Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gesala Perez: "Nutrizio-hezkuntzak Gaixotasun Zeliakoa duten pertsonen tratamendu dietetikoaren parte izan behar du"

Dokumentuaren akzioak

Gesala Perez: "Nutrizio-hezkuntzak Gaixotasun Zeliakoa duten pertsonen tratamendu dietetikoaren parte izan behar du"

2023/03/22 - UEU

Gesala Perez Junkerak (Zeberio, 1997) Gasteizko Farmazia Fakultatean (UPV/EHU) egin zituen Giza Nutrizio eta Dietetikako ikasketak. Ondoren Elikadura eta Osasuna Masterra egin zuen (UPV/EHU), eta amaitu ostean, doktorego-ikasketekin hasi zen. Doktoretzako 3. urtea hasi berri du, Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatua deritzon doktorego-programaren barruan. Haren ikerketa Farmazia Fakultateko Gluten3S taldeko hiru lerroetako baten oinarritzen da, bigarren lerroan zehazki, eta lerro horren helburua populazio zeliakoaren bizi-kalitatea hobetzea da. Bertan, ohitura dietetikoen ikerketa eta ebaluazio nutrizionala lantzen dute.

Giza Nutrizioa eta Dietetika ikasi eta tesia egiten ari zara egun Gluten3S Ikerketa Taldean.

Gezurra dirudien arren, Batxilergoko ikasketak hasi arte Informatika ikasi nahi nuen. 15 urterekin atzerrira ingelesa ikasten joateko aukera izan nuen eta han zein gaizki jaten zen ikusita, bueltan, nutrizioaren munduan murgiltzea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen. Graduko ikasketak bukatu eta argi neukan oraindik ikasten jarraitu nahi nuela eta horregatik egin nuen master bat. Master hori ikerketa-munduarekin zegoen lotua eta, bidea aprobetxatuz, doktorego-ikasketekin hasi nintzen Gluten3S taldean.

Glutenik gabeko dieta orekatua eta segurua ikertzen ari zara. Nola sortu zen aukera?

Gluten3S taldean burutu nituen nire graduko praktikak, gradu-amaierako lana eta master-amaierako lana. Tarte horretan, taldeak lantzen dituen ikerketa-lerro desberdinak ezagutu nituen, baita haietan parte hartu ere, eta zeliakia duten pertsonekin zuzenean lanean diharduen lerroa izan zen gehien gustatu zitzaidana. Horretaz gain, Gluten3S ikertaldeak beti lagundu nau ikertzaile bezala hazteko aukera emanez. Banekien doktorego-tesia egiten hasteko leku ezin hobea izan zitekeela, besteak beste, osatzen duten ikertzaileen profesionaltasunagatik eta talde-lanean jarduteagatik ere.

Zer da gaixotasun zeliakoa? Populazioaren zenbatekoak pairatzen du?

Gaixotasun zeliakoa (GZ) heste meheko nahasmendu kroniko autoimmunea da, glutenak eta glutenarekin lotutako proteinek eragindakoa eta faktore genetikoek eta ingurumenekoek indartutakoa. Gaur egun, GZaren prebalentzia biztanleria orokorraren % 1 inguruan kokatzen den arren, badaude diagnostikatu gabeko hainbat pertsona zeliako ere. Kontua da GZak pertsona bakoitzari era desberdin batean eragin diezaiokeela, sintoma desberdinak pairatuz, eta ez da beti erraza azken diagnosi bat izatera heltzea. Hala ere, aipatu beharra dago diagnosi-tresnak eta probak geroz eta zehatzagoak direla eta geroz eta pertsona gehiagori ari zaizkiola GZa diagnostikatzen. Horretaz gain, diagnostikatutako kasu berrien % 70 baino gehiago, 20 urtetik gorakoetan ematen da.

Gaixotasun zeliakoarekin diagnostikatutako pertsonek glutenik gabeko dieta zorrotza egin behar dute. Eta horrek bere ondorioak ditu.

Bai, hala da, gaur egun GZa tratatzeko, glutenik gabeko dieta (GGD) zorrotza egin beharra dago bizitza osoan zehar. GGDak, segurua izateaz gain —gure dietan glutenik hartzen ez gabiltzala ziurtatzeaz aparte—, nutrizionalki orekatua izan beharko luke. Tamalez, hainbat ikerketatan ikusi denez, alde batetik, GGDa egiten dutenek profil dietetiko desorekatua izaten dute: zereal, fruta eta barazki kantitate baxuak hartzen dituzte; kontrara, haragi, hestebete eta glutenik gabeko produktu espezifiko ultraprozesatuen kontsumoa altua izan ohi da. Patroi dietetiko horri jarraitzeak eguneroko dietan behar baino karbohidrato gutxiago kontsumitzera daramatza; aitzitik, behar baino gantz ase eta azukre sinple gehiago hartzera ere. Horretaz gain, zuntzaren eta hainbat bitamina eta mineralen kontsumoa ere ez da eguneko ahorakin minimora heltzen. Bestetik, isolamendua, lotsa, gure platerak glutenarekin kontaktuan egongo ote diren beldur izatea edota jendeari eragozpenak sorrarazteko kezka leudeke zeliakia duten pertsonen sentimenduen artean.

Oreka nutrizionala eta sintomen desagerpena lortzeko banakako esku-hartzea proposatu duzu ikerketan. Zergatik?

Elikadura osasuntsuan oinarritutako esku-hartze nutrizional pertsonalizatua tresna eraginkorra da zeliakoen nutrizio-egoera eta dietaren kalitatea hobetzeko, baita dieta zuzen betetzen dabiltzala ziurtatzeko ere.

Nutrizio-hezkuntzak GZa duten pertsonen tratamendu dietetikoaren parte izan behar du, elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko, mantenugaien kontsumo egokia bermatzeko zein dietaren kalitatea hobetzeko. Alderdi hauen hobekuntzek bizi-kalitatearen eta osasun-egoeraren optimizazioa dakarte.

Zure ikerketan umeek eta haien familiek parte hartu dute.

Bai, esku artean dugun proiektuan zeliakia diagnostikatu berri dieten 3 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak dira protagonistak. Oraingoz Euskal Herriko bost ospitaleetako parte-hartzaileak eta Madrilgo Zeliakoen eta Gluten Sentikorren Elkarteko beste hainbat partaide animatu dira ikerketan parte hartzera. Zergatik bildu ditugu ikerketan umeak?, erantzun sinplea du: bizitzako etapa horretan nutrizio-eskakizunak handiak dira, hazten gabiltza, eta, beraz, gazteek ezinbesteko dute beren nutrizio-beharrak betetzen dituen dieta egitea. Gainera, une egokia da ohitura dietetiko osasungarriak ikasteko, azken finean, aztarna utz dezaten haien bizitza osorako. Guk ikerketan urtebeteko jarraipena egiten diegu eta datuen bilketa hiru denboratan egiten dugu: diagnosiaren momentuan, GGDa egiten egon eta 3 hilabetera, eta GGDa egiten egon eta urtebetera.

Galdetegiak ere badarabiltzazu. Zein da galdera horietatik jasotzen duzuen informazioa?

Noski, parte-hartzaileen datu edo informazioaren zati bat galdetegien bidez jasotzen dugu. Galdetegiak lau taldetan sailkatzen ditugu. Bat, sintomatologiari dagozkionak: adierazten dizkiegun sintomen eragozpen-maila adieraz dezaten. Bi, GGDarekiko atxikidurari buruzkoak: haien ustez egunerokotasunean GGDa zorrotz egiten duten ala ez galdetzen diegu. Hiru, bizi-kalitatearen ingurukoak: aurretiaz aipatu bezala pertsona zeliakoak goibel sentitzen dira eguneroko bizitako zenbait unetan, eta horregatik, haien bizi-kalitatea kontuan hartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Eta lau, egiten duten dietaren inguruko informazioa biltzeko galdetegiak: nolako elikadura-ohitura eta patroi dietetikoa duten aztertzeko galdetegiak.

Bestetik odol-, gernu- eta gorotz-biomarkatzaileak aztertzen dituzue. Zer erakutsi dute emaitza horiek?

Hala da, orain arte egindako ikerketek diote biomarkatzaile horiek GZaren tratamenduan zehar patologiaren bilakaera monitorizatzen lagun dezaketela, dietan glutena murriztuz. Aurretiaz adierazi bezala, odol-, gernu- eta gorotz-laginak batzen ditugu eta bertan biomarkatzaile mota desberdinak iker ditzakegu, zeinak, beste batzuen artean, enteropatia zein GGDarekiko atxikidurarekiko iragarleak diren.

Nola baloratu dute prozesua familiek?

Familia ia denak jarraipena positiboki baloratzen ari direla esatera ausartuko nintzateke. Azkenean, parte-hartzaile denei zeliakia diagnostikatu berri diete eta familia askorentzat gauza berria da GZa. Gutxi batzuek ezagutzen dute zeliakoa den hurbileko norbait, eta gaixotasun hau, beste edozein gauzarekin gerta daitekeen bezala, lehen pertsonan "sufritu" arte ez dakizu nola jokatu behar duzun. Ohitu arte, hasieran beti dituzu zalantzak, ez dakizu elikagai hura jan dezakezun, kutsatua egongo ote den, zer egin behar den etxetik kanpo jatean, eta beste hainbat duda. Beraz, gure proiektuko kideak hor egoteak gauzak erraztu dizkie. Horretaz gain, aipatu bezala, datu-bilketa hiru alditan egiten dugu, eta kide gehienen hiru denbora horietako datuak ditugu. Beraz, ikerketan jarraitu, parte hartu eta beren bizi-kalitatea eta nutrizio-egoera hobetzeko interesa duten seinale.

Oreka nutrizionala eta sintomen desagerpena lortzeko banakako esku-hartzearen eraginkortasuna frogatu da?

Bai, izan ere, frogatuta dago GZa duten pertsona gehienek GGDa zuzen eta zorrotz eginez gero, sintomen desagerpena lortzen dutela. Sintomen hobetzerik ez dagoen kasuetan, gehienetan, parametroren bat gaizki dagoen seinale da: nahigabeko gluten kontsumoa, dietako beste konposatu batzuekiko intolerantzia, zeliakiaz gain beste patologia bat izatea... Horregatik da garrantzitsua eta eraginkorra kasu bakoitza banan-banan aztertzea, banakako esku-hartzeaz baliatzea. Gainera GGDak orekatua izan behar du eta norberaren beharrizanetara egokitu behar da, eta hori lortzeko, beharrezkoa da nutrizionista-dietista baten laguntza dieta desorekatua izaten ari den kasuetan, osasunak okerrera egin ez dezan.

Banakako esku-hartzeak gaixotasun zeliakoa duten pertsona guztietara izan beharko luke esportagarria?

Jakina! Ideala guztientzat banakakoa izatea litzateke! Norberaren egoera ezberdina da eta errealitate berrira (gluten gabeko bizitza batera) emateko aldaketak muga asko ditu, hemen janariaren eta edariaren inguruan ospatzen dugu dena... GGDa orekatu eta seguru baten jarraipena norberaren beharrizanetara eta bizi-estilora egokitu beharko litzakete. Tamalez, osasun publikoan ez da zerbitzu pertsonalizatu hau eskaintzen, eta gaixotasun hau pairatzen dutenek beren kabuz egokitu behar dute dieta berrira. Mantentze-lana ere haien esku dago; izan ere, aurretiaz esan bezala, GGDa bizi osoan zehar egin beharreko tratamendua da.

Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Lehen aldiz aurkeztu naiz lehiaketara eta oso esperientzia ona izan da! Gertatu izan zait nire inguruko jendeari tesiaz hitz egin eta gutxi ulertzea, eta normala da, niretzat ulergarria denak ez du zertan izan beste batentzat. Horrelako ekimenak oso tresna aproposak dira gure ikerketa-alor zehatza eta bertan lorturiko emaitzak edota aurrerapausoak era erraz, dibertigarri eta interesgarrian gizarte orokorrari helarazteko. Gizartea zientziara hurbiltzea bezain ezinbestekoa da zientzia gizartera hurbiltzea, biak elkarrekin doaz.

Zer erronka dituzu esku artean?

Aurten, alde batetik, pazienteen esku-hartzea amaituko dut, eta hortaz, datu-bilketa bukatutzat emango dut. Bestetik, lau hilabetez egongo naiz atzerrian tesi-proiektuaren osagarria den egonaldia egiten. Datorren urterako erronka gisa datu guztien analisia egitea eta tesia idatzi eta aurkeztea ditut. Orduak sartu behar baditut ere oso gogotsu nago dena aurrera eraman eta gizarteari nire ekarpentxoa egiten jarraitzeko! :)

 

 

txiotesia logoaH elkarrizketetarako