Ibarretxeren herri galdeketa,erabakitzeko eskubidea eta EuskalHiria

Atzo Ibarretxek iragarri zuen EuskalHerriko gatazkari konponbidea emateko, herri galdeketa baterako deialdia egingo duela. Espaniako estatuarekin ez bada akordiorik lortzen, berak hitza emango dio herriari, galdeketa bat eginez. Atzotik badakigu galdeketa horrek data finkoa baduela: 2008ko Urriak 25an.


 


Ibarretxek dioskunez, galdeketa horren bidez euskaldunok Espainarekin aspalditik (200 urtetik gora) daukagun gatazka konpontzeko, sekulako aurrerapauso bat emango dugu. Antza denez, eta berak aditzera ematen duen bezala, aldi berean indarkeriaren arazoa desagertuko omen da. Hala bedi!!


 


Atzo iragarri zuen galdeketa honen inguruan, zurrumurruak ibili dira azken bolada honetan. Ez dira gutxi, ez, galdeketa horretan bere itxaropen osoa jarrita dutenak.


 


Baina ematen du historian zehar eta aurrerantzean, euskaldunok izan eta izango ditugun arazo guztiak -behin eta betiko- galdeketa batekin konponduko direla.


 


Ibarretxek eta ikuspegi hau dutenek diote, euskaldunok erabakitzeko eskubidea behin bakarrik erabili ahal izango dugula. Hau da, gure erabakitzeko eskubidea erabiltzeko egun bakar bat izango dugula.


 


Baina gatazka politikoa konpontzeko hain ona iruditzen zaien tresna hau –galdeketa eta erabakitzeko eskubidea bera-ez zaie hain ona iruditzen komeni ez zaienean. Zergatik ez da eskatzen erabakitzeko eskubide hori etengabe aplikatzeko eta ez behin bakarrik? Eta zergatik galdeketa honen bultzatzaile berak dira herriari hitza ematea nahi ez diotenak beste gatazka” batzutan, “Y” kasu?


 


Gure gizartean, edozein gizartetan bezala, beti egongo dira gatazkak. Zergatik ez dute “erabakitzeko eskubide” hau etengabe eta gatazka bat sortzen den guztietan aplikatu nahi? Zergatik behin bakarrik eta gatazka politikoa konpontzeko soilik?


 


Ikusi dugu Ibarretxe eta bere partidoaren jokabidea zein izan den beste gatazka batzuk izan direnean. Esate baterako, Boroako Zentral termikoaren kasuan. Hasieran, erreferenduma egiteko asmoa eduki zuten baina…zelako galdera!! Ez zegoen nork ulertu galdera hura!! Zentralari ezetz esan nahi zionak “BaI” idatzita zekarren papeleta hartzeko pentsatuta zegoen.


 


Azkenean, erreferenduma bertan behera gelditu zen. Eta orain datoz herriari hitza emateko txun-txunarekin……Ikusita zelan dabiltzan jokatzen “Y”-rekin edo Boraoako “gatazkan”, orain nork sinestu?


 


Datozen hilabetetan eztabaida eta hika-mika pilo bat ikusiko ditugu. EITBk eta Copek egunero jardunko dute gai honetaz, saltsa emanez. Beharbada suak piztuko dira eta kalean haserreak ikusiko ditugu: manifestazioak alde batekoak eta bestekoak. Ikurrinak eta Espainako banderak ere ugari ikusiko ditugu.


 


Baina orain arte bezala, jendearen atentzioa hortan dagoen bitartean, EuskalHirira garamatzaten proiektuei buruzko eztabaidak saihestea lortuko dute. Nork mantenduko du “Y”-ari  buruzko eztabaida testuinguru honetan? Nork Pasaiako portuaz? Nork EuskaHiria proiektua berari buruzkoa? Ibarretxek gai hauetan –eta beste askotan- herriari hitza emango al dio? Edo erabiliko ditu hika-mika denak bereziki, gai hauek eskutatzeko?


 


Baina iruzurrik haundiena “galdeketa” horren inguruan “arerio” batzurekin eztabaida sutsuan aritzea izango da, gero “arerio” berdinekin EuskalHiria proiektua aurrera ateratzeko. Hori bai jokabide azkarra Ibarretxerena!! 


 


Orain zabaltzen den fase hau amaituta dagoenean –urte gutxi barru-“Y” eta EuskalHiria bera eginda egongo dira. Denon begiradak beste nonbaiten daudela, beste proiektuak aurrera doaz.


 


Ez, niretzat aski da. Nik neuk behintzat, oraingo honetan lasai-lasai jarraituko dut dena. Batzuren interes propioak oso bistakoak dira.


 


 

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude