Garazi Zabaleta: “Ihes-gelak parte hartzailearen metakognizioan duen eragin zuzena azpimarratu nahiko nuke”

Arrakasta izan du UEUk antolatutako “Scape Room digitala sortzen” ikastaroak. Taldea azkar batean bete da. Jolas esperientziak modan dauden garaiotan, ihes gelek hezkuntzan egin dezaketen ekarpenaren berri jakin asmoz, Garazi Zabaleta Mendizabal IKHASIko kidearekin hitz egin dugu. Telekomunikazio ingeniaritzan graduatua da Zabaleta, ikus-entzunezko espezialitatean, eta webguneen programazio eta diseinuan masterduna. Hezkuntzan betidanik izan duen interesak Pedagogia ikastera eraman zuen eta musikaria ere bada, Musika Konposizioan graduatua.

Esperientzia bidezko ikas-irakaskuntzaz ari garenean zertaz ari gara?
Modu sinple batean esanda, esperimentazioaren bidez eta guretzat hurbila den testuinguru batean ikaskuntza adierazgarria eskuratzeaz ari gara. Horretarako, ezagutza berriak aurrezagutzekin konektatu behar ditugu, eta bidean hausnartze-prozesuak garatu.

Scape room edo ihes gelaren kasuan, konpetentzia digitalak lantzeko erabilgarria izateaz gain, zein da egiten duen ekarpena?
Scape room batean parte hartu duen edonork badaki nolako garrantzia duen talde-lanak eta elkarren artean ondo komunikatzeak. Horretaz gain, gela edo gune zehatz batetik irteteko helburu partekatua izanik abiapuntua, ekimena bultzatzen da eta talde-kohesioa garatzen da. Azken finean, konpetentzia digitalaz gain, zeharkako konpetentziak garatzeko aukera ematen digu eta baita oinarrizko konpetentziak ere, ihes-gelaren diseinuaren arabera. Bestalde, parte hartzailearen metakognizioan duen eragin zuzena azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, introspekzio ariketa bat egiten dugunean, arazoak ebazteko zein estrategia erabiltzen dugun ikusten dugu; nola pentsatzen dugun ikertzen dugu. Hau da, kasu bakoitzean zer egin edota egoera nola kudeatu ikasten hasten gara. Eta, batez ere: zein dibertigarria den horrela ikastea!

Zer hartu behar da kontuan ihes gela digitala sortzerakoan?
Edozein jolas sortzerako garaian hiru arlo hartu behar ditugu kontuan: jolasaren dinamika, mekanika eta estetika. Jolasaren mekanika da jokalari guztiek errespetatuko dituzten arau multzoa; dinamika, berriz, mekanika abiapuntu harturik jokalariak zer egin dezakeen izango litzateke; eta, azkenik, estetika da jolasak biltzen dituen grafikoak, istorioa, musika… Ikastaroan, sorkuntza prozesuan jarrai ditzakegun gomendioetan sakonduko dugu.

Zer da ikastaroan landuko duzuena?
Ikastaroa scape room digital batean jolasten hasiko dugu eta, ondoren, esperientzia partekatuko dugu. Hurrengo urratsa izango da ihes-gela guk geuk eraikitzea, eta, horretarako, hainbat tresna erabiltzen trebatuko gara. Aipatu nahiko nuke, Hezkuntza arloko langileentzat zuzendutako ikastaroa izanik, aukeratu ditugun tresnak edonoren eskura daudela. Hau da, ez dugula zertan programazioan iaioak izan behar. Behin jolasa eraiki dugunean, sorkuntzari erreparatuko diogu, eta jolasaren istorioari zein proba gehi diezaiokegun aztertuko dugu. Taldeka hainbat adibide sortu, eta ihes-gelatik berriro irteteko saiakerak egingo ditugu. Ikasleekin egin ditzakegun ihes-gelen inguruko ideia-jasarekin amaituko dugu ikastaroa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude