Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Izarbe Yarza: "Ebakuntza osteko fibrosia garatzeko paziente bakoitzak zer arrisku duen jakingo dugu genetikari esker"

Dokumentuaren akzioak

Izarbe Yarza: "Ebakuntza osteko fibrosia garatzeko paziente bakoitzak zer arrisku duen jakingo dugu genetikari esker"

2023/03/01 - UEU

Izarbe Yarza (Zaragoza, 1994) Giza Nutrizioa eta Dietetikan graduatu zen Zaragozako Unibertsitatean (Huescako fakultatean). Ondoren Granadako Unibertsitatean Giza Nutrizioa eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Ikerketa masterrak egin zituen. Egun, doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Ikerketa Biomedikoaren doktorego-programan. Baigene genetika-enpresan ari da lanean.

Giza nutrizioa ikasi zenuen eta ikerketaren saltoa eman zenuen gero.

Txikitatik gustatu izan zait osasunarekin eta kirolarekin zerikusia duen guztia. Giza gorputzak zeinen ondo funtzionatzen duen betidanik iruditu zait harrigarria eta argi nuen osasun-arloan murgilduko nintzela modu batera edo bestera.

Unibertsitatean, Fisioterapiarako eskaera egin nuen hasiera batean, baina irailean ez ninduten hartu. Nutrizioko Gradua hasi nuen eta azaroan Fisioterapiako Graduan sartzeko aukera nuela esateko deitu zidaten, baina ordurako nire unibertsitateko irakasleez maiteminduta nengoen: haien ezagutzaz, azaltzeko moduaz... Irakasleek jakin-min handia pizten zuten nigan eta Nutrizioko Graduan jarraitzea erabaki nuen. Ikertzaile bihurtzeko aukeran ere honek eragina izan duela pentsatzen dut… doktoregoa atera eta, agian, unibertsitateko irakasle haien bezalakoa izatera iristea...

Gradua amaitu eta ikasten jarraitu nuen, zer bide hartu nahi nuen argi izanda. Granadako masterretako batean, genetika-enpresa batean egin nituen praktikak eta niretzat "boom" moduko bat izan zen: pertsonen informazio guztia izan nezakeen haien bizitza hobetzeko. Eta hori izan da beti nire helburu nagusia, mundua hobetzea. Momentu hartatik aurrera garbi izan nuen lan-eremu horretan murgildu nahi nuela, eta orain Baigene-n nago lanean, Gasteizko genetikako enpresa batean.

Ebakuntza osteko fibrosia ekiditeko modua ikertzen ari zara tesian. Nola sortu zen aukera?

Ikerketa-ildo horretan lanean ari zen Baigene Mikel Sánchezen UCA erakundearekin, eta proiektuarekin bat egiteko aukera izan nuen Baigene-ri eta industria-doktoregoak egiteko laguntza bati esker (Bikaintek). Ondoren, UPV/EHUko Ikerketa Biomedikoaren doktorego-programarekin batera ekin genion lanari.

Orain dela urte batzuk belaunean ebakuntza bat egin zidaten, eta nik neuk ere kirurgiaren ondoko fibrosia jasan nuen, beraz, proiektu hau ikerketa perfektua zen niretzat. Ebakuntza-gelara sartu aurretik fibrosia izateko nuen arriskua zein zen jakin izan banu, aurreko asteetan lanean aritzeko aukera izango nukeen, fibrosia izateko aukera murrizteko eta sendatze-prozesu luzea saihesteko.

Genetikak gaixotasun jakin batzuk izateko arriskuan eragina du, baita ebakuntza osteko fibrosia izateko aukeran ere?

Hala da, geneek gure gorputzak nola funtzionatuko duen adierazten dute, eta, batzuetan, zenbait desberdintasun genetikoren ondorioz, funtzionamendua ez da optimoa izaten.

Kirurgia ondoko fibrosiaren kasuan, kirurgiaren ondorioz ehunetan sortzen den kaltea oso handia da. Orbain-ehuna modu desantolatuan hazten da ehun bigunen eta artikulazioen inguruan, orbaina bera izango litzatekeenera mugatu beharrean. Horrek, mugimendua mugatu eta mina eragiten du; eta, gaur egun, fisioterapia egin eta berriz ere ebakuntza egitea da irtenbide bakarra.

Pertsonen DNA duzu ikergai.

Pertsona baten informazio genetiko guztia izatea, begien koloreetatik hasi eta koipeen metabolismora edota hanturazko erantzunera… zoragarria da. Gure ikerketan aplikatuta, pazienteak fibrosia garatu behar duen edo ez jakingo dugu genetikaren bitartez, eta horrek ahalbidetzen du pazientea beste modu batean ikustea. Esku-hartzea planteatzeko garaian askoz ere ideia argiagoak dituzu eta badakizu ondo ateratzeko probabilitatea handiagoa dela.

Informazio hori oso sentikorra da, baina datuak babesteko protokolo oso espezifikoei esker beti kodetuta eta anonimizatuta izaten ditugu. Horiei buruzko aholkuak ematen dizkigute, horrelako ikerketetan gerta daitekeen edozein akats saihesteko.

Joera hori kuantifikatzeko prozedura landu duzu ikerketan. Zertan datza?

Test genetiko baten bidez, fibrosia eragin dezaketen gene jakin batzuetan gerta daitezkeen aldaketak bilatzen ditugu; ez bakarrik banaka, baita horien arteko konbinazioan ere. Horri esker, medikuek arrisku hori aurreikusteko erabil dezaketen kalkulagailu moduko bat sortu dugu eta ebakuntza-gelara sartu baino lehen arrisku hori murriztu dezaketen ekintzak proposatu gaixoarekin batera.

Geneak aldaezinak dira, baina pertsona baten ohituren arabera gene horiek gehiago edo gutxiago adierazten dira. Hau da, zelulen nukleoan babestuta dagoen informazio genetiko hori kanpoan islatu daiteke ala ez; edo gehiago edo gutxiago.

Izan duzu prozedura frogatzeko aukerarik? Nola joan da proba?

UCAra ebakuntza egitera joan ziren 250 pazientek parte hartu zuten ikerketan. 6 urte behar izan dira lagin hori guztia biltzeko eta aztertzeko; izan ere, pandemia-garaian prozesua geldiarazi egin zen.

Orain arriskua kalkulatzeko gai gara, badakigulako zer ingurumen-faktorek eragiten dioten geneen adierazpen horri. Hala ere, etorkizunerako plana protokolo guztiz pertsonalizatuak sortzea da, batez ere elikadurarekin eta beste ingurumen-faktore batzuekin zerikusia dutenak, gaixoei ebakuntza ondoko fibrosia izateko arriskua ahalik eta gehien murrizten laguntzeko.

Fibrosia agertzea espero zen pazienteetan protokolo pertsonalizatu horiek aplikatzen hasten garenean, fibrosirik ez izatea espero da, edo, halakorik bada, modu arinagoan pairatzea.

Nola hartu dute pazienteek prozedura?

UCAra ebakuntza egitera joaten ziren pazienteei ikerketa-ildoaren berri ematen zitzaien parte hartu nahi zuten ala ez jakiteko. Test genetikorako lagina, ahoko epitelioa (ahoaren barruko zelulak) arraspatuz lortzen da; izan ere, gorputzeko zelula guztiek informazio genetiko osoa dute, obuluak eta espermatozoideak izan ezik. Lagina bereziki diseinatutako "makiltxo" berezi baten bitartez hartzen zen, modu ez-inbaditzailean, eta ondoren emaitzen zain egon behar zuten.

Horrez gain, emaitza genetikoen eta fibrosia garatzeko arriskuaren berri ematea eskaini zitzaien parte-hartzaileei, ikerkuntzak berak egoera horretan zein egunerokoan aplikatzeko moduko zerbait eman ziezaien.

Paziente gehienek ez zuten bi aldiz pentsatu behar izan. Batetik, nolakoak garen jakiteko jakin-mina izan ohi dugulako, geure burua hobeto ezagutzekoa... eta bestalde, zientziari aurrera egiten laguntzeko nahi hori dagoelako. Eta, agian, pertsona horiei esker, etorkizunean sendatze-prozesu luzeak saihestuko dizkiote pertsona askori. Parte-hartzaile gehienak oso pozik zeuden.

Zer abantaila ekarriko lituzke bana-banakako esku-hartze honek?

tLehenengoa, eta nire ustez garrantzitsuena: pazienteen bizi-kalitatea izugarri hobetuko da. Demagun lehenengo operazio baten ondorioz pertsona batek bigarren aldiz operatu behar duela. Test genetikoaren emaitzekin eta aldez aurreko jarraibide pertsonalizatuekin, bigarren ebakuntza eta gero errehabilitazio apur batekin edota errehabilitaziorik gabe bere bizitza normalera itzultzeko aukera izango luke.

Bigarrena, osasun publikoaren sisteman sartuko balitz, osasun gastuaren murrizketa nabarmena izango litzateke. Errehabilitazioan, ebakuntza berrietan, botiketan, medikuarengana egindako bisitetan... gastatutako baliabide guztiak beste gaixo batzuentzat (itxarote-zerrendak murriztuta) eta ikerketa gehiago egiteko erabiliko lirateke.

Abantailak bai... baina aldaketak ekarriko ditu gaur egungo ebakuntza prozeduretan. Oztoporik aurreikusten duzu?

Momentu honetan populazioaren lagin horretatik lortu ditugun emaitzen arabera, ebakuntza motak edo ebakuntza egin behar den zona anatomikoak ez du zehazten fibrosia garatuko den ala ez. Hala ere, gogo handia dugu laginaren tamaina handitzeko, ikerketa honekin jarraitzeko eta mediku-kirurgialariei erabakiak hartzen laguntzeko.

Laginaren tamaina oso interesgarria den arren, beti komeni da iragarpen-algoritmo hori hobetzen jarraitzea, gero eta paziente gehiago sartuz (lagin kopurua handituz) medikuarentzat zein pazientearentzat garrantzitsuak izan daitezkeen gero eta aldagai gehiago definitzeko. Hori erronka bat da gure I+Grako, langile eta inbertsio mailan dakarren guztiarekin.

Nola egin aurre horiei?

I+G+Bko eta, batez ere, osasuneko inbertsioa hobetuz, azkenean sistemarentzat berarentzat onurak ekarriko ditu eta.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Lehiaketan aurkezteko momentura arte ez nekien lehiaketa hau existitzen zenik, baina 6 tuiten bidez tesia ahalik eta entretenigarrien azaldu behar izateak, zure lagunei azalduko zeniekeen moduan, edo zure amonari azalduko zeniokeen modurik sinpleenean... buruari buelta batzuk ematera behartzen zaitu. Hainbat urtetan lanean jardundako proiektua beste begi batzuekin begiratu eta lan horri buruz pentsatzeko modua aldatu behar duzu. Modu oso dibertigarrian ideiak argi uztera bultzatzen zaituela uste dut. Gainera, txioak prestatzen ari nintzenean nire lankideekin komentatu nuen ea zer ideia zituzten ikusteko, eta egia esan barre asko egin genuen (nik, noski, txioak lehiaketa originalena irabazteko prestatu ditut kar,kar,kar).

Zer erronka dituzu eskuartean epe laburrean?

Oraintxe bertan Bikaintek-en diru-laguntza amaitzen zaigu. Beraz, inbertsio-iturrien bila gabiltza kirurgiaren ondorengo fibrosi-arriskua kalkulatzen duen kalkulagailua gero eta zehatzagoa bihurtu eta herritar guztiengana hurbiltzeko, besteak beste honen existentziaz informatu eta nola funtzionatzen duen jakin dezaten, eskura izan dezaten...

 

txiotesia logoaH elkarrizketetarako