Euskal Herriko konfederaziorantz (eguneratua)

 

  1. Hitz egin dezagun independentzia birtualaz

Hasteko, eta gauzak argiro esatearren, esan dezadan independentista hutsa naizela, separatista alegia. Frantziar eta espainiar estatuetatik at, erabat kanpo, eraiki genezakeen euskal estatu independente eta errepublikar baten aldekoa.

1980ko hamarkadaren hasieran, 1983an, Montreal-en, Québec-en hasi nintzen, beste behin eta era sakonago batez, ekonomia ikertzen. Québec-en egoera (Kanadatik kanpo ala Kanada barruan?), analizatzeari ekin nion, orain dela 43 urte.

Quebec-en gauza interesgarri bat ikasi nuen, alegia, hango sindikatuek subiranotasunaren inguruan, mugimendu zibilen arloan, errebindikazio sozialen aurrean jorratutakoa txalogarria zela benetan. Are txalogarriagoa, pentsatzen baldin badugu aberastasun guztia lan-indarrak sortzen duela, lan-indarra zentzu zabalean noski (Adam Smith, Karl Marx edo eta John Maynard Keynes, lekuko. Baita oraingo Moneta-Teoria Moderno-koak -MTM- ere).

Subiranotasuna, autodeterminazioa, independentzia, … , horrelako kontzeptuak argitu behar dira. Ados. Mundu mailako ekonomia ikertu beharra dago. Argi. Dauden arazoak eta baldintza kontuan eduki behar dira. Noski. Historizismoak (XII. mendeko nafar estatua eta abar) ez digu ezertarako balio. Argiago ezin. Historia irekita dago. Euskal Herria oso eskasa da baliabide fisiko eta naturaletan. Geneuzkanak, Enkarterri inguruko meatzetan bereziki, aspaldi lapurtu zizkiguten eta Britainia Handira eraman, hemengo oligarkiaren laguntzarekin.

Dena den, badakigu, kasu, Japoniak ere ez daukala baliabide natural askorik eta hala ere, Mundu mailako potentzia ekonomikoa da. Ez dut Japoniako eredu ekonomiko eta soziala inportatu nahi. Ezta pentsatu ere ez! Baina Euskal Herriak, bere osotasunean, giza kapital ikaragarri on, landu eta aberatsa dauka. Ezin ukatu. Ahalmen hori frogatu izan da hala frankismo nola neofrankismo edo eta sasi-demokrazia honetan, eta hori guztia inongo subiranotasun politikorik eduki gabe, oraingo autonomismo hutsean baizik.

Nola egon gintezke subiranotasun politikoarekin, geure erabakiak hartzeko ahalmenarekin? Dudatan ote gaude?

Inongo dudarik gabe, eta hauxe egia ere bada, epe luzera, hainbat erabaki ekonomiko hartu beharko genuke industrian, inbertsioetan eta geure azpiegitura ekonomikoan: arlo produktibo berrietan inbertituz, sektore estrategiko berriei buruz arduratuz (eta zaharkituak baztertuz), noski, hezkuntza, irakaskuntza eta ikerketan inbertituz, …

Gaur egunean bi estatuk eta Europar Batasunak erabakitzen dute guri, ekonomia mailan, dagokiguna: industria dela, arrantza dela, nekazaritza dela, edo eta nazioarteko foroetan parte hartzeko eta erabakitzeko arlo desberdinei dagozkien jardueretan.

Egun inolako konpetentzia sendorik gabe, Euskal Herria, bere osotasunean, ez dago erabat gaizki: kasu, espainiar zein frantziar estatuetako zenbait erregio baino hobe. Are gehiago, portuges estatua baino hobe. (Baten bati otuko litzaioke portuges estatua espainiar estatuan “integratzea” portugesak hobe egotearren? Badakizue portuges esaera hura: “Espainia eta ozeano atlantikoaren artean? Ozeanoa!”) Nola egongo litzateke Munduan euskal errepublika independente bat? Gaur baino hobe, inongo dudarik gabe.

Are gehiago, hego Euskal Herria, oro har, espainiar estatu baino hobeki dago arlo ekonomikoan. Esan diezagula espainoltxo batek ez duela bere estatua behar, eta, kasu, frantses estatuan “integratuko” dela.

Zer dela eta, hortaz, gure ekonomia ez aritzea errepublikar estatu propio batean antolatuta eta kudeaturik, mundu zabalean kokatua, erabakiak hartzeko subiranoa izanik, Munduko beste estatu guztiek daukaten subiranotasun-maila berberarekin? Zeren beldur gara? Zer dela eta Espainiarekiko (eta Frantziarekiko) gutxienezko konplexu hori?

Munduan aipatu dut, eta ez Europar distopian! Gehiegi ikasi dugu azken 20-25 urte hauetan Europar Batasunaz, Eurolandiaz, euroguneaz,…, espazio hori ez dela gure esparru egokia ongi jakiteko.

Ikus ondokoak:

Gaur egungo aukerak Europan

Eurozone Dystopia

Eurolandia = Distopia

Gure ekonomia enpresa ertain eta txikien inguruan murgiltzen da. Hori da gure altxor produktiboa, hala gestiogintzan nola produkzioan, bere lan-indar oso produktibo eta lehiakorrarekin. Horixe da gure faktore estrategikoa, zaindu, hobetu, gaurkotu eta mimatu behar duguna.

Madrilek, eta Parisek, gehi Brusela-k egindako ahalegin guztien gainetik, hego Euskal Herria aurrera doa. Nola joango litzateke oztopo guzti horiek izan barik? Zuek erantzun, ez konplexuz beteriko politikero horiek!

Gogoratzekoak:

XXI. mendeko euskal estatu berria eskatuz…

XXI. Independentzia! Besterik ez!

INDEPENDENTZIA!

Euskal Herria: independentzia (2024)

Inbertsioak egiteko uneetan, ikuspegi orokor bat, ikuspegi nazional bat falta zaigu, herri osoa kontuan edukiko duena; epe laburretik haratago, epe ertain eta luzeko inbertsioak kontuan izango dituena; herrialde guztietan (Lapurdi, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Nafarroa Garaian edo eta Baskongadetan) inbertituko duten enpresariak, kooperatibak, inbertsiogileak,… bultzatuko dituena.

Quebec independentearen inguruan, Montreal-en orain dela urte askotxo, entzundako ekonomiari buruzko txorakeria berberak hasi ginen hemen entzuten espainiar sasi-ekonomialarien ahotik, handik etorri eta zenbait artikulu argitaratzen hasterakoan…. Ez dut uste gehiegi merezi duenik horiei kasu egiteak. Baina mingarria da abertzalea omen den hemengo jendea txorakeria beretan murgiltzen hasten denean. Ulertezina niretzat. Edo agian ulergarria, zeren abertzale etiketaren azpian edozein jende ezkuta daitezke. (Horrexegatik gu bezalako independentistak ‘separatistak’ gara!)

Sasi argudio nagusia hauxe litzateke: euskal independentzia berdin deskapitalizaioa. Euskal Herria irla bilakatuko litzateke, azak jango genituzke, kapitalek ihes eginen ligukete, pobrezia hedatuko litzateke, langabezia areagotuko, … Baina katastrofe guzti horiek gurera etorriko balira, orduan, zer dela eta onartezina da autodeterminazio eskubidea Euskal Herrian aplikatzea? Zeren beldur dira espainolak (eta frantsesak)? Okerrago oraindik, erabat independentea al da espainiar estatua, frantses estatua, Europar Batasuna bera? Ba ote dago gure inguruan era autarkiko batez iraun dezakeen estatu bat? Nork bultzatzen du Euskal Herrian aukera ez-historiko hori?

Gaur egungo baldintza kaxkar hauetan, espainiar estatua baino hobe funtzionatzen dute hainbat euskal erakundek irakaskuntzan, osasungintzan, eta zerbitzu sozial askotan. Nola funtzionatuko lukete beren ahots propioa edukiko balute? Bere diru propioa, moneta propio baten bidez, kudeatuko balute? Hamaika bider hobe. Segur egon.

Dudatan egotekotan, egin dezagun froga datozen hamarkadetan zehar, eta gero, berriz, nahi izanez gero, dena berrikertu. Gaur egungo Europar Batasuna (EB) estatu desberdinen eraketa da, baita kapital handiaren eraketa ere: enpresa handiek eta banku erraldoiek beren nahitarako sortu eta antolatu dute EB1.

Euskal errepublika independentea eratzeko daukagun oztopo bakarra, apartekoa noski, bi estaturi dagokiona da: espainiar eta frantses estatuei. Ez dago beste oztoporik, ez ekonomikorik, ez sozialik, ez kulturalik edo linguistikorik. Arazoa erabat politikoa da. Kontua subiranotasunari dagokio, autodeterminazioari, erabakitzeko subjektuari. Horretaz ez dut uste abertzalea denak dudarik izango duenik. Hortaz, ados bagaude horretan, ahalegin gaitezen puntu horren inguruan batzen, bateratzen.

Noski, hemengoak ere aparteko ahaleginak egin dituzte zaborra, behin eta berriz, erabiliz autonomismo merkea eta hiltzailea bultzatuz:

Zipriztin adierazgarri batzuk:

‘Mandanga’, zer ote da?

Mandangaz, eguneratua

Karlistadak Euskal Herrian

Neoliberala al zara?

Badakigu, ongi jakin zein den medizina aproposa, zabor guzti horri aurre egiteko:

Ez ahaztekoak:

Estatua eskatuz (Reclaiming the State)

Nazio-estatua ezina omen da

Globalizazioa, neoliberalismoa, nazio-estatua eta ezkerra

2. Egia berdaderoak, sasi egiak eta gezur hutsak

Egia da Europar Batasun hau martxan jartzerakoan, soilik kapitalari begiratu diotenez, Europar Banku Zentralak izan duen politika monetario bakarra inflazioari aurre egitekoa izan dela. Ondorioak ezagutzen ditugu: langabezia nonahi eta gastu sozialen murriztea.

Beste aldetik, badakigu hitzen zorabioarekin ez goazela inora. Subiranotasun ekonomikoa aipatzen denean, zehaztu behar da, jakin behar dugu zertan ari garen. Argi dago gaur egungo EBko estatuek daukaten subiranotasun politikoak (nolanahi ere den!) ez duela suposatzen, ezta pentsatu ere, subiranotasun ekonomikorik daukatenik. Beraz, separatistok, erabat independentzia zaleok, hor daukagu desafio teoriko bat, argitu beharrekoa, geroko gero baterako ezin dena luzatu.

Abertzaleak bai baina independentistak ez zaretenok independentzia birtualaz hitz egin gabe, borroka ezazue eskubide demokratikoa den autodeterminazio eskubidea Euskal Herrian gauzako.

Gutxienez bat egin dezagun horren inguruan, independentzian sinesten ez duzuelako. Nire aldetik ad nausean idatzi dut 1985tik gaur arte, Euskal Herriaren independentziaz, itxi zizkiguten Eginen eta gero Egunkarian, Berrian, Uztaron, Herria 2000 Eliza-koek zeukaten aldizkarian eta antolatu dituzten kongresu berezietan, baita liburu batzuetan ere. 2006tik gaur arte UEUko blog batean…Badakit, hala ere, ez dela nahikoa. Arazo horretaz ikertzen eta idazten jarraitu behar dugu. Zin dagit neure ahalegintxoak hortxe emango ditudala.

Baina ez gara inozoak. Euskal Herrian denok ezagutzen dugu elkar. Badakigu nor zein zen, eta den, zertan zebilen eta zertan dabilen. Hortaz, gezurrak eta zinismorik ez!. Mesedez!

(Hona hemen lekukotasun txiki bat, benetan adierazgarria:

Zer gertatu da 2012tik 2017ra? Zergatik?)

Ipuinaz:

Ipuinak

EPI espaziotik datozen albisteak

Ipuintxoaren gehigarriak

Independentziari buruzko ipuintxoa

Aberri Egunerako ipuintxoa

Ipuin osoa, hemen:

Independentziari buruzko ipuintxoa

3. Euskal Herriko Konfederaziorantz

XXI. mendean sartuak gara eta hemengo ezker ofizialeko asko oraindik lotuta daude XIX. mendeko eskemei eta arras gaindituriko parafernalia intelektual kaxkarrari, zaborrari alegia, informatika-iraultzarekin batera bizi ditugun aldaketa sakon eta berriak kontuan eduki gabe. Gure aurrean gertatu diren sakoneko aldaketak analizatu eta ikertu barik, guretariko askotxok ez dugu ezer ikasi eta antzinako bulgatak errepikatzen ditugu exegesi berri gisa. Alta, desobedientzia zibileko aroan bizi gara. Gizarte mugimenduen aro berri honetan lehengo eskemak erabat atzeratuak geratu dira.

Aro berri honetan independentzia da helburu, ez inolako autonomismorik2. Hori gero eta garbiago azaldu behar da. Beraz, epe laburreko eta epe ertaineko proposamenak loturik egon beharko lirateke independentziaren aldeko estrategia baten barruan.

Zehaztu gabeko independentziaren eta erabat definiturik gabeko sozialismo baten izenean jende askotxo aritzen da gure txoko honetan. Independentzia hori interdependentzia baten barruan kokatu behar denik ez dut uste inork ukatuko lukeenik. Independentzia autodeterminazioaren bidez lortu behar da. Hortaz, autodeterminazioa da hic et nunc etengabe aldarrikatu behar dena. Kanporako autodeterminazioa Euskal Herri osorako, nahiz eta barnerako, taktika mailan eta epe ertainean, Baskongadetarako, Nafarroa garairako eta Iparralderako, konfederazio moduko antolaketa bat edo antzekoren bat proposatzea.

Baina lehendabizi, Lizarra-Garazi itunean egon ziren indar guztien artean eginahal berezi batzuk gauzatu behar dira, behin eta berriz, gauden putzu eta impasse honetatik irteteko.

Presoen egoerarekin bukatzeko, denak kaleratzea da irtenbide soil eta bakarra, ez dago besterik esateko.

Beste aldetik, Iparraldean, Nafarroa garaian, eta Baskongadetan gauden egoera desberdinetatik abiatzea eta Udalbiltza bezalako gain-erakunde operatibo bat prestatzea eta antolatzea ez litzateke zaila izanen eta bai oso aproposa.

Ekonomian subiranotasun monetarioa eta ekonomikoa da aztertu eta analizatu behar dena. Nahiko hedatua den sozialdemokrazia (baita ezker abertzale ortodoxoen artean ere!), onenean ere, neoliberalismo gordin honen kontra, nolabaiteko hesia bazen ere, kapitalismo hutsa besterik ez da.

Eskematxoetatik irteteko eta ekonomia beste modu batez antolatzeko, badauka teoria sendo bat, nahiko hedatua munduan zehar: Moneta-Teoria Modernoa.

Izan ere, independentzia ‘birtualetik’, benetako independentzia ‘erreala’ lortzeko hona hemen bidea, Moneta-TeorIa Modernoa erabiliz:

Sei (6) urrats XXI mendean independentista izateko

Euskal Herriaren independentzia eta Mikel Torka

Laburbilduz:

Geure herriari, Euskal Herriari dagokionez, hona hemen gure apustu bakarra:

We Basques do need a real Basque independent State in the Western Pyrenees, just a democratic lay or secular state, with all the formal characteristics of any independent State: Central Bank, Treasury, proper currency3, out of the European Distopia and faraway from NATO, being a BRICS partner…

4. Ohiko politikaz haratago

Gatazka politiko eta sozial berriek ohiko ezkerraren eskematxoekin bukatu dute. Ohiko alderdi politikoak paranoiko bihurtu dira, gorporatibismoari atxikita, borroka berriak oraindik bideratu nahiz, kudeatze hori gatazkan bertan dauden mugimenduen barneko arazoa dela konturatu gabe.

Spinoza zaharrarekin batera esan beharra dago ezen desio berrien gauzatzea amaigabeko berregituratzea dela, hots, espazio-denbora berriak sorraraztea, etengabeko gatazka. Autobalorapenen bidez, elkartasun berrien bitartez, politika berria agertu da nonahi, erabateko parte-hartzea bultzatzen duena, zentraldurik barik erabat deserdiraturik dagoena, lurraldetasun berrian demokrazia berria sortuz. Azken hamarkadetan erresistentzia-espazio gisa singulartasun kolektiboak azaldu dira, kolektibo bakoitzak bere etika motari atxikiz.

Eraikitze prozesu horiek zientzia daukate askatasun-ekintzen metapen gisa, zeren ez baitago inongo eraikitze ontologikorik modu inmanentean elementu materialen -batera fisiko eta sozialak-metapenik eta eskuratzerik gabe. Botere konstituziogile, eraikitzaile baten aurrean gaude: hierarkia eta zentralismo mota guztien kontra, horizontaltasuna eta deserdirapena bultzatu dira. Subjektu berriak beren burua autoezagutuz eta autoantolatuz agertu dira, eta zentro gabeko sistematan, sare hedatuetan antolatu dira. Horrela, askatasunezko espazio berriak, lurraldetasun berriak nonahi azaldu dira, etsenplurik etsenpluena, feministen mugimendukoek erakutsi dutena mundu mailan!

Lehengo paradigma politikoak -abangoardia baten inguruan gauzatzen zirenak- hilik daude. Desio eta nahi berrien gauzatzeak -sareetan eraturiko botere konstituziogile berriek-, alegia, politika berriak lekuz kanpo utzi ditu lehengo kontzeptu eta eskema guztiak. Autobalorapen material eta kulturalen modu desberdinen bidez azaltzen den antolakuntza berria da egungo ezaugarririk nabarmenena. Antolatzeko modu berri hori da, hain zuzen ere, politika berria: askatasunezko, demokrazia parte-hartzailezko eta sormenezko espazioen etengabeko bereganatzea eta konkistatzea. Espazio-denbora berri horiek aniztasun gisa, pluraltasun moduan eratzen dira, zeren singulartasun kolektiboen nahiak, desioak eta beharrak erabat ezberdinak baitira.

Lurraldetasun berri horrelako batek izan beharko du Euskal Herri berriak, zeina konfederazioaren bidez eraiki daitekeen. Gure egunotan, arlo politikoan herriak, kontzientziaduna den aldetik, ontologiaren eta historiaren arteko bitartekaritza demokraziaren inguruan gauza dezake. Baina ez, orain arte ezagutu den moduan ‘borondate orokorrean’ oinarritutako demokrazia formal gisa, baizik eta etengabeko, bukatugabeko konstituzio edo eraikitze materialean finka daitekeen demokrazia berri moduan.

Zentzu honetan, eta Euskal Herriari dagokionez, litekeena da benetako gizarte mugimendu independentista bultzatzea, alderdikrazian mugituko ez dena, alderdi eta kontrol-aparatu guztietatik kanpo, autonomoa, bere buruaz kudeatzeko gai izanen dena, eta euskara hutsean arituko dena.

Gizarte mugimendu berri horrek, maila eta arlo askotako askapen mugimendu berriak, zentro gabekoa izan beharko du, edo eta beste era batera esanda, zentro askotakoa, zentralkeria guztien aurkakoa, ezelako transzendentziarik gabe, inolako besterenganako bestelakatzerik gabe, inongo sasi-abangoardiaren menpe. Mugimendu independentista hori Euskal Herria eraikitzen laguntzeko tresna aproposa izan daiteke.

Giltza zerean datza, alegia, multizentralismo funtzional edo holako zerbait eraikitzean. Tokian tokiko eta lekuan lekuko beharrizan eta premiei autonomoki, era independente batez, erantzun aproposak eman beharko lizkieke mugimenduak. Gazte, emakume, intsumitu, eta beste hainbeste gizarte mugimenduren garaia dela agerrarazi beharra dago nonahi. Honela, Euskal Herria sormen berritzat ager daiteke, lurraldetasun berri modura.

Eraikitzear dagoen eta leninismo mota guztietatik askea, kontrol mota guztietatik librea den gizarte mugimendu independentista indartsua euskaldunon esku dago, ez beste inon.

5. Autodeterminazio (AD) eskubideaz hitz bi

Gros Espiell-ek ongi zehaztu du herriaren definizioa eta berari dagokion autodeterminazio eskubidea. Estatuen aldetik agertzen den kontzeptuen nahasketa interesatua argitu nahirik, hona hemen Gros Espiell-ek emandako zenbait definizio eta ohar egungo nazioarteko zuzenbideari jarraituz.

Herria gizatalde bat da ohiturek, ideiek, erabilerek, nahiek eta helburu komunek bateratzen dutena. Kultura, hizkuntza eta zenbaitetan erlijioko lotura historikoek betetzen duten gizatalde kontzientziaduna da herria. Etorkizun komunerako kontzientziak eta borondateak batzen duten giza kolektibitatea da herria. Egun ezin da egon inolako internazionalismorik herrien borondateetan, hots, jendearen desioetan oinarritzen ez denik.

Nazioa gizataldea ere da, baina nazio bat herri batzuek osa dezakete. Herriak dira, ez nazioak, nazioarteko zuzenbideko subjektuak.

Estatua ez dator bat, nahitaez, herriaren edo nazioaren kontzeptuekin. Estatu batean herri batzuk eta nazio batzuk ere egon daitezke.

Herria eta nazioa errealitate historikoak, soziologikoak dira. Estatuak egitura eta eraketa juridikoa inplikatzen du, hots, sistema juridiko konkretu bat.

AD eskubidearen tituludunak herriak dira, edozein herri. Lehen esan bezala, edozein herrik dauka nazioarteko zuzenbide garaikidean onartutako autodeterminazio eskubidea. Eskubide hori ez da ahitzen4. Beti bizirik egoten baita. Beste aldetik, herriaren erabaki askea suposatzen du AD eskubidearen praktikak5.

Estatuen lurraldetasunaren osotasunak (‘integridad’ delakoak) ADren praktikarekin talka egiten du, baina ADren eskubidea da oroz gain babestu behar dena6.

Jende askok, bereziki ezker abertzalearen ingurukoek, jakin zein ez, Espainiar estatuak onartuta dauka AD, aspalditik gainera: BOE, 30.04.19777

(Hona hemen gure Euskal Herrian egondako praktika batzuk:

in Mandangaz, eguneratua):

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (2)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (3)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (4)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (5)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (6)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (7)

 Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (8)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (9)

Autodeterminazio-eskubideaz, hitz batzuk (10)

6. Abiapuntuak

Aipa ditzagun egun Euskal Herrian dauden abiapuntuak eta ikus dezagun ea zer-nolako prozesua hobets daitekeen independentzia politiko eta ekonomikoa lortzeko, subiranotasun ekonomikoa, politikoa eta monetarioa burutzearren.

Argi dagoenez, beste arlo batzuk ere -arlo linguistikoa, kulturala, sindikala, ekologikoa, irakaskuntza-eta hezkuntza-arloa, eta abar- ukitu beharko lirateke prozesu horretan. Guri dagokigunez, eta arlo horiek guztiek daukaten garrantzia ukatu gabe, politikari eta ekonomiari lotuko gatzaizkie lan txiki honetan.

Abiapuntua aipatzerakoan, batzuek Estatutua aipatzen dute. Oso gardena da estatutuak, pluralean, aipatu beharko direla. Baita Ipar Euskal Herriko egoera berezia ere.

(Badakigu, ongi jakin, nominalismo hutsean mugitzen dela hainbat jende gure herrian. Gure herriaren izena bera ere manipula daiteke, eta manipulatzen da, ez dakigu zer-nolako egoera iluntzeko. Lehengo ‘Euskadi’ hura ere hiru probintzietara mugatu nahi du zenbaitek. Horregatik, Euskal Herria hobesten dugu, hau da, zazpi probintzietakoa den herriaren izena.)

Egungo abiapuntuaz hitz egiterakoan, hiru abiapuntu desberdin kontuan hartu behar dira: Euskal Autonomi Erkidegoa, non bete gabeko Gernikako Estatutua martxan dagoen; Nafarroa garaia, bete gabeko Foru Hobekuntzarekin; eta Iparraldea, oraingoz eratu gabeko Departamentuarekin. Beraz, abiapuntua bera nahiko zehatz gabekoa da. Gure herriko hiru gune desberdin horietan, politika eta ekonomia mailan, martxan dauden prozesuak ez dira erabat zehazturiko legediak eta ongi araututako marko politikoak, azken urte hauetan eztabaidan eta tira biran egon diren prozesuak baizik. Prozesu horietan, harrigarria bada ere, Madrilek hainbat eskuduntza luzatu dio Nafarroa garaiari Baskongadetatik aldentzeko asmoz. Gainera, egia da, estatutu desberdinen bidez lorturiko eskuduntzak nolabaiteko ‘babesleku’ modura har daitezkeela. Izan ere, bi estatu zentralisten arriskua beti dago gure gainean, Demoklesen ezpata balitz bezala. Horrek ez gaitu izutu behar. Alderantziz, lorturikoa kontuan edukiz, independentzia lortzeko zenbat falta denaz hausnartu behar da behin eta berriz, eta horren alde demokratikoki borrokatu, borroka gozagarrien eta antimilitaristen bidez.

7. Euskal Konfederazio berrirantz

Politika mailan autodeterminazio-eskubidea izan behar dugu helburu hurbila, eskubide hori martxan, praktikan jartzeko noski. Argi dagoenez, kanpo-autodeterminaziorako, Euskal Herria, bere zazpi probintziekin, herri soil eta bakarra da eta soilik berari, ez beraren edozein zatiri, dagokio nazioarteko mailan onarturik dagoen autodeterminazio-eskubidea. Hortaz, inoiz gure herria nazioarte mailan herri eta nazio gisa agertuko bada, hiritar guztien desioen, nahien edo gurarien bidez azalduko da. Barne-determinazioa beste kontu bat da. Barnerako, gure herriak dauzkan berezitasun guztiak kontuan eduki behar dira. Haien artean eta lurraldetasunari dagokionez, egungo egoeran hiru gune oso berezietan azaltzen gara; guri gustatu ala ez, gauzak horrelakoxeak dira. Horrexegatik edo Euskal Herriko bateratasun bat lortzearren, barne-konfederazioa proposatu dugu hainbat artikulu eta lekutan.

Barne-konfederazioaren ikuspuntutik, egungo abiapuntu desberdinetatik hamaika proposamen egin daitezke hiru guneetan eta arlo ezberdinetan: kulturan, ekologian, sindikalgintzan, hizkuntzan eta irakaskuntzan, ekonomian,… Ekonomiaren ikuspuntutik, kasu, euro-gunearen barruan mugitzen gara. Egoera ekonomiko latzean gaude.

Beraz, Euskal Herriaren barnerako, konfederazioa onartzen bada, hamaika eginkizunen aurrean gaude, gaurko egoera desberdinetatik abiatuz. Horretarako martxan dauden bi estatutu desberdin horiek ‘betetzea’ derrigorrezkoa bada ere -eta hementxe badago zer egin!-, kontua da betetze horretan ez geratzea, aurrerantz joatea, inolako beldurrik gabe gero eta subiranotasun politiko eta ekonomiko handiagoa aldarrikatuz, harik eta kanpo-autodeterminazioa indarrean jarri arte.

Arazo bakarra, eta ez makala, nolabaiteko taktika mailan datza. Zer egin? Printzipio mailan aritzea? Independentzia bihar goizerako eskatzea? Ala, gauden egoera desberdinetatik independentziarantz joan daitezkeen zenbait ildo politiko eta ekonomiko asmatzea? Hortxe dago, gure ustez egungo kezka nagusia. Eta arazo honetaz behin eta berriz eztabaidatu beharrean gaude guztiok.

Maila estrategikoan nahikoa argi daude zenbait puntu. Kasurako, politika mailan Munduan egun edozein estatuk daukan maila politiko berbera (askoz hobea, noski) lortzea.

Beste gauza batzuk ez dira hain garbi. Zerbait aipatzearren, batzuek ‘sozialismoa’ aipatzen dute, baina inolako zehaztasunik gabe. Okerrago, 1980ko hamarkadaren bukaeran oraindik hemengo batzuek Comecon-en integratzea proposatzen zuten, eta orain ere, gure egunetan, hainbat ‘iraultzaile’ testu ortodoxoetara itzuli dira fedearen bila.

Eta horrela doa gure historia. Euskaldun fededun herri honetan kristautasuna alboratu bide da eta marxismoan, sorry stalinismoan!, egon diren joerarik atzerakoienak, zapaltzaileenak, totalitarioenak aukeratu, onartu eta bultzatu dira. Ez dugu ezer ikasi. Ezkerrak porrot egin duela onartzen ez dueino, jai du. Kontua ez da atzoko ‘sozialismo’ terminoari adjektibo ederrak atxikitzea -‘identitarioa’, ‘partehartzailea’, ‘berria’, eta ez dakit zer gehiagorik-. Kontua da ea nola lor daitekeen hori guztia hala ekonomian (batez ere) nola politikan edo kulturan zein irakaskuntzan.

Batzuk ez dakit zer-nolako gizaki ‘berriaren’ zain dauden, komunismo ‘berria’ lortzearren. Izan ere, gure herrian stalintxoak eta maozale porrokatuak perretxiko gisa nonahi agertu ziren bitartean (eta oraindik hementxe daude, erdi ezkutaturik edo) Debord-ek 1967an bere Ikuskizunaren Gizartea delako liburuan ‘erabilera-balioaren joerazko jaitsieraz’ idatzi zuen garbiro, hots, edozein erabilera ekonomiaren menpetasunean egoteaz. Hortaz, kanbio-balioaren bidez, zehazki diruaren bitartez, iristen da erabilera-baliora. Dirua da nagusia, bera da agintzen duena eta estatuen gainetik, inolako kontrolik gabe mugitzen dena. Arlo horretan dagoen (daukagun!) gabezia eta zulo teorikoa izugarria da, apartekoa.

(Gabezia hori estaltzearren, aipa dezagun berriz, MTM: Moneta-Teoria Modernoa.)

Bien bitartean, bizi dugun kapitalismoan hamaika desoreka daude ekonomian, eta horretaz ez da eztabaidatzen. Horretaz ez da ezer esaten, ez bada halako edo bestelako diskurtso moralista astun eta gogaikarriak. Hortxe bukatzen da dena.

Errealitatean dagoen pluraltasuna homogeneokeriara murriztu nahi du kapitalak. Horri aitzi, bizitzaren aldeko apustua egin behar dela erakutsi digute pentsalari zenbaitzuek, bizitzaren adierazpen konkretu guztietan: hala maila linguistikoan nola kulturalean zein sozialean edo politikoan nahiz ekonomikoan. Apustu hori dela eta, egun, intsumisioa arlo zibilean hedatu da, desobedientzia zibila aldarrikatuz eta martxan jarriz hainbat arlotan. Izan ere, militantismo masokista mota guztietatik at, jendeak bere desioak eta nahiak bete nahi ditu, betetze horretan parte hartuz. Erremedio moralista aspergarriak proposatzen dituztenak hilik daude politikoki, aspalditik gainera. Beste aldetik, sufrikarioaren logika masokismo hutsa besterik ez da. Spinoza-ri jarraituz, borroka demokratikoan gozatu egin behar da.

Esan bezala, eragile sozial berriek bizitza bera errebindikatzen dute, bizitzaren kalitatea da goraipatzen dena, edozein ekintzatan parte hartuz eta aparatu kontrolatzaile eta stalinista, maoista edo eta leninista guztien, hots, zapaltzaile guztien gainetik.

Ekonomia mailan, gaur egun eurotan aritzen gara. Zer suposatzen du Euskal Herriarentzat eurogunean murgiltzeak? Zeintzuk dira Euskal Herriak eurogunean dituen arazo ekonomikoak? Nola uztar daitezke independentzia politikoa eta subiranotasun ekonomikoa? Nazioarteko Moneta-Fondoaz eta Mundu-Bankuaz ba ote daukagu ezer esatekorik, diskurtso aspergarrietatik kanpo? Kanpo-zorrak arduratzen gaitu? Barkamenaren bidez, hots, karitatearen bitartez konponduko ote da kanpo-zorraren arazoa? Ba ote daukagu neurriren bat kapital espekulatzaile erraldoiaren kontra? Zer ote da Finantza Kapitalismoa? Lehengo kapitalismo industriala bera ote?

Litekeena ote gure moneta propioa jaulkitzea eta bera erabiltzea? Eurotik at? Dolarretik at…? Zer irakatsi dute MTM-koek? Litekeena ote haiek proposatutakoa gure Euskal Herrian erabiltzea?

Galdera asko eta erantzun gutxi. Ekonomia arloan estatistika batzuk agertuko zaizkigu, besterik ez. Baina Euskal Herriaren fotografia ekonomiko hutsak diren estatistikek ez dute deus balio geure etorkizun ekonomikoa definitzeko, onenean soilik abiapuntua bera nolakoa den argitzen baitute. Neurri makroekonomikoak behar dira makroekonomia kudeatzeko.

Konfederazioaren kontzeptua argi edukiz, hots, estrategia garbi egonez, politika mailan taktika bereziak erabil daitezke Euskal Herriaren ‘bateratasuna’ lortzeko. Izan ere, ezein batasunek ezin suntsi ditzake tokian tokiko berezitasunak: Arabarrak zein Enkarterrikook eroso, eta pozik, egon beharko ginateke geure nazioa eraikitzeko proiektuan, zuberotarrak edo Erriberakoak egon daitezken modura.

Mota guztietako zentralkeriak parte-hartzearen hiltzera darama, eta parte-hartzea da gaur egun nonahi eskatzen dena. Kontrola nahi dutenei, aparateroei zein stalintxoei ulertezina bazaie ere, parte-hartzea konfederazioaren bidez gauza daiteke. Izan ere, zenbat eta deserdirapen handiagoa eta zabalagoa izan, orduan eta indartsuagoa eta sendoagoa izan daiteke gure nazioaren eraikitzea barnerako, kanporako herri soil eta bakartzat agertuko garen bitartean. Ezar dezagun, beraz, konfederazioa praktikan maila eta arlo guztietan, norberaren izaera -gizabanakoarena zein taldearena nahiz eskualdearena edo herrialdearena- arriskutan jarri gabe.

8. Informazio-gizartean bizi gara

Lehengo eskema zaharrak errepikatzeak hondamendira besterik ez gaitu eramanen. Beste diskurtso berri bat asmatu beharra dago. Alta, diskurtso berria ez da aski. Berarekin batera praktika politiko berri bat beharrezkoa da. Horretarako, aspaldiko ohiturak eta praktika zaharrak alboratu behar dira. Homo sapiens delakoa homo digitalis bihurtuz doan aro berri honetan, malenkonia politiko mota guztiak soberan daude. XXI. mendean informatika, diseinugintza, iragarkigintza, telematika, inteligentzia artifiziala8 eta beste zenbait ‘komunikazio diziplina’ direla medio, hitzak eta komunikazioak berak aspaldian zeukaten zentzua galdu dute. Hitza eta komunikazioa, gure kontrol-gizarte honetan, usteldurik daude, zeren beroriek diruak erabat zeharkatu baititu. Gainera, estatuez baino haratago dirua da nagusi, bera da ‘komunikatzen’ duena, eta bera da kontrol mota guztietatik askea dena.

Zer-nolako eraginak dauzka informatika-iraultzak gure herrian, ziberespazioa etengabe handituz doalarik? Homo sapiens delakoaren ezaugarri nagusia lurrarekiko haren lotura izan zen. Homo digitalis delakoak ziberespazioan dauden hamaika telepolis berriekin dauzkan erlazioetan neurtzen du bere eginkizuna eta telepolis horiekin batera bere etorkizuna gauzatuz doa. Telepolisa deslurraldetutako hiria da, muga geografikoan eta politikoen gainetik eratzen dena. Lehengo giza harremanak (familiakoak, auzokoak, herrikoak, …) auzotasunean eta gizakien hurbiltasunean oinarritzen zirenak aldatuz doan heinean, giza harreman berri batzuk sortu dira, urrunetik gauzatzen direnak. Egun Euskal Herriko edozein txokotatik munduko edozein lekutako jendearekin konekta daiteke. Munduan zehar gaur 1.700 milioi pertsonak erabiltzen dugu interneta, ingelesez %55an. (Euskara etxerako, ingelesa –lingua franka gisa- kanporako. Hona hemen biharko Euskal Herriak eskatzen diguna.)

Euskal Herriak dauzkan potentzialtasun mota guztiak arlo desberdinetan (politikan, ekonomian, kulturan eta hainbat maila sozialetan) gauzatuz joan beharko du, inolako kanpo-eskusartzerik gabe. Hauxe da, hain zuzen ere, egungo ‘bakearen prezioa’: inor ez dadila sar, inoren izenean, Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzean. Abangoardismoaren erabateko porrota inoiz baino argiago deneko egoera honetan, gure artean egon litekeen elkartasunari zenbait metodo zaharkituk aparteko kaltea egiten diote. Horiek soberan daude. Beste bide berriak asmatu behar dira. Horretarako, hortxe daude solidarioek, intsumituek, eta desobedientzia zibilekoek burutzen dituzten ekintza ederrak. Ikasiko ahal dugu!

9. Nafar estaturantz? Berreskuratu ala eraiki? Estatu berria eraiki!

Iruñetik datorkigun mezuaren arabera, badirudi nafar estatua berreskuratu beharko dugula. Zenbait nafar ikerlarik lan erraldoia eta ederra egin dute, dudarik gabe. Gainera, nahiz eta aurrekoek, Kanpionek eta, aspaldian ildo bera jorratu, inoiz baino argiago geratu da euskaldunok geure historian estatu bat izan dugula. Hortaz, nolabaiteko pedigri historikoa badaukagu.

Egia da azken ehun urteko abertzaletasuna Aranaren aldarrikapenetatik etorri dela hein handi batez. Aranismoak ez zuen aintzat hartu euskaldunok nafar estatua izan dugula mendeetan zehar. Erreferentzia juridiko-politiko-historiko horrek ez du ukan behar zuen lekuan gure politikagintzan. Alta, zenbait historialari nafarrek erakutsi digutena oso garrantzitsua izanda ere, ez da nahikoa. Argi daukagu historiografia hori beharrezkoa dela, erabat. Baina nahikoa izateko, egungo egoerari begiratu behar zaio, erabat aldatuta dagoen informatika-gizarteari, oso bestelako baldintza ekonomikoei eta sozialei egin behar diegu so. Mundu berri honi erantzunak asmatzen saiatu behar gara.

Historiografia desberdinek gure historia ezagutzen lagundu gaituzte. Baina historiak ez gaitu askatuko. Historiak itsutu egin gaitzake: historiak, gorabehera askorekin, gauden egoera larrira ekarri gaitu. Historian zehar ezaguturiko baldintza ezberdinek ez dute deus balio geure orainaldiaz eta etorkizunaz jabe izateko. Jendearengandik at ez dago ezer. Euskaldunok, Euskal Herriko hiritarrok dauzkagu hitza eta erabakia, ez beste inork.

Nafarroa garaian egungo esparru politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala irabazi behar ditugu abertzaleok, Iparraldean edo eta Baskongadetan egin behar dugun moduan. Hori da, hain zuzen ere, jende askori maiz ahazten bide zaion kontua. Baskondaketako kontuei gehiegi begiratu gabe, jende askotxok hobe luke Nafarroa garaiko oraingo kontuei ere begiratzea, Euskal Herriaren osotasunaren perspektiba, noski, galdu barik.

Ez da kontua esatea Euskal Herria eta Nafarroa txanpon beraren bi aldeak direla, Euskal Herria kontzeptu kulturala eta Nafarroa adierazpen politikoa. Hori, onenean ere, nominalismo hutsa izan daiteke. Izen baten azpian ez dago ezer. Egun berdin dio proiektu politikoari nafar estatua, euskal estatua edo Euskal Herriaren estatua deitzeak. Kontua da ea nola iristen den euskal estatu horretara gaurko baldintzetatik. Horixe da apustua eta horixe da erabaki behar duguna.

Egun inoiz baino gardenago daukaguna autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapena da. Errepikakorra izan gintezke, baino behin eta berriz esan behar da ezen eskubide hori edozein herriri, herri osoari dagokion eskubidea dela. Hortaz, Euskal Herri osoa da autodeterminazio-eskubidedun bakarra. Ez Araba, ez Zuberoa, ez dira autodeterminatzeko subjektuak.

Aipatu bezala, Nafarroatik datorkiguna historiografia berria Kanpionen ildotik abiatu zen. Kanpionek ere, Euskal Herriaren egituraketari buruz, Nafarroaren inguruan, Baskoniako Konfederazioa aipatu zuen. Baskoniako lurraldeen konfederazioan Euskal Herriaren etorkizuna koka daiteke; lurralde desberdinen konfederazio hori lortzeko, egungo baldintza konkretuetatik hasi behar dugu, ez orain dela mila edo bost ehun urtekoetatik. Egia da Nafarroa izan zela euskaldunen erresuma historikoa. Baina Euskal Herriak aro historiko anitz bizi izan ditu historian zehar. Egungo gizartea da erabakitzailea, ez orain dela mila urtekoa. Euskal Herriko gaurko indar politikoek, sindikalek, agente sozialek eta gizarte mugimenduek dute hitza. Egungo nafar erkidegoa, Baskongadak eta Iparraldea bateratu behar dira, hiru esparru ezberdin horiek eraman ditzaketen erritmo desberdinez kontuan edukiz.

Euskal Herriak ez du ukan inongo iraganaldi paradisiakorik. Eta etorkizun paradisiakorik ere ez du ukanen. Aroan aroko eta aldian aldiko jendeak erabakiko du zer nahi duen eta nola lortu nahi duen, desioen, nahien, beharrizanen eta baldintzen bidez. Horixe da, eta ez besterik, AD gauzatzea. AD ez da behin betiko erabiltzen, beti bizirik eta irekita den eskubidea baizik (Gros Espiell).

Prozesuan gaude, interdependentzia batean Euskal Herri independente bat martxan eta indarrean jartzeko etengabeko prozesuan. Berreskuratze historiko eta, era berean, gizarte informatiko berri honetan, eraikitze berri honetan hamaika zeregin dago eta, zoritxarrez, horretarako eztabaida eta proposamen gutxi. Proposamenak, edozein eskutatik datozela, eztabaidatzekoak dira.

Euskal Herriaren etorkizuna Suitza txiki baten antzerakoa izan zitekeela idatzi zuen orain dela zenbait urte Manex Goyhenetche historialariak. Berak zioenez, Europako nazioen mapatik kendu zuten nazio bat. Konkistapen horren ondoren, herri hori zapalduta egon da eta oraindik horrela, hots, menperatuta segitzen du. Hortaz, Nafarroak badu legitimitate historikoa eta hori ezin zaio kendu. Baina maila praktikoan Baskoniako lurraldeen konfederazioa ikusten du Manexek Euskal Herriaren etorkizuna. Puntu honetan, ados gaude historialari baxenafarrarekin.

10. Gora Euzkadi azkatuta!

Honela zen. Horrela oihukatzen genuen Euzkadi hitza bera eta ikurriña debekatuta zeudenean. Geroxeago zertxobait ikasi genuen eta Gora Euskadi askatua! bilakatu zen gure ohiko oihu hura.

Gu baino lehenago beste batzuek gogor borrokatu zuten Euzkadi horren askatasunaren alde. Haien artean Gordexolako batailoiko Garaizabal konpainiako Felix Arbulu Bilbao, gure osaba (beragandik jaso nuen izena: haren gorpua oraindik dago Elgoibarko San Migel mendian Ziardamendi inguruan). Edo eta Ibaizabal batailoiko teniente zen gure aita, Santoñako presondegian heriotza-zigorrarekin egon zena, eta gero 1943 arte Espainian zehar ‘lanean’ langile-batailoietan. Eta haiek bezalaxe, hamaika gazte Euzkadiren alde, ahal zuten guztia emanez.

Gero gu etorri ginen, enbor beretik, beste maila batean, beste zereginetan, baina Euskadiren alde ere. Hots, zazpi probintzien alde. Ahal genuen heinean.

Hori dela-eta, nahiz eta Euskal Herria izan gure nazio, egungo gure herriaren eta biharko gure estatuaren izena, eta izen hori guztiz maitatu dugun arren, ez dugu inoiz ahaztuko, are gutxiago baztertuko Euskadi izenaren atzean zegoena eta dagoena. Badakigu batzuek izen eder hori Baskongadetara murriztu nahi dutela, beren lotsarako. Baskongaden izen ‘ofiziala’ omen da, hola bihurtu dute, inolako lotsarik gabe.

Baina Euskadi ezaguna zen Iparraldean ere. Lapurdikoa zen Mixel Labegerieren kantu famatu hura (‘Gu gara Euskadiko, gazteri berria/Euskadi bakarra da, gure aberria’) Iparralde osoan ez ezik, Hegoaldean ere oso ezagun bilakatu zen gure gaztaroan.

Eta Eüskadi arras ezagun bilakatu da Zuberoan ere, Pierre Bordazarre-ren pastoralgile eta koblakari ospetsuaren laguntzaz. Hona Ama izeneko kantuan dioena: “Hanitxen gisa baditit / Bi Ama amiragarri / Enia eta Eüskadi.” Edo Libro etxean delakoan: “Maite beitzüntüdan, Ama Eüskadi, ororen gainetik”. Baita Jeik hadi Eüskadi delakoan ere: “Jeik hadi Eüskadi eta mintza hadi ozenki gure gazteriari”.

Ez soilik Eüskadi, ikurrina ere bereganatzen zuen Etxahun Irurik. Gogora dezagun Agur Xiberoa kanta: “Oi xiberotarrak, aitzinean gora (E)üskaldün bandera!”

Badakigu nominalismo dela nagusi gure herri zafratu honetan, eta izen baten azpian ez dagoela ezer, edo nahi bada, hamaika gauza daudela, hitzak polisemikoak direlako.

Badakigu, halaber, bizitzak ezer erakutsi badigu, hauxe litzatekeela ondoriorik garbiena: ‘abertzale’ berri, erreformista, pragmatiko, aprobetxategi eta goranahi guztien gainetik, Euskadi, ikurriña eta euskara gureak direla, geure erroetaraino sartuta daudelako. Beste istorioak istorio besterik ez dira.

Eta gure Euskadi honetan (edo Euskal Herri honetan) Konfederazioa da martxan jarri behar duguna, egungo egoera konkretu desberdinetatik bihar-etziko Euskal Herri bateratu baterantz. Euskadi bateratu horri, eta soilik horri dagokio autodeterminazio eskubidea. Ez haren eskualde bati edo besteri. Izan ere, hiru esparru ezberdinen Konfederazio berrian gauzatuko baita Herri honen eraikuntza nazional bateratu berria. Eta soilik Herri horri dagokio autodeterminazio eskubidea, Gros Espiell-ek behin eta berriz maisuki erakutsi digunez.

Euskal Herria eraiki behar da, gaude egoera desberdinetatik abiatuz. Horixe ere zen lagun geneukan Manex Goyhenetchek, beste askorekin batera noski, erakutsi ziguna. Gure iragana ez dugu errepikatu behar, iraganetik ez dugu ezer berreskuratu behar. Etorkizuna da gure kezkarik nagusiena, ez iragana.

Hortaz, gure herria eraikitzerakoan, bateratze berrian XXI. mendeko baldintza berriak kontuan eduki behar dira. Baldintza berri horietan Euskadi edo/eta Euskal Herria da, eta izango da, gure nazio bakarra, gure aberri bakarra, Labegerie gogoratuz. Herria askatu behar da. Ez inongo estatu zaharkiturik. Euskal Herria, askatu! aspaldiko leloa dugu, lelo ederra beste aldetik.

Berriz, eta argi gera bedi, Euskal Herri berriak ez du behar inolako estatu zaharkiturik, estatu berri bat baizik, gure historian lehen aldiz zazpi probintzia edo, nahi bada, hiru esparru berezi (Iparraldea, Nafarroa garaia, eta Baskongadak) bateratuko dituen estatu erabat berria. Hori lortzeko bidea autodeterminazioa da giltza, ez dago besterik. (Euskadi hori estatu independente gisa eratuko da, horrela erabakitzen badute euskal hiritar guztiek.)

Batzuek diotenez, Euskal Herria ez dela nahikoa, estatu dela funtsa. Baina gaurko estatuak, eratuta dauden moduan, ez dira gai langabeziari, inflazioari, moneten espekulazioei, kanpo-zorrari, eta oro har, nazioarteko kapital finantzarioari aurre egiteko. Atzoko estatuak are gutxiago: XI. edo XII. mendeetatik orain arte ezagutu ditugun estatuak. Gainera, estatu gehienak, guztiak ez esatearren, erabat zapaltzaileak izan dira, beren hiritarrekiko. Leviathan bilakatu dira, hots, munstro itzelak.

Euskal Herria nahiko eta sobera dugu, arlo ‘kulturalaz’ haratago, arlo guztiak bereganatuko dituena (linguistikoa, soziala, ekonomikoa, ekologikoa, juridikoa, politikoa, eta nahi dena).

Euskara eta ikurriña izanen dira Euskadi berriaren ikurrak lehengo gudariek amestu zuten bezala. Euskadi da, eta izango da, gure herri bakarra, gure nazioa bakarra, gure estatu berri bakarra. Nominalistak ez garenok, gure aurrekoen omenez eta ondokoei bidea erakutsiz, segi dezagun oihukatzen: Gora Euskadi askatua!, Gora Euskal Herri librea!

11. Separatista? Bai, noski!

Oso liburu interesgarria plazaratu zuen Ulises Moulines-ek orain dela zenbait urte (2002, Manifest nacionalista). Gaia nazionalismoa da, baita separatismoa ere. Separatistontzat liburu ederra benetan.

Beste aldetik, Bill Mitchell ekonomialariak erakutsi digunez, estatu batek dauzkan bi agente nagusiek (Banku zentrala eta Altxor publikoa), biek. estatu horren ekonomia guztia zeharkatzen dute, kudeatzen dute, estatu ‘txikia’ zein ‘handia’ izanez. Hortaz, agente bi horien funtzionamenduaz jabetu beharra daukagu.

Behin eta berriz irakurtzekoak:

Bill Mitchell-en Reclaiming the State liburuaren aurkezpena

Estatua eskatuz (Reclaiming the State)

Liburu berri baten aurkezpena

Bill Mitchell eta Thomas Fazi: mintegia Bartzelonan

Estatua eskatuz, nonahi

G-7 delakoaren aurkako zeregin zuzena: Estatua eskatuz

Gehigarri batzuk:

Nazio-estatua ezina omen da

Dirua eta boterea

Globalizazioa, neoliberalismoa, nazio-estatua eta ezkerra

Estatua botererik gabekoa ote da?

Nazio-estatu txikiez hitz bi

Aspalditik izan dugu kezka hau. Alegia, subiranotasun politikoak behar ote duen moneta propioa. Idatzi ere, hainbat artikulutan eta liburu oso batean gaia ukitu dugu. Baina Euskal Herriak, (oro har eta monetarioki) bitan bananduta egon denez, (hegoaldean pezeta eta Iparraldean libera), ez politikoki ez monetarioki ez du izan aukera historikoa bere moneta propioa (edozein zelarik bere izena, ogerlekoa, euskoa edo dena delakoa) jaulkitzeko. Are gehiago, ekonomialari gehienek utopiatzat hartu dute egon zitekeen aukera hori. Bakan batzuek, aldiz, oso argi izan dugu ekonomia ongi kudeatzeko, norberaren monetan edukitzea (Banku Zentral baten bidez jaulkia) beharrezko baldintza dela; ez nahikoa noski. Euskaldunok Europar Batasunean sartu gintuzten, batzuei, hegoaldekoei, inolako kontsultarik egin gabe. (Iparraldekoak EBn egon dira hasiera-hasieratik, Frantziar estatuaren sartuta).

Hona hemen korapiloa askatzeko bidea:

Ekonomiaz jakin nahi zenuen eta galdetzeko ausartu ez zinen ia guztia (eguneraketa) 

Independentistok, separatistok, badakigu biharko Euskal Herri independentea gaurko baldintzetatik eraiki behar dela. Hortaz, ez dago inolako kontraesanik ondoko bi ikuspunturen artean: (a) gaurko eszenategi desberdinetatik abiatu nahi (eta behar!) izatea; eta (b) bihar-etziko egoera berria argi edukitzea. (Kontua ez da printzipio mailan gelditzea, hots, zeruan bertan, alegia, hitzontzikeria merkean, baizik eta biharko eta egungo eginkizunak lotzea.)

Bitartean, hamaika kontsulta burutu daiteke Euskal Herriko esparru batean zein bestean, hala Iparraldean, nola Nafarroa garaian edo eta Baskongadetan. Kontsultak, egitekotan, lotesleak izan behar dute, noski. Baina gauzatu daitezkeen erreferendum desberdin horiek ez dira izango autodeterminazio-eskubidea, sentsu strictum, gauzatzea. Ezer izatekotan, esparru konkretuan egindako kontsulta moduko zerbait izango litzateke, besterik ez.

Autodeterminazioa ez da hiru esparrutan erabakitze ahalmena praktikan jartzea. Horiek, onenean, esparru desberdinetako kontsultak izan litezke. Soilik hiru esparru desberdin horietan lan asko egin ondoren, Euskal Herri osorako dagokigun eta erabat demokratikoa den autodeterminazio-eskubidea gauzatu ahalko da.

12. Hitz azpimarragarri batzuk

Sokal-ek eta Bricmont-ek liburu zoragarri batean (1999) argi frogatu dutena aipatu behar da, alegia, egun oso zabaldurik dauden erlatibismo epistemologikoak eta kulturalak, iluntasuna eta nahastea gizarte zientzietan sarraraziz, aparteko ahulezia ekarri diotela ezkerrari. Ez da iluntasun gutxiagokoa ohiko marxismo leninismoaren eskematxoetan murgiltzen dutenen diskurtso patetikoa.

Sokal-ekin eta Bricmont-ekin batera esan behar da ezen “ezein ezker mugimendu ezin dela eraginkorra izan gertakari zientifikoei, balore etikoei eta interes ekonomikoei dagozkien arazoak serioski aintzakotzat hartzen ez badira”.

Gaur egun aro berri batean bizi gara hala politikan nola ekonomian. Hamaika gauza dago egiteke gure Euskal Herrian. Saia gaitezen egiteko horiek burutzen. Gauza askotxo ikasi dugu. Haien artean zer-nolako proposamenak baztertu, alboratu behar diren. Duda gutxi dago horretan. Utz diezaiogun leku bat eztabaidari, eztabaida zabalari, ezagutzen ez dugunak ez baikaitu beldurtu behar. Utikan nominalismoa! Gora eztabaida!

Gure aurrean, gure begien aitzinean egia potoloak eta borobilak deuseztatu, desagertu dira. Aldaketa gehiago etorriko dira, inolako dudarik gabe. Defenda dezagun, beraz, argi daukaguna: euskal hizkuntza, kultura, irakaskuntza… Egin diezaiogun leku, txikia bada ere, ekonomian dagoen eztabaidari. Erabil ditzagun bide demokratikoak euskal demokrazia berri bat eraikitzearren. Eta mundu korapilatsu eta aro zail honetan, erabil dezagun arrazoia gure proposamenak plazaratzeko eta bultzatzeko, irrazonalkeriak putzura besterik ez baikaitzake eraman. Izan ere, gure gizarteak pairatzen dituen gaitzak -langabezia, inflazioa, kanpo-zorra eta moneten arteko ezegonkortasuna, arlo ekonomikoa soilik aipatzearren- ez dira inolako mirari esoterikoren eta irrazonalkeriaren bidez desagertuko.

Bibliografia

Gros Espiell, H. (1998) El sentido actual del nacionalismo. Pueblo, nación y estado en el derecho internacional y en el derecho constitucional, in Nacionalismo vasco. Un proyecto de futuro con 100 años de historia. Tomo XI. Bilbao: Sabino Arana Kultur Elkargoa.

Sokal, A. eta J. Bricmont (1999) Imposturas intelectuales. Barcelona: Paidós.


1 Badago oso liburu on bat, aspaldian plazaratua: Stuart Holland (1980) Uncommon Market. Oraindik ere irakurtzeko merezi du. EBko merkatua ez da komuna, erabat desorekatua baizik.

2 XXI. mendeari aurre egiteko, Euskal Herriaren independentzia politikoa ezinbestekoa, beharrezkoa da, baina ez nahikoa. Beste ekonomia mota bat behar da dauzkagun arazoak konpontzearren. Horretarako, MTM delakoa daukagu eskura, aspalditik gainera.

This way, our new Basque government will have infinite money to deal with. (Gogoratzekoa: Moneta jaulkitzaileko kasu guztietan, Gobernuak infinitu diru dauka.)

“El derecho a la libre determinación tiene una virtualidad permanente. No se agota o se extingue en el ejercicio inicial del derecho. Subsiste siempre vivo.”

“El ejercicio del derecho a la libre determinación, impone necesariamente el libre pronunciamiento del pueblo.”

6 El difícil e inestable equilibrio entre el derecho a la libre determinación de todo pueblo y la integridad territorial de los estados ha sido encarado en múltiples instrumentos emanados de las Naciones Unidas. (…) para que la integralidad territorial de los estados prevalezca (…) debe tratarse de un estado que garantice el derecho de libre determinación de los pueblos en su territorio, que han de poder expresar su voluntad con total libertad. Así el principio de integralidad territorial del estado deja de ser un criterio absoluto y pasa a ser un principio, importante y significativo, pero limitado y relativo, que existe si el estado respeta el derecho de la libre determinación de los pueblos que viven en su interior y que, en el ejercicio de este derecho, puedan elegir su “status” jurídico.

He sostenido, y sigo afirmando, que el derecho a la libre determinación es hoy un caso de “jus cogens”, es decir de norma imperativa de Derecho Internacional.”

Alfred de Zayas-ek idazten zuenez: “El derecho de autodeterminación es jus cogens, derecho jurídico fundamental de rango jerárquico superior, reconocido por el tratado fundacional de las Naciones Unidas, y que se impone a cualquier disposición nacional o internacional contraria.” eta “El derecho de autodeterminación es jus cogens, derecho jurídico fundamental de rango jerárquico superior, reconocido por el tratado fundacional de las Naciones Unidas, y que se impone a cualquier disposición nacional o internacional contraria.” (APLICACIÓN RECOMENDADA DE LOS: “APUNTES PRÁCTICOS PARA LA APRECIACIÓN DE ACTIVIDADES Y ALEGACIONES RELATIVAS AL EJERCICIO PACÍFICO Y DEMOCRÁTICO DEL DERECHO DE LIBRE DETERMINACION DE LOS PUEBLOS”) Prof. Dr. Alfred de Zayas.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude