Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gontzal Carrasco: "Trikitixaren iruditeria kolektiboan desadostasunak daude bere errealitatearekiko"

Dokumentuaren akzioak

Gontzal Carrasco: "Trikitixaren iruditeria kolektiboan desadostasunak daude bere errealitatearekiko"

2023/02/15 - UEU

Gontzal Carrascok (Gernika-Lumo, 1995) Historiako gradua ikasi zuen UPV/EHUko Letren Fakultatean (Gasteiz), eta ondoren Subiranotasuna Europako Herrietan masterra unibertsitate bereko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (Leioa). Egun doktoretza tesiarekin dabil, Publizitatea eta Ikus-entzunezko Komunikazioa sailean.

Historiako gradua egin eta ikerketaren munduan murgilduta zaude orain.

Txikitatik izan nuen oso argi Historia ikasi gura nuela unibertsitatean, karrera aukeratzeko ez nuen buruko min handirik izan. Bestalde, ikerketaren munduak asko deitzen zidan arreta, eta aukera sortu zitzaidanean, ez nuen dudarik izan. Hain argi izan nuen, Master Amaierako Lana tesiaren zati bat izan zedin diseinatu nuela.

Trikitixaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ikertzen ari zara. Zergatik trikitixa?

7 urte nituenetik jotzen dut trikitixa, urte batzuetan eskolak ematen ibili naiz, eta egun talde bateko kide ere banaiz: Oxabi. Instrumentuaz gaindi, trikitixa kultura bezala ulertzen dut, euskal nortasunean pisu izugarria duena; horren inguruko tesi bat idaztea plazer hutsa da niretzat.

Zein ikuspuntutik helduko nion erabakitzea, ordea, ez zen erraza izan. Nire tutoreak, Estitxu Garaik, bere ikerketa-lerrora hurbiltzeko proposatu zidanean argi ikusi nuen, bilakaera historikoaz gain, iruditeria kolektiboa aztertzeko abagunea sortu zitzaidalako. Trikitixak ez du ikerketa ekoizpen askorik jaso, eta markagintza bezalako analisiak kultura adierazpideetara eramatea guztiz berritzailea dela uste dugu.

Trikitixa eta gizonezkoak, trikitixa eta tradizioa... badago hor errealitatetik? Garai bati erantzuten dio dio?

Euskal kulturako beste fenomeno asko bezala (bertsolaritza edo eskupilota, esaterako), trikitixa gizonen mundu bat izan da oraintsura arte, erabat maskulinoa. Frankismoan kokatuz, gainera, errealitate hau baserriaren inguruan ematen zen, euskal kulturak bertan aurkitu zuelako babesa (honek ez du esan nahi herri handiagoetan ere trikitixa jotzen ez zenik). Gerra Zibiletik aurrera, beraz, hori zen argazkia: trikitixari doinu tradizionalak zerizkion (baserriaren mundua tradizionaltzat jotzen baldin bada, noski), eta gizonek jotzen zuten.

Emakumeek debekatuta zuten trikitixa jotzea garai baten.

Emakumeek, berez, betidanik jo izan dute trikitixa, baita gerra aurretik ere; soinu txikia heldu aurretik, bai XIX. eta XX. mende bitartean ere, emakumeak eurak ziren erromerietako protagonistak. Panderoa joz eta koplak abestuz eurek girotzen zituzten dantzaldiak. Diktadura frankistaren etorrerarekin, ordea, patriarkatuak ezarritako generoen araberako rolak indartu egin ziren, eta bertan identifikatzen da atzerakada bat. Era honetan, Maurizia Aldeiturriaga edo Primi Erostarbe bezalako trikitilariak salbuespenak izan ziren; bestela, zergatik ez dugu apenas emakumerik ezagutzen, gizonak barra-barra izendatu ditzakegun bitartean? Patriarkatuak ezkutuan nahi zituelako, plaza publikotik urrun, eta, ondorioz, aintzatespen soziala eskuratzea oztopatzen zitzaien.

Egoera 1980ko hamarkada inguruan hasi zen aldatzen, eta emakumeen parte hartzeak etengabe egin du geroztik gora. Egun, kuantitatiboki gehiengoa direla frogatu dugu, baina patriarkatuak emakume trikitilariak zapaltzen jarraitzen du. Horren adibide da azken 40 urteetan presentzia areagotu den arren, pandero jotzailearen rolera atxikita agertu direla, eta "trikitixa" fenomenoan panderoaren elementua bigarren mailako bezala defini daiteke; horrela, patriarkatuaren araberako genero azpiratua (emakumea) eta perkusiozko elementu osagarria (panderoa) batera joan dira. Azken hamarkadarako, ordea, bien arteko askapena eman dela dirudi: emakume soinu jotzaileak ugaritu egin dira.

Hau horrela bada ere ... zer dio iruditeria kolektiboak?

Inkesta, eta, oro har, iruditeria kolektiboaren azterketa, burutu gabe daukagu oraindik, baina susmoa da trikitixaren errealitatea ez datorrela bat jendarteak irudikatzen duenarekin. Hots, egun emakumeak gehiengoa dira jotzaile guztiak kontutan izanik, eta "tradizional" eta "moderno" adierak lurrundu egin dira balore postmodernoen arabera (oso zaila da mutur batean edo bestean definitzea, eta "herri kultura" bezala hartzea nahiago dugu; honen arabera, hibridazioa bezalako fenomenoekin trikitixa elementu guztiz gaurkotua da). Gure hipotesia da euskal gizarteak (nazio ikuskeraren arabera, Euskal Herri osoko jendarteak) oraindik zerbait tradizional bezala hartzen duela trikitia, baserri mundura daramala adierazpena. Elektronika bezalako estiloekin nahastu den arren, eta pop kulturaren dinamikekin bete-betean bat egin badu ere, "tradizionala" den horrekin lotzen dugu batez ere. Gainera, gizonek eusten diote oholtza zein esparru profesionalei, kapital sinboliko eta aintzatespen soziala bereganatuz; hau da, finean, jendeak hautematen duena, eta horrela sortzen da iruditeria. Komunikabideek ere hori igortzeko joera nabarmena daukate, eta errealitate hori indartu egiten da. Iruditerian, beraz, uste dugu doinu "tradizionalak" eta gizonezkoak ageri direla, baina badakigu errealitatea oso bestelakoa dela.

Trikitixa gaizki saltzen dela zenioen txiotesian. Zer da trikitixa?

Aipatzen ari garen guztia komunikazioari dagokion arazo bat da. Kontua da oraindik trikitixak jarraitzen duela baserriaren munduan bere tokia izaten, eta hein batean bertan garatzen da. Baina hortik harago instrumentuak sortzen dizkigun aukerak oso zabalak eta anitzak dira, eta gatazka dator baserriko hori baino ez denean aurkezten, sasoi batean aurkitu zuen babestoki horri baino ez zaionean eusten. Hori da trikitixa gaizki saltzea, eskaintzen dituen aukera guztiak eta garatzen den esparru guztiak ez plazaratzea. Noski, emakumeen gehiengoa ikustarazteko, garrantzitsua da jotzaileei plazan aritzeko aukera ematea, oholtzan parte hartu dezaten, eta, ondorioz, jendarteak balore sinbolikoa eman diezaien. Esparru profesionaletan murgiltzea ezinbestekoa da horretarako, eta komunikabideek euren aletxoa jarriko balute, ba askoz hobe. Horrela aldatuko litzateke iruditeria kolektiboa.

Txiotesian parte hartu zenuen, nola bizi izan zenuen eguna?

Twitter kontua lehiaketan parte hartzeko egin nuen beren-beregi, eta egia esan behar badut, txioak aldez aurretik eduki nituen prestatuta. Nahiko urduri egon nintzen, eta guztia ondo atera zedin ahalegindu nintzen. Gerora, ordea, konturatu nintzen txioak askoz hobeto idatzi behar nituela, edo, behintzat, ikerketaren nondik norakoak hobeto azaldu nitzakeela.

Ikerketa interesgarriak aurkitu nituen, eta egun oso baliagarriak zaizkidan kontuak jarraitzeko parada ere izan nuen. Tesirako erabiltzen ditudan txioak irakurtzen ditut aldiro. Alde horretatik, beraz, eskerrik asko.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Tesiarekin jarraitzen dut buru-belarri, tartean artikulu baten idazketan nabilen arren. Horrez gain, Ikergazterako eman behar dut izena aurki, maiatzean horixe izango da eta nire lehen kongresua hizlari bezala. Urte bukaeran atzerriko estantzia egiteko prestaketetan ere banabil, trikitixa (eta euskal kultura, noski) nazioartera eramateko aukera ederra dela iruditzen zait eta.

txiotesia logoaH elkarrizketetarako