

Nork: ibarra.2006/12/14 09:58:54.827 GMT+1
Etiketak: bake_prozesua aht | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2006/11/29 07:52:31.049 GMT+1

Euskadi: LAA-ek diseinaturiko herria

1997an Eusko Legebiltzarrak Lurralde Antolamendurako Artezpideak (LAA-DOT erderaz) onartu zituenetik,  Euskadirako bertan definitzen zen eredua joan da gauzatzen.

Eredu horren arabera, Euskadi beste errotula edo nodo bat bihurtzen da Europa mailan sortzen ari den zenbait nodok antolaturiko sare barruan.

Horra heltzeko, LAA-ek ekimen batzuk  proposatzen ditu, gutxienez, ondoko arlo hauetan.

  1. Garraioak. Hor, Diputazioek dituzten Errepide Planak (1), (2), (3) eta bereziki, Abiadura Handiko Trena ("Y" delakoa) sartzen dira  (4), (5), (6), (7), (8).
  2. Energia (7), (8), (9), (10).
  3. Ura (7), (8).
  4. Zarama (7), (8).
  5. Lurralde antolamendua. Arlo honetako helburua? EuskalHerriko hiruburuen arteko eremuak guztiz urbanizatzea. Hau da, hutsik dauden guneak, urbanizazio, industrialde, trenbide eta errepidez betetzea. Baina hutsik dauden gune horiek balio ekologikorik handiena dutenak dira. Horren trukez, Europan kokatuko gaituen gure errotula honek funtzionatu ahal izango du.
nodo

Beraz, LAA-etan agertzen den helburu nagusia Euskal Herritik Euskal Hirira pasatzea da. Honela, Europan dauden beste hiri-inguru batzuekin sare bat osatuko genuke, sare horretako beste errotula edo nodo bat bihurtuz.

Horra heltzeko, egun EuskalHerriak duen ingurumen ondasuna neurri haundi baten suntsitu beharko da. Prozesu hau abian dago jadanik eta bere eragina ikusten hasiak gara. Garapen eredu hau, ordea, ezin daiteke esan jasangarria denik.

Zoritxarrez, garapen eredu hau beste toki askotan ere jarraitzen ari da (11).

Harrigarria bada ere, eredu horretara heltzeko beharrezkoak diren ekimen eta bereziki, azpigiturek, izugarrizko adostasun politikoa jasotzen dute eta gaur egun esan daiteke, gure herriko politikarien artean hauxe dugula adostasun politiko esparrurik zabalena (5), (7), (8), (12).

Gure herria Euskal Hiria bihurtzen bada hurrengo urteetan, horrek gure etorkizuneko nortasun, ingurumen eta ekonomian eragin haundiagoa izango du edozein prozesu politikok baino (5), (7), (8), (12).

Erabakitzeko eskubideari buruz horrenbeste hitz egiten den une honetan, Euskal Hirira garamatzaten azpiegiturei buruz erabakitzeko eskubidea emango al zaigu herritarroi? Kontutan izanda LAA-ek ezartzen duten eredu honek betirako itxuraldatuko duela Euskal Herria, Euskal Hiria eredu honen gainean hitza ahal izango dugu hartu?.

 

    Nork: ibarra.2006/11/29 07:52:31.049 GMT+1
    Etiketak: azpiegiturak euskalhiria erabakitzeko_eskubidea | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

    bisitari