Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ivan Gomez: "Indipikutik eratorritako konposatuek obesitate eta diabetesean eragin onuragarriak izan ditzaketen susmoa daukagu"

Dokumentuaren akzioak

Ivan Gomez: "Indipikutik eratorritako konposatuek obesitate eta diabetesean eragin onuragarriak izan ditzaketen susmoa daukagu"

2023/04/03 - UEU

Ivan Gomez Lopez (Igorre, 1996) Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Graduan graduatu zen (UPV/EHU). Graduko ikasketen barruan sei hilabeteko egonaldia egin zuen Mexikoko unibertsitate batean, Pueblan, eta ondoren, graduko praktikak eta Gradu Amaierako Lana (GRAL) Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean (NEIKER) egin zituen. Elikagaien Kalitate eta Segurtasuneko Masterra (UPV/EHU) egin zuen gero, eta praktikak eta Master Amaierako lana (MAL), Madrilgo Elikagaien Zientzien Ikerketarako Institutuan (CIAL-CSIC). 2020az geroztik, Elikagaien Kalitate eta Segurtasuna Doktoregoko (UPV/EHU) ikaslea da eta Eusko Jaurlaritzako bekaduna.

Elikagaien teknologia ikasi zenuen eta ikerketan murgildu zinen gero.

Gradua ez nuen ezagutzen, ezta teknologo baten lana zein zen ere, baina Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Graduan (EZT) matrikulatu nintzen. Urteak aurrera egin ahala, elikagaien zientziarekiko ikuspuntua guztiz aldatu zitzaidan. Laugarren mailako lehengo lauhilekoan, Mexikora joan nintzen sei hilabetez, eta bigarren lauhilekoan, Gasteiz eta Frantzia artean hilabete batez elikagai baten sormenean jardun nintzen. Esperientzia horiek graduan ikasitako guztia praktikan jartzera behartu ninduten, eta nire ikerketa-grina piztu. Hori dela eta, GRALa eta praktikak Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean (Neiker-Tecnalian) egitea hautatu nuen, ikerketa-munduan murgiltzeko asmoz. Egonaldi horretan nire lehen ikerketa aurrera eramateko aukera eskaini zidaten, eta horrek, ikerketa-munduaren inguruan nituen zalantzak argitzen lagundu zidan.

Behin amaituta, unibertsitate berean (UPV/EHU), Elikagaien Kalitate eta Segurtasuna Masterra egin nuen. Hasiera batetik argi izan nuen masterra doktoretzan sartu ahal izateko egingo nuela eta, beraz, praktikak ikerketa-talde batean egin nahi nituela. Madrilgo ikerketa-zentro batean praktikak eta MALa egiteko aukera suertatu zitzaidan eta behin klaseak amaituta 3 hilabetez hara joan nintzen. Egonaldia egiten ari nintzela, gaiarekin oso gustura nengoenez, nire bertako zuzendariari (taldeko ikerketaburuari) doktoretza egiteko nahia plazaratu nion eta hortik kolaborazio bat sortu zen UPV/EHUko ikerketa-talde batekin. Ikerketa-talde biren artean (Gasteiz eta Madril), proiektu bat pentsatu eta Eusko Jaurlaritzaren bekarako dokumentuak bete genituen. Hortik 6 hilabetera, onuradunetako bat nintzelako berria jaso nuen. Hori dela eta, orain Gasteizen nago tesia bukatzen, baina Madrilen bi urtez egon naiz, Elikagaien Zientzien Ikerketarako Institutuan (CIAL-CSIC).

Zergatik indipikuak? Zerk egiten ditu berezi?

Indipikua (Higo chumbo erdaraz) Opuntia spp. kaktusen fruitua da. Kaktus horrek jatorri mexikarra du eta 200 espezietik gora aurki daitezke, mota desberdinetakoak. Kaktus bat izanik, basamortuko klimetara egokitzeko gaitasuna du, eta horrek fruituaren ekoizpen ekonomikoa kostu txikikoa izatea dakar. Zoritxarrez, jasaten ari garen klima-aldaketa dela eta, geroz eta basamortu-eremu gehiago izango ditugu. Hortik abiatuta, balio nutrizional altuko fruitua da indipikua eta klima horietara egokitzeko duen ahalmena dela eta, FAOk (Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea) etorkizuneko elikagaietako bat bezala izendatu zuen.

Fruituaren kontsumoa tokikoa izaten da Iberiar penintsulan. Hegoaldean (Murtzia, Almeria…) aurki daitezke, baina ekoizle nagusia Kanaria Uharteak dira. Ikerketa honekin, fruitu horren kontsumoa eta erabilpena bultzatu nahi genuen elikagaien industrian, konposatu bioaktiboen erauzketa eta osasunean izan ditzakeen efektu onuragarriak frogatuz.

Kaktusaren fruituaren konposatuek osasunean izan ditzaketen onurak ikertzen ari zara. Nola sortu zen aukera?

Konposatu bioaktiboen ikerketan aritu naiz nire ikertzaile-bidea hasi nuenetik. Gradu Amaierako Lanean, patata moreen konposatu bioaktiboen kuantifikazioan jardun nintzen eta Master Amaierako Lanean, kaktusen konposatu bioaktiboen erauzketa berdean jardun nintzen, azken hori nire tesiaren helburuetako bat izanik. Eta zergatik kaktusen fruituetan? Indipikuak asko ekoiztu arren, tokiko kontsumoa izaten du nagusi. Fruitu hauen kontsumoa antzinatik medikuntza naturalarekin lotuta egon da. Gaur egun, hainbat ikerketak baieztatu dute, besteak beste, obesitatean, diabetesean, minbizi mota batzuetan… efektu onuragarriak izan ditzaketela, biologikoki aktiboak diren eta efektu onuragarriak dituzten konposatuetan aberatsak direlako, hau da, konposatu bioaktiboetan aberatsak.

Osasunarentzat onuragarriak izan daitezkeen indipikuaren konposatuak identifikatu dituzu. Zeintzuk?

Indipikuen artean barietate asko daude, nik ikertzen dudanak kolore more iluna dauka eta Kanaria Uharteetan modu basatian hazten da: Opuntia stricta bar. dillenii. Teknika analitiko desberdinak erabiliz, 60 konposatu bioaktibo identifikatu genituen. Oso gainetik esanda, indipikuak aberatsak dira betalaina (betazianina eta betaxantina) eta konposatu fenolikoetan; eta azido fenoliko (azido piszidikoa) eta flabonoideetan (isorhamentina glukosidoetan).

Betalainak konposatu nitrogenatu koloredunak dira. Bi taldetan banatzen dira: betazianinak kolore morearen arduradunak, eta betaxantinak kolore hori-laranjarenak. Ikertzen nabilen barietatea morea izanik, betazianinetan aberatsa da: betanina, isobetanina, filokaktina eta neobetaninatan batik bat.

Konposatu fenolikoei dagokienez, azido fenoliko eta flabonoideetan aberatsak dira. Azido fenolikoen artean, azido piszidikoa da konposatu nagusia, baita garrantzitsuena ere. Konposatu hori kaktusetan bakarrik aurki daiteke. Flabonoideen artean, ishormanentin glukosidoak dira nagusiak.

Indipikutik eratorritako konposatu hauek guztiek efektu antioxidatzaile eta antiinflamatorioa daukate eta osasunean (obesitate eta diabetesean) eragin onuragarriak izan ditzaketen susmoa daukagu.

Konposatu horiek digestioa jasango zuten jakin nahi zenuten. Nola joan zen proba?

Konposatu horiek osasunean izan ditzaketen efektu onuragarriez baliatzeko, digestio-prozesuan osoan zehar egonkor mantendu behar dira eta xede-ehunera heldu. Aipatutako konposatu bioaktiboak oso sentikorrak eta labilak dira pH azido, oxigeno eta tenperaturarekiko, horregatik, digestioan nola jokatzen zuten jakin nahi genuen. In vitro digestio-prozesua pairatu ostean, konposatuen bioirisgarritasuna % 60 eta % 20 bitartera murrizten zela frogatu genuen.

Bigarren saiakeran, konposatu horiek kapsulatu zenituzten. Nola?

Konposatu horiek digestio-prozesuan zehar babesteko asmoz, emultsio bikoitzen bidezko kapsulaketa egin genien (Ura1-Olioa-Ura2). Konposatu bioaktiboetan aberatsa zen erauzkina (Ura1), olio fase baten dispertsatu genuen, ur-olio emultsio bat sortuz (Ura1-Olioa). Gero, emultsio hori tanta txikiagotan beste ur fase batean dispertsatu genuen, eta modu horretan, emultsio bikoitzak lortu (Ura1-Olioa-Ura2). Formulazio desberdinak jorratu genituen, proba guztiak egin ondoren, onena zein zen aukeratzeko asmoz. Oraingoz argi esan dezakegu konposatuen egonkortasuna (bioirisgarritasuna) hobetu dugula in vitro digestioan zehar.

Nola lortu zenituzten kaktusen fruituetatik, betaliana eta konposatu fenolikoetan aberatsak diren erauzkinak?

Indipikuetatik, betalaina eta konposatu fenolikoetan aberatsak diren erauzkinak lortzeko, bi teknika berriztatzaile optimizatu genituen, etekin handiena ateratzeko asmoz. Hautatutako teknikak ultrasoinuak eta likido presurizatuak izan ziren, eta teknika berdea dela esaten dugu, kutsagarriak ez diren disolbatzaileak erabili genituelako: ura eta etanola.

Obesitatean konposatu horiek izan dezaketen eragina aztertzea da orain helburua. Nondik hasiko zara?

Indipikuaren erauzkinek obesitatean izan dezaketen ustezko eragin onuragarria neurtzeko, zelula-laboreekin hasi gara. 3T3-L1 zelula-lerroko adipozitoei indipiku-erauzkinen tratamendua eman diegu: adipogenesi-prozesuan zehar 8 egunez (preadipozitoak adipozito bihurtzen diren prozesua) eta adipozito helduak direnean, 12. egunetik aurrera 24 orduz. Modu horretan, betalaina eta konposatu fenolikoetan aberatsak diren indipiku-erauzkinek triglizeridoen pilaketan eduki ditzaketen efektuak aztertuko ditugu. Behin hori eginda, PCR-RT teknika bidez, konposatuek zelulenganako gene-espresioetan izan ditzaketen modulazioak neurtuko ditugu, akzio-mekanismoak definitzeko. Hau hasiera baino ez litzateke izango, aurrerago beste ikerketa batzuk egiteko asmoa baitaukagu, in vivo adibidez.

Zer lortu nahiko zenuke?

Galdera ona, askotan nik neuk egin izan diot neure buruari galdera hori, eta erantzuna beti izan da: ez dakit. Ez dakit, ez baitut erantzun bakar bat bilatzen. Honekin guztiarekin ez dut helburu bat bilatzen, bai, ordea, ezagutza zientifikoaren ortzi-mugak zabaltzea!

Txiotesian parte hartu zenuen. Nola bizi zenuen esperientzia?

Karaktere gutxi batzuetan nire ikerkuntza euskaraz plazaratzea ohore handia izan zen. Nire ikerketa euskaraz modu labur eta ulergarrian aditzera ematea, erronka moduan hartu nuen.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Ikerkuntzan aldakorra da eta zer datorren aurreikustea oso zaila da. Momentuz esku artean dudan erronka handiena tesia bukatzea da. Epe laburrera begira, hurrengo hilabeteak Italiako ikerketa-zentro batean pasatuko ditut.

 

txiotesia logoaH elkarrizketetarako